Garz03-C

(Fray Marcos)

GARIZUMAKO III. DOMEKA

C urtean

          Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

I. Irakurgaia 

«Nazana naz» deritxonak bialdu nau zuengana.

        Urteera liburutik  

Ur 3, 1-8a. 13-15

    Egun hareetan, Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen ebazan. Behin, basamortuan zehar eroan ebazan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean bizturiko sugarrean. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik be, ez zala erretzen.
    Moisesek esan eban: «Hurreratu nadin gauza harrigarri hori ikustera: zelan izan leiteke sasia ez erretzea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutson sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: «Zure asaben Jainkoa naz Ni, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez.
    Jaunak esan eutson: «Ikusi dot neure herriaren atsekabea Egipton eta entzun dot hareen oihua euren zapaltzaileen zigorpean; bai, jaubetu naz hareen oinazeekin. Eta hareek egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naz, eta lurralde haretatik lurralde on eta zabal batera, esnea eta eztia darion lurraldera, igon azotera». 

    Moisesek esan eutson Jainkoari: «Hara, joango naz israeldarrengana eta "Zuen asaben Jainkoak bialdu nau zuengana" esango deutset; baina hareek "Zelan dau izena?" itauntzen badeuste, zer erantzun behar deutset?» Jainkoak esan eutson: «Nazana naz Ni. Hau esango deutsezu israeldarrei: "Nazana naz" deritxonak bialdu nau zuengana».
    Gainera Jainkoak esan eutson Moisesi: «Esan israeldarrei: "Jaunak, zuen asaben Jainkoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak eta Jakoben Jainkoak, bialdu nau zuengana. Horixe izango da nire izena betiko; honan deituko deustazue belaunez belaun"».

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 6-7. 8 eta 11 (R/. 8a)


R/.
  Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak agertu eutsozan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta errukiz betea.
Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi. R/.

II. Irakurgaia

Herriaren bizitza Moisesegaz basamortuan
gure eskarmenturako idatzi zan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 10, 1-6. 10-12

    Senideok: Jakin behar dozue, gure asabak danak egon zirala hodeipean eta danek igaro ebela itsasoa; danek hartu eben bateoa hodeian eta itsasoan, Moisesegaz bat egiteko; danek jan eben espirituzko janari bera, eta danek edan espirituzko edari bera. Izan be, beragaz joian espirituzko hatxetik edaten eben; eta hatx ha Kristoren irudi zan. Halan be, hareetako asko eta asko ez jakon atsegin izan Jainkoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan.
    Gauza honeek guretzat ikasbide izateko jazo ziran, gaiztakeriarik gura izan ez dagigun, hareek gura izan eben lez. Ez dagizuela marmarrean jardun, hareetako batzuk jardun eben lez, eta aingeru hondatzailearen esku hil ziran.
    Hau guztia gure ikasbiderako jazo jaken eta gure eskarmenturako idatzi zan, azken sasoi honeetan bizi garanok zentzundunagotako. Beraz, zutunik dagoala uste dauana ibili bedi kontuz, jausi ez dadin.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala     

Mt 4, 17

V/.   Bihotz-barritu zaiteze, dino Jaunak,
        hurrean da-eta zeruetako erreinua.

 

Ebanjelioa      

Bihotz-barritzen ez bazarie,
guztiok era berean galduko zarie
.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 13, 1-9

    Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuri gertatutakoaren barri emotera: zelan Pilatok hil zituan, eskeintzen ziharduen oparien odolarekin hareena nahastuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste ete dozue galilear hareek gainerako galilearrak baino pekatariagoak zirala, holako heriotza izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, danok galduko zarie era berean. Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste dozue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, era berean galduko zarie guztiok.
    Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek ikondoa eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan iko bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutson mahastizainari: “Bada hiru urte ikondo honetara iko bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?”
     Mahastijagoleak, ostera, erantzun eutson: “Jauna, itziozu aurtengoz; bitartean, ingurua atxurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta osterantzean, ebagi”».

Jaunak esana.

 

HOMILIA  /C

Senideok: Jainkoak bere herriaganako dauan ardurea geugaz partekatzen dauala esan geike. Horrek handi egiten gaitu, balioa emoten deusku; baina ardurea ere bai. Eta hauxe da gaur aztertu gura doguna.

Lehenengo Irakurgaian, prest dagoala Moises ikusten izan dogu; bere ezbaiekaz (dudekaz) baina ezetzik esan barik, atxakiak jarri barik; Jainkoak agintzen eutsonera.

Ebanjelioan nekazari arduratsua aurkitu dogu, ikondoa zaindu gura dauana, eta epe luzeagoa eskatzen dauana.

Zelan gagoz gu, senideok? Dei egiten deuskue bai Frantzisko aita santuak eta baita gure gotzainak ere: eleizan esku hartu daigula, hartu daiguzala ardurak, gaurkoa izan daiten, danentzako euki daizan ateak zabalik, jakin daigun harrera on egiten eta eginbeharrak alkarbanatzen…

Baina gu ebanjelioko ikondoaren antzera ez ete gagoz: fruturik emon barik? Gure betebeharra, domekan mezatxoa entzutea, inori kalterik ez egitea, ona izatea eta besteen alde otoitz egitea baino ez dala ez ete dogu uste? Eta horixe irakatsi deuskuela, eta besterik ikasteko beranduegi dala, ez ete dinogu?

Ebanjelioko ikondoa Israel Herriaren irudi da; eta, fruturik ez dauala emoten, orduko agintarien eta Jesusen entzuleen erru dala ulertzen dabe.

Eleizea dagoan lez badago, senideok, abadeen errua dala uste dogu, ala guztiok daukagula —bakotxak bere neurrian— horren ardurarik?

Aita santuak badihardu bere makaltasunean ere bultzatzen; gure Eleizbarrutian ere entzuten doguz esku hartzera gonbidatzen gaituen deiak. Baina gu, geure ohituretatik urten ezinik ez ete gagoz?

Senideok: Jainkoak geu behar gaitu gaur eta hemen gure eleiz alkarte hau ongarritzeko, bizibarritzeko, harek frutuak emon ahal izan daizan, gaurko abade eta eleiztarrak.

Ez badakigu bakotxak zer egien, entzun eta galdetu egin behar izango dogu; domekako mezatxoaz harago zer dagoan eta zer egin geiken —bakotxak bere neurrian— bilatu behar izango geuke.

Eta egon ziur: Moises bakarrik itzi ez eban Jainkoak geu ere ez gaitula bakarrik itziko, berea dalako ardura nagusia. Baina ardura hori gauzatzeko geu gaitu beharrezko. Onartu daigun gure handitasuna: abadeak eta eleiztarrok. Jo daigun Eleizea jasoteko lanera.