Garizumako V. astea
Aukerako Meza
Irakurgai honeek aste honetako edozein egunetan erabili daitekez, batez ere B eta C urteetan, hau da, Lazaroren ebanjelioa Garizumako V. domekan irakurri ez danean.
I. Irakurgaia
Haren gorputza
berotzen hasi zan,
umearen gainean
etzun zanean.
Erregeak bigarren liburutik
2 Erg 4, 18b-21. 32-37
Behin baten, Eliseo etxean hartu eban Xumengo
emakumearen semea bere aitagana joan zan, hau igitariekin ebilen tokira. Umeak
esan eutson aitari: «Hau buruko mina!» Aitak agindu eutson morroi bati: «Eroan
egizu amagana». Morroiak hartu eta amari eroan eutson mutikoa. Amak altzoan
euki eban eguerdira arte, baina umea hil egin zan. Amak gora eroan eta
Jainkoaren gizonaren ohean etzun eban; gero, atea itxi eta joan egin zan.
Heldu zan Eliseo etxera, eta umea hilda
aurkitu eban bere ohe gainean. Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin eutson
Jaunari. Gero, ohera igon eta umearen gainean etzun zan, ahoa umearen aho
gainean, begiak begien gainean eta eskuak eskuen gainean. Holan egon zan
umearen gainean etzunda, eta umearen gorputza berotzen hasi zan. Eliseo jagi
eta harantz-honantz ibili zan etxean zehar. Ondoren, barriro ohera igon eta
umearen gainean etzun zan. Umeak eztul egin eban zazpi bider eta begiak edegi
ebazan.
Eliseok bere morroi Gehaziri deitu eta esan
eutson: «Dei egiozu gure xunemdarrari». Deitu eta etorri zanean, Eliseok esan
eutson: «Hartu zeure semea». Emakumea hurreratu eta Eliseoren oinetan
lurreraino ahuspeztu zan; gero, umea hartu eta urten egin eban.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 17 [16], 1. 6-7. 8 eta 15 (R/. 15b)
R/. Esnatzean zure presentziaz naz asetuko, Jauna.
V/. Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
entzun
nire deadarra;
makurtu
belarria nire otoitzera,
ez
dot engainurik ezpanetan. R/.
V/. Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu
nigana belarria, entzun nire ahotsa.
Agertu
egizu zeure maitasun harrigarria,
erasotzaileengandik
salbatzen dozuz-eta
zure
esku ahaltsuan babesten diranak. R/.
V/. Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde
ni zeure hegoen kerizpean.
Nik,
barriz, zuzena nazala,
zure
aurpegia dot ikusiko,
esnatzean
zure presentziaz naz asetuko. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Jn 11, 25a. 26
V/. Neu naz biztuera eta bizia, dino Jaunak;
Nigan
sinisten dauana ez da betiko hilko.
Ebanjelioa
Neu naz biztuera eta bizia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 11, 1-45
Aldi haretan, Lazaro izeneko gizon bat
gaixorik egoan. Betaniakoa zan, Maria eta beronen ahizta Martaren herrikoa.
(Maria hau –makalik egoan Lazaroren arreba– Jesus usaingarriz igurtzi eta oinak
bere uleakaz sikatu eutsozana zan). Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu
eutsoen Jesusi: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago». Jesusek, hori
entzutean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzarako, Jainkoaren aintza
azaltzeko baino, gaixotasun honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu dadin».
Jesusek maite zituan Marta, beronen ahizta
eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda be, egoan lekuan gelditu zan Jesus
beste egun bian. Ostean, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriz be Judeara».
Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu
judeguek harrika egin gura izan eutsuen, eta hara joan behar dozula barriro?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez
dau estropezu egiten, ze, eguzkiak argitzen deutso bidea; gauez dabilenak,
ostera, estropezu egiten dau, ez dauka argirik-eta». Eta jarraitu eban: «Lazaro
gure adiskidea loak hartu dau; baina banoa itzartzera».
Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago,
osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek loak
hartze hutsaz ziharduala uste eben).
Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro
hil egin da eta pozten naz ni han ez izateaz, ze, zuen onerako izango da, holan
sinistu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikotxa eritxonak, esan
eutsen ikaskideei: «Goazen geu be, beragaz hil gaitezan».
Jesus heldu zanean, Lazarok baeroiazan
jadanik lau egun hilobian. Betania hur dago Jerusalemdik, hiru kilometro
ingurura. Eta judegu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak
emotera.
Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko,
bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson
Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko. Halan be, badakit
eskatuko deutsazun guztia emongo deutsula Jainkoak».
Jesusek erantzun eutson: «Biztuko da zure
nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dana azken egunean, hildakoen biztueran».
Jesusek esan eutson orduan: «Neu naz
biztuera eta bizia; Nigan sinisten dauana, hilda be, biziko da, eta bizi dana,
Nigan sinisten badau, ez da betiko hilko. Sinisten dozu hori?» Martak erantzun
eutson: «Bai, Jauna, sinisten dot Zu Mesias zarala, Jainkoaren Semea, mundura
etortzekoa zana».
Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan
zan Marta, eta esan eutson belarrira: «Maisua hemen da eta dei egiten deutsu».
Hori entzutean, behingoan jagi eta Jesusengana joan zan. Jesus oraindino
herrian sartu barik egoan, Martak aurkitu eban leku berean.
Etxean Mariari doluminak emoten egozan
judeguek, harek bat-batean jagi eta urten ebala ikustean, jarraitu egin
eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan. Mariak, Jesus egoan lekura
heltzean, ikusi ebanerako, oinetara ahuspez jausi eta esan eutson: «Jauna,
hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko».
Maria eta Mariagaz etorritako judeguak
negarrez ikusirik, barruak dar-dar egin eutson Jesusi eta, guztiz bihozminduta,
itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi».
Jesusek negarrari emon eutson.
Han egozan judeguek esan eben: «Begira
zelako maitasuna eutson!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak
zabaldu eutsozan honek, ez ete eikean hau hiltzea galarazo?»
Jesus, ostera be bihozminduta, hilobira
hurreratu zan. Hatx-zuloa zan, harri-losaz estaldua. Jesusek esan eban: «Kendu
harri-losa!»
Hildakoaren arreba Martak esan eutson:
«Jauna, hatsa botako dau, lau egun badaroaz-eta». Jesusek erantzun eutson: «Ez
deutsut esan, ba, sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak
zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik
badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zeuk
bialdu nozula sinistu dagien».
Hau esanda, oihu egin eban indartsu:
«Lazaro, erdu kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak
oihal-zerrendaz lotuta eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan
eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
Maria ikustera joandako judegu askok,
Jesusek Lazarorekin egina ikustean, beragan sinistu eban.
Jaunak esana.
Garizumako V. astelehena
I. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.
I. Irakurgaia
Errubako izanik be, hil beharra dot.
Danielen Profezia liburutik
Dn 13, 1-9. 15-17. 19-30. 33-62
Egun
hareetan, Joakim izeneko gizon bat bizi zan Babilonian. Elkiasen alaba
Susanagaz ezkonduta egoan. Oso emakume ederra zan Susana eta Jainkoari begirune
eutsona; haren gurasoak israeldar zintzoak ziran eta Moisesen legean hazi eben
alabea. Joakim oso aberatsa zan eta baratze bat eukan etxe ondoan. Eta, danetan
agurgarriena zanez, haren etxean batzen ziran judeguak.
Urte haretan, herriko zahar bi ezarri ebezan
epaile; ondo baino hobeto etorkien hareei Jaunak dinoana: «Herri-gidari izan
behar leukien epaile zaharrengandik sortu da gaiztakeria Babilonian». Epaile
hareek sarri izaten ziran Joakimen etxean, eta auziren bat ebenek hareengana
jotzen eben.
Eguerdi aldean, jenteak alde egiten ebanean,
Susana bere senarraren baratzera joaten zan ibiltzera. Epaile zahar biek
egunero ikusten eben baratzean ibiltzera joaten zanean, eta harenganako gogo
bizi gaiztoa sortu jaken. Burua galdu eben eta Jainkoaz eta haren lege zuzenez
ahaztu egin ziran.
