Garizumako II. astelehena
I. Irakurgaia
Guk
pekatu egin dogu,
gaiztoak
izan gara.
Danielen Profezia liburutik
Dn 9, 4b-10
Jauna, Jainko handi eta ikaragarria, Zuk
ituna gordetzen dozu eta leiala zara maite zaituenekin eta zure aginduak
betetzen dabezanekin.
Baina guk pekatu egin dogu, gaiztoak izan
gara eta zure aurka jaso gara, zure agindu eta erabagietatik aldenduz. Ez deutsegu
jaramonik egin zure zerbitzari profeten esanei, honeek gure errege eta
buruzagiei, gure asaba eta herri guztiari zure izenean hitz egin deutsienean.
Zu, Jauna, zuzena zara; gu, barriz,
lotsa-lotsa eginik gagoz. Halan jazotzen jaku gaur guri, Judako jenteari,
Jerusalemgo bizilagunei eta Israel osoari, hurko eta urrunekoei, zugaz desleial
izateagaitik beste lurraldeetara sakabanatu dozuzanei.
Bai, Jauna, lotsa-lotsa eginik gagoz, geu
eta gure errege, gure buruzagi eta gurasoak, pekatu egin dogu-eta zure aurka.
Baina zure aurka jagi bagara be, Zu, Jauna, gure Jainkoa, errukiorra zara eta
parkatzen dakizuna. Ez dogu entzun Jaunaren gure Jainkoaren berbea, bere
zerbitzari profeten bidez emon euskuzan legeen arabera jokatzeko.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 79 [78], 8. 9. 11 eta 13 (R/. Sal 103 [102], 10a)
R/. Ez gu erabili, Jauna, gure pekatuek merezi bezala.
V/. Ez leporatu guri geure aurrekoen erruak!
Betorkigu
laster zure errukia,
lur
jota gagoz-eta guztiz. R/.
V/. Lagundu egiguzu, gure Jainko salbatzaile
horrek,
zeure
izenari ohore eginez;
libratu
gagizuz eta parkatu gure pekatuak
zeure
izenaren ohoreagaitik. R/.
V/. Heldu bedi Zuganaino presoen zizpurua,
libratu
zeure indar handiaz heriotzara kondenatuak.
Eta
guk, zure herri honek, Zuk larraturiko artalde honek,
eskerrak
emongo deutsuguz beti,
zure
gorespena zabalduko dogu gizaldiz gizaldi. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 6, 63c. 68c
V/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zure
hitzek betiko bizia dabe.
Ebanjelioa
Parkatu, eta parkatuko deutsue Jainkoak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 6, 36-38
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Izan zaiteze errukiorrak, zeuen Aita errukiorra danez. Ez txartzat jo inor, eta Jainkoak be ez zaitue txartzat joko; ez kondenatu, eta ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta gainezkakoa emongo deutsue altzora. Izan be, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».
Jaunak esana
Iruzkina
Jesusek eskakizun edo exijentzia gogorrak daukazala ikasleentzat esan daiteke; baina jente taldearentzako eskakizunak ere ez dira makalak. Aberatsentzat eta asetuentzat-eta madarikapen izugarriak jaurti ondoren, jente taldearentzako eskakizunak jarten ditu, helburutzat Jainko Aitaren errukia jarriz (Mateok «bikaintasuna» jarten dauan lekuan).
Baina badirudi Jesusek leundu egin nahi ditula eskakizunok, eta guk zelan erantzuten dogun, Jainkoak halantxe erantzungo deuskula esan gura deuskula; hau da: Jainkoaren guganako jokabidea geurearen parekoa izango dala.
Eta mailakatze baten jarten dauz eskakizunok, beti ere Jainkoaren errukia aurre-aurrean jarrita; ez epaitu, ez gaitzetsi; parkatu; emon..., eta horrela neurriz kanpoko ugaritasuna hartuko da.
Beti ere gatx egiten bajaku ulertzea eskuzabaltasuna ez dala hutsean geratuko, ordaina eta gehiago hartuko dauala baino, gatxago egiten da eskuzabal izatea gauzak ilun dagozanean, ondo ez dagozanean, urri ikusten danean, edo norberetzako lain doi-doi dagoala uste danean.
Orduan errezago da norbere zekenkeria onestea..., besteak epaituz, edo gaitzetsiz, eskua itxiz. Behar bada, ba, orduantxe dogu beharrezkoago Jesusen berbok entzutea; merezi dauala eskuzabal izateak; hobe dala errukior jokatzea, eta norberea dala uste dana, eta gitxi dala gainera, jokoan jartea, banantzea, erantzuna "betekadea" izango dalako. Hau da: Jainkoak ez dau saritu barik itziko keinu on bat.
Begiak gora jaso behar doguz, ba, Aitaren errukiaz jabetzeko, eta haren seme-alaba lez jokatzeko, gauzak hain ondo ez dagozanean, edo txarto dagozanean ere. Erakutsi daigula noren seme-alaba garan.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak bere antz eta irudiko egin gaitu, eta bere antzeko errukitsuak eta maitaleak gura gaitu…
—Eleizearen alde: ahaltsuaren ondoan eta haren gerizpean egotea barik behartsuaren eta ahularen babes izatea bilatu daian, eta Jainkoaren errukiaren barri emoile izan daiten, egin daigun otoitz.
