Garizumako IV. Domekea-A

A urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

David, Israelgo errege igurtzia.

Samuel lehenengo liburutik

1 Sm 16, 1b. 6-7. 10-13a

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Samueli: «Bete adarra orioz eta zoaz. Betleemgo Jeserengana bialtzen zaitut, haren semeen artean begiz jo dot-eta nire errege izango dana».
    Heldu zanean, Samuelek Eliab ikusi eta esan eban bere kautan: «Zalantza barik, aurrean dau Jaunak bere igurtzitakoa». Baina Jaunak esan eutson Samueli: «Ez begiratu horren itxurari eta luzerari, alde batera itzia dot-eta. Jainkoak ez deutso begiratzen gizakiek begiratzen deutsoenari, gizakiek itxurari begiratzen deutsoe-eta; Jainkoak, barriz, bihotzari».
    Jesek bere zazpi semeak eroan ebazan Samuelen aurrera; baina Samuelek esan eutson: «Jaunak ez dau horreetatik inor aukeratu». Orduan, Samuelek itaundu eutson Jeseri: «Honeek ete dozuz seme guztiak?» Harek erantzun: «Txikiena gelditzen da; artzain dabil». Samuelek esan eutson Jeseri: «Agindu ekartzeko; ez gara jaten hasiko, ha etorri arte». Ekarriazo eban, beraz, mutila: ule-gorria zan, begi-ederra, itxura bikainekoa. Jaunak esan eutson Samueli: «Jagi eta igurtzi egizu; horixe da».
    Hartu eban, bada, Samuelek orio-adarra eta igurtzi egin eban bere anaien aurrean. Egun haretan Jaunaren espiritua Davidengan sartu zan eta haren jaube izan zan aurrerantzean.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)


R/.
  Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Jagi zaitez hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu.

 

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 5, 8-14

    Senideok: Sasoi baten ilunpe zinien; orain, barriz, argi zarie Jaunari esker. Zabiltze, beraz, argiaren seme-alabei dagokienez; on izatea, zuzentasuna eta egia dira argiaren frutuak. Aztertu zer jakon Jaunari atsegin eta ez parte hartu ilunpean bizi diranen egintza usteletan; ostera, salatu egizuez, lotsagarria da-eta horreek ezkutuan egiten dabena aitatzea be. Baina argiak salatzen dauan guztia agirian gelditzen da, eta agirian gelditzen dana argi bihurtzen da.

    Horregaitik esaten da:

 «Iratzartu zaitez, lo zagozan hori,
jagi hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu».

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Ik. Jn 8, 12

V/.   Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
        Niri jarraitzen deustanak izango dau bizirako argia.

 

Ebanjelioa (ArrateIrratian)

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Joan zan itsua, garbitu
eta ikusten ebala bihurtu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 9, 1-41

    Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, jaiotzatik itsua zan gizon bat ikusi eban. Eta ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, nork egin eban pekatu, hau itsu jaiotzeko, honek ala beronen gurasoek?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Ez honek, ez beronen gurasoek, ez eben pekaturik egin, ezpada ze, Jainkoaren egintzak honengan agertu daitezan jaio zan itsu. Egun-argia dan bitartean egin behar dodaz bialdu nauanaren egintzak; badator gaua, eta orduan inork ezin leike lanik egin. Munduan nagoan bitartean, munduaren argia naz».
    Hau esanik, txua bota eban lurrera, txuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi eutsozan itsuari; gero, esan eutson: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan». (Siloek «Bialdua» esan gura dau). Joan zan, bada, itsua, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan.
    Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben: «Ez da, ba, hauxe jesarrita-eta eskean egoten zana?» Batzuek inoen: «Bai, bera da». Beste batzuek: «Ez, ez da bera, haren antzeko bat baino». Berak, barriz, inoan: «Bai, haxe naz». Orduan itaundu eutsoen: «Zelan edegi jatzuz, bada, begiak?» Eta harek erantzun: «Jesus dalakoak lohia egin dau, begiak igurtzi deustaz eta agindu deust: “Zoaz Siloera eta garbitu”; joan, garbitu eta ikusten hasi naz». Itaundu eutsoen: «Non da gizon hori?» Harek erantzun: «Ez dakit».
    Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak edegi eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuakana eroan eben itsu izandakoa, eta fariseuek barriro itaundu eutsoen zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen: «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nintzan eta ikusi egiten dot».
    Fariseuetako batzuek inoen: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ze, ez dau zapatuko atseden eguna errespetatzen». Beste batzuek, barriz, inoen: «Zelan egin leike pekatari batek holako mirarizko seinalerik?» Eta ez etozen bat euren eretxietan. Barriro itaundu eutsoen itsuari: «Eta zuk zer dinozu begiak edegi deutsuzanaz?» Harek erantzun: «Profeta dala».
    Halan be, judeguek ez eben sinistu gura gizon ha itsua izan eta ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu eta itaundu eutsien: «Hau da zuen semea, itsu jaio zala dinozuena? Zelan ikusten dau, bada, orain?» Gurasoek erantzun eutsien: «Guk badakigu geure semea dana eta itsu jaio zana; baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork zabaldu deutsozan, hori ez dakigu. Itaundu berari, ze, badauka adina bere buruaren barri emoteko». Judeguen bildurrez berba egiten eben gurasoek holan, ze, ordurako agintariek erabagita euken Jesus Mesias zala autortzen ebana sinagogatik botatzea. Horregaitik esan eben gurasoek: «Badauka adina, itaundu berari».
    Judeguek bigarren biderrez deitu eutsoen itsu izanari eta esan eutsoen: «Autortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori pekataria dana». Harek erantzun eutsen: «Pekatari dan ala ez, nik ez dakit. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzala eta orain ikusi egiten dodala».
    Hareek barriro: «Zer egin deutsu? Zelan zabaldu deutsuz begiak?» Harek erantzun eutsen: «Esan deutsuet lehen be, eta ez deustazue jaramonik egin. Zergaitik entzun gura dozue barriro? Zuek be haren ikasle izan nahi dozue ala?»
    Hareek irainez bete eben eta esan eutsoen: «Zeu izango zara haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Jainkoak Moisesi berba egin eutsona, baina hori nongoa dan be ez dakigu».
    Harek orduan: «Hori bai harrigarria! Zuek nongoa dan be jakin ez, eta harek niri begiak edegi. Jakina da Jainkoak ez deutsela pekatariei entzuten, ezpada ze, jainkozale danari eta beraren nahia egiten dauanari entzuten deutsola. Egundo ez da entzun itsu jaiotako bati inork begiak zabaldu deutsozanik. Gizon horrek, Jainkoagandik ez baletor, ezingo leuke ezer egin». Hareek erantzun eutsoen: «Goitik beheraino pekatari jaio zinan, eta zu guri irakatsi nahian?» Eta kanpora bota eben.
    Jakin eban Jesusek bota egin ebela eta, aurkitu ebanean, itaundu eutson: «Sinisten dozu Gizonaren Semeagan?» Harek erantzun: «Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu dagidan». Jesusek esan eutson: «Ikusi dozu; zeugaz berbetan diharduan berbera da». Harek orduan: «Sinisten dot, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu jakon.
    Eta Jesusek esan eban: «Epai baterako etorri naz Ni mundu honetara; ikusten ez dabenek ikusi dagien, eta ikusten dabenak itsu bihurtu daitezan». Jesusegaz egozan fariseu batzuek, hori entzunda, esan eutsoen: «Geu be itsu ete gara, bada?» Jesusek erantzun eutsen: «Itsu bazinie, ez zeunkie eukiko pekaturik. Baina ikusten dozuela dinozuenez, zeuon pekatuan irauten dozue».

Jaunak esana.

 

 

          Ebanjelioa era laburrean.

Joan zan itsua, garbitu
eta ikusten ebala bihurtu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 9, 1. 6-9. 13-17. 34-38

    Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, jaiotzatik itsua zan gizon bat ikusi eban. Eta txua bota eban lurrera, txuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi eutsozan itsuari; gero, esan eutson: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan». (Siloek «Bialdua» esan gura dau). Joan zan, bada, itsua, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan.
    Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben: «Ez da, ba, hauxe jesarrita-eta eskean egoten zana?» Batzuek inoen: «Bai, bera da». Beste batzuek: «Ez, ez da bera, haren antzeko bat baino». Berak, barriz, inoan: «Bai, haxe naz».
    Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak edegi eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuakana eroan eben itsu izandakoa, eta fariseuek barriro itaundu eutsoen zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen: «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nintzan eta ikusi egiten dot».

    Fariseuetako batzuek inoen: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ze, ez dau zapatuko atseden eguna errespetatzen». Beste batzuek, barriz, inoen: «Zelan egin leike pekatari batek holako mirarizko seinalerik?» Eta ez etozen bat euren eretxietan. Barriro itaundu eutsoen itsuari: «Eta zuk zer dinozu begiak edegi deutsuzanaz?» Harek erantzun: «Profeta dala».
    Hareek erantzun eutsoen: «Goitik beheraino pekatari jaio zinan, eta zu guri irakatsi nahian?» Eta kanpora bota eben.
    Jakin eban Jesusek bota egin ebela eta, aurkitu ebanean, itaundu eutson: «Sinisten dozu Gizonaren Semeagan?» Harek erantzun: «Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu dagidan». Jesusek esan eutson: «Ikusi dozu; zeugaz berbetan diharduan berbera da». Harek orduan: «Sinisten dot, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu jakon.

Jaunak esana.