Hareek une aproposaren zain egozala, han
etorri zan Susana, ohiturea eukan lez, neskame bi beste lagunik ez ebala, eta
baratzean bainatzeko gogoa etorri jakon, bero egiten eban-eta. Ez egoan han
inor, gordeta zelatan egozan zahar biak besterik. Susanak neskameei esan
eutsen: «Ekarri gantzuki eta usaingarriak eta itxi baratzeko ateak, bainua
hartu dagidan».
Neskameek urten ebenean, urten eben zahar
biek gordelekutik, Susanagana arin-arin joan eta esan eutsoen: «Entzun,
baratzeko ateak itxita dagoz eta ez gaitu inork ikusten. Zuganako gogo biziz
gagoz; emoizu amore eta etzun zaitez gugaz. Bestela, salatu egingo zaitugu;
zugaz mutil gazte bat egoala esango dogu eta horregaitik bialdu dozuzala
neskameak».
Susana aieneka hasi zan: «Ez dot
urtenbiderik! Zuek esana egiten badot, heriotza-zigorra dot; egiten ez badot,
barriz, zuen eskutik ezin ihes egin. Nahiago dot, halan be, ezetz esan eta zuen
eskuetan jausi, Jaunaren aurrean pekatu egin baino». Eta oihuka hasi zan
Susana. Oihu egin eben zahar biek be, eta bietako bat baratzeko atea edegitera
joan zan arineketan. Etxeko morroiak, baratzeko oihuak entzutean, aldameneko
atetik arrapaladan sartu ziran, zer jazotzen ete zan ikustera. Zaharrek euren
istorioa kontatu ebenean, morroiak guztiz lotsaturik gelditu ziran, ez zan-eta
egundo Susanaz holakorik entzun.
Biharamonean, herria Joakimen, Susanaren
senarraren, etxera etorri zanean, han ziran zahar biak be: Susanaren aurka asmo
txarrez beterik etorzan, ha hilazoteko prest. Herriaren aurrean esan eben:
«Ekarri Susana, Elkiasen alaba, Joakimen emaztea». Joan ziran haren bila, eta
Susana, bere guraso, seme-alaba eta senide guztiekin etorri zan. Etxekoak eta
ikusten eben guztiak negarrez egozan.
Zahar biek, herriaren erdian zutunik, eskuak
Susanaren buru gainean ezarri ebezan. Harek, negarrez, zerura jaso ebazan
begiak, haren bihotzak Jaunagan eban-eta konfiantza. Zaharrek esan eben:
«Baratzean biok bakarrik genbilzala, sartu zan hau neskame bigaz, itxi ebazan
ateak eta neskameak bialdu egin ebazan. Orduan, gorderik egoan mutil gazte bat
etorri eta honegaz etzun zan. Gu baratzeko txoko baten gengozan eta, txarkeria
ha ikustean, arineketan joan ginan hareengana. Besarkaturik ikusi genduzan,
baina mutila ezin izan genduan harrapatu, gu baino azkarragoa zalako, eta atea
edegi eta joan egin zan. Hau, bai, harrapatu genduan eta mutila nor zan itaundu
geuntsan; baina ez euskun esan gura izan. Geu gara horren testigu».
Zahar hareei, herriko arduradun eta epaile
ziranez, sinistu egin eutsen batzarrak, eta Susana heriotzara kondenatu eben.
Orduan, Susanak oihu handiz esan eban: «Betiko Jainko, ezkutukoak ikusten eta
gauza guztiak jazo baino lehen ezagutzen dozuzana! Zuk ondo dakizu guzurrezko
autormena egin dabela nire aurka; baina horreek euren gaiztakeriaz nire aurka
asmatu daben horretan errubako izanik be, hil egin behar dot».
Entzun eban Jaunak Susanaren otoitza eta,
hiltzera eroiela, Daniel izeneko gaztetxu baten gogo santua argitu eban
Jainkoak. Eta oihu handiz esan eutsen: «Ez dot nik erantzukizunik honen
heriotzan». Herri guztiak, harengana bihurturik, esan eutson: «Zer diharduzu
esaten?» Danielek, jentearen erdian zutunik, esan eban: «Israeldarrok, hain
zentzunbakoak zarie ala? Auzia aztertu barik eta froga barik kondenatu dozue
israeldar emakume hau. Bihurtu auzitegira, guzurrezko autormena egin dabe-eta
horreek emakume honen aurka».
Behingoan bihurtu zan jente guztia eta
herri-arduradunek esan eutsoen Danieli: «Jesarri zaitez gure erdian eta egin
berba, Jainkoak zaharrei dagokien zentzuna emon deutsu-eta». Orduan, Danielek
esan eutsen: «Bereiztu egizuez bata besteagandik, eta neuk itaunduko deutset».
Bereiztuta jarri ebezanean, bati deitu eta esan eutson: «Gaiztakerian zahartu
zaran hori! Orain datorkizuz gainera gaur arte egin dozuzan pekatuak; epai
zuzenbakoak emon dozuz, errubakoak kondenatuz eta errudunak askatuz, Jaunak
esanaren kontra; honan dino-eta: "Ez emon heriotzara errubakoa eta
zintzoa". Ea bada, emakume hau mutilagaz ikusi dozun ezkero, esan zein
zuhaitzen azpian ikusi dozuzan alkarregaz».
«Akazia baten azpian», erantzun eban harek.
Danielek, orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu. Jainkoaren
aingeruak hartu dau zigor-agindua eta erdibitu egingo zaitu».
Ha bialdu ondoren, bestea ekarriazo eta esan
eutson: «Kanaango arrazakoa zara zu, ez Judakoa. Edertasunak liluratu zaitu eta
gogo biziak bihotza okertu deutsu. Holan jokatzen zenduen Israelgo emakumeakaz,
eta hareek, bildurrez, zuekin etzuten ziran; baina oraingoan Judako emakume
batek ez dau jasan zuen txarkeria. Ea bada, esaidazu zein zuhaitzen azpian
aurkitu dozuzan alkarturik». «Haritz baten azpian», erantzun eutson. Danielek
orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu zeuk be. Jainkoaren
aingerua zain dago ezpatagaz, zu erdi bi egiteko. Biok garbituko zaitue».
Orduan batzar osoa oihuka hasi zan eta
Jainkoa bedeinkatu eben, beragan itxaroten dabenak salbatzen ditualako.
Ondoren, zahar bien kontra, euren autormenaz frogatu eban-eta Danielek
guzurrezko testigantza egin ebela, eta lagun hurkoari egitea pentsaturik eben
txarra egin eutsien euren buruei: Moisesen legearen arabera, hil egin ebezan.
Egun haretan pertsona errubako bat salbatu zan.
Jaunak esana.
I. irakurgaia era laburrean.
Errubako izanik be, hil beharra dot.
Danielen Profezia liburutik
Dn 13, 41c-62
Egun hareetan, jente-taldeak heriotzara
kondenatu eban Susana. Orduan, Susanak oihu handiz esan eban: «Betiko Jainko,
ezkutukoak ikusten eta gauza guztiak jazo baino lehen ezagutzen dozuzana! Zuk
ondo dakizu guzurrezko autormena egin dabela nire aurka; baina horreek euren
gaiztakeriaz nire aurka asmatu daben horretan errubako izanik be, hil egin
behar dot».
Entzun eban Jaunak Susanaren otoitza eta,
hiltzera eroiela, Daniel izeneko gaztetxu baten gogo santua argitu eban
Jainkoak. Eta oihu handiz esan eutsen: «Ez dot nik erantzukizunik honen
heriotzan». Herri guztiak, harengana bihurturik, esan eutson: «Zer diharduzu
esaten?» Danielek, jentearen erdian zutunik, esan eban: «Israeldarrok, hain
zentzubakoak zarie ala? Auzia aztertu barik eta froga barik kondenatu dozue
israeldar emakume hau. Bihurtu auzitegira, guzurrezko autormena egin dabe-eta
horreek emakume honen aurka».
Behingoan bihurtu zan jente guztia eta
herri-arduradunek esan eutsoen Danieli: «Jesarri zaitez gure erdian eta egin
berba, Jainkoak zaharrei dagokien zentzuna emon deutsu-eta». Orduan, Danielek
esan eutsen: «Bereiztu egizuez bata besteagandik, eta neuk itaunduko deutset».
Bereiztuta jarri ebezanean, bati deitu eta esan eutson: «Gaiztakerian zahartu
zaran hori! Orain datorkizuz gainera gaur arte egin dozuzan pekatuak; epai
zuzenbakoak emon dozuz, errubakoak kondenatuz eta errudunak askatuz, Jaunak
esanaren kontra; honan dino-eta: "Ez emon heriotzara errubakoa eta
zintzoa". Ea bada, emakume hau mutilagaz ikusi dozun ezkero, esan zein
zuhaitzen azpian ikusi dozuzan alkarregaz».
«Akazia baten azpian», erantzun eban harek.
Danielek, orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu. Jainkoaren
aingeruak hartu dau zigor-agindua eta erdibitu egingo zaitu».
Ha bialdu ondoren, bestea ekarriazko eta
esan eutson: «Kanaango arrazakoa zara zu, ez Judakoa. Edertasunak liluratu
zaitu eta gogo biziak bihotza okertu deutsu. Holan jokatzen zenduen Israelgo
emakumeakaz, eta hareek, bildurrez, zuekin etzuten ziran; baina oraingoan
Judako emakume batek ez dau jasan zuen txarkeria. Ea bada, esaidazu zein
zuhaitzen azpian aurkitu dozuzan alkarturik». «Haritz baten azpian», erantzun
eutson. Danielek orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu zeuk
be. Jainkoaren aingerua zain dago ezpatagaz, zu erdi bi egiteko. Biok garbituko
zaitue».
Orduan batzar osoa oihuka hasi zan eta
Jainkoa bedeinkatu eben, beragan itxaroten dabenak salbatzen ditualako.
Ondoren, zahar bien kontra jaso ziran, euren autormenaz frogatu eban-eta
Danielek guzurrezko testigantza egin ebela, eta lagun hurkoari egitea pentsaturik
eben txarra egin eutsien euren buruei: Moisesen legearen arabera, hil egin
ebezan. Egun haretan pertsona errubako bat salbatu zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 4a)
R/. Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu neugaz zagoz-eta.
V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre
gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter
nasaira eroaten
eta
indarrak deustaz barritzen;
bide
segurutik naroa,
bere
izenari ohore eginez. R/.
V/. Ibar baltz ilunean banabil be,
ez
naz gatxaren bildur,
Zu
nigaz zagoz-eta;
zure
artzain-makilak nasaitzen nau. R/.
V/. Mahaia atontzen deustazu
arerioen
begi-bistan;
orioz
igurzten deustazu burua,
gainezka
dot edontzia. R/.
V/. Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako
egun guztietan,
eta
Jaunaren etxean biziko naz
amaibako
egunetan. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ez 33, 11
V/. Nik ez dot atsegin gaiztoaren heriotza, dino
Jaunak,
jokabidez
aldatu eta bizi dadila baino.
Ebanjelioa
Zuetan pekatu
barik dagoanak
bota deiola
lehenengo harria.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 1-11
Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan.
Biharamon-egunsentian, ostera, tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia
etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken.
Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan
harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen
Jesusi: «Maisu, hau emakumeau adulterioan ziharduala harrapatu dabe. Moisesek
horrelakoak harrika hiltzeko agindu euskun legean. Zuk zer dinozu?» Azpikeriaz
esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko.
Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez
lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaundu eta itaundu ebilkozanez, zutundu
eta esan eutsen: «Zuen artean pekaturik barik dagoanak bota deiola lehenengo
harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori
entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus
bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala.
Jesusek, zutunduta, esan eutson: «Emakume, non
dira salatzaileak? Ez zaitu inork kondenatu?» Harek erantzun: «Inork be ez,
Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk be, ez zaitut kondenatzen. Zoaz eta ez egin
barriro pekaturik».
Jaunak esan
IRUZKINA
Zein itsu egin geinkezan Legeak, edo Legea beteteak zintzotzen gaitula sinisteak. Eta zein bihozgogor izan geintekezan Legea absolutotzat hartzen dogunean. Legea bide lez barik, helburutzat hartzen dogunean, geuk egindako zeozeren menpe jarten gara, eta jarten doguz —horretarako halmena izan ezkero— gure ingurukoak.
Legelariak, eta legezaleak, Legea absolutotzat eta Jainkoaren azken hitz lez daukenak agertzen dira Jesusen aurrean, adulterioan harrapatutako emakumea harrikatzeko baimen-eske. Legeak ez dau salbatzen, ba; kondenatu egiten dau, gaitzetsi: edo haren izenean gaitzesten doguz gu baino ahulagoak, eta lasai geldeitzen gara.
Baina zenbat lege-hauste egiten doguzan konturatuta edo konturatu barik, eta pozten garan harrapatu ez gaituelako … Horrexen barri emoten dau Jesusek, eta izten gaitu lotsatuta Legearen izenean gaitzetsi egin gura dogunok.
Jesusen aukerea beste bat da: Jainkoaren Legera (hau da: maitasun legera) igarotea. Honek ez gaitu inor hiltera eroango, haren alde bizia emotera baino. Eta hauxe da Jesusek gura dauana: gaitzetsia dan emakumearentzat eta gaitzesleentzat ere bai. Baina honeek ez-entzun egingo deutose eta ihes egingo dabe, amorruz. Harek, behar bada, bere bizikerea aldatu egingo dau. Hauxe da Jesusek emoten deuskun aukerea: bihozbarritzea.
Edo C urtean, Ebanjelio hori aurreko domekan irakurria izan danean:
Ebanjelioa
Neu naz munduaren argia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 12-20
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen fariseuei:
«Neu naz munduaren argia; Niri jarraitzen deustana ez da ilunpean ibiliko;
izango dau bizia emoten dauan argia».
Fariseuek esan eutsoen: «Zuk zeure buruaren
alde egiten dozu autormen; beraz, zure autormenak ez dau balio».
Jesusek erantzun eutsen: «Nik autormen neure
buruaren alde egiten badot be, nire autormenak balio dau, ze, ondo dakit Nik
nondik etorria nazan eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorren,
ez nora noan. Zuek giza erara epaitzen dozue; Nik ez dot inor epaitzen. Eta
epaituko baneu be, nire epaia baliozkoa izango litzateke, ze, ez dot Neuk
bakarrik epaitzen, bialdu nauan Aitak eta biok baino. Eta zeuen legean dago
idatzita, lagun biren autormena baliozkoa dala. Halandaze, Nik neure buruaren
alde egiten dot autormen; baina bialdu nauan Aitak be egiten dau autormen nire
alde».
Hareek itaundu eutsoen: «Non da zure Aita?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez Ni, ez nire Aita, ez gaituzue ezagutzen. Ni
ezagutuko baninduzue, neure Aita be ezagutuko zeunkie».
Tenpluan irakasten ziharduala, dirutegi
ondoan, egin zituan Jesusek adierazpen honeek. Halan be, ez eutson inork
gainean eskurik jarri, ze, ez zan oraindino etorria haren ordua.
Jaunak esana.
Herri otoitza (Eskariak)
† Gizonezkook errazegi joten dogu emakumea gaitzestera, edo danen aurrean lotsagarri iztera. Beharrezko dogu gizarte honetan bihozbarritze ibilbidea baita arlo honetan ere…
—Eleizearen alde: emakumeari maila guztietan egin deion leku, baita sakramentudunen artean ere, benetan autortu dakiozan bere duintasuna eta bere eskubide guztiak, egin daigun otoitz.