—Jesukristoren aukerea eginez, haren jarraitzaile garan guztion alde: bakotxak bere salbamena bilatu ez daigun, alkarri harrera on egitea baino, parkatzea eta alkar maitatzea, gizarte baketsuago baten hazikin izan gaitezan, egin daigun otoitz.
—Hondamenean dagozanen alde; euren duintasuna lapurtuta edo hankapean hartuta ikusten daben emakume eta umeen alde; edozetariko egoera gorria sufritzen dabenen alde: laster argitu daitezan gizarte alkartuago batera, eta euren duintasunean aintzat hartuak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Herrietako agintarien alde: herrikideen alkartasuna bultzatu daien, eta alkarrenganako eta Izadiarenganako begiramenean bideratu daiezan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiaren mahaitik elikatzen garanok Jainkoaren errukitsu izateaz aberastu gaitezan, eta gure inguruetan errukiaren mezulari agertu gaitezan, egin daigun otoitz.
† Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako II. martitzena
I. Irakurgaia
Ikasi on egiten, bilatu egizue zuzenbidea.
Isaias Profetaren liburutik
Is 1, 10. 16-20
Entzun Jaunaren berbea,
Sodomakoen
antzeko agintariok,
entzun
gure Jainkoaren irakaspena,
Gomorrakoaren
antzeko herri horrek:
«Garbitu zaiteze, garbitu;
kendu
nire begien aurretik zeuen egintza gaiztoak;
itzi
oker egiteari, ikasi on egiten;
bilatu
egizue zuzenbidea:
lagundu
zapalduari, egin justizia umezurtzari,
defendatu
alarguna.
Zatoze
orduan kontuak garbitzera, dino Jaunak:
zuen
pekatuak gorrimin badira be, edur zuri bihurtuko dira,
eta
purpura baizen gorri badira be, artile zuri izango dira.
Nire
esana egin nahi badozue,
lurreko
guritasunetik jango dozue;
ez
badozue nahi eta aurka jagitzen bazarie,
ezpatak
iruntsiko zaitue».
Halan berba egin dau Jaunak.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 50 [49], 8-9. 16b-17. 21. 23 (R/. 23b)
R/. Zuzen dabilenari deutsat
Jainkoaren salbazinoa erakusten.
V/. Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure
erre-opariak aurrean ditut beti.
Baina
ez dot hartuko zure kortako zekorrik,
ez
zure eskortako akerrik. R/.
V/. Zelan aitatu daikezuz nire arauak
eta
nire ituna ahotan hartu,
nire
zigorrari gorroto badeutsazu
eta
nire hitzei lepoa emoten? R/.
V/. Zuk horreek egin, eta Ni isildu?
Zu
lakoa nazala uste dozu?
Salatu
egingo zaitut, aurpegira botako dana. R/.
V/. Esker onezko oparia eskeintzen deustanak,
horrek
emoten deust aintza,
onbideratzen danari
erakutsiko deutsat neure salbazinoa. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ez 18, 31
V/. Kendu zeuengandik
egindako
gaiztakeria guztiak, dino Jaunak,
eta
barritu egizuez zeuen gogo-bihotzak.
Ebanjelioa
Esan, esaten dabe, baina egiten ez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 23, 1-12
Aldi haretan, honan berba egin eutsen
Jesusek jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen
maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia;
baina ez egin egiten dabena; ze, esan, esaten dabe, baina egin ez. Zama astunak
eta eroan ezinekoak lotzen ditue, eta besteei leporatzen; baina eurek atzamar
batez be ez ditue mogitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik egiten
dabe; zinta zabalak erabiltzen ditue bekokian, eta borlatxu deigarriak mantu
barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreaurreko aulkiak
maite ditue, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.
Zuek, ostera, ez itzi inori “maisu” deitzen,
ze bakarra da zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zarie. Eta ez deitu
lurrean inori “aita”, ze bakarra da zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi inori
“gidari” deitzen be, ze bakarra da zuen gidaria, Kristo.
Zuetariko handiena izan bedi zuen
zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere
burua beheratzen dauana goratu».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lehengo maisuak ez badira ezertarako, zerk edo nork ziurtatuko deusku oraingoak badirala ezertarako? Ez ete da hobe bai batzuei eta bai besteei jaramonik egin barik norberak nahi dauan lez jardutea? Hauxe izango da askoren urtenbidea. Baina bai?, hobe ete hau?
Jesusek burua erabiltea eskatzen deusku: konturatu gaitezala ea esaten edo agintzen dan lez bizi izaten dan. Eta ordura arteko maisuek, legelariek, ez eben eurek beteten eurek esaten edo agintzen ebena. Horrexek aginpidegabetzen ebazan. Badakigu Jesusen berbea bere bizitzan beteten dana. Kontuan hartzekoak lirateke, ba, bere burubideak.
Handi izateko bidea zerbitzari jartea da. Hauxe da Jesusentzako bidea, eta bere ikasleentzako gura dauana; zerbitzuan dago handitasuna. Eta horixe berori dinosku esperientziak ere: zein txarto aurkitzen dan bat ezelango zerbitzurik egin ezin dauanean, ezertarako ez danean...
