Aste Santua

(Jatsi Testuak)

Astelehen Santua

I. Irakurgaia

Ez dau oihu egingo,
ez dau kaleetan entzunazoko bere ahotsa.

Isaias Profetaren liburutik

Is 42, 1-7

 «Hona nire zerbitzaria, Nik eusten deutsadana,
nire aukeratua, atsegin dodana.
Honengan ipini dot neure espiritua;
zuzenbidea ekarriko deutse herriei.
Ez dau oihu egingo, ez ahotsa goratuko,
ez dau kaleetan entzunazoko bere ahotsa.
Kainabera arrakaldua ez dau hausiko,
doi-doi biztua dagoan argi-metxa ez dau amatatuko.
Zuzenbidea ekarriko dau leial;
ez dau atzera egingo, ez da hausiko,
zuzenbidea lurrean ezarri arte;
ugarteak haren irakaspenaren zain dagoz.

Honan berba egiten dau Jainko Jaunak,
zerua egin eta zabaldu ebanak,
lurra finkatu eta landaretza sortu ebanak,
gizakiei eta lurrean mugitzen diran guztiei
bizi-arnasa emon eutsenak:

Nik, Jaun honek, salbazino-egintzarako dei egin deutsut,
eta eskutik heldu;
Nik eratu zaitut eta izentatu
herriarentzat itun eta nazinoentzat argi izateko,
itsuen begiak zabaldu dagizuzan,
giltzapetuak espetxetik askatu
eta ilunpean bizi diranak kartzelatik atara dagizuzan».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 27 [26], 1. 2. 3. 13-14 (R/. 1a)

R/.   Jauna dot argi eta salbamen.

V/.   Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni izutu? R/.

V/.   Gaizkileek erasotzen deustenean, ni irensteko,
eurek, nire etsai eta arerioak,
laban egin eta jausten dira. R/.

V/.   Gudarosteak inguratzen banau be,
nire bihotzak bildurrik ez;
nire aurka burruka lehertzen bada be,
nire barrua konfiantzaz betea. R/.

V/.   Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.

 

Ebanjelio aurreko txatala

V/.   Agur, gure Erregea;
        Zeu bakarrik, Jauna,
        gure hutsegiteen errukia izan dauana.

 

Ebanjelioa

Itziozu bakean;
nire hilobiratze-egunerako egin dau hori.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 12, 1-11

    Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan; han bizi zan Lazaro, Jesusek hilen artetik biztu ebana. Afaria eskeini eutsoen; Martak zerbitzen ziharduan, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. Mariak, nardo garbizko kilo erdi bat usain-gozo, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsozan Jesusi, eta bere ulez sikatu. Etxea lurrin-usainez bete zan.
    Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta dirua behartsuei emon?»
    Hori esan eban, ez behartsuak ardura eutsoelako, lapurra zalako baino, eta, diru-boltsa berak eukanez, hara botatzen ebenetik ostu egiten ebalako. Jesusek esan eutson: «Itziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. Izan be, behartsuak beti dituzue zeuon artean; baina Ni ez nozue beti izango».
    Judeguetariko asko, Jesus Betanian egoala jakinik, bertara joan ziran, Jesusegaitik ez eze, baita hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik be.
    Abadeburuek, orduan, Lazaro be hiltzea erabagi eben, ha zala-eta herritar askok eurekandik alde egiten ebelako eta Jesusengan sinisten.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Pazkoaren bezperetan jarten gaitu ebanjelariak, Joanek, sei egun aurretik, eta afari baten. Jesus Betaniako bere lagunekaz alkartzen da, Azken Afariaren aurre-afaria dala esan daiteke, eta aparteko ezaugarri batzuez jantziko dau afari hori.

Hantxe dagola Lazaro, dinosku: «Jesusek hilen artetik biztu ebana». Alkarren ondoan jarten deuskuz bizitza eta heriotza, Jesusen heriotza eguna hur balego lez. Eta emakumeak aitatzen dira (Marta, mahai zerbitzari), eta Maria, aparteko zeinu bat eginez, erdi-erdiko dogu afari horretan.

