GARIZUMAKO IV. DOMEKA
C urtean
Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.
I. Irakurgaia
Jainkoaren
herriak, agindutako lurraldera sartutakoan,
Pazkoa ospatu.
Josue liburutik
Jos 5, 9a. 10-12
Egun hareetan, Jaunak esan eutson Josueri:
«Gaur kendu deutsuet gainetik Egiptoko lotsaria».
Israeldarrek Gilgalen jarri eben kanpalekua
eta hilaren hamalauan, arratsaldean, Pazko-jaia ospatu eben Jerikoko zelaian.
Pazko-biharamonean lurraldeko frutuetatik jan eben: legamin bako ogiak eta
gari-ale errea.
Lurraldeko frutuetatik jaten hasi ziran
egunetik aurrera, amaitu egin zan mana. Israeldarrek ez eben gehiago manarik
izan, eta urte haretan Kanaango lurraldeko emoitzez janaritu ziran.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 9a)
R/. Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.
V/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire
ahoan beti haren gorespena.
Harro
nago Jaunagaz,
entzun
begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu
dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana
jo neban, eta harek erantzun,
bildur
guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez
jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak
dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta
estualdi guztietatik eban salbatu. R/.
II. Irakurgaia
Jainkoak,
Kristoren bitartez,
beragaz
adiskidetu gaitu.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 5, 17-21
Senideok: Kristorena dana sorkari barri da;
zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia Jainkoagandik dator,
Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitualako, eta adiskidetzeko zerbitzua
guri emon deusku. Izan be, Jainkoa zan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen
ziharduana, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta geuri emon deusku
adiskidetzearen mezua.
Senideok: Kristoren mandatari gara, eta gure
bitartez Jainkoak berak erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen
deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban
ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren
salbazinoa lortu gengian.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Lk 15, 18
V/. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat:
Aita,
pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka.
Ebanjelioa
Zure anaia hau
hilda egoan
eta barriro
bizi da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 1-3. 11-32
Aldi haretan, zergalari eta pekatariak
hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak
marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan be
egiten dau eurakaz».
Orduan, parabola hau esan eutsen Jesusek:
«Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutson aitari: “Aita, emoidazu
dagokidan ondarea”. Eta aitak banatu egin eutsezan ondasunak. Handik egun
gitxira, semerik gazteena, zituan guztiak baturik, urrutiko herrialde batera
joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan.
Dan-dana galdu ebanean, gosete handia sortu
zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde
haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere lurretara
bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten ebezan ezkurrez sabela betetzeko gogoa
sortzen jakon ze, ez eutson inork jaten emoten.
Orduan, bere senera bihurtuta, esan eban:
“Hamaikatxu behargin bada nire aitarenean, ogi nahikorik daukala, eta ni hemen
gosekilik. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot
Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izena merezidu. Hartu nagizu
zeure beharginetariko bat lez”. Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta
erruki izan eban, eta, lasterka joanda besarkatu eta mosuka hasi jakon. Semeak
esan eutson: “Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago
seme izenik merezidu. . . ”.
Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: “Atara
behingoan soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta
jantzi oinetakoak; ekarri zekor loditua eta hil; egin dagigun jai-bazkaria ze,
nire seme hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta aurkitu egin
dogu”. Eta jaia hasi eben.
Semerik zaharrena soloan zan. Etxera
hurreratzean, soinua eta dantzak entzun zituan, eta, morroi bati deituta, zer
gertatzen zan itaundu eutson. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen
aitak zekor gizendua hil dau, semea onik bereganatu daualako”. Seme zaharrena
itzel hasarratu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi
jakon. Baina harek erantzun eutson aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan
nagoala, zure agindurik behin be huts egin barik, eta ez deustazu sekula ahuma
bat be emon lagun artean jateko, eta hori zure semeori, emagalduakaz zure
ondasunak jan dituan hori, etorri danean, zekor gizendua hil deutsazu”.
Aitak erantzun eutson: “Seme, zu beti zagoz
neugaz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta
poztutea ze, zure anaia hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta
aurkitu egin dogu"».
Jaunak esana.