Eskari on bat litzateke, ba, norbere buruaz baino besteetaz arduratsuago bizi izatea, eta maisu bakartzat Jesus eukitea; bere jarraian, zerbitzu-bizitza bat osotzea, eta geroa Aitaren esku iztea.
Herri otoitza (Eskariak)
† Entzun egiten dauz apalak, parkamena eskatzen… Agertu gaitezan apalak eta entzuleak Jainkoaren eta senideen aurrean:
—Eleizearen alde: gaurko gizakiari, eta batez ere sufritzen dagoanari entzun deion, eta egin barik lagatako onagaitik parkamen eskatzen ausartu daiten, egin daigun otoitz.
—Gizarteko agintari eta ahaltsuen alde: arretaz aztertu daiezan euren aginpidepekoen beharrizanak, eta harei erantzuten ahalegindu daitezan, egin daigun otoitz.
—Behartsuen eta sufritzen dagozanen alde: euren ahotsa jasoten jakin daien eta behar daben laguntza eskuratu daien, egin daigun otoitz.
—Gure arteko familien alde: alkarri entzutea eta alkarri parkamena luzatzea euretan gauza berezia izan ez daiten, errez-errez egiten dan gauzea baino, egin daigun otoitz.
—Eleiz alkarte honen alde; parrokiako taldeetan diharduenen alde; eta haserrez dagozanen alde: barrua bigundu dakien eta parkamen eskatzen ahalegindu daitezan, egin daigun otoitz.
† Jainko errukiorra, gure azaleko opariak baino barru damutasuna nahiago dozuna: jantzi gaizuz apaltasunez, entzuten eta parkamen eskatzen jakin daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako II. eguaztena
I. Irakurgaia
Zatoze, jo dagigun Jeremias.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 18, 18-20
Egun hareetan, batzuek inoen: «Zatoze,
pentsatu dagigun Jeremias zelan galdu; ez da abaderik faltako legea irakasteko,
ez jakitunik aholku onak emoteko, ezta profetarik be Jainkoaren hitza
iragartzeko. Zatoze, jo dagigun mihinean eta entzungor egin haren esanei».
Arduratu
nitaz, Jauna; entzun nire salatzaileek dinoena.
Txarraz
ordaintzen ete da ona?
Hilobia
zulatu dabe niretzat!
Gogoratu
egizu zelan egon nintzan zure aurrean,
horreen
alde erreguka,
zure
hasarrea horreengandik aldentzeko.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 31 [30], 5-6. 14. 15-16 (R/. 17b)
R/. Salbatu nagizu, Jauna, zeure maitasunaz.
V/. Atara nagizu jarri deusten saretik,
Zeu
zaitut-eta gordeleku.
Zure
eskuetan izten dot neure bizia;
askatu
nagizu, Jauna, Jainko leiala. R/.
V/. Jentearen marmarra entzuten dot,
izu-ikara
edonon; nire aurka hartu dabe alkar,
niri
bizia zelan kenduko. R/.
V/. Baina nik, Jauna, Zugan dot konfiantza;
hau
dinot: «Zeu nire Jainko».
Zeure
eskuan dot neure zoria,
libratu
nagizu arerio eta pertsegitzaileen eskutik. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 8, 12
V/. Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
Niri
jarraitzen deustanak izango dau bizirako argia.
Ebanjelioa
Heriotzara kondenatuko dabe.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 20, 17-28
Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera igoten
ziharduala, hamabi ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: «Begira,
Jerusalemera igotzen dihardugu eta Gizonaren Semea abade-buruen eta
lege-maisuen esku itziko dabe, heriotzara kondenatuko dabe eta atzerritarren
esku itziko, hari burla egin deioen, zigorkatu eta kurutzean josi dagien; baina
hirugarren egunean biztuko da».
Orduan, zebedeotarren ama hurreratu jakon
Jesusi bere semeakaz eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek itaundu
eutson: «Zer gura dozu?» Eta harek: «Agindu egizu nire seme bi honeek, jesarri
daitezala zure erreinuan bata zure eskuman eta bestea zure ezkerrean».
Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen
dozuen. Gauza ete zarie Nik edan behar dodan kalizatik edateko?» Erantzun
eutsoen: «Bai, gauza gara!» Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango
dozue; baina nire ezker-eskuman jesartze hori, ez dago nire esku inori emotea;
nire Aitak norentzat prestatua dauan, hari emongo jako».
Beste hamarrak, hori entzutean,
hasarretu-hasarretu egin ziran anaia biakaz. Baina Jesusek dei egin eta esan
eutsen: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituela herriak, eta
handikiek euren agintea ezartzen deutsiela. Ez bedi izan holan zuen artean;
ezpada ze, zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta
zuen artean lehenengo izan gura dauana izan daitela zuen morroi. Ze, Gizonaren
Semea be ez da etorri zerbidua izatera, zerbitzari izatera baino, eta bere
bizia askoren ordainsari emotera».
Jaunak esana.