—Herrialde batzuetan zeozer edo asko aurreratu dan arren, oraindino leku askotan emakumea aurrean erabilia da, lanpetua dago edo gauza erabilgarria da. Egoera hori bihurtzeko etengabeko lanean jardun daigun, egin daigun otoitz.
—Gure Gizarteko Legelariek emakumearen duintasuna, nortasuna eta eskubide guztiak kontuan hartzeko legeak iragarri daiezan, eta hareik betetera behartu gaiezan, egin daigun otoitz.
—Gure etxe eta familietan emakumeak bere duintasun-mailea lortu daian, errespetatua izan daiten eta bardintasunera heldu daiten, egin daigun otoitz.
—Eleiz alkarte honetan emakumearen lana aintzat hartua, eskertua eta bultzatua izan daiten, eta zabalik egon gaitezan emakumearen abadetzea ere onartzeko, egin daigun otoitz.
† Zeure antz eta irudiko, gizon eta emakume egin gaituzun Jainko Jauna: zuzendu egizuz gure bihotz bihurriak emakumea bere duintasun mailan laster baten ikusi daigun gure artean. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako V. martitzena
I. Irakurgaia
Sugeek haginka
egindako guztiak,
brontzezko
sugeari begiratzean, osatu egingo dira.
Zenbakiak liburutik
Zen 21, 4-9
Egun hareetan, Hor menditik Itsaso Gorrirako
bidea hartu eben israeldarrek, Edomgo lurraldea inguratzeko asmoz. Baina
herria, bideaz gogaituta, txarto esaka hasi zan Jainkoaren eta Moisesen aurka:
«Zertako atara ginduzuzan Egiptotik? Basamortuan hiltzeko? Ez dogu ogirik, ez
urik, eta asperturik gagoz mana dalako janari kaskar honegaz».
Jaunak suge pozoitsuak bialdu eutsozan
herriari, eta hareen haginkadaz israeldar asko hil zan. Orduan, Moisesengana
joan eta esan eutsoen: «Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra txarto esaka
jardunez. Erregutu Jaunari sugeak gugandik urruntzeko».
Erregutu eban Moisesek herriaren alde, eta
Jaunak esan eutson: «Egizu brontzezko sugea eta ipini haga baten muturrean.
Sugeek haginka egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo
dira». Egin eban Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ipini eban.
Eta sugeren batek norbaiti haginka egiten eutsonean, brontzezkoari begiratzean
osatu egiten zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 102 [101], 2-3. 16-18. 19-21 (R/. 2)
R/. Entzun, Jauna, nire otoitza,
heldu
bedi Zugana nire deadarra.
V/. Entzun, Jauna, nire otoitza,
heldu
bedi Zugana nire deadarra.
Ez
ezkutatu niri aurpegia larrialdian,
makurtu
nigana belarria nik dei egitean;
erantzun
bizkor. R/.
V/. Begirune izango deutsoe nazinoek Jaunaren
izenari,
lurreko
errege guztiek haren aintzari,
Jaunak
Sion barriro eraikitzean
eta
bera aintzaz betea agertzean.
Bihurtuko
da zapalduaren otoitzera,
ez
dau gitxietsiko honen eskaria. R/.
V/. Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,
eta
sortzeko dagoan herriak goratuko dau Jauna.
Jaunak
bere santutegi garaitik begiratu egin dau,
zerutik
lurrera begiratu,
katiguen
aieneak entzuteko
eta
heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
V/. Hazia Jainkoaren hitza da;
ereilea,
barriz, Kristo;
honi
entzuten deutsonak betiko bizia izango dau.
Ebanjelioa
Gizonaren Semea
jasoko dozuenean,
orduan jakingo
dozue Neu nazala.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 21-30
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen fariseuei:
«Ni banoa, eta nire bila ibiliko zarie; baina zeuen pekatuan hilko zarie. Ni
noan lekura zuek ezin zarie joan». Orduan, entzuleek esan eben: «Bere burua hil
behar ete dau? Horregaitik esan ete dau “Ni noan lekura zuek ezin zarie joan”?»
Jesusek jarraitu eban: «Zuek behekoak zarie,
Ni goikoa naz; zuek mundu honetakoak zarie, Ni ez naz mundu honetakoa.
Horregaitik esan deutsuet, zeuen pekatuetan hilko zariela; izan be, “Ni nazala”
sinisten ez badozue, zeuen pekatuetan hilko zarie-eta». Orduan, esan eutsoen:
«Nor zara Zu?»
Jesusek erantzun: «Hasieratik nabiltzue
esaten. Badot zuetaz zer esanik eta zer epaiturik nahiko. Baina bialdu nauana
fidagarria da; eta Nik hari entzun deutsadana, horixe bera dinotsat munduari».
Hareek ez ziran konturatu Aitaz egiten eutsela berba.
Jesusek, beraz, esan eutsen: «Gizonaren
Semea jasoko dozuenean, orduan jakingo dozue nazana nazala Ni, eta ez dodala
neurez ezer egiten; ezpada ze, Aitak irakatsi deustana bakarrik dinodala. Ni
bialdu nauana Neugaz dago; ez nau bakarrik itzi, ze, harek atsegin dauana
egiten dot beti».
Jesusek gauza honeek esan zituanean, askok
sinistu eban harengan.
Jaunak esana.
Iruzkina
Zelan azaldu Jesusen nortasuna? Zelan azaldu eta aditzera emon Jesusen jainkotasuna? Zelan azaldu edo autortu Jesusengan aurkitu geikela Jainkoaren izantasuna, aurpegia, izakerea..., Jesus Jainko-Semea dogulako? Era askotara nahi izango dau azaldu hori laugarren ebanjelioak, baina ez argi laga barik judeguek ez deutsoela ulertzen Jesusi, edo, hobeto, ezin deutsoela ulertu, ez daualako baiezten Jainkoaz eurek dauken irudia edo ustea? Ez ete dau horrexek eskatzen bihozbarritzea? Geure pentsamoldeetan sartzeko langoa ete da Jainkoa? Ez ete dogu geuk sartu behar bere esanetan, asmoetan, errukian?
Ez daigun uste izan txarrak ziralako ezin eutsoela judeguek Jesusi ulertu. Bakotxa bere inguruan bizi da, eta inguruaren arabera, inguruko pentsamoldeetan, ohituretan, hartu-emonetan... Eta ingurua norberak egiten badau ere hein baten, inguruak berak ere egiten dau bat beste hein handi baten. Eta, neurri baten, asko eta asko ez dira gauza ingurua egiteko, eta inguruak egiten dauz eurak. Honeek ez dabe onartuko izamolde hori kinkan jarri leikean ezer.
Eta Jesusek kinkan, zalantzan, jarten ditu, ba, bere aldikoen usteak, pentsamoldeak, jarrerak, Jainkoaganako usteak... Eta hori ezin izango deutsoe onartu bere aldikoek; azkenean gorroto izango deutsoe.
Bihozbarritzeak, ba, norbere izamoldea eta inguruagazko hartu-emona kinkan jartea eskatzen dau, zalantzan jartea eskatzen dau, norbere buruagazko zintzotasun maila bat eskatzen dau, askatasun handia eskatzen dau... eta uste on osoa Jainkoagan jartea, ez dagoalako norbere esku, harexen esku baino; Jainkoaren grazia da.
Ez dogu itsu-mustuan ibili beharrik. Jainkoak, bere Semeagan, markatu egiten deusku bidea, eta urratsak emonazo ere bai. Ez daigun bera zalantzan jarri; bai, ordea, geure izakerea, geure jokaerea, geure pentsamoldeak... Izan daigun uste on geure ondo-ondoan dagoan (dan) Jainkoagan; bere Semeagan oso-osoan agertzen jakunarengan.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak beragan baino ez daigula jarri gure uste ona (konfiantzea) eskatzen deusku; baina gu hara-honaka ibilten gara ziurtasun bila, haren isiltasuna salatzeraino ere helduz. Apaltasunez egin deiogun erregu:
—Eleizearen alde: aberaskerietan, handikerietan, agintekerietan eta itxurakerietan ez daiten ibili inor liluratzeko asmotan, Jainkoaren erreinua iragarri eta landu daian baino, gaurko gizakiari Barri Onaren itxaropena emonez, egin daigun otoitz.
—Zenbat sasi-jainko daukaguzan gaur egun, eta uste dogu eurek atarako gaituela estukuretatik… Mormoxetak eta inogaitik txarto esaka guztiak alde batera bota daiguzan, eta, Kurutzeratuari begiratuz, beragan baino sinistu ez daigun, egin daigun otoitz.
—Babiloniarrek-eta Sugea ugaltasunaren jainkotzat euken eta israeldarrak ere kutsatu ebezan usteotan… Beste sasi-jainkoez kutsaturik egon geintekez geu ere. Danetatik urten ahal izateko Jainkoagan baino ez daigula uste on osoa jarri, egin daigun otoitz.
—Eukaristiarako alkartzen garanok zoli entzun daigun Jainkoaren berbea, haren bitartez aztertu daigun gure bizikera, eta kurutzea ez daigun amuletotzat erabili ezaugarri lez baino, egin daigun otoitz.
† Jainko bakarra: atara gaizuz gure sasi-jainkokeria guztietatik, zeugan baino ez daigun izan uste on, eta zeuganako itxaropena baino izan ez daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako V. eguaztena
I. Irakurgaia
Jainkoak bere
aingerua bialdu dau
bere
zerbitzariak libratzera.
Danielen Profezia liburutik
Dn 3, 14-20. 91-92. 95
Egun hareetan, Nabukodonosor erregeak esan eban:
«Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, egia da ez dozuezala nire jainkoak zerbitzen eta
nik eraiki dodan urrezko irudia gurtzen? Prest zagoze orain, turuta, txirula,
zitara, harpa, salterio eta beste musika-tresnen doinua entzun orduko,
ahuspeztu eta nik eraikitako irudia gurtzeko? Gurtu nahi ez badozue, su biziko
labara botako zaituet behingoan. Eta orduan, zein jainkok libratuko zaitue nire
eskuetatik?»
Xadrak, Mexak eta Abed-Nego honeek
Nabukodonosor erregeari esan eutsoen: «Ez dogu gai honetan zertan erantzunik.
Zerbitzen dogun gure Jainkoak su biziko labatik eta zure eskuetatik libratu
ahal baginduz, errege jauna, libratuko gaitu. Eta halan ez balitz be, jakizu,
errege jauna, ez doguzala zerbiduko zure jainkoak, ezta gurtuko be zuk eraiki
dozun urrezko irudia».
Orduan, Nabukodonosor hasarre gorrian jarri
zan, aurpegia be aldatuta, Xadraken, Mexaken eta Abed-Negoren aurka, eta labea
bestetan baino zazpi bider gehiago berotzeko agindu eban. Eta bere gudaririk
indartsuenei agindu eutsen Xadrak, Mexak eta Abed-Nego lotzeko eta su biziko
labara botatzeko.
Nabukodonosor erregea zutitu zan salto batez
eta, harriturik, aholkulariei esan eutsen: «Ez ziran hiru, lotu eta sutara
botatako gizonak ala?» Hareek erantzun: «Halan da, errege jauna». Eta erregeak:
«Bada, nik lau ikusten ditut, suaren erdian aske dabiltzala; ez deutse suak
kalterik egin, eta laugarrenak aingerua dirudi».
Nabukodonosorrek oihu egin eban:
«Bedeinkatua Xadraken, Mexaken eta Abed-Negoren Jainkoa! Bere aingerua bialdu
dau beragan uste osoa eben zerbitzariak libratzera; nahiago izan dabe-eta
erregearen agindua hausi eta euren bizia arriskuan jarri, eurena ez daben
jainko bat zerbidu eta gurtu baino».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Dn 3, 52. 53. 54. 55. 56 (R/. 52b)
V/. Bedeinkatua Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa:
R/. Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
V/. Bedeinkatua zure izen santua eta ospetsua: R/.
V/. Bedeinkatua Zu zeure tenplu santu eta ospetsuan: R/.
V/. Bedeinkatua Zu, errege-tronuan jesarrita zagozana: R/
V/. Bedeinkatua
Zu, kerubinen gainean jesarririk,
lezak
arakatzen dozuzana: R/.
V/. Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Lk 8, 15
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza
bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan
gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak.
Ebanjelioa
Semeak askatzen
bazaitue,
benetan aske
izango zarie.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 31-42
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen beragan
sinistu eben judeguei: «Nire hitzean irauten badozue, egiaz zarie nire ikasle;
ezagutuko dozue egia, eta egiak aske egingo zaitue».
Erantzun eutsoen: «Gu Abrahamen ondorengoak
gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Zelan dinozu aske izango garala?»
Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan
dinotsuet: Pekatu egiten dauana pekatuaren esklabo da. Esklaboa ez da etxean
betiko geratzen; semea, bai, betiko geratzen da. Beraz, Semeak askatzen
bazaitue, benetan aske izango zarie. Badakit, bai, Abrahamen ondorengoak
zariena; baina Ni hil guran zabiltze, ze, nire berbea ez da zuengan
sustraitzen. Neure Aitaren ondoan ikusi dodanaz egiten dot berba Nik; zuek,
barriz, zeuen aitagandik entzun dozuena egiten dozue».
Hareek erantzun eutsoen: «Abraham dogu
aita». Jesusek orduan: «Abrahamen seme bazinie, Abrahamek egin ebana egingo
zeunkie. Zuek, ostera, Ni hil nahian zabiltze, eta Jainkoari entzundako egia
besterik ez deutsuet esan. Abrahamek ez eban holakorik egin. Zuek zeuen aitak
egiten dauana egiten dozue».
Erantzun eutsoen: «Gu ez gara sasikume; aita
bakarra dogu, Jainkoa». Jesusek orduan: «Zuen aita Jainkoa balitz, maiteko
nindukezue, Ni Jainkoagandik urten eta etorri naz-eta; Ni ez naz neu neutara
etorria, harek bialdua baino».
Jaunak esana.
Iruzkina
Laugarren ebanjelioak Jesus eta judeguen arteko gero eta tira-bira handiagora garoaz; luzarora barik eten egin behar dau tira-bira horrek nondik edo handik... Eta badirudi Jesusek ezkutatzen dauan misterioaren barrura sartu gura gaitula, baina gatx egiten jakula horretarako behar-beharrezko diran urratsak emotea: Jesusi entzutea, haren berbea onartzea, uste ona beragan jartea...
Argiegi ez daukelako izango da, behar bada; baina, judeguek gogor eusten deutsoe eurenari: jatorriari, kultureari, ohiturei... Eta hareen menpe bizi dira, eta morrooi gainera, askatasunik ez daukela, eurek Abrahamen seme-alaba askeak dirala uste badabe ere.
Zerk egiten ete gaitu askeak, libreak: bateoak?, sakramentuek?, ohitura edo betebehar batzui erantzuteak?..., ala Jesusek, haren berbea onartzeak eta harengan uste on osoa jarriz bizi izateak? Ez dot uste hau argitzen ez dogun artean Jesusen lagunen artean lerrotu geintekezanik.
Jesusek beragan sinisten eben judeguei esan eutsen hurrengo hau: «Nire berban irauten badozue, egiaz nire ikasle izango zaree; ezagutuko dozue egia, eta egiak aske egingo zaitue». Baina ez eutsoen onartu, antza, eta bizkor erantzun eutsoen: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Zelan dinozu aske izango garala?»
Esan daiteke judegu hareik itsuturik dagozala eurenean. Ezer gitxi atara leikela hareengandik Jesusek. Ez daukala zer eginik. Porrot egin ete dau? Ala ebanjelariak Jainkoari gure bizitzan leku egitea ez dala hain erreza esan gura deusku? Zer dala-ta ete gara Jesusez baino ustetsuago beste gauza batzuez? Zerk jarten deuskuz oztopoak Jesusi entzuteko, haren berbea onartzeko, haren bizikerea geure bizikera bihurtzeko, Jainkoari gure bizitzan erdikotasuna emoteko?
Pentsatzeko gauzak dirala uste izan daiteke, Jainkoaren aurrean zintzoak garala uste izan arren, Jainkoagandik jatorkuna (ala ez dator Jesus Jainkoagandik?) ezin iruntzi dogu-ta?
Herri otoitza (Eskariak)
† Gure usteetan-eta ziur gagozanok ezin izango deutsagu entzun eta jaramon egin Jesusi. Hurreratu gakiozan apaltasunez erreguka:
—Eleizearen alde: Jesusi besarkatuta, haren hitzean eta bizikeran oinarritu daiten, eta zintzoak izan gura daben guztien argi, eredu eta indar izan daiten, egin daigun otoitz.
—Besteak euren menpe hartu gura daben guztien alde: bardinen eta hurkoen aukerak eta ahalmenak aintzat hartu daiezan, eta danentzako askatasun bideak garatu daiezan, egin daigun otoitz.
—Gure inguruko zahar, gaixo, alboratu eta gutxietsi guztien alde, aurrean erabiliak diran emakumeen alde, esplotatuak diran umeen alde: euren egoereak lotsagorritan jarri gaizan eta gizarte zuzenagoa eraikitzera behartu gaizan, egin daigun otoitz.
—Jesusengan sinisteak ustekeria eta arau-lege guztien gainetik jarri gaizan, eta alkar aintzat hartzera eta maitatzera eroan gaizan, egin daigun otoitz.
—Jesusen izenean alkartzeko aukerea dogunok alkar zerbitzea bilatu eta bultzatu daigun, eta gure poza, behartsuak ere geure artean ikustea izan daiten, egin daigun otoitz.
† Jainko Jauna: zure ahaltsu izatea behartsua besarkatzean agertzen dozu; zure seme-alabok izan gaitezela horren testigu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako V. eguena
I. Irakurgaia
Herri askoren aita izango zara.
Hasiera liburutik
Has 17, 3-9
Egun hareetan, Abram ahuspez jausi zan, eta
Jainkoak esan eutson: «Hona zugaz egingo dodan ituna: herri askoren aita izango
zara. Aurrerantzean ez dozu Abram izango izena, Abraham baino, herri askoren
aita egiten zaitut-eta; oparo ugarituko zaitut, nazinoen sorburu egingo eta
erregeak urtengo dabe zugandik.
Belaunez belaun eutsiko deutsat zugaz eta
zure ondorengoakaz egingo dodan itunari; betiko ituna izango da; zure eta zure
ondorengoen Jainkoa izango naz. Zeuri eta zeure ondorengoei emongo deutsuet
betiko jaubegotzat Kanaango lurraldea, gaur etorkin lez bizi zaran lurraldea;
zure ondorengoen Jainkoa izango naz».
Jainkoak esan eutson gainera Abrahami:
«Gorde nigazko ituna zuk eta zure ondorengoek belaunez belaun».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 8a)
R/. Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.
V/. Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu
eten barik haren aurpegia.
Ekarri
gogora harek egindako mirariak,
haren
egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.
V/. Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben
seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna
da gure Jainkoa,
lur
osoaren gain haren aginpidea. R/.
V/. Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila
gizalditarako agindua;
Abrahamegaz
eginiko ituna,
Isaaki
egindako zina. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d
V/. Gaur, ez gogortu bihotza;
entzun
Jaunaren ahotsa.
Ebanjelioa
Zuen aita Abraham
pozik zan
nire eguna ikusiko eban itxaropenez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 51-59
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen judeguei:
«Bene-benetan dinotsuet: Nire hitza gordetzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik
ikusiko». Judeguek esan eutsoen: «Oraintxe bai ezagutzen dogula deabruaren
menpe zagozana. Abraham hil egin zan eta profetak be bai; eta Zuk dinozu: “Nire
berbea gordetzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko”? Gure aita Abraham
baino handiagoa ete zara, bada, Zu? Ha hil egin zan eta profetak be bai; nor
zaralakoan zagoz?»
Jesusek erantzun eutsen: «Nire burua Neuk
ohoratuko baneu, nire ohore horrek ez leuke ezer be balioko; baina Aitak, zeuen
Jainkoa ei dozuenak, ohoratzen nau Ni; zuek, ostera, ez dozue ezagutzen; Nik, bai,
ezagutzen dot, eta ezagutzen ez dodala esango baneu, guzurtia izango nintzateke
zeuen moduan; baina ezagutzen dot bera eta gorde be bai haren hitza. Zuen aita
Abraham pozik zan nire eguna ikusiko eban itxaropenez; ikusi eban eta
alaitasunez bete zan».
Orduan, judeguek esan eutsoen: «Ez dituzu
oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi dozula?» Jesusek erantzun
eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naz Ni».
Orduan, harriak hartu ebezan hari
jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zan eta tenplutik urten.
Jaunak esana.
Iruzkina
Laugarren ebanjelioak jarten deuskuzan Jesusen eta judeguen arteko eztabaidotan, Jesusen nortasuna, Jainkoagazko bat izatea eta honen Semetasuna eskeini nahi deuskuz. Tabor mendian lez, hemen ere Jesusen inguruan Abraham eta Profetak agertzen dira, judeguentzat agintedunik handienak. Eta Joanek hareen gainetik jarten dau Jesus Jainkoagaz pareko egin arte.
Jesusek zalantzan jarten ditu, ba, Legea, ohiturak eta zelan-halango testigantzak, eta danen gainetik bere berbea eskeintzen dau egiatzat eta salbatzailetzat. Jainkoagandik datorren berbea da, bizitz emoilea da. Baina ez deutsoe entzun gura; ez dabe haren berbea onartu gura; bere burua aintzaltzen balego lez hartzen dabe; ezin ulertu dabe Jainkoak, Jesusek Aita deitzen deutsonak, ohoretzen dauala.
Apurka-apurka badoa ebanjelio hau Jesus bere lekuan jarten; judeguak sutan jarriko dauz Jesusek leku hori hartu beharrak: «nor zaralakoan zagoz?» galdetuko deutsoe. Eta, behin eta barriro esanaz, behin era batera behin bestera, Abraham baino lehenagokoa agertuko dau bere burua, eta profetak baino handiagoa, hareek baino aginte handiagoa daukana. Jesusek ez dau inoren berba agindutakoa iragarten; esaten dauanari berak emoten deutso baiezpena, Jainkoagandiko lez iragarten daualako.
Abraham alaitasunez bete bazan Jesusen eguna ikusita, gertatu gaitezan geu ere egun hori ikusteko eta poztasunez beteteko; ez gaitezan geuretxoetan gelditu, besterik ez balego lez; entzun deiogun Jesusi eta sinistu daigun beragan, bere hitzean uste on osoa jarriz, berak egingo gaitu-ta askeak, berak salbatuko gaitu-ta.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak alkargoa egiten dau gizakiagaz eta betiko izango dala bere Jainko agintzen deutso. Konfiantza guztiaz jo geike, ba, erreguka gure Jainkoagana:
—Eleizearen alde: eten barik barriztatu daian Jainkoagazko alkargoa, gero eta zintzoago erantzun ahal izan deion, eta gizakientzat salbamen sakramentu izan daiten, egin daigun otoitz.
—Euren berbea emon eta gero ezin bete dabenen alde: etsipenean jausi ez daitezan, Jainkoagana bihurtuz erantzuten ahalegindu daitezan baino, egin daigun otoitz.
—Euren bizitzako zintzotasunaren bila dabizanen alde: Jesusegaz aurkitu daitezan, haren berbea eta bizikerea besarkatu daiezan, eta ingurukoentzat eredu pozgarri bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.
—Otoitzerako alkartzen garanok geure ohikerietan eta debozinoetan zarratu ez gaitezan, Jesusi entzuten eta haren berbea ulertzen ikasi daigun baino, eta haren arabera eratu ahal izan daigun gure bizikerea, egin daigun otoitz.
† Gizakiagaz apurtu ezineko alkargoa egiten dozun Jainko ahaltsua: bilatu daigula zure seme-alabok ere zuk guganako dozun zintzotasunari erantzutea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako V. barikua
I. Irakurgaia
Neugaz dot Jauna, gudari indartsu.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 20, 10-13
Hauxe
esan eban Jeremiasek:
«Jentearen amenazuak entzuten ditut,
bildur-ikara
edonon:
"Salatu,
salatu dagigun".
Adiskideak
eurak be begira ditut, nik noiz huts egingo:
"Ea
engainatzen dogun, dinoe;
orduan
menperatuko dogu eta mendekua hartuko".
Baina
neugaz dot Jauna, gudari indartsu;
jausiko
dira nire arerioak, ezin izango nabe garaitu;
hareen
asmoek porrot egingo dabe,
hareen
lotsa sekulakoa izango da, ahaztuezina betiko.
Jaun
ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna,
gizakiaren
buru-bihotzak ikusten dozuzana,
zure
esku itzi dot neure auzia:
ikusiko
ahal dot zure mendekua arerioen lepo!
Kanta
Jaunari, goratu egizue Jauna,
harek
askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 18 [17], 2-3b. 3c-4. 5-6. 7 (R/. ik. 7)
R/.
Neure larrialdian dei
egin neutsan Jaunari,
eta entzun eban nire oihua.
V/. Maite zaitut, Jauna, neure indar!
Jauna
da nire hatx, nire gaztelu,
bera
nire askatzaile. R/.
V/. Ene Jainko, ene hatx babesgarri,
ene
babeski eta salbazino-indar,
ene
gordeleku goresgarri.
Dei
egin neutsan Jaunari,
eta
salbatu ninduan arerioakandik. R/.
V/. Herio-olatuek inguratu ninduen,
uholde
gaiztoek ikaratu;
Herio-lezako
lokarriek ninduen lotu,
Herio-sareek
harrapatu. R/.
V/. Neure larrialdian dei egin neutsan Jaunari,
deadar
neure Jainkoari;
eta
entzun eban bere tenplutik nire oihua,
haren
belarrietara heldu zan nire deadarra. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 6, 63c. 68c
V/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zure
hitzek betiko bizia dabe.
Ebanjelioa
Atxilotu egin
nahi izan eben,
baina ihes egin
eutsen eskuetatik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 10, 31-42
Aldi haretan, judeguek barriro harriak hartu
ebezan Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan eutsen: «Egintza on asko egin dot
zuen aurrean Aitaren izenean; horreetariko zeinegaitik egin gura deustazue
harrika?»
Erantzun eutsoen: «Ez zaitugu egintza onak
egiteagaitik harrikatu nahi, birao egiteagaitik baino, gizon izanik, zeure
burua Jainko egiten dozulako».
Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete dago
idatzita zuen Liburu Santuan: “Neuk esan dot: jainko zarie?” Beraz, Jainkoak
“jainko” deitzen deutse bere berbea zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuak esana
ukatu ezina da. Zelan dinozue, bada, Nik, Aitak santutu eta mundura bialdu
nauan honek, birao egiten dodala, Jainkoaren Seme nazala esateagaitik? Neure
Aitaren egintzak egiten ez badodaz, ez sinistu Niri; baina egin egiten badodaz,
Neuri sinisten ez badeustazue be, sinistu egintzei. Holan, behin betiko jakingo
dozue Aita Nigan dagoala eta Ni Aitagan».
Barriz be preso hartu gura izan eben, baina
ihes egin eutsen eskuetatik. Jordanez beste aldera joan zan barriro Jesus,
sasoi baten Joan bateatzen ibili izan zan lekura.
Han gelditu zan aldi batez, eta jente asko
joaten jakon. Hauxe inoen: «Joanek ez eban mirarizko seinalerik bapere egin,
baina harek honetaz esan eban guztia egia zan». Eta askok sinistu eban
Jesusengan.
Jaunak esana.
Iruzkina
Labea gero eta goriago dago. Harrikatu egin gura dabe Jesus, edo atxilotu, baina ihes egiten deutse. Behin eta barriro dino gauza bera: berak dinoana egia dala, bere egintzek baiezten dabela, Aitaren egintzak baino ez dauzela egiten... Baina ezin dabe holangorik iruntzi. Ezin dabe iruntzi Jainko hain handia, hain euren gainetik eta urrun dagoana hain gizakoi ikustea. Bakotxak bere lekua dauka: Jainkoak zerua, eta lurra gizakion lekua da.
Eta Jesusek besterik agertu gura dau. Jainkoa ez dago "han", gizakiaz ahaztuta. Jainkoa sufritzen dagoan edonoren ondoan dago; ez dabe laztantzen azaleko eskeintzariek, baztertuaren aldeko zuzentasunak baino, behartsuari eskua luzatzeak baino. Horreexek dira Jesusen egintza onak, bere berbea baiezten dabenak.
Ez dau, ba, bere egokierarik aurkitzen Jesusek, eta basamortura bihurtzen da, bihozbarritze lekura, Jainkoagaz aurkitzeko lekura. Hantxe jaio zan Jainkoaren herria. Handixik urtengo dau Jesusek ere, bere aintzan sartzeko, ordua heldu daitenean.
Bitartean, beste behin ere, beste asko heltzen dirala Jesusengan sinistera, dinosku ebanjelariak, Joan Bateatzailearen gainetik jarri guran, harek ez ebala ezaugarririk egin esanez. Baina non geldituko dira sinistunok gero inondik inora agertzen ez badira? Zelango indarra dauan "aparatoak", agintariek, Jauretxeak, Legeak, Profetek, eskeintzariek eta ohiturek... Ezin bizi izan daiteke euretatik kanpo. Eta danak zalantzan jarten dauzan Jesus (hobeto esan, hareen erantzuna azaletikoa baino ez zala zalatzen eban Jesus) harrikatua izateko zorian dago. Jainkoagazko hartu-emonean barrituko dauz indarrak azken txanparako.
Herri otoitza (Eskariak)
† Zenbat txarkeria egin dan, edo egiten dan oraindino ere, Jainkoaren defentsan, harek gure defentsaren beharra izango baleu lez… Jeremiasen otoitzean oinarri hartuta jo daigun erreguka Jainkoagana:
—Eleizearen alde: inor gaitzesten baino ahalegin handiagoak egin daizan salbatzen, eta gizakion artean Jainkoaren errukiaren eta parkamenaren testigu agertu daiten, egin daigun otoitz.
—Epaitegietan ere zuzenbiderik aurkitu ezin dabenen alde: amore emon ez daien, eta euren arrazoia danen aurrean arrazoi lez agertuko dan egunak argi egin deieen, egin daigun otoitz.
—Ezelango laguntzarik inondik ere lortzen ez daben baztertuen alde: etsipenean jausi ez daitezan eta hurkoen begiak eta bihotzak zabalduazotera heldu daitezan, eta gizarte senidekorrago baten legamin izatera, egin daigun otoitz.
—Gure etxeetan txarrari eta zuzengabekeriari txarkeria eta zuzengabekeria handiagoz erantzuten irakatsi ez daiten, Jainkoaren hurtasuna sentitzen baino, eta sufritzen dabenen ondoan egoten, egin daigun otoitz.
—Eleiz alkarte honen alde: entzun daizan sufritzen dagozanen oihu eta garrasiak, eta harei laguntzeko beti prest egon daiten, egin daigun otoitz.
† Mundu hau danentzako egin dozun Jainkoa: egizu ez daigula batzuk dana eskuratu besteak ezer ere barik itziz, ondo alkarbanantzen jakin daigula baino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako V. zapatua
I. Irakurgaia
Herri bakar bihurtuko ditut.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 37, 21-28
Hauxe dino Jaunak: «Erbesteraturik joan
ziraneko nazinoen artetik hartuko ditut israeldarrak, alde guztietatik batu eta
euren lurraldera ekarriko; herri bakar bihurtuko ditut euren lurraldean,
Israelgo mendietan, eta errege bakarra izango dabe guztiek. Ez dira gehiago
herri bi izango, ezta erreinu bitan banatuko be.
Ez dira gehiago euren idolatria
higuingarriaz eta euren gaiztakeriez kutsatuko. Errudun bihurtu dituan
desleialkeria guztietatik askatuko ditut. Garbitu egingo ditut, eta nire herri
izango dira eta Ni hareen Jainko.
David nire zerbitzaria izango dabe errege,
guztien artzain bakar; nire legeen arabera jokatuko dabe eta nire aginduak
arretaz beteko. Jakob nire zerbitzariari emon neutsan lurraldean biziko dira,
hareen gurasoak bizi izandako lurraldean; han biziko dira hareek eta hareen
ondorengoak betiko, eta David nire zerbitzaria izango dabe buruzagi
beti-betiko.
Bakezko ituna egingo dot hareekin; betiko
ituna izango da. Lurraldean ezarriko ditut eta ugarituko, eta hareen artean
ipiniko dot neure santutegia betiko. Hareekin biziko naz; hareen Jainko izango
naz Ni eta hareek nire herri. Neure santutegia hareen artean betiko ipiniko
dodanean, orduan jakingo dabe atzerritarrek Neu nazala Jauna, Israel beretzat
sagaratu dauana».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Jr 31, 10. 11-12b. 13 (R/. ik. 10d)
R/. Zainduko gaitu Jaunak,
artzainak
artaldea lez.
V/. Entzun, herriok, Jaunaren hitza,
iragarri
urruneko kostaldeetan:
«Israel sakabanatu ebanak berak batzen dau
eta
artzainak artaldea lez zaintzen». R/.
V/. Jaunak Jakob herria askatu dau,
indartsuagoaren
eskutik libratu.
Poz-oihuka
etorriko dira Sion mendira,
Jaunaren
ondasunetara helduko dira. R/.
V/. Neskek pozik egingo dabe dantzan
mutil
eta agureakaz batera.
Hareen
dolua alaitasun bihurtuko dot,
atsekabearen
ondoren, kontsolatu eta alaituko ditut. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ez 18, 31
V/. Kendu zeuengandik
egindako
gaiztakeria guztiak, dino Jaunak,
eta
egizuez barri zeuen gogo-bihotzak.
Ebanjelioa
Sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 11, 45-57
Aldi haretan, Maria ikustera joandako judegu
askok, Jesusek Lazarogaz egina ikustean, beragan sinistu eban. Hareetariko
batzuk, ostera, fariseuakana joan eta Jesusek egin ebana kontatu eutsien.
Orduan, abadeburuek eta fariseuek Batzarra batu eben, eta esan: «Zer egingo
dogu? Gizon honek ezaugarri asko egiten dihardu. Holan jarraitzen izten
badeutsagu, dan-danek sinistuko dabe beragan, etorriko dira erromatarrak eta
hondatu egingo deuskuez bai tenplua eta bai herria».
Batzarkideetariko batek, urte haretan abade
nagusi zan Kaifasek, esan eutsen: «Zuek ez dakizue ezer. Ez ete zarie
konturatzen hobe dozuela gizon bat herriagaitik hiltzea, herri osoa galtzea
baino?»
Kaifasek ez eban hori berak beratara esan;
ezpada ze, urte haretan abade nagusi zanez, profeta bezala hitz egin eban,
Jesus herriaren alde hilko zala adierazotean; eta herriaren alde ez ezik, baita
sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko be. Eta egun haretan,
Jesus hiltzea erabagi eben.
Horregaitik, Jesus ez zan agirian ibiltzen
judeguen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin eban, Efraim izeneko
herrira, eta han egon zan ikasleekin. Judeguen Pazkoa gainean zan, eta
herrialdeko jente askok Jerusalemera igon eban Pazkoa baino lehen, garbikuntzak
egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila ebiltzan eta, tenpluan topo
egitean, bainotsen alkarri: «Zer deritxazue? Ez ete da jaietara etorriko?»
Abadeburuek eta fariseuek aginduta euken, inork Jesus non zan jakiten baeban,
salatu egiela, preso hartu ahal izateko.
Jaunak esana.
Iruzkina
Jesusen inguruan bai argi agertzen dala nor nor dan edo zer dan; harek ez dau inor lehengotan izten; haren aurrean jarrera bat hartu beharra dago: batzuk harengan sinistera heltzen dira; beste batzuk zalatzaile bihurtuko dira; eta nagusi-agintariak hiltzaile bihurtuko dira. Horrenbesteko gorrotoa sortuazo daike Jesusek, ona besterik egiten ez dauanak? Badiru baietz. Zergaitia aztertu behar izango litzateke...
Honen aurrean, ba, Jesusen aurreango geure jarrerea ere aztertu geike... Zer da Jesus niretzat? Zer eragiten dau Jesusek nire barruan? Zelan gauzatzen da haretazkoa nire eguneroko bizitzan?... Sinisten dot Jesus, beragan daukat uste on osoa jarrita? Ala beste asmo eta interes batzuk daukadaz, eta enbarazu dot Jesus, eta ha baztertzen ausartzen ez banaz ere —guztiz, behintzat—, neure zalantzak daukadaz, eta sarritan harena ez banintz lez jokatzen dot?
Jesusek «basmortu ondoko bazter batera alde egin eban, Efraim izeneko herrira, eta han egon zan ikasleekin». Jainko-herri barria sortu behar ete da Jesusen inguruan, harako baten Moisesen inguruan Jainkoaren Herria sortu zan lez? Handik urtengo dau Jerusalemera igoteko, bere aintzan sartzeko, batzuentzat ageri-ageriko bere porrota izango bada ere, bere jarraitzaileentzat —ez lehenengo unean, baina bai gerotxoago, berbiztu lez sumatzen dabenean— garaile bakar izango da.
Egin daigun basamortu esperientzia Aste Santuan sartzeko. Bilatu daigun Jesus, beragan uste on osoa jarriz, beragan sinistu daigun. Izan daitela gure bizitza Jesus bilatzea, hari jarraitzea, eta, harengan, beste guztiak maitatzea: berbiztu lez bizi izatea.
Herri otoitza (Eskariak)
† Bere herriarentzako asmo onak baino ez dauzan Jainkoari eskatu deiogun bihozbarritu gaizala, eskari bakotxean hauxe esanez:
R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Zure gaurko herri dozun Eleiza honek, Jauna, zure erreinua iragarri daian, zure Semearen pozera deitu daian, eta pobreengandik hur egon daiten, eskatzen deutsugu: R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Zure Semeari jarraitzera deitu gaituzun guztiok aintzat hartu ahal izan daigun haren berbea eta bizikerea, eta harrera oneko, parkatzaile eta maitale agertu gaitezan, batez ere sufritzen dagozan guztiekaz, eskatzen deutsugu: R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Sufritzen aurkitzen diranek, Jauna, besteongan laguntza aurkitu ahal izan daien, gehiegikerien salakuntza izan daitezan eta gizarte senidekorrago batera eroan gaiezan eskatzen deutsugu: R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Mundu honetako ahaltsuek euren hazkundea bilatu ez daien, behartsuak aintzat hartu daiezan eta aberastasunen banantze zuzenago bat bultzatu daien, inork beharrizanik izan ez daian eskatzen deutsugu: R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Zure aurrera otoitzean agertzen garanok, Jauna, behartsuenen beharrizanetara zabalik egon gaitezan, eta euren alde geure bizitza ere emoteko prest egon gaitezan eskatzen deutsugu: R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
† Zure aukeratuen ondo-ondoan egonik hareen ona baino gura ez dozun Jainko Jauna: egin gaizuz zeure antzeko zure Semearen jarraitzaile zintzo izanik. Zugaz eta Espiritu Santuagaz batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.