Garizumako III. astea
Aukerako Meza
Irakurgai honeek aste honetako edozein egunetan erabili daitekez, batez ere B eta C urteetan, hau da, samariar emakumearen ebanjelioa Garizumako III. domekan irakurri ez danean.
I. Irakurgaia
Ura sortuko da, herriak edan dagian.
Urteera liburutik
Ur 17, 1-7
Egun hareetan, israeldarren alkarte osoa,
Jaunaren agindura, Sin basamortutik abiatu zan, geldialdiak eginez. Refidimen
ipini eben kanpalekua; baina ez zan han urik herriak edateko.
Herriak, orduan, aurpegi emon eutson
Moisesi, esanez: «Emoiguzu ura edateko». Moisesek erantzun: «Zergaitik aurpegi
emoten deustazue niri? Zergaitik tentatzen dozue Jauna?»
Baina herria egarri zan, eta Moisesen kontra
marmarka ziharduan: «Honetarako atara gaituzu Egiptotik ala, gu, gure
seme-alabak eta abereak egarriz hiltzeko?» Moisesek deadar egin eutson Jaunari:
«Zer egin behar dot nik herri honegaz? Harrika egingo deuste laster».
Jaunak erantzun eutson Moisesi: «Jarri
zaitez herriaren aurrean eta eroan zeugaz herri-arduradun batzuk. Hartu eskuan
Nilo ibaia jotzeko erabili zenduan makilea, eta zoaz. Han zeure aurrean izango
nozu Ni, Horeb mendiko hatx gainean. Hatxa jo eta ura sortuko da handik,
herriak edan dagian».
Halan egin eban Moisesek Israelgo
arduradunen aurrean. Toki hari Masa eta Meriba, hau da, Tentaleku eta Auzileku,
ezarri eutson izena, han berari aurpegi emon eta Jauna tentatu ebelako, esanez:
«Gure artean dago Jauna, bai ala ez?»
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. 8)
R/. Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!:
«Ez gogortu zeuen bihotza».
V/. Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi,
salbatzen gaituan hatxari.
Aurkeztu
gakiozan eskerrak emonez,
Egin
deiogun jai txaloka eta kantari. R/.
V/. Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu
gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera
da-eta gure Jainkoa,
eta
gu harek larraturiko herria,
haren
zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako
egunean basamortuan lez,
tentatu
egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu,
Nik eginak ikusi arren». R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 4, 42. 15
V/. Jauna, Zeu zara benetan munduaren
Salbatzailea;
emoidazu
ur hori, barriro egarritu ez nadin.
Ebanjelioa
Ur hau
betiko bizia
darion iturburu bihurtuko da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 4, 5-42
Aldi haretan, Jesus Sikar deritxon Samariako
urira heldu zan, Jakobek bere seme Joseri ondare emondako lur-sail ondora.
Hantxe egoan Jakoben pozua. Jesus, bideaz nekatuta, pozu-ertzean jesarri zan.
Eguerdi ingurua zan.
Ikasleak urira joanda egozan, jatekoak
erostera. Horretan, Samariako emakume bat etorri zan ur bila, eta Jesusek esan
eutson: «Emoidazu edaten». Samariar emakumeak esan eutson: «Zelan zuk, judegu
izanik, eskatzen deustazu edatekoa niri, samariar nazan honi?» (Jakin behar da,
judeguek eta samariarrek ez dabela alkarregaz hartu-emonik).
Jesusek erantzun eutson: Jainkoaren dohaia
zein dan eta edatekoa nork eskatzen deutsun jakingo bazendu, zeuk eskatuko
zeunskio berari, eta harek ur bizia emongo leuskizu».
Emakumeak esan eutson: «Jauna, ez daukazu
ura zegaz atara, eta pozua sakona da; nondik atara behar dozu ur bizi hori?
Gure aita Jakobek emon euskun pozu hau eta bertotik edan eben harek, haren
seme-alabek eta abereek. Ha baino handiagoa ete zara Zu?»
Jesusek erantzun eutson: «Ur honetatik edaten
dauana, barriz be egarritu egiten da; Nik emondako uretik edaten dauana,
ostera, ez da gehiago egarrituko sekula; ze, Nik emongo deutsadan ura, betiko
bizitza darion iturburu bihurtuko da harengan».
Orduan, emakumeak: «Jauna, emoidazu ur hori,
barriro egarri izan ez naiten, eta hona ur bila etorri beharrik izan ez
dagidan».
Jesusek esan eutson: «Zoaz, deitu zeure
senarrari eta bihurtu hona». Emakumeak erantzun eutson: «Ez dot senarrik». Eta
Jesusek: «Ondo esan dozu ez dozula senarrik; izan be, bost izan dituzu, eta
oraingoa ez dozu senarra; horretan egia dinozu». Emakumeak esan eutson: «Jauna,
ikusten dot profeta zarala. Gure gurasoek mendi honetan gurtu eben Jainkoa;
zuek, judeguok, barriz, Jerusalemen gurtu behar dala dinozue».
Jesusek erantzun eutson: «Sinistu eidazu,
emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita gurtuko ez
dozuena. Zuek ez dakizue zer adoratzen dozuen; guk badakigu zer adoratzen
dogun, ze, salbazinoa judeguokandik dator. Baina badator ordua, hobeto esan,
etorria da, benetako adoratzaileek Aita espirituz eta egiaz adoratuko dabena.
Izan be, Aitak holako adoratzaileak gura ditu. Jainkoa espiritua da, eta ha
adoratzen dabenek espirituz eta egiaz adoratu behar dabe».
Emakumeak esan eutson: «Badakit Mesias, hau
da Kristo, etortzekoa dana, eta harek, etortzean, gauza guztiak agertuko
deuskuzana». Eta Jesusek: «Neu nozu, zugaz berbetan dihardudan berberau».
Une haretan etorri ziran ikasleak eta
harritu egin ziran emakume bategaz berbetan zihardualako. Halan be, ez eutson inork
itaundu zer gura eban edo zertaz ziharduan emakumearekin. Emakumeak ur-ontzia
bertan itzi, urira joan eta jenteari esan eutson: «Zatoze, egin dodan guztia
esan deustan gizona ikustera. Ez ete da bera Mesias?» Jentea uritik urten eta
Jesusengana joan zan.
Bitartean, ikasleak erreguka ebilkozan:
«Maisu, jan egizu!» Baina harek esan eutsen: «Badaukat Nik zuek ez dakizuen
beste janari bat». Ikasleek itaundu eutsoen alkarri: «Jatekoa ekarri ete
deutso, ba, norbaitek?»
Jesusek esan eutsen: «Nire janaria bialdu
nauanaren nahia egitea da eta haren salbazino-egintza burutzea. Ez ete dozue
esaten zeuok: “Lau hilabete barru uztaroa dogu?” Horra, bada, Nik dinotsuedana:
Jaso begiak eta ikusi gari-soloak, uztarako beilegituak. Eta daborduko
badihardu igitariak lansaria hartzen eta betiko bizitzarako frutua batzen, bai
ereilea eta baita igitaria, batera poztu daitezan. Honetan bai betetzen dala
esaera: “Batek erein, beste batek batu”. Zeuok landu ez dozuena batzera bialdu
zaituet Nik; beste batzuek egin dabe lana eta zuok jasotzen dozue hareen
lanaren saria».
Uri haretako samariar askok sinistu eben
Jesusengan emakumeak egindako autormenagaitik: «Egin dodan guztia esan deust».
Samariarrek, Jesusengana etorri ziranean, eurakaz gelditzeko eskatu eutsoen,
eta egun bi egon zan bertan. Jesusen berbea entzutean, askoz gehiagok sinistu
eben. Eta emakumeari esaten eutsoen: «Orain ez dogu zure esanagaitik sinisten;
geuk entzun deutsagu, eta badakigu hauxe dana egiaz munduaren Salbatzailea».
Jaunak esana.
Garizumako III. astelehena
I. Irakurgaia
Bazan
legenardunik asko Israelen;
halan be, ez
zan hareetako inor osatu,
Siriako Naaman
baino.
Erregeak bigarren liburutik
2 Erg 5, 1-15a
Egun hareetan, Siriako erregearen gudalburu
nagusia zan Naaman. Gizon handitzat eukan bere nagusiak eta oso begiko eban,
haren bitartez emon eutson-eta Jaunak garaipena Siriari. Baina gizon indartsu
hau legenarduna zan.
Siriarrek erasoaldia egin eben baten,
neskatila bat eroan eben katigu Israeldik eta Naamanen emaztearen neskame
gelditu zan. Neskatileak etxekoandreari esan eutson: «Nire nagusia Samarian
dagoan profetarengana joango balitz, osatuko leuskio harek legenarra».
Bere nagusiagana joan zan Naaman barri
emotera: «Hau eta hau dino Israelgo neskatileak». Siriako erregeak esan eutson:
«Zoaz, bada; gutuna emongo deutsut Israelgo erregearentzat».
Joan zan, beraz, Naaman, zidarrezko hamar
talentu, urrezko sei mila txanpon eta hamar jantzi-sorta beragaz harturik.
Naamanek gutuna emon eutson Israelgo erregeari; honan inoan: «Gutun honegaz
batera, Naaman nire zerbitzaria bialtzen deutsut, legenarra osatu deiozun».
Israelgo erregeak, gutuna irakurtzean,
jantziak urratu eta esan eban: «Jainkoa ete naz, bada, ni, heriotza nahiz bizia
emoteko? Legenarra osatu deiodan bialdu ei deust gizon hau. Argi ikusi daikezue
atxakia bila dabilela nire aurka».
Jakin eban Eliseok, Jainkoaren gizonak,
Israelgo erregeak jantziak urratu ebazala, eta albiste hau bialdu eutson: «Zer
dala-eta urratu dozuz jantziak? Datorrela nigana gizon hori, eta jakingo dau
badala profetarik Israelen».
Joan zan, beraz, Naaman, bere zaldi, gurdi
eta guzti, eta Eliseoren etxe aurrean gelditu zan. Eliseok mezularia bialdu
eutson esatera: «Zoaz eta hartu egizuz zazpi bustialdi Jordan ibaian, eta garbi
geldituko zara».
Naaman, biziro hasarre, bajoian esanez:
«Uste neban berak urtengo eustala, zutunik Jaunari bere Jainkoari dei egingo
eutsola eta, alderdi gaixoa bere eskuz ikutuz, osatuko ninduala. Damaskoko
Abana eta Farfar ibaiak ez ete dira, bada, Israelgo ur guztiak baino hobeak? Ez
neintekean hareetan busti eta garbi gelditu?»
Eta bihurtu eta bajoian hasarre bizian.
Baina bere morroiek hurreratu eta esan eutsoen: «Aita, profetak gauza zaila
agindu izan baleutsu be, ez zenduan egingo? Zenbatez gehiago, "busti zaitez
eta garbi geldituko zara" besterik esan ez deutsunean?»
Jaitsi zan, bada, Naaman siriarra Jordan
ibaira eta zazpi bider murgildu zan, Jainkoaren gizonak agindu lez, eta
umetxuarena baizen garbi gelditu jakon haragia.
Orduan, Jainkoaren gizonagana bihurtu zan
bere lagun-talde osoagaz eta, haren aurrean zutunik, esan eutson: «Orain
badakit ez dala munduan Jainkorik Israelena baino».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 42 [41], 2-3; 43 [42], 3-4 (R/. Sal 42 [41], 3)
R/. Jainko biziaren egarri naz:
noiz helduko ete naz Jainkoaren aurpegia
ikustera?
V/. Basahuntza gogo biziz uretara lez,
halantxe
nire gogoa, ene Jainko, Zugana.
Jainkoaren
egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz
helduko ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera? R/.
V/. Bialdu zeure argia eta egia, gidatu nagiela,
eta
eroan zure mendi santura, zure bizilekura.
Eta
helduko naz Jainkoaren altarara,
neure
poz betea dodan Jainkoagana.
Zitaraz
goratuko zaitut, Jainkoa, ene Jainkoa. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Sal 130 [129], 5. 7
V/. Jaunaren zain nago,
haren
hitza dot itxaroten;
Jaunarena
da-eta maitasuna,
berarena
askapen betea.
Ebanjelioa
Elias eta
Eliseo lez,
Jesus ez da
judeguei bakarrik bialdua izan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 4, 24-30
Aldi haretan, Jesus Nazaretera joan zan. Eta
sinagogan jenteari esan eutson: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere
herrian onartua danik. Benetan dinotsuet: Bazan emakume alargunik asko Israelen
Eliasen sasoian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin barik egonik, lurralde
guztian gosete gorria izan zanean; halan be, Jainkoak ez eutson hareetako inori
bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baino. Eta bazan
legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren sasoian; halanda guzti be, ez zan
hareetako inor osatu, Siriako Naaman baino».
Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak
amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria jasota
egoan mendiko trokara eroan eben, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus
hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.
Jaunak esana.
Iruzkina
Lagunak egiten? Badirudi Jesus arerio bila dabilela. Bere herriko Sinagogan dinoana egia da; baina edozein lekutan eta edonoiz esan daiteke egia, ala egiak ere bere sasoia, unea eta lekua aurkitu behar dauz? Eta halantxe izango zan. Baina geu gagoz Jesusen Nekaldiari begira, eta liturgian irakurriko doguzan ebanjelioek Jesusen heriotzearen arrazoiak emongo deuskuez. Horregaitik esatea Jesus arerio bila dabilela emoten dauala.
Bere herriko Sinagogan hainbeste gauza gertatuko ziran; zer esanik ere ez. Eta batzuk gogoratu egingo dira, Jesus heriotzara eroango daben gauzak diralako. Baina ikus daigun: zer dala-ta jarri behar dabe haserre bere herritarrek Jesusek gogoratzen deutsen egiak entzunda? Zer dala-ta emoten deutse min egia horrek? Jesusek hausnartuazo egin nahi deutse; baina hareek ez dabe holangorik entzun nahi.
Ezagutzen dot eliztar eta errezatzaile izanda gauzak ondo ez joakenik; eta galdetzen dabe ea zer balio daben errezuek Jainkoak ez-entzun egiten badeutse... Ez ete jaken gertatuko Nazareteko Sinagogakoei holango gauzaren bat? Eurek gurtzen eben Jainkoak atzerritarrak onesten ebazala gogoratzen deutse-ta Jesusek: gosete gorrian atzerritar alargun bat babestu Eliasen aldietan; eta Eliseoren aldietan atzerritar legenardun bat osatu... Zer uste izan behar dabe eurek euren Jainko horreaz?
Eta Jesusek "aurpegira botaten" deutse. Holan egingo dauz lagunak! Arerioak bai sortuko dauzala...
Gure bihozbarritzea
bilatzen badabe ere, ez jaku atsegin gure erruak-eta, gure pekatuak-eta, gure
hutsegiteak-eta gogoratu deiguen; min emoten deusku. Bagenki gure pekatua
autortzen; bagenki parkamen eskatzen; ezagutuko bagendu Jainkoaren bihotz
errukitsua, samurra, maitalea... Eta hauxe da Jesusek erakustera emon gura
deuskuna. Baina gatx egiten jaku Jesusen irakatsia bera ere onartzea. Zelan
bihozbarrituko ete gara?
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak, bere errukian, behartsuari begiratzen deutso, ez errezulariari edo azaleko legebetetzaileari. Apaltasunez autortu deioguzan, ba, gure beharrizanak Jainkoari:
—Eleizearen alde: bere beharrizanak autortzen jakin daian, eta, bere burua behartsu ikusirik, behartsuengana apaltasunez eta errukiz hurreratu daiten, egin daigun otoitz.
—Euren beharrizanak aurkezten ez dakienen alde, edo aurkezteko ezjakinean edo adore barik aurkitzen diranen alde: nork lagundu aurkitu daien eta laguntza barik geratu ez daitezan, egin daigun otoitz.
—Zeozer egiteko gauza diranen alde: euren jakintza eta astia eskeini ahal izan daien, eta inguruko behartsuen onerako izan daiten, egin daigun otoitz.
—Inoren alde errezatzen dabenen alde: otoitzean, Jainkoagandiko adorea hartu daien, eta harek, behartsuari laguntzen, euren bitartez egon gura dauala ulertu daien, egin daigun otoitz.
—Eukaristia ospatzean, Jainkoaren Berbea entzuteko aukerea daukagunok grazia hori eskertzen jakin daigun eta behartsuaren ondoan egoten, egin daigun otoitz.
† Gizaki guztien Aita/Ama zaran Jainkoa: gure otoitzetan ez zaitugula lotzen ulertu daigula, eta behartsuengana geu bialtzen gaituzula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako III. martitzena
I. Irakurgaia
Bihotz-damuz
eta gogo apalez gatorkizuz:
hartu gagizuz
onez.
Danielen Profezia liburutik
Dn 3, 25. 34-43
Egun hareetan, Azariasek, suaren erdian zutunik, honan egin eban otoitz:
«Zeure izenaren ohoreagaitik,
ez
gagizuz betiko zapuztu, Jauna,
ez
hausi gugaz dozun ituna.
Abraham
zeure maiteagaitik,
Isaak
zeure zerbitzariagaitik,
Israel
zeure santuagaitik,
ez
ukatu guri zeure errukia.
Hareei
agindu zeuntsen
zeruko
izarrak eta itsasbazterreko hondarra adina
ugarituko
zeuntsezala ondorengoak.
Orain,
ostera, Jauna, herri guztietan txikiena gara;
mespretxaturik
gagoz mundu osoan geure pekatuakaitik.
Aldi
honetan ez dogu erregerik,
ez
profeta, ez buruzagirik,
ez
erre-opari, ez sakrifiziorik,
ez
eskeintza eta ez intsentsurik;
ez
dogu lehen-frutuak Zuri eskeintzeko tokirik,
ez
zure errukia non aurkiturik.
Baina
bihotz-damuz eta gogo apalez gatorkizuz;
hartu
gagizuz onez,
ahariak
eta zezenak edota milaka bildots gizen
erre-opari
eskeiniko bageuntsuz lez.
Izan
gaitezala gaur zuretzat opari atsegin
eta
izan gaitezala zure jarraitzaile leial,
ez
dira-eta inoiz lotsagarri izango
Zugan
uste on dabenak.
Orain
bihotz-bihotzez jarraitu nahi deutsugu,
zuganako
begirunez bizi
eta
zure aurpegiaren bila ahalegindu.
Ez
gagizuz lotsagarri itzi;
jokatu
egizu gugaz zeure bihotz onaz,
zeure
neurribako errukiaz.
Libratu
gagizuz zeure egintza harrigarriez,
eta
emon gorapena zeure izenari, Jauna».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 25 [24], 4-5b. 6 eta 7cd. 8-9 (R/. ik. 6a)
R/. Gogoratu zaitez zeure errukiaz, Jauna.
V/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi
zeure bidezidorrak.
Gidatu
nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu
zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/. Izan gogoan, Jauna, zeure erruki eta
maitasuna,
betidanikoak
dira-eta.
Gogoratu
nitaz zeure maitasunean,
zeure
ontasunari dagokionez, Jauna. R/.
V/. Ona eta zuzena da Jauna,
bidea
erakusten deutse pekatariei.
Apalak
zuzenbidez daroaz,
bere
bidea erakusten deutse apalei. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jl 2, 12-13
V/. Hauxe dino Jaunak:
Bihurtu
zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
bihozbera
eta errukitsua naz-eta.
Ebanjelioa
Alkarri
parkatzen ez badeutsazue,
Aitak be ez
deutsue parkatuko.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 21-35
Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi
eta itaundu eutson: «Jauna, nire senideak bidebakokeriaren bat egiten badeust,
zenbat bider parkatu behar deutsat? Zazpi bider?»
Jesusek erantzun eutson: «Zazpi bider ez,
ezpada ze zazpitan zazpi mila bider. Hatan be, bere morroiakaz kontuak garbitu
gura izan zituan erregeagaz bezala gertatzen da zeruetako erreinuagaz. Kontuak
garbitzen hastean, dirutza itzela zor eutson bat ekarri eutsoen. Eta nondik
ordaindurik ez eukanez, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituan guztiak
saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko.
Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan
ahuspezturik, arren eta arren esaten eutson: “Emoidazu astia eta dana
ordainduko deutsut”. Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban
morroia.
Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat
zor eutson bere morroilagunagaz topo egin eban, eta, samatik heldu eta ito beharrean,
esan eutson: “Ordaindu eidak zor deustana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik,
arren eta arren esaten eutson: “Emoidak astia eta dana ordainduko deuat”. Baina
besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.
Beste morroiak, gertatua ikusirik,
mindu-mindu egin ziran, eta nagusiagana joan eta gertatuaren barri emon
eutsoen.
Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan
eutson: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu
deustalako; ez ete zan bidezkoa heu be heure morroi-lagunaz errukitzea, neu
hitaz errukitu nintzoan lez?” Eta nagusiak, hasarre bizian, borreroen esku itzi
eban, zor guztia ordaindu arte.
Zeuoi be gauza berbera egingo deutsue zeruko
nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».
Jaunak esana.
Iruzkina
Badirudi Jesusek senide arteko hartu-emonak bideratu gura dauzela. Baina, lehenengo ta behin Jesusek "gora begira" jarten gaitu. Gure arteko errukia eta alkarri parkatzea ez da gauza hain erreza; parkamena eta errukia eskatu geikez, bai, geure burua estu eta larri ikusi ezkero; ez deusku ardura behe gainean etzuteak ere, errukia eskatzen deutsagun hari oinak musuka jateak ere; edozer egingo geuke geure burua larri ikusten badogu. Eta argi ta garbi adierazten dau Jesusek hori parabola honetan.
Baina, bestealde, erdi jota izten gaitu "erregearen" jokabideaz: lehenengo zatian errukitsu eta bihozbera agertzen jakun "errege" hori, "morroi" bihurtzen dala dirudi: «zu ez zara izan parkatzeko gauza, ezta?, ba neuk ere ez deutsut parkatzen» esango baleu lez.
Eta ez geuke holango bihurrikeriarik autortu behar erruki hutsa eta maitasuna dan Jainkoagan. Jesusek gure arteko hartu-emonetan ezten bat sartu nahi dauala uste izan behar dogu. Hau da: Jainkoaren errukia zein handia danaz jabetuz (dirutza izugarria parkatzen deutso lehenengo morroiari), haren antzeko errukira eroan gura gaitula, gure arteko zorrak izugarri txikiak izaten diralako, gainera.
Eta zer aurkitzen dau Jesusek gugan? Gure errukia mugatu-mugatua dala (zazpi bider parkatu behar deutsat kalte egin deustan senideari?), eta, eskatu, neurri bakoa eskatzen dogula? Oraindino gehiago: alkarri egin geikeozan zorrak baino zor handiagoak egiten doguzala Jainkoagaz, eta geuk ere haren antzeko errukitsu eta parkatzaileak izateak "berez" urten behar izango leuskigula, eta barru-barrutik.
Zenbat ikasi behar dogun horretarako! Sarriago autortu behar izango geuke gure burua Jainkoaren aurrean... Gure handitasuna ez dagoala gure morroi-lagunen "gainetik" egotean, edo hareik geure oinpean hartzean... "Aginpide" txanponetik senideen arteko "maitasun txanponera" igaro behar izango geuke. Sarriago autortu behar izango geuke, ba, Jainkoaren errukia eta maitasuna, gure arteko hartu-emonetan haren antzekoago izateko.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoagandik urrun bizi izateak, ha barik bizi izateak, ez dakarsku atseginik, zoritxarra baino. Behartsu lez jarri gaitezan, ba, Jainkoari begira:
—Eleizearen alde: Jainkoagazko hartu-emonetatik ihes egin dabenentzat eta parkatzen ez dakienentzat edo parkatu ezin dabenentzat argi eta eredu izan daiten, bere amatasuna eta errukia erakutsiz, egin daigun otoitz.
—Gorrotoaren eztenkadak sufritzen dabezanen alde: barrua garraztu ez dakien, Jainkoagazko hartu-emon gozoetara heldu daitezan, eta parkamenaren testigu bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure familietan eta era askotako hartu-emonetan (lanean, politikan, auzoetan…) hainbeste ezin ikusi izaten dira, baita Eleiz-taldeetan ere: parkamena aintzat hartzen ikasi daigun eta haren gozotasuna bilatu daigun barru-bakea lortzeko ere, egin daigun otoitz.
—Euren buruari ere parkatzen jakin ez eta euren burua urkamendira eroan dabenen alde, eta inguruan sortu daben negarra, antsia eta ilunpea sufritzen dabenen alde: Jainkoaren errukiaren gozotasunaren barri izan daien eta bakez bizi izatera heltzeko grazia izan daien, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren errukiari hainbeste dei egiten deutsagunok ohikerian ez gaitezan jausi gure bihotzak ihartuz, eskatzen dogun errukiaren autorle izan gaitezela baino, egin daigun otoitz.
† Errukiaren eta parkamenaren iturri agortezina zaran Jainko Jauna: egin gaizuz zure seme-alabok parkamenaren gozotasunean bizi izan gaitezela haren testigantzan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako III. eguaztena
I. Irakurgaia
Gorde egizuez eta bete nire aginduak.
Deuteronomioa liburutik
Dt 4, 1. 5-9
Honan berba egin eutson Moisesek herriari:
«Orain, Israel, entzun irakasten deutsuedazan legeak eta erabagiak, eta bete.
Holan, biziko zarie eta Jaunak zeuen asaben Jainkoak emongo deutsuen lurraldean
sartuko zarie eta haren jaube egingo.
Begira, Jaunak nire Jainkoak niri agindutako
legeak eta erabagiak irakasten deutsuedaz, jaubetzan hartzera zoazen lurraldean
bete dagizuezan. Gorde egizuez eta bete, horrek jakitun eta buruargi egingo
zaitue-eta herrien aurrean. Lege honeen barri izatean, esango dabe: "Bai
herri jakituna eta buruargia nazino handi hau! "
Izan be, ba ete da nazino handirik, bere
jainkoak guk Jauna geure Jainkoa baizen hurrean dituanik, dei egiten deutsagun
bakotxean? Ba ete da nazino handirik, gaur nik adierazoten deutsuedan irakaspen
hau baizen lege eta erabagi zuzenak dituanik?
Baina kontuz! Ez ahaztu, gero, zeure begiz
ikusi dozuzanak, ez urrundu zeure oroimenetik zeure bizitza osoan; irakatsi,
ostera, zeure seme-alabei eta bilobei».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 147, 12-13. 15-16. 19-20 (R/. 12a)
R/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna!
V/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
Sion,
goratu zeure Jainkoa,
zure
ateen sarrailak indartu ditualako
eta
seme-alabak zugan bedeinkatu. R/.
V/. Bialtzen dau lurrera bere mezua,
eta
haren hitza bizkor eta arin doa.
Artilea
lez jausiazoten dau edurra,
hautsa
lez zabaltzen izotza. R/.
V/. Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
bere
erabagiak eta aginduak Israeli.
Beste
herriei ez deutse holakorik egin,
bere
erabagirik ez deutse jakinazo. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 6, 63c. 68c
V/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zure
hitzek betiko bizia dabe.
Ebanjelioa
Agindurik
txikiena be bete
eta betetzen
irakasten dauana handia izango da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 17-19
Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari:
«Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria nazanik;
ez naz baztertzera etorri, euren betera eroatera baino. Benetan dinotsuet:
Zeru-lurrek iraungo daben bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak
be ez dau baliorik galduko, dana bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten
dauana eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen
dauana, barriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan».
Jaunak esana.
Iruzkina
Nork ulertu Jesusen berbok? Ez, behintzat, Legeari estu-estu lotzen jakonak, Legea bere estutasunean hartzen dauanak, Legea besterik ikusten ez dauanak, Legea eguneratzen, egokitzen eta "apur bat harago" eroaten ez dakinak. Horrek aurpegira botako deutso Jesusi zapatuan lan egiten dauala (osakuntzak-eta egiten dauzalako, eta bere ikasleei zapatuz galgarauak batzea galazoten ez deutselako, eta abar).
Ikuspegi zabalagoa behar da Jesusen berbok ulertzeko eta onartzeko. Jesusek ez dau, antza, Legea estu-estu hartzen eta haxe baino ez beteten. Legea bera eroan gura dau bere betetasunera. Horrek esan gura dauanaz! Ez da bere hizki (letra) hotzean geldituko, bere espirituaren berotasunera joko dau, eta dinoana baino gehiago ikusiko dau... Legeaganako zelango askatasuna behar ete dan holan jokatzeko!
Besteok, «legea lege!» dinogunok, legeari begirakunez begiratzen deutsagunok, ha beteteko ingurura begiratzen dogunok (eta zaintzailerik ikusten ez dogunean, haren gainetik egiten dogunok), legea besteei ezarten deutsegu eta guk ez-ikusi egiten deutsagu ahal dogun guztietan. Horixe litzateke «agindurik txikiena haustea edo hausten irakastea».
Holan dabilanak bestea epaitu egiten dau, Legea ez dauala beteten ikusten dau eta ha salatu egingo dau; bera ez daien harrapatu-edo...
Jesus ez da sartuko joko horretan. Jesusek aintzat hartu gura dau Legea, baina bere aldikotasunean, bere mugetan, danaren gainetik jarri barik, "absolutizatu" barik. Legea lanabesa da, bere indarra dauka, bere onurea, baina bere mugak ere bai, hutsak ere bai, garatu beharra ere bai. Eta hori kontuan izanik jokatuko dau Jesusek Lageagaz, "bere betetasunera eroan" nahirik.
Zelango zabaltasuna, askatasuna eta adorea behar doguzan, Legeari iruzur egin barik, ha bere betetasunera eroateko!
Herri otoitza (Eskariak)
† Gizakiok ez gabiz ondo nora-ezean, biderik, araurik edo lege barik; eta bai ondo gabizela Jainkoaren nahia zein dan argi daukagunean. Jo daigun, apaltasunez, beharrizanok Jainkoari aurkeztera:
—Eleizearen alde: eten barik ekin deion Jainkoaren nahia bilatzeari, eta ez daiten jausi mundu honetako gurariak Jainkoaren lege balira lez iragarten, egin daigun otoitz.
—"Jainkoaren izenean" eta haren "legea eta nahia" ezarteko dala-ta hainbeste kaltetu izan dira gure artean; egindako kalte hori autortzera heldu gaitezan, eta kaltetuei euren izen ona berreskuratuazo deiegun, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren nahia gure hurkoari ondo esatea dala ikasi daigun, eta gure zaharrek, ezinduek, baztertuek eta aurrean erabiliek euren ondoan laguntzaile aurkitu gaiezala, egin daigun otoitz.
—Gure familietan gazte eta umeek gurasoen alkar maitasuna, alkar ondo hartzea eta familiaren ona bilatzea ezagutu daien, eta harenganako uste onean heziak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Eleiz alkarte honen alde: edozer izan ez daian Jainkoaren lege lez, eta beti ere haregazko hartu emona barrukoa izan daiten eta ez azalekoa, egin daigun otoitz.
† Era askotara agertzen zaiakuzan Jainkoa: zure seme-alabok beti bilatu daigula zure nahia, eta ha beteten ahalegindu gaitezala. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako III. eguena
I. Irakurgaia
Hona Jaunaren,
bere Jainkoaren, ahotsa
entzun ez dauan
herria.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 7, 23-28
Hauxe dino Jaunak: «Hauxe da nire herriari
agindu neutsana: "Entzun nire ahotsa, eta Neu izango nozue zeuen Jainko,
eta zuek izango zaituet neure herri; ibili Nik agindutako bidetik, zoriontsu
izan zaitezen".
Baina ez eusten entzun, ez jaramonik egin,
euren asmo eta bihotzeko jokera gaiztoen bidetik jo eben; atzea emon eusten,
eta ez aurpegia.
Zuen asabei, Egiptotik urten ebenetik gaur
arte, neure zerbitzari profetak bialdu neutsezan eten barik; baina ez eusten
entzun, ez jaramonik egin, ostera, burugogor jarri ziran, eta euren gurasoek
baino okerrago jokatu.
Zuk, Jeremias, hau guztia esango deutsezu,
baina ez deutsue entzungo; dei egingo deutsezu, baina ez deutsue erantzungo.
Orduan, hau esango deutsezu: "Hona Jaunaren bere Jainkoaren ahotsa entzun
ez dauan herria, eta zentzabiderik onartu ez dauana. Galdua da leialtasuna, ez
dabe aitatu be egiten"».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. 8)
R/. Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa:
«Ez gogortu zeuen bihotza».
V/. Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi,
salbatzen gaituan hatxari.
Aurkeztu
gakiozan eskerrak emonez,
Egin
deiogun jai txaloka eta kantari. R/.
V/. Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu
gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera
da-eta gure Jainkoa,
eta
gu harek larraturiko herria,
haren
zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako
egunean basamortuan lez,
tentatu
egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu,
Nik eginak ikusi arren». R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jl 2, 12-13
V/. Hauxe dino Jaunak:
Bihurtu
zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
bihozbera
eta errukitsua naz-eta.
Ebanjelioa
Nire alde ez dagoanak, nire aurka dihardu.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 14-23
Aldi haretan, gizon bat mututurik eukan
deabrua botatzen ziharduan Jesusek. Deabruak urten baizen laster, mutua
berbetan hasi zan. Jentea harrituta gelditu zan; batzuek, ostera, holan inoen:
«Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak».
Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen.
Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak
eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua hondatu egingo da eta
etxea etxearen gainera jausiko. Era berean Satanas be: bere barruan zatiturik
badago, zelan iraun leike haren erreinuak? Zuek dinozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen
indarrez botatzen dodaz. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen
badodaz, noren indarrez botatzen ditue zuen ikasleek? Horregaitik, zeuon
ikasleak izango dozuez epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen
badodaz, garbi dago heldu dala zuengana Jainkoaren erreinua.
Gizon indartsu batek, armatuta, bere
jauregia jagoten dauan bitartean, seguru daukaz bere ondasunak. Baina
indartsuago dan batek eraso eta menperatzen badau, ziurtasuna emoten eutsoen
armak kendu eta banatu egingo ditu hari harrapaturiko ondasunak.
Nire alde ez dagoana nire aurka dabil, eta
Nirekin batzen ez dauanak banatu egiten dau».
Jaunak esana.
Iruzkina
Jesusengana hurreratzeko erak eta erak dagoz, eta Lukasek argi izten dau hori bere ebanjelioko atal honetan. Batzuk (ikasleak), eskale hurreratzen jakoz Jesusi, hau otoitzean ikusiz otoitz egiten irakatsi eiela eskatzen deutsoela. Asko eta asko "entzule" hurreratzen jakoz; edo osasun eske... Badago, horraitino, zelatan hurreratzen jakonik ere, eta, argi dagoena bera ere onartu nahi ez-eta, besteen aurrean salatu egin gura dauanik ere badago.
Holangoek ezin dabe onartu Jesusek deabruak uxatzen dauzanik; hori itxura bat baino ez dala agertu gura dabe, deabruagaz beragaz bat eginda dagoelako. Handia da salakuntza hori, eta Jesusek ezin dau erantzun barik itzi... Parabolatxo baten bidez argitu nahi izango deutse Jesusek bereak ezin dauala itxura hutsa izan, egiz eta benetako egintza baino, erreinuaren agerpen izanik. Baina hareik ez dagoz onartzeko.
«Noren indarraz botaten dabez zuen seme-alabek?» —aurpegiratu behar deutse Jesusek. Baina halan ere eurenean tinko iraungo dabe. Eta argi itzi gura dau Jesusek euren artean ez dagoala erdi biderik: edo beragaz dagoz, beretarren artean, edo bere aurka dagoz.
Eta ez da gauza erreza Jesusen aldeko aukerea egitea holango gizarte motx eta zarratu baten. Ohiturei jarraitzeak, Sinagogan jezarteak, danek erabilten dabezan siniskerak autortzeak... oniritzia emoten deutso bati; baina guztiek onartua dauken gizarte-iritzi horreetatik aldentzea, besteak salatzea beste izango litzateke, eta besteok holangoa baztertu baino ez leukee egingo.
Hortxe
daukagu, ba, Jesus, edo bere aldeko edo bere aurkako aukerea egin daigula
eskatzen; jarraitzaile zintzoak gura dauz; buru-belarri bere alde jokatuko
dabenak; inguruko ohitura, iritzi onartu eta irudipenen gainetik dagozenak...
Gertu ete gagoz Jesusen aldeko holango aukera sendo bat egiteko?
Herri otoitza (Eskariak)
† Gure aldetik zenbat ezezko hartzen dauan Jainkoak, maite dogula dinogun arren… Haren deiei esker onez erantzun ahal izateko, egin daigun otoitz:
—Eleizearen alde: Jainkoaren aztarnak han-hor-hemen aurkitu ahal izateko, aldian aldiko ezaugarriei zuhurtasunez begiratu deieen eta sakontasunean arakatu daizan, azalean eta bere orain arteko uste eta jakintzan geratu barik, egin daigun otoitz.
—Jainkoak gure ona eta gure salbamena gura dauzala argi euki daigun, eta beragaz baino hobeto ezelan ere ez garala egongo, egin daigun otoitz.
—Txarto dagozanek, gaitzetsiek, baztertuek… Jainkoa madarikatzera barik euren senideen bihotzetara heldu daitezan, eta behar daben laguntza eskuratu ahal izan daien, egin daigun otoitz.
—Jainkoagazko hartu-emonetara sarri hurreratzen garanoi bihotza ihartu ez dakigun ohikerietan jausiz, haren hitzaren arabera, ingurura samurtasunez eta errukiz begiratzen ikasi daigun baino, gugandik itxaroten dan erantzuna emon ahal izan daigun, egin daigun otoitz.
† Jainko maitalea: bizkortu gaizuz zeure esanetara, eta ez gaizala iruntzi mundu honetako lilurakeriak, zeure Espirituaren suak argitu baino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako III. barikua
I. Irakurgaia
Ez deutsegu
gehiago «geure jainko» esango
geure eskuz
eginei.
Oseasen Profezia liburutik
Os 14, 2-10
Hau dino Jaunak:
«Bihurtu zaitez, Israel, Jaunagana, zeure
Jainkoagana,
zeure
gaiztakeriakaitik jausi zara-eta.
Prestatu
egizuez berba egokiak eta bihurtu Jaunagana;
esaiozue:
"Kendu egiguzu gaiztakeria guztia,
eta
hartu onez geure ezpanez egiten deutsugun oparia.
Ez
gaitu Asiriak salbatuko;
ez
dogu ustea guda-zaldietan jarriko,
eta
ez deutsegu gehiago 'geure jainko' esango geure eskuz eginei.
Zeugan
aurkitzen dau umezurtzak errukia".
Neuk
osatuko dot hareen desleialkeria
eta
bihotz zabalez maitatuko ditut,
urrundu
dot-eta hareengandik hasarrea.
Iruntza
lez izango naz Israelentzat;
lilia
lez loratuko da
eta
Libanoko zuhaitzak lako zuztarrak botako ditu;
kimuak
sortuko jakoz;
haren
ederra olibondoarena lakoa izango da,
eta
haren usaina Libanokoa baizen gozoa.
Haren
kerizpean biziko dira barriro,
garia
lez bizibarrituko dira,
mahastiaren
antzera loratuko
eta
haren ospea Libanoko ardaoarena lakoa.
Efraimek
esango dau:
"Zer
ardura jataz sasijainkoak honezkero?"
Nik,
Jaunak, erantzuten deutsat eta haretaz arduratzen naz.
Zipresaren
antzeko naz Ni, beti berde:
Nigandik
datorkizu frutua.
Jakitunak
ulertu begi hau guztia,
burutsuak
jaso begi esanahia.
Bai,
zuzenak dira Jaunaren bideak,
eta
zintzoak horreetan dabiltz;
pekatariak,
barriz, jausi egiten dira».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 81 [80], 6c-8b. 8c-9. 10-11b. 14 eta 17 (R/. ik. 11 eta 9a)
R/. Neu naz Jauna zure Jainkoa, entzun nire ahotsa.
V/. Berba ezezaguna entzuten dot:
«Kendu neutsun zama lepotik,
askatu
neutsuzan eskuak lan astunetik.
Larrialdian
dei egin zeunstan,
eta
libratu zindudazan. R/.
V/. Ekatxaren barrutik erantzun neutsun,
Meribako
uretan aztertu zindudazan.
Entzun,
ene herri, ohartuazoten deutsut.
Entzungo
deustazu, Israel! R/.
V/. Ez izan zeugan beste jainkorik,
ez
gurtu jainko arrotzik.
Neu
naz Jauna zure Jainkoa,
Egiptotik
atara zinduzana. R/.
V/. Ai neure herriak entzungo baleust!
Ai
Israel nire bidetik balebil!
Garirik
onenaz janarituko neuke neure herria,
eztirik
gozoenaz asetuko». R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Mt 4, 17
V/. Bihotz-barritu zaiteze, dino Jaunak,
hurrean
da-eta zeruetako erreinua.
Ebanjelioa
Jauna gure
Jainkoa Jaun bakarra da.
Maitatu egizu
Jauna.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 28b-34
Aldi haretan, hurreratu zan Jesusengana
lege-maisu bat eta itaundu eutson: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»
Jesusek
erantzun: «Hauxe da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra
da. Maite egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz
eta indar guztiz”. Bigarrena, barriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua
lez”. Ez da honeek baino agindu handiagorik».
Lege-maisuak esan eutson: «Ederto, Maisu;
egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, baita ha
bihotz-bihotzez, adimen eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere
burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala
esatean be».
Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik,
esan eutson: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik».
Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik
egiten ausartzen.
Jaunak esana.
Iruzkina
Jakintsuek galdetu egiten dabe, zalantzak-eta daukezelako, edo gehiago ikasi gura dabelako, edo jakintsutzat daukezenak euren usteko ala beste uste bateko diran bilatzen dabelako... Azken honeetarikoa ez ete zan Jesusi galdezka hurreratzen jakon Lege-maisua? Alkartasuneko Legea halan edo holan ulertu behar dan, nork aztertu behar dauan, edo noren eritzia dan aintzat hartu beharreko eta antzerako gauzen artean eztabaidak sortzetik, ez ete dogu Lege horretan buru-belarri sartzera heldu behar?
Hartu daigun gogoan Jesusen erantzuna: «Entzun, Israel...» Lehenengo ta behin, beste batena dala ekimena autortzera heldu; ez naz neu "danaren neurri", ez dot neuk ezereza dana handi edo garrantzitsu bihurtzen, edo berez handia dana ezerez; badagoz euren garrantzia dauken gauzak (inork eusten deutselako, inoren esku dagozalako...). Noren esku ete nago ni? Zerk emoten deutso garrantzia nire bizitzeari, ni naizenari? Nori entzun behar deutso Israelek?
«Jauna zure Jaungoikoa bakarra da». Israelek argi ez badauka Jaungoikoak atara dauala Egiptoko morrontzatik, eta berak eroan dauala Agindu-lurrera, eta beragaz dauala loturik Alkartasuna bitarteko..., galduta ibiliko da aginduen artean, sasi-jainkoen artean, eta behar ez dauan ibilbidean. Bardin gertatzen jaku geuri ere gaur egun: Jesusenganako aukera sendo bat egin ez badogu, Jesusi lepo emoten badeutsagu, nora-ezean galtzen gara eta eztabaidetan sutzen.
Jesusek argi dauka: berak Aitari entzuten deutso, haren maitasuna barru-barruan somatzen dau; aukera tinkoa dauka egina... eta horrek bigarren agindu batera daroa: «Maitatu lagun hurkoa, zeure burua lez». Egiten dauan aurkezpen honi Lege-maisuak zentzunez erantzuten deutsolako, Jesusen goralpena eta eupadea hartzen dau harek: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik». Izan ete daiteke goralpen hori geuretzat ere?
Herri otoitza (Eskariak)
† Maite dogula Jainkoa uste dogu, geure alde deitzen deutsogulako; baina hainbeste maite ete dogu hurkoa? Egin daigun bere aldeko otoitza:
—Eleizeak Jainkoaren izenean hitz egiten dau eta jardun, baina sarriegitan, erakarri eta parkatu baino gehiago uxatu edo gaitzetsi egiten dau. Nagusitasunez eta askatasunez hurreratu daiten laguntza beharrean dagoan gaurko gizakiarengana, egin daigun otoitz.
—Eleiztarrak eta sinistedunak izan arren hurkoa zapaltzen eta gaitzesten dabenen, edo dogunon, alde: egiten dogunaren kontzientzia hartu daigun, eta Jainkoa hurkoagan maitatzen ikasi daigun, egin daigun otoitz.
—Euren beharrizan gorrian laguntza eske dagozanen alde: maitatzen dogula Jainkoa dinogunok honeen antsia entzun-ikusi daigun, eta esker oneko erantzuna emon deiegun, egin daigun otoitz.
—Gure familietan Jainkoagazko hartu-emonak, otoitza eta hitzaren irakurketea landu daitezan, eta alkar maitasuna hurkoa maitatzeraino heldu daiten, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren herri lez alkartzeko eta otoitz egiteko zoria dogunok harengandiko gozotasuna gure ingurukoengana helduazo daigun, egin daigun otoitz.
† Hurkoarengan maite zaiguzala eskatzen deuskuzun Jainko maitalea: egin gaizuz zeure Semearen esaneko. Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Garizumako III. zapatua
I. Irakurgaia
Nahiago dot maitasuna, sakrifizioak baino.
Oseasen Profezia liburutik
Os 6, 1-6
Zatoze, bihurtu gaitezan Jaunagana;
harek
urratu gaitu eta harek osatuko;
harek
zauritu gaitu eta harek deuskuz zauriak lotuko.
Egun
bitan biziazoko gaitu,
hirugarrenean
biztuko
eta
haren aurrean gara biziko.
Ahalegindu
gaitezan Jauna ezagutzen:
egunsentia
baizen ziur helduko da,
neguko
euria lez etorriko jaku,
lurra
bustitzen dauan udabarriko euria lez.
«Zer egingo dot zugaz, Efraim?
Eta
zer zugaz, Juda?
Zure
maitasuna goizeko lainoa lakoa da,
behingoan
kentzen dauan goizeko iruntza lakoa.
Horregaitik
zauritu ditut profeten bitartez,
horregaitik
emon deutset heriotza neure ahoko hitzez.
Nire
epaiak argiak lez egiten dau distira,
nahiago
dot-eta maitasuna sakrifizioak baino,
Jainkoaren
ezaguerea erre-opariak baino».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 51 [50], 3-4. 18-19. 20-21b (R/. ik. Os 6, 6)
R/. Nahiago dot maitasuna sakrifizioak baino.
V/. Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
kendu
nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu
nagizu zeharo neure errutik,
garbitu
neure pekatutik. R/.
V/. Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia
eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz
hausiriko espiritua da
Jainkoak
nahi dauan sakrifizioa;
Zuk
ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz
hausia eta umildua. R/.
V/. Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionegaz,
berreraiki
Jerusalemgo harresiak.
Orduan
onartuko dozuz legezko sakrifizioak
eskeintzak
eta erre-opariak. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d
V/. Gaur, ez gogortu bihotza;
entzun
Jaunaren ahotsa.
Ebanjelioa
Zergalaria
Jainkoagaz adiskideturik bihurtu zan etxera;
fariseua,
barriz, ez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 18, 9-14
Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek
euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gitxiesten ebezan batzuri: «Gizon
bik igon eben tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria.
Fariseuak, zutunik, holan egiten eban otoitz bere barruan: “Eskerrak emoten
deutsudaz, ene Jainko, besteen modukoa ez nazalako: lapur, gaizkile,
adulteriogile; ezta horko zergalari horren modukoa be. Astean bitan egiten dot
barau, eta daukadazan guztien hamarrenak emoten ditut”.
Zergalaria, barriz, urrun geldituta, ez zan
begiak zerura jasotzera be ausartzen, ezpada ze, bular joka ebilen, esanez:
“Ene Jainko, erruki zakioz pekatari honi!”
Hara zer dinotsuedan: azkeneko hau
Jainkoarekin adiskidetuta bihurtu zan etxera; bestea, barriz, ez. Izan be, bere
burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen
dauana goratu».
Jaunak esana.
Iruzkina
Ona da Jesus, baina ez dau dana ontzat emoten. Jokabide batzuk min emoten deutsoe eta horren erakutsia emoten dau. Zergaitik jarri behar dau batek bere ustetan beste baten gainetik? Zerk egiten dau bat bestea baino hobea? Legea ezagutzeak beteteko aukerea ere emoten dau; ezagutzen ez dauanak nekez bete daike-ta. Baina Legea ezagutu ere egiten ez dauana baino "hobea" ete da, gero, beteten dauana? Hor ete dago, gero, ontasunaren neurria?
Jesusek gure arteko hartu-emonei begiratzen deutse, eta hortxe aurkitzen dau ontasuna: bestea aintzat hartzekoa bazara, besteari zerbitzu egitekoa bazara, bestea maite badozu, orduantxe zara ona haregazko eta Jainkoaren aurrean ere. Bestela, bestea aintzat hartzen ez badakizu, edo gaitzesten badozu... jai daukazu; Jesusek begitartean hartuko zaitu.
Eta hauxe da Farisearren jokabidea: Legea ezagutzen dabenez, beteten dabela uste izatea, eta horrek Jainkoaren aurrean zintzoak egiten dauzela. Eta, Jesusen ustez, ondorioa besterik da, harro-putz agertzen dalako parabolako Farisearra. Bai, eskerrak emoten deutsoz Jainkoari «besteak lakoa ez nazalako: lapur, gaizkile, adulteriogile... Astean bitan egiten dot barau, eta ditudan guztien hamarrenak emoten ditut»; baina «ezta horko zergalari hori lakoa ere» badino, ha gaitzetsiz eta bere burua bestearen gainetik jarriz. Eta hori ezin izango dau Jesusek onartu.
Legea ezagutu eta beteteak ez dau eroan behar, ba, ha ezagutzen ez dauana, edo bete ezin dauana gaitzestera; ez eta, "beste" hori, beste barik, zergalaria dalako, zikin eta gaitzesgarri lez baztertzera. Jainkoaren aurrean norbere burua zintzotzat ikusteak "pekatariaren" erruki izatera eroan behar izango leuke, hari bere "zulotik" urteten laguntzera. Horrela ez bada ez gara-ta Jainkoaren antz eta irudiko.
Herri otoitza (Eskariak)
† Zein gatx egiten jakun gure erratua edo pekatua ere autortzea; ezin dogu jasan inork salatu gaizanik, eta geu aurreratzen gara inor salatzen geure burua zuritzeko. Baina hori ez da Jainkoaren gogoko. Hurreratu gakiozan apaltasunez:
—Eleizearen alde: ezelango bildur barik, apaltasunean, bere pekatuak eta ahulezia autortzen jakin daian, eta bere seme-alaba guztientzat eredu izatera heldu daiten, egin daigun otoitz.
—Mundu honetako handikiek euren erratuak eta txarto eginak inori leporatu ez deioezan, edo txarkeria handiago batez estaltzea nahi izan ez daien, egin daigun otoitz.
—Atzipetuz, menpean hartuak izan diran herrialdeen alde: euren zapaltzaileen errukia biztu daien eta euren duintasunera jasoak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Norgehiagoka diharduan gizarte honek hurkoaren duintasuna aintzat hartu daian, eta bere handitasuna ha zapaltzean barik hari laguntzean aurkitu daian, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren errukiari sarri-sarri deitzen deutsagunok ez daigun bestea pekataritzat jo, geure errua eta pekatua autortzen jakin daigula baino, egin daigun otoitz.
† Damutua bere oinen gainean jarten dozun Jainko errukitsua: emoiguzu gure errua eta pekatua autortu ahal izateko ausardia eta apaltasuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.