Garizumako V. Domekea-B


 (Fray Marcos)

          Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

I. Irakurgaia

Itun barria egingo dot
eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 31, 31-34

    Hauxe dino Jaunak: «Hara, badator Israel herriagaz eta Juda herriagaz itun barria egingo dodan sasoia. Ez da izango, Egiptotik ataratzeko eskutik hartu nituanean hareen asabekin egin nebana lakoa, hareek hausi egin eben-eta nire ituna, Ni hareen nagusia izan arren, dino Jaunak.
    Hona hemen etorkizunean Israelegaz egingo dodan ituna, dino Jaunak: Barruan ezarriko deutset neure legea eta bihotzean idatziko. Ni hareen Jainko izango naz, eta hareek nire herri izango dira.
    Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango, "Ezagutu Jauna" esanez, danek, txiki nahiz handi, ezagutuko nabe-eta, dino Jaunak; parkatu egingo deutset-eta gaiztakeria, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 12-13. 14-15 (R/. 12a)


R/.   Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
Kendu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

 

II. Irakurgaia

Obeditzen ikasi eban,
eta betiko salbazinoaren iturri egin zan.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 5, 7-9

    Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutson otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta, Kristok begirune izan eutsolako, entzun egin eutson Jainkoak. Eta Semea izanik be, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbazinoaren iturri egin zan obeditzen deutsoen guztientzat.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Jn 12, 26

V/.   Nire zerbitzari izan nahi dauanak
        jarraitu beist, dino Jaunak,
        eta Ni nagoan tokian,
        han izango da nire zerbitzaria be.

 

Ebanjelioa

Gari-garaua hiltzen bada, frutu asko emoten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 12, 20-33

    Aldi haretan, jaietan Jainkoari kultu emotera igon ebenen artean, baziran greziar batzuk be. Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi nahi geunke».
    Andresi esatera joan zan Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan eutsoen. Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Bene-benetan dinotsuet: Galgaraua, lurrean jausi eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gauza gitxitzat hartzen dauanak betiko bizitzarako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan lekuan, han izango da nire zerbitzaria be. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.
    Larri dot orain neure barrua, baina zer esan? Ordu honetatik ataratzeko eskatuko ete deutsat Aitari? Baina honexetarako etorria naz, hatan be, ordu honetarako! Aita, agertu egizu zeure izenaren aintza!»
    Orduan, ahots bat entzun zan zerutik: «Agertu dot, eta barriz be agertuko dot».
    Han egoan jenteak, ahotsa entzunda, trumoia izan zala inoan; beste batzuek, barriz, aingeru batek egin eutsola berba.
    Jesusek esan eutsen: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dabe kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nabenean, Neugana erakarriko dodaz danak».

    Berba honeen bidez, zelako heriotzaz hilko zan adierazo eban.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...

Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera emonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».

Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoalako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.

Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dira hain bildur, edo dabez hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.

 

Garizumako V. Domekea-A

A urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Neure espiritua ezarriko dot zuengan,
eta bizibarrituko zarie.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 37, 12-14

    Hauxe dino Jainko Jaunak: «Neuk edegiko ditut zuen hilobiak, urtenazoko deutsuet zeuen hilobietatik, ene herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
    Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik urtenazoko deutsuedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ezarriko dot zuengan, eta bizibarrituko zarie. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala». Halan dino Jainko Jaunak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b. 6c-8 (R/. ik. 7 bc)


R/.
  Jaunagan dago errukia,
        harengan askatasun ugaria.

V/.   Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire ahotsa!
Begoz erne zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.

V/.   Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.

V/.   Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren hitza dot itxaroten;
nire barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina egunsentiaren gogo biziz baino gehiago. R/.

V/.   Gauzainak egunsentia lez,
itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Harek askatuko dau Israel
bere erru guztietatik. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua
zuengan bizi da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 8-11

    Senideok: Grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zarie grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da-eta.
    Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilik egon arren, espirituak badau bizia Jainkoaren salbazino-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziazoko dau zuen gorputz hilkorra be, zuengan bizi dan Espirituaren bitartez.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Jn 11, 25a. 26

V/.   Neu naz biztuera eta bizia, dino Jaunak;
        Nigan sinisten dauana ez da betiko hilko.

 

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Ebanjelioa

Neu naz biztuera eta bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 11, 1-45

    Aldi haretan, Lazaro izeneko gizon bat gaixorik egoan. Betaniakoa zan, Maria eta beronen ahizta Martaren herrikoa. (Maria hau –makalik egoan Lazaroren arreba– Jesus usaingarriz igurtzi eta oinak bere uleakaz sikatu eutsozana zan).
    Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago». Jesusek, hori entzutean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzarako, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, gaixotasun honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu dadin».
    Jesusek maite zituan Marta, beronen ahizta eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda be, egoan lekuan gelditu zan Jesus beste egun bian. Ostean, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriz be Judeara».
    Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu judeguek harrika egin gura izan eutsuen, eta hara joan behar dozula barriro?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez dau estropezu egiten, ze, eguzkiak argitzen deutso bidea; gauez dabilenak, ostera, estropezu egiten dau, ez dauka argirik-eta». Eta jarraitu eban: «Lazaro gure adiskidea loak hartu dau; baina banoa itzartzera».
    Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago, osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek loak hartze hutsaz ziharduala uste eben).
    Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro hil egin da eta pozten naz ni han ez izateaz, ze, zuen onerako izango da, holan sinistu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikotxa eritxonak, esan eutsen ikaskideei: «Goazen geu be, beragaz hil gaitezan».
    Jesus heldu zanean, Lazarok baeroiazan jadanik lau egun hilobian. Betania hur dago Jerusalemdik, hiru kilometro ingurura. Eta judegu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak emotera.
    Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko, bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko. Halan be, badakit eskatuko deutsazun guztia emongo deutsula Jainkoak».
    Jesusek erantzun eutson: «Biztuko da zure nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dana azken egunean, hildakoen biztueran».
    Jesusek esan eutson orduan: «Neu naz biztuera eta bizia; Nigan sinisten dauana, hilda be, biziko da, eta bizi dana, Nigan sinisten badau, ez da betiko hilko. Sinisten dozu hori?» Martak erantzun eutson: «Bai, Jauna, sinisten dot Zu Mesias zarala, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zana».
    Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan zan Marta, eta esan eutson belarrira: «Maisua hemen da eta dei egiten deutsu». Hori entzutean, behingoan jagi eta Jesusengana joan zan. Jesus oraindino herrian sartu barik egoan, Martak aurkitu eban leku berean. Etxean Mariari doluminak emoten egozan judeguek, harek bat-batean jagi eta urten ebala ikustean, jarraitu egin eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan.
    Mariak, Jesus egoan lekura heltzean, ikusi ebanerako, oinetara ahuspez jausi eta esan eutson: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko».
    Maria eta Mariagaz etorritako judeguak negarrez ikusirik, barruak dar-dar egin eutson Jesusi eta, guztiz bihozminduta, itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi». Jesusek negarrari emon eutson.
    Han egozan judeguek esan eben: «Begira zelako maitasuna eutson!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak zabaldu eutsozan honek, ez ete eikean hau hiltzea galarazo?»
    Jesus, ostera be bihozminduta, hilobira hurreratu zan. Hatx-zuloa zan, harri-losaz estaldua. Jesusek esan eban: «Kendu harri-losa!»
    Hildakoaren arreba Martak esan eutson: «Jauna, hatsa botako dau, lau egun badaroaz-eta». Jesusek erantzun eutson: «Ez deutsut esan, ba, sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
    Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zeuk bialdu nozula sinistu dagien».
    Hau esanda, oihu egin eban indartsu: «Lazaro, erdu kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz lotuta eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
    Maria ikustera joandako judegu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, beragan sinistu eban.

Jaunak esana.

 

          Ebanjelioa era laburrean. (ArrateIrratian)

Neu naz biztuera eta bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 11, 3-7. 17. 20-27. 33b-45

    Aldi haretan, Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago». Jesusek, hori entzutean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzarako, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, gaixotasun honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu dadin».
    Jesusek maite zituan Marta, beronen ahizta eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda be, egoan lekuan gelditu zan Jesus beste egun bian. Ostean, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriz be Judeara».
    Jesus heldu zanean, Lazarok baeroiazan jadanik lau egun hilobian. Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko, bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko. Halan be, badakit eskatuko deutsazun guztia emongo deutsula Jainkoak».
    Jesusek erantzun eutson: «Biztuko da zure nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dana azken egunean, hildakoen biztueran».
    Jesusek esan eutson orduan: «Neu naz biztuera eta bizia; Nigan sinisten dauana, hilda be, biziko da, eta bizi dana, Nigan sinisten badau, ez da betiko hilko. Sinisten dozu hori?» Martak erantzun eutson: «Bai, Jauna, sinisten dot Zu Mesias zarala, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zana».
    Maria eta Mariagaz etorritako judeguak negarrez ikusirik, barruak dar-dar egin eutson Jesusi eta, guztiz bihozminduta, itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi». Jesusek negarrari emon eutson.
    Han egozan judeguek esan eben: «Begira zelako maitasuna eutson!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak zabaldu eutsozan honek, ez ete eikean hau hiltzea galarazo?»
    Jesus, ostera be bihozminduta, hilobira hurreratu zan. Hatx-zuloa zan, harri-losaz estaldua. Jesusek esan eban: «Kendu harri-losa!»
    Hildakoaren arreba Martak esan eutson: «Jauna, hatsa botako dau, lau egun badaroaz-eta». Jesusek erantzun eutson: «Ez deutsut esan, ba, sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
    Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zeuk bialdu nozula sinistu dagien».
    Hau esanda, oihu egin eban indartsu: «Lazaro, erdu kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz lotuta eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
    Maria ikustera joandako judegu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, beragan sinistu eban.

Jaunak esana.

________________________________________

Garizumako IV. Domekea-B

  (.PPTX)


B urtean

 (Fray Marcos)

Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

I. Irakurgaia

Jaunak bere hasarrea eta errukia agertzen ditu
herria erbesteratuz eta askatuz.

Kronikak bigarren liburutik

2 Kro 36, 14-16. 19-23

    Egun hareetan, abadeburu guztiek eta herriak gaiztakeria gaiztakeriaren gain egin eben, atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz, eta kutsatu egin eben Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratu eban tenplua. Jaunak, hareen asaben Jainkoak, oharpenak bialdu eutsezan eten barik bere mezularien bidez, errukia eutsen-eta bere herriari eta bere egoitzari. Baina hareek Jainkoaren mezulariei burla egin, Jainkoaren hitzak gitxietsi eta haren profetak irriz hartu ebezan. Azkenik, Jaunak bere herriaren aurkako hasarreak gainezka egin eban eta ez zan salbabiderik izan.
    Orduan, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresiak bota eta jauregiei su emon eutsien, eta uriko gauza eder guztiak guztiz hondatu ebezan. Ezpatari ihes egin eutsoen guztiak Babiloniara eroan ebezan katigu, eta han erregearen eta haren ondorengoen esklabo izan ziran, harik eta pertsiarren erregealdia heldu zan arte. Holan bete eban Jaunak Jeremias profetaren ahoz esandakoa: «Hirurogeita hamar urtez atseden hartuko dau lurralde honek, hondamenaldiko egun guztietan, Jaunari ukatu eutsoezan atseden-urteak bete arte».
    Pertsiako errege Ziroren lehen-urtean, Jaunak Jeremiasen ahoz esana bete zan. Jaunak Pertsiako errege Ziroren espiritua biztu eta Zirok agindu hau zabaldu eban, hitzez eta idatziz, erreinu osoan: «Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon dagiela hara"».

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 137 [136], 1-2. 3. 4-5. 6 (R/. 6a)

R/.   Nire mihina ahosabaian josi bekit,
        zutaz gogoratu ez banendi.

V/.   Babiloniako ibaiertzean jesarriak gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko sahatsetan
itzita genduzan zitarak dindilizka. R/.

V/.   Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske genduzan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eske:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.

V/.   Zelan kantatu Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.

V/.   Josi bekit mihina ahosabaian,
zutaz gogoratzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.

 

II. Irakurgaia

Geure pekatuakaitik hilda gengozanok
borondate hutsez salbatuta gagoz.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 2, 4-10

    Senideok: Errukian aberatsa dan Jainkoak halako maitasun neurribakoaz maite izan gaitu-eta, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun Kristogaz batera –borondate hutsez zagoze salbatuta–, eta Kristo Jesusegaz batera berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu nahi izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan bere onginahia.
    Izan be, borondate hutsez salbatuta zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik, Jainkoaren dohaia da; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez dadin.
    Izan be, Jainkoak eginak gara; harek sortu gaitu Kristo Jesusengan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagi eban lez.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Ik. Jn 3, 16

V/.   Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
        bere Seme bakarra emon eutson;
        harengan sinisten dauanak betiko bizia dau.

 

Ebanjelioa

Jainkoak bere Semea bialdu eban,
haren bitartez mundua salbatzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 14-21

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinisten daben guztiek betiko bizitza izan dagien».
    Izan be, hain maite izan eban Jainkoak mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian.
    Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino. Harengan sinisten dauana ez dago kondenatuta; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuta dago daborduko, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, euren egiteak gaiztoak ziralako. Izan be, txarra egiten dauanak gorroto deutso argiari, eta ez dator argitara, beraren egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren erara dabilena, barriz, argitara dator, beraren egiteak Jainkoak nahi bezala eginak dirala agertu dadin».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Egiptoko morrontzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.

Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.

Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean...? Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».

Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.