Mariaren zeinu hau, Jesusen lagunetariko baten (salduko eban Judasen) aurrez-aurre jarrita dago. Mariak egiten dauan zeinua neurri guztien gainetik dagoen egintza da; maitasunaren ezaugarri da. Halantxe maite dau Jesus, eta ez da txikikerietan ibiliko; bere oinetan isuriko dauan ukendua maitasunaren agerpen da; maitasunak ez dauka neurririk, dana emoten dau, eta horixe adierazten dau Mariak Jesusen oinetan, usain gozo harek etxe guztia hartzen eta beteten dauala.

Besterik agertzen dau Jesusen lagunetariko batek. Honen zeinuak (berbeak) bere zekenkeria agertzen dau, eta zekenkeriaz ihartutako bihotza, maitatzeko gauza ez dan bihotza; bizitza dirutan baino ikusten ez dauan bihotza: ukendua saltzea da bururatzen jakona, eta gero Jesus bera salduko dau.

Zein hur egon geintekezan Jesusengandik, eta zein jarrera ezbardinak atara geikezan... Maitasuna agertu geikeo, edo, interesen munduan murgilduta eta galduta bagagoz, bihotz ihartuarena agertuko dogu... Ea bere mahaian jarrita Jesus ezagutzeko eta benetan maitatzeko grazia lortzen dogun, bizitzan neurri bako egintzak aurrera eroateko gauza izan gaitezan, benetan maitatzen ikasi dogulako.

 

Herri otoitza (Eskariak)

    † Ebanjelioak Mariaren eskuzabaltasunera eta Judasen zekenkeriara hurreratu gaitu, maitasunaren neurribakotasuna argi jarriz. Maitasun gogotik egin daiguzan gure eskariak:

    —Eleizearen alde: maite-maite izan daian Jesus Jauna, haren jarraitzaile zintzo agertu daiten eta eskuzabaltasunez jokatu daian behartsu eta gutxituen alderako, egin daigun otoitz.

    —Jesusen jarraitzaile garanon alde: edozein lekutan jakin daigun zekenkeria salatzen eta maitasunez jokatzen, egin daigun otoitz.

    —Diru-zalekeriaz itsututa dagozanen alde: Jesusengana hurreratzeko aukerea izan daien, haren besarkadea sumatu daien, eta, bihozbarrituz, eskuzabal bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.

    —Herri-agintarien alde, nazioarteko ekonomiaren hariak darabilezanen alde, aberastasuna sustatu daikeenen alde: naturaganako errespetua aintzat hartu daien eta gizakien duintasunerako lana bultzatu ahal izan daien, egin daigun otoitz.

    —Otoitzerako alkartzeko aukerea dogunon alde: heldu gaitezan Mariak Jesusenganako erakusten dauan maitasun mailara, neurri barik maitatu ahal izan daiguzan behartsu eta alboratuak, egin daigun otoitz.

    † Zure morroi-mirabeak bizi izan daitezela eta zure maitasunaren barri-emoile izan daitezala gura dozun Jainko Jauna: egin gaizuz maitasunean neurribako eta behartsu eta baztertuen aldeko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

    —Amen.

 


Martitzen Santua

I. Irakurgaia

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 1-6

    Entzun, ugarteok! Entzun, urruneko herriok!
Jaio aurretik deitu eustan Jaunak,
amaren sabelean nengoala gogoratu zan nitaz.
Ezpata zorrotz bihurtu eustan ahoa,
bere eskupean babestu ninduan;
gezi zorrotz bihurtu ninduan eta gezi-ontzian gorde.
Eta esan eustan:  
«Zeu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dot neure ospea».
Nik, barriz, hau ninoan:
«Alperrik nekatu naz;
alperrik eta hutsean agortu ditut neure indarrak».

Baina Jaunagan egoan nire eskubidea,
Jainkoaren eskuetan nire lansaria.
Orain honan berba egiten dau Jaunak,
amaren sabelean eratu ninduanak haren zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak harengana bihurtuazoteko
eta Israel herria batzeko.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa izan dot indar.
Jaunak esan deust:
«Ez da nahiko zu nire zerbitzari izatea,
Jakoben leinuak berreraikitzeko
eta Israelen bizirik geldituak bihurtuazoteko.
Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 71 [70], 1-2. 3-4a. 5-6b. 15ab eta 17 (R/. ik. 15)

R/.   Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

V/.   Zugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsagarri izan.
Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,
makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

V/.   Izan zakidaz harri babesle,
nora jo izan dagidan beti;
ni salbatzea erabagi dozu,
Zu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu.
Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik. R/.