Iruzkina
Ebanjelariek erruz azpimarratzen dabe hau Jesusen ardura handi lez: bere ikasleei argi iztea Jerusalemen zer aurkituko dauan: herri agintarien eta erlijio agintarien gaitzespena. Eta badirudi azpimarratu nahi dabela ere ikasleen ulertezina, entzun-gorra edo hartara eza: ezin dabe buruan sartu euren maisua paretik kendua izango danik...
Gogoan dogu holango egoera baten Pedrok berak hartzen dauala Jesus bazterrera, eta burutik kendu nahi deutsola holangorik gertatu dakiokenik. Jesusek zuzenean dinotso orduan: «kendu zaitez nire aurretik, Satanas, zure burubideak ez dira gizakienak baino-ta».
Oraingoan, Jesusek irakatsiaren onartezina beste era batera jarten deusku ebanjelariak: Zebedeotarren ama, honen eskariak, eta ikasleen artean eskari honek sortuazoten dauan mar-marra azaleratuz. Zeintzuk diran, gero, Jesusen ardurak, eta zeintzuk arduratan galtzen diran ikasleak! Hortxe ere ikasi geike geure burua ezagutzen.
Eta barriro ere Jesusen azpimarra: zelangoak izan behar daben bere jarraitzaileen arteko hartu-emonek, eta bakotxak zer bilatu behar dauan: besteen zerbitzari izatea. Zenbat landuko dauan Maisuak irakaspen hau; eta zein gatx egiten jaken bere ikasleei euren bizitzan gauzatzea.
Oraindino azken keinu bat ere behar izango dau: Azken Afarian emongo dauana, bere ikasleei oinak garbitzean...
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak bere seme-alaba guztiak zaintzen dauz eta alkarren zaintzaile nahi dauz. Jo daigun erreguka gure Aita/Ama onagana:
—Eleizearen alde: ezelango bildur barik urten daian beti txikienen eta hankapetuta dagozanen alde, eta askatu daiten aberatsen eta mundu honetako ahaltsuen loturetatik, egin daigun otoitz.
—Herrialde esplotatuen alde; aurrean erabiliak diran emakumeen alde; gerrarako eta beste zikinkeria batzuetarako erabiliak diran umeen alde: euren duintasunean ezarriak izan daitezan, eta gizarte alkartuago bat lortzeko indar bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure familien alde: familiakideek maitasunean zaindu daien alkar, eta euren babesa kanpokoengana ere heldu daiten, egin daigun otoitz.
—Gure Eleiz alkartean alkarren ardurea izan daigun, bakotxa berera egon barik, eta, bere otoitzean, inguruko behartsuak eta aurrean erabiliak gogotan hartu daizan, egin daigun otoitz.
† Maitasunean zaintzen gaituzun Jainkoa: emoiguzu bihotz apal eta errukitsua alkarren arduraz bizi izan gaitezan eta handikeriak baztertzeko gauza izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako II. eguena
I. Irakurgaia
Madarikatua
konfiantza gizakiagan dauana.
Bedeinkatua
konfiantza Jaunagan dauana.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 17, 5-10
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Madarikatua konfiantza gizakiagan dauana,
giza
indar hutsean oinarritzen dana
eta
bihotza Jaunagandik urruntzen dauana.
Basamortuko
kardulatzaren antzeko da,
ez
dau sasoi onik izango;
basamortu
kiskalian landatuta dago,
bizi
ezinezko gatz-lurrean.
Bedeinkatua
konfiantza Jaunagan dauana,
bere
euskarri Jauna dauana.
Ur-ertzean
landatutako zuhaitzaren antzeko da,
ur
bizigarrietara zabaltzen ditu zuztarrak;
ez
deutso sargoriari bildurrik,
haren
orriak beti hezerik;
lehor-urtean
be ha nasai,
ez
deutso itziko frutu emoteari.
Ez
da ezer giza bihotza baino maltzurragorik eta osagatxagorik.
Nork
ezagutu?
Nik,
Jaun honek, arakatzen ditut bihotzak eta aztertzen barruak,
nori
bere jokabidearen ordaina,
beraren
egiteek merezitakoa, emoteko».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Sal 40 [39], 5a)
R/. Zorionekoa
Jaunagan itxaropidea jartzen dauana!
V/. Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez
deutsana,
pekatarien
bidean ez dabilena,
ezta
lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
Jaunaren
legean atsegin dauana baino,
haren
legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.
V/. Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa
da:
emoten
dau bere sasoian frutua,
eta
ez jako orririk igartzen;
egiten
dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.
V/. Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak
daroan lastoaren antzekoak dira.
Jaunak
zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena,
barriz, galdu egiten da. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Lk 8, 15
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza
bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan
gorde eta iraupenez frutu emoten dabenak.
Ebanjelioa
Zuk
zorion franko izan zenduan bizitzan,
Lazarok,
barriz, zorigatxak;
orain
harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 16, 19-31
Aldi haretan, honan berba egin eutsen
Jesusek fariseuei: «Bazan gizon aberats bat, purpuraz eta lino finez jantzi eta
egunero jai ederrak egiten zituana. Lazaro izeneko eskekoa, ostera, aberatsaren
etxe-aurrean etxunda egoten zan, zauriz josita; gogotsu jango eukean
aberatsaren mahaitik jausten zana. Txakurrek eurek be etorri eta zauriak
miazkatzen eutsoezan.
Horretan, hil zan eskekoa, eta aingeruek
Abrahamen altzora eroan eben. Hil zan aberatsa be, eta lurperatu eben. Hilen
Egoitzan oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrutian eta
Lazaro haren altzoan, eta deadarka esan eban: “Aita Abraham, erruki zakidaz!
Bialdu egizu Lazaro atzamar ertza uretan busti eta niri mihina freskatzera, ze,
oinaze gorritan nago sugar honeetan”.
Baina Abrahamek erantzun eutson: “Seme,
gogoratu egizu zuk zeuk zorion ugari izan zenduala bizitzan, Lazarok, barriz,
zorigatxak; horregaitik, orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak.
Gainera, gure eta zuen artean leza handia dago, eta nahita be ezin da inor hemendik
zuengana igaro, ezta hortik gugana be”.
Aberatsak barriro: “Orduan, aita Abraham,
bialdu egizu, mesedez, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut-eta;
jarri dagizala jakinaren gainean, eurak be oinaze-leku honetara etorri ez
daitezan”. Abrahamek erantzun eutson: “Han ditue Moises eta profetak; entzun
deieela”.
Harek ostera be: “Ez, aita Abraham;
hildakoren bat joango balitxake, bihotz-barrituko litzatekez”.
Baina Abrahamek erantzun eutson: “Moisesi
eta profetei entzuten ez badeutsie, ez dabe sinistuko ezta hildako bat biztuta
be”».
Jaunak esana.
Iruzkina
Limosna da garizumarako aurkeztu jakun bihozbarritze ezaugarri bat, gure ondasunak, inguruko behartsuak kontuan izanik, banantzen jakitea, hareik Jainkoari eskertzeko era lez.
Gaurko ebanjelioak ondasunen erabilpena dakarsku gogora: alperrik galtzeko ete dira? Bertan daukaguzan behartsuak ez ikusteraino itsutu ete geinkeez? Hori ete da zoriona, behartsuei ez-ikusia egitea?
Holangoei zelango errukia deutsen Jesusek: izenik ere ez deutse emoten! Ez dauke ezeren ardurarik: ok eginda bizi dira.
Ate ondoan dagoan txiroak izena dauka: Lazaro (=Jainkoak lagundu egiten dau); isila da: ez dau hitzik jasoten, ez aberatsaren, ez Jainkoaren, ez inoren aurka; txakurrak ere lagun dauz, eta bere lagunik handienak, heriotzeak, eroango dau Jainkoaren altzora. Eta horra hor egoera barria!
Txiroa ez da "transparentea" Jainkoarentzat: bere altzoan hartzen dau, bere isiltasunean, eta pozez eta zorionez beteten dau. Hauxe itxaroten eban Jainkoak bere "beste" seme-alabengandik; baina ez eban hareekandik lortu. Euren ondasunen alperrik galtzeak eroan dauz oinazetara, eta hantxe dagoz egonezinean, erreguka, zarataka, bere oinetan egoen txiroaren isiltasuna irabazi nahian.
Baina orain berandu da. Oraingo jarrerak behin betikoak dira. Ez dago alde batetik bestera igarobiderik; ezinezkoa da laguntza... Eta ezaugarririk handienak ere alperrekoak dira: «Moisesi eta Profetei entzuten ez badeutsee, ez dabe sinistuko ezta hildako bat biztuta ere».
Gogoratu daiguzan, ba, Garizumarako ezaugarriak. Ez daiguzan albo batera jaurti baraua eta otoitza; honek Jainkoaren esku jarten gaitu, eta harek ondasunen gainetik, gure inguruko pobreengana heldu ahal izateko. Hortxe aurkituko dogu Jainkoa zelan zerbitu, Jesusen antzeko zelan izan...
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak ez gaitu bere seme-alabak kardu latz gura, ur ertzean landatutako zuhaitz frutu emonkor baino. Izan daiguzan, ba, behartsuak gogoan gure otoitzean:
—Eleizearen alde: bere ama-bihotza agertu daian mundu honetan hainbeste sufritzen daben bere seme-alabekaz, eta euren alde jokatzera egin deien dei ahaltsu guztiei, egin daigun otoitz.
—Besteei laguntzeko eratzen diran talde ongileen alde: euren lanaren eta lorpenen barri emonez beste asko eta asko ere on egiteko taldeetan eratzera bultzatu daiezan, egin daigun otoitz.
—Ezelango errukirik barik, ondokoak hankazpian erabilten dabezanen alde: bihozbarritze bidean jarri daitezan zapalduen oihuak entzunez, egin daigun otoitz.
—Gure arteko ume eta gazteen alde: euren gaztetasunak eta ahalmenak ez daiezan eroan ahulak eta zaharrak eta gaisoak baztertzera eta gaitzestera, maitatzera eta harei laguntzera baino, egin daigun otoitz.
—Otoitzera joten dogunok gure bihozgogorkeriatik urten daigun, eta, samurtasunez erakutsi daigun Aita/ Ama dogun Jainkoaren bihotz errukitsua, egin daigun otoitz.
† Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako II. barikua
I. Irakurgaia
Horra
non datorren ameslaria;
hil
dagigun.
Hasiera liburutik
Has 37, 3-4. 12-13a. 17b-28
Israelek, hau da, Jakobek, maiteago eban
Jose gainerako semeak baino, zahartzaroko semea ebalako, eta soineko luze
apaina egin eutson. Aitak maiteago ebala ikusirik, anaiek gorrotoa hartu
eutsoen, eta hitza bera be ukatu egiten eutsoen.
Joseren anaiak Sikemera joan ziran, aitaren
artaldeak larratzera. Israelek esan eutson Joseri: «Zure anaiak Sikemen dira
ardiak larratzen. Hareengana joan behar dozu». Joan zan, bada, Jose bere anaien
bila, eta Dotanen aurkitu ebazan.
Hareek urrunera ikusi eben eta, eurengana
heldu baino lehen, alkar hartu eben ha hiltzeko. Honan inotsoen alkarri: «Horra
non datorren ameslaria; ea, hil eta bota dagigun ur-putzu batera, eta
piztitzarren batek iruntsi dauala esango dogu; orduan ikusiko dogu zertarako
izan dituan bere ametsak».
Hori entzutean, Jose hareen eskuetatik
libratu nahian hasi zan Ruben. «Ez dagigun hil –esan eutsen–. Ez isuri odolik.
Bota egizue eremuko putzu batera, baina ez egin kalterik». Jose anaien
eskuetatik libratu nahi eban aitari bihurtzeko.
Honan bada, Jose anaiakana heldu zanean,
kendu eutsoen soineko apain ha eta urik bako putzu batera bota eben. Ondoren,
jateko jesarri ziran.
Horretan, Galaadetik etorren ismaeldar
bidaiari-talde bat ikusi eben. Egiptora joiazan, gameluetan usaingarriak,
erretxina eta mirra eroanez. Orduan, Judak esan eutsen anaiei: «Zer irabazten
dogu geure anaia hil eta haren heriotza ezkutatuz? Saldu deiegun ismaeldarrei,
kalterik egin barik, gure anaia dalako eta gure odolekoa».
Merkatariak igarotzean, atara eben Jose
ur-putzutik eta zidarrezko hogei txanponetan saldu eutsien. Hareek Egiptora
eroan eben.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 105 [104], 16-17. 18-19. 20-21 (R/. 5a)
R/. Ekarri gogora Jaunak egindako mirariak.
V/. Gosea bialdu eban lurraldera,
janari-hornidura
guztia kendu eutsen;
bialdua
eban, ostera, aurretik gizon bat,
Jose,
esklabotzat saldua. R/.
V/. Katez lotu eutsoezan oinak,
burdinazko
lepokoa gehitu,
harek
iragarria bete zan arte,
holan
frogatu eban Jaunaren hitzak
haren
errubakotasuna. R/.
V/. Orduan, ha askatzeko agindu eban erregeak,
libre
izteko, herrien nagusiak;
eta
bere jauregiko buru egin eban,
bere
ondasun guztien administratzaile. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 3, 16
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere
Seme bakarra emon eutson;
harengan
sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.
Ebanjelioa
Oinordekoa dok. Hil dagigun.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 21, 33-43. 45-46
Aldi
haretan, Jesusek esan eutsen abadeburuei eta herriko zaharrei: «Entzun parabola
hau: Behin baten, nagusi batek mahastia landatu eban eta hesiz inguratu; bertan
dolara egin eta torrea eregi eban; gero, nekazari batzuri errentan itzirik,
urrutira joan zan.
Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere
morroiak bialdu zituan nekazariakana, frututik egokion partea jasotzera.
Nekazariek, baina, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu
egin zituen. Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan, aurrekoan baino
gehiago, eta hareei be beste hainbeste egin eutsien. Azkenean, bere semea
bialdu eutsen, bere artean esanez: “Izango deutsoe begirune nire semeari
horraitino”.
Nekazariek, ostera, semea ikustean, esan
eutsoen alkarri: “Oinordekoa dok. Hil dagigun eta geuretzat izango dok
ondarea”. Heldu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben». Jesusek itaundu
eutsen: «Zer egingo deutse nekazari horreei mahasti-jaubeak, bihurtzean?»
Erantzun eutsoen: «Errukirik barik hilko
ditu, eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuri itziko
deutse mahastia».
Jesusek esan eutsen: «Ez dozue Liburu
Santuan behin be irakurri:
“Etxegileek
baztertutako harria
giltzarri
gertatu da.
Jaunak
egin dau hori,
gure
begien harrigarri?”
Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua
zuei kendu eta frutua atarako deutson herri bati emongo jako».
Parabola honeek entzutean, Jesus eurekaitik
ari zala jaubetu ziran abadeburu eta fariseuak, eta bera atxilotu guran
ebiltzan; baina jentearen bildur ziran, ze guztiek euken profetatzat.
Jaunak esana.
Iruzkina
Holango paraboletan ez daigun bizkorregi jo geure buruak astintzera, gure txarkeria ikustera edo Jainkoaganako dogun zintzotasunik ezaren bila; edo nortzuk legokezan Jesusen zemaipean, harek baino arinago geuk epaitu eta zigortzeko.
Ikus daigun ezeren aurretik Jainkoaren ze irudi emoten deuskun Jesusek, eta sartuko gara parabolearen erraietan. Zelango Jainkoa aurkezten deuskun hemen Jesusek! Zelango maitasun egintzak agertzen deutsozan bere "mahastia"ri! Zelango askatasuna emoten deuston bere herriari! Eta zelango esker txarra hartu behar dauan!
Eta oraingoan ere, auzian esku hartzera deitzen ditu Jesusek bere "etsaiak". Beste baten, sinagogan, beso iharra eukan gizonari osatu behar jakon ala ez galdetzean mutu gelditu ziran; oraingoan, buru-belarri sartzen dira epai gaiztoa emotera. Zein errez egiten jakun epai gaiztoa, inor gaitzestea...
Baina ez da hori Jesusek bilatzen dauana; Jesusek Jainkoaren bihotz maitalea, errukitsua agertzen dau; harenaren antzeko bihotzak nahi dauz bere inguruan. Baina bihotz gogorregiak ez ete ditun aurkitzen...
Zerk eroaten ete gaitu geure iritziko ez dana hain errez gaitzestera. Zergaitik emoten ete deusku min besteen eritziak geurea langoa ez bada? Ez ete doguz aztertu behar gure iritziak, batez ere besteak epaitzera eta gaitzestera eroaten gaituenean?
Herri otoitza (Eskariak)
† Geurea ez dana ere eskuratu gura izaten dogu, hori egiteko inor hil egin behar badogu ere. Bihozbarritzeko asmo sendoaz jo daigun Jainkoagana, erreguka:
—Eleizearen alde: bere maitasuna agertu daian gorrotoz eta azpikeriaz jokatzen dabenen artean, eta bere errukizko aurpegia erakutsi deieen maitasun samurrez, egin daigun otoitz.
—Norgehiagoka diharduan Gizarte honetan, aberastasun apur bategaitik inor hilteko gauza direnen alde: senidea errespetatzeko eta haren gainetik inoiz ere ez egiteko argitasuna eta adorea hartu daiezan, egin daigun otoitz.
—Euren patrikerak betetearren, gure arteko behartsuei laguntzak ukatzeko gertu dagozanek aintzat hartu daiezan behartsuen oihu eta negarrak, eta ahalmen guztiaz jokatu daien euren alde, egin daigun otoitz.
—Gure gizartean zintzo jokatzen ahalegintzen diranen alde: euren jokabideak ez daizan heriotzara edo gaitzespenera eroan, izan daitezela baino besteen eredu eta zuzenbidegarri, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren maitasunaz apartekotasunez jabetzen garanon alde: haren antzera, txikienak, apalenak eta ahulenak izan daiguzan gogokoen, egin daigun otoitz.
† Danen Aita/Ama zaitugun Jainko maitalea: emoiguzu bihotz errukitsua senidea gogoko izateko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako II. zapatua
I. Irakurgaia
Itsas hondora botako ditu gure pekatu guztiak.
Mikeasen Profezia liburutik
Mi 7, 14-15. 18-20
Larratu egizu, Jauna, artzain-makilaz zeure
herria,
zeure
ondareko artaldea,
bakarrik
eta sastraka artean bizi da-eta,
lur
emonkorrez inguraturik egon arren.
Larratu
bedi Baxanen eta Galaaden, antxina lez.
Erakutsi
egiguzuz mirariak,
Egiptotik
urten zenduan egunean lez.
Nor
Zu lako Jainkorik,
zeurea
dozun herrian bizirik geldituei
gaiztakeria
parkatu
eta
bihurrikeriari ez ikusiarena egiten deutsanik?
Haren
hasarreak ez dau beti irauten,
maitasuna
jako-eta atsegin.
Barriro
be izango dau errukia guretzat,
zapalduko
ditu gure txarkeriak,
eta
itsas hondora botako gure pekatu guztiak.
Holan,
zeure maitasun leiala agertuko deutsezu
Jakob
eta Abraham gure gurasoei,
aspaldiko
egunetan agindu zeuntsen lez.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 9-10. 11-12 (R/. 8a)
R/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna.
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire
barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna,
ez
bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.
V/. Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx
guztiak osatzen;
zure
bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez
eta errukiz koroatzen zaitu. R/.
V/. Ez dihardu eten barik auzitan,
ez
dau hasarrea betiko gordetzen.
Ez
gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez
deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.
V/. Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan
haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi;
zelan
sortaldea sartaldetik urrun,
halan
ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Lk 15, 18
V/. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat:
Aita,
pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka.
Ebanjelioa
Zure
anaia hau hilda egoan
eta
barriro bizi da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 1-3. 11-32
Aldi haretan, zergalari eta pekatariak
hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak
marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan be
egiten dau eurakaz».
Orduan, parabola hau esan eutsen Jesusek:
«Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutson aitari: “Aita, emoidazu
dagokidan ondarea”. Eta aitak banatu egin eutsezan ondasunak.
Handik egun gitxira, semerik gazteena,
zituan guztiak baturik, urrutiko herrialde batera joan zan, eta han,
nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan.
Dan-dana galdu ebanean, gosete handia sortu
zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde
haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere lurretara
bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten ebezan ezkurrez sabela betetzeko gogoa
sortzen jakon ze, ez eutson inork jaten emoten.
Orduan, bere senera bihurtuta, esan eban:
“Hamaikatxu behargin bada nire aitarenean, ogi nahikorik daukala, eta ni hemen
gosekilik. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot
Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izena merezidu. Hartu nagizu
zeure beharginetariko bat lez”. Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta
erruki izan eban, eta, lasterka joanda besarkatu eta mosuka hasi jakon. Semeak
esan eutson: “Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago
seme izenik merezidu…”.
Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: “Atara
behingoan soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta
jantzi oinetakoak; ekarri zekor loditua eta hil; egin dagigun jai-bazkaria ze,
nire seme hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta aurkitu egin
dogu”. Eta jaia hasi eben.
Semerik zaharrena soloan zan. Etxera
hurreratzean, soinua eta dantzak entzun zituan, eta, morroi bati deituta, zer
gertatzen zan itaundu eutson. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen
aitak zekor gizendua hil dau, semea onik bereganatu daualako”. Seme zaharrena
itzel hasarratu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi
jakon. Baina harek erantzun eutson aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan
nagoala, zure agindurik behin be huts egin barik, eta ez deustazu sekula ahuma
bat be emon lagun artean jateko, eta hori zure semeori, emagalduakaz zure
ondasunak jan dituan hori, etorri danean, zekor gizendua hil deutsazu”.
Aitak erantzun eutson: “Seme, zu beti zagoz
neugaz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta
poztutea ze, zure anaia hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta
aurkitu egin dogu”».
Jaunak esana.
Iruzkina
Zelan hurreratzen gara Jesusengana? Argi dago bardin ez dana halan edo holan hurreratzea: norbere bizitzarako argiaren bila, berba salbagarri baten bila, edo harengan salatu ahal izateko zeozeren bila. Argi itzi nahi dau ebanjelariak pekatariak entzule hurreratzen izan jakozela Jesusi, idazlari eta Lege-maisuak, ordea, zelatan, eta mormoxetan. Euren "bizikerea" salatuta ikusiko eben Jesusen bizitzako jarreran eta haren hitzetan. Urduri agertzen ziran. Eta ederra ere ederra dan parabola honetan argi izten deutse Jesusek euren errakuntzea, batez ere Jainkoaren irudia aurkeztuz, haren errukia, ekimena eta bihotz maitale eta dei-egilea aurkeztuz.
Gure askatasuna eta nortasuna aintzat
hartzen dauz Jainkoak, eta ez da hasarretuko txarto badarabilguz ere: itxaron
egingo dau etxera bihurtzea, minik hartu barik, ezer aurpegiratzeko amorru
barik, besoak zabalik eta duintasun guztia berreskuratuazoteko gogoz. Holango
Aita seme galdua bera baino pozago jarriko da semea barriro besarkatzeko
aukereaz, eta ospatu egin behar dau, eta ospakizunera dei egingo dau...
Baina Aitaren doango erruki eta parkamen
hori onartu ezin dauanak ezin izango dau jai horretan esku hartu, ez dau ezer
ospatu nahi izango, ez dau parkatuarengan senidea ikusi ahal izango; nahiago
izango leuke ha zigortua eta gaitzetsia izan balitz.
Ez da holangoa Jesusek iragarten dauan Jainkoa, maitasun hutsa dan Jainkoa, pekatariaren salbamena, poza, eta bere seme-alaben zoriona nahi dauana baino. Eta doaneko zoriona, ez irabazten dana, ahaleginez lortzen dana..., bera Jainkoa dalako zoriona; eta Jainkoa ez da lortzeko ezer; Jainkoak berak emon egiten dau bere burua gizakion zorionerako. Ulertuko ete dogu?
Herri otoitza (Eskariak)
† Pekatari lez, apaltasunean hurreratu gaitezan geu ere, erreguka, Jainkoaren errukira:
—Eleizearen alde: bere burua pekatari autortuz, pekatarientzat erruki eta parkamen-ate izan daiten, eta hareen artean Jainko maitasuna zabaldu daian, egin daigun otoitz.
—Euren burua zintzotzat euki eta inoren bizikerea fiskalizatzen diharduenen alde: errukiaren argiak argitu deieen barrua, eta, damutasunez, erruki bideetara bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.
—Inguruak edo beste indar batzuk behartuta, ontasunerako biderik aurkitzen ez dabenen alde: heldu dakien Jainkoaren errukiaren barri, eta, haren pozean, bihozbarritu eta onbideratu daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure familietan Jainkoari entzutea, alkar aintzat hartzea, errukiaz jokatzea eta alkar maitatzea landu daitezan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiarako alkartzen garanok Jainkoaren Berbearen egarri izan gaitezan, eta haren arabera, gure ingurukoekaz errukitsuak agertu gaitezan, egin daigun otoitz.
† Gure pekatuan eta txikikerietan ikusi gura ez gaituzulako dei ta dei egiten deuskuzun Jainkoa: hartu daizula gugandik esker oneko erantzuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.