V/.   Zeu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,
Zeu, ene Jauna, neure konfiantza gaztetatik.
Zeu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
Zeu neure indar amaren erraietatik. R/.

V/.   Nire ahoak egun osoan iragarriko dau
zure salbazino-asmoa eta -egintza.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

 

Ebanjelio aurreko txatala

V/.   Agur, gure Erregea, Aitaren esanekoa,
        bildots otzana hiltegira lez,
        kurutzera eroana.

 

Ebanjelioa

Zuetako batek salduko nau. . .
Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik.

Jn 13, 21-33. 36-38

    Aldi haretan, ikasleekin mahaian jesarrita egoala, larritu egin jakon Jesusi barrua, eta argi adierazo eutsen ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: Zuetariko batek salduko nau». Ikasleak alkarri begira jarri ziran, nortaz inoan asmatu ezinik.
    Ikasleetariko bat, Jesusek hain maite ebana, haren ondo-ondoan egoan mahaian. Simon Pedrok keinu egin eutson, nortaz inoan itauntzeko adierazoz. Harek, burua Jesusen bular gainean jarriz, itaundu eutson: «Nor da, Jauna?»
    Jesusek erantzun eutson: «Ogi-zati busti hau emongo deutsadana, haxe da». Eta ogi-zatia bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, emon eutson. Eta ogi-zatiagaz batera Satanas sartu jakon barrura.
    Orduan, Jesusek esan eutson: «Egin behar dozuna egizu behingoan». Mahaikideetariko inork ez eban ulertu zergaitik esan eutson hori. Judasek diru-boltsaren ardura ebanez, batzuk uste izan eben jairako behar zana erosteko edota behartsuei zeozer emoteko esan eutsola. Judasek ogi-zatia hartu eta behingoan urten eban. Gaua zan.
    Urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe agertuko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak be bere aintzaz beteko dau ha, eta behingoan gainera».
    Semetxuok, honezkero ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zarie, baina judeguei esan neutsen berbera dinotsuet zuoi be: “Ni noan lekura, zuek ezin zarie joan”».
    Simon Pedrok itaundu eutson: «Jauna, nora zoaz?» Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin deustazu jarraitu orain Niri; geroago bai, jarraituko deustazu».
    Pedrok esan eutson: «Zergaitik ezin deutsut jarraitu orain? Neure bizia emongo dot Zugaitik». Jesusek erantzun eutson: «Zeure bizia emongo dozula Nigaitik? Bene-benetan dinotsut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Zer da, gero, Jesusen inguruan gertatzen dana une garrantzitsu honeetan? Zer da Jesusek bizi dauana, eta zelan bizi dabe bere lagunek une hau? Jesusek sakontasunean bizi dauz uneok, minez eta antsiz; larri da. Eta larritasun hori agertu egingo dau bere lagunen aurrean: «Egi-egiaz dinotsuet: Zuetako batek salduko nau».

Baina, zer dala-ta saldukeria hori? Zelan ulertu daiteke saldukeria hori? Dei egin eutsen bere ondora, eta inork behartu barik jarraitu eutsoen euren Maisu eta lagun autortuz. Eta orain saldu? Zer dala-ta? Ez zan, Judasen kasuan, berak itxaroten ebana? Beste gauzaren bat nahi izan ete eban, ba, Judasek? Zer, baina? Agintea? Dirutza handiak? Horren arabera bizi izan ete zan, ba, Jesus hori amesteko, eta orain aldatu ete dau, ba, Jesusek bere bizitz helburua? Ez eutsen hasiera-hasierarik esaten, ba, «zuen artean nagusi izan nahi dauanak egin bei bere burua beste guztien zarbitzari...?»

Zein gogorra egiten jakun entzutea, ogi zati haregaz batera Satanas sartu zala Judasen barruan... Eta laster urteten dau... gauaren ilunean. Jesusegaz ez dagoana, Satanasegaz dago; Jesusen argitasunean ez dagoana, ilunpetan dago; ez dago erdi biderik Joanentzat: edo Jesusegaz, edo Jesusen aurka. Eta uneotan, inoiz baino estuago oratu behar deutsoe Jesusi, badoalako, eta doan lekura ezin jarraitu ahal izango deutsoelako. Jesusek egingo dauana berak bakarrik egin behar dau, eta egingo dau.

Heriotzako unea bakarrik egin behar dogun gauzea da, ba. Inor ezin daiteke nigaitik hil. Neuk emon behar deutsat aurpegi une garrantzitsu horri. Ez dot aurkituko horretarako ordezkaririk. Eta argitasunik eta erabagirik handi eta zintzoenagaz joan arren, zalantzak agertuko dira, larritasuna ere bai... Zein garrantzizkoa dan une horretan ondo lagunduta egotea. Baina danek ez dauke zori hori. Jesusek ez eban euki. Inork jasan behar badau, berak jasaten dauala bizitzako zoritxarrik larriena adierazi gura ete deusku, ba? 

 

Herri otoitza (Eskariak)

    † Giro hunkigarrian aurkezten deutsoguz Jainkoari gure eskariak. Izan daitezela uste on osoa beragan jarteko eta, apaltasunez, laguntza eskatzeko:

    —Eleizearen alde: gaurko gizakiengana heltzen jakin daian, harei Jesusen irudia aurkeztu ahal izateko, egin daigun otoitz.

    —Besteen aldeko lanetan eta zerbitzuetan diharduenen alde: Jainkoaren errukiaren luzapen dirala izan daien argi, eta inoiz falta ez dakien haren laguntza eta adorea, egin daigun otoitz.

    —Egunotan, otoizgiroan, Jesusi zintzoago jarraitzea bilatzen dabenen alde: Jainkoaren isiltasunaz bildurtu ez daitezan, eta uste on osoa beragan jarri daien, egin daigun otoitz.

    —Bokazino bizitzan nekea jasaten dabenen alde, aurrerantza begira argirik aurkitzen ez dabenen alde: Jesus Jaunagaz bat egitea bilatu daien, haren zerbitzuan zintzo jarraitzeko, egin daigun otoitz.

    —Jainkoaren hitzaz janaritzen garanok bat-bateko erantzunean geratu ez gaitezan, egunerokotasunean Jesus Jaunaren zerbitzari izaten ahalegindu baino, egin daigun otoitz.

    † Zeuretzat aukeratu eta zeure gozotasunez janzten gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu zugan uste on osoa jarriz bizi izatea salbamenaren pozean. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

    —Amen.



Eguazten Santua

I. Irakurgaia

Ez neutsen aurpegia aldendu irainei.

Isaias Profetaren liburutik

Is 50, 4-9a

    Jainko Jaunak berba egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-hitza emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei,
matraila, bizarretik tiraka ebilkidazenei.
Ez neutsen aurpegia aldendu irainei eta txistuei.

Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harria lez,
badakit-eta ez nazala lotsagarri geldituko.

Ondoan dot defendatzailea: nork eroan ni auzitara?
Aurkeztu gaitezan alkarregaz!
Nork dau nigaz auzirik? Datorrela!
Hara, Jainko Jauna dot laguntzaile: nork kondenatuko nau?

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 69 [68], 8-10. 21-22. 31 eta 33-34 (R/. 14c eta b)

R/.   Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
        mesede-sasoia dozu.

V/.   Zugaitik jasan ditut irainak,
Zugaitik lotsaz gorrituta dot aurpegia.
Arrotz izan naz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
eta gainera datorkidaz Zuri egindako irainak. R/.

 V/. Bihotza urratu deuste irainek,
eta adore barik nago;
laguntza itxaroten neban, baina alperrik;
kontsolatzaileak, baina ez ditut aurkitu.
Pozoia jarri eusten janarian,
egarri nintzala ozpina emon edaten. R/.

V/.   Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko.
Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gitxiesten bere atxilotuak. R/.

 

Ebanjelio aurreko txatala

V/.   Agur, gure Erregea;
        Zeu bakarrik, Jauna,
        gure hutsegiteen errukia izan dauana.

              Edo:

V/.   Agur, gure Erregea, Aitaren esanekoa,
        bildots otzana hiltegira lez,
        kurutzera eroana.

 

Ebanjelioa

Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek haretaz dinoen lez;
baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 26, 14-25

    Aldi haretan, Hamabietako batek, Judas Iskariote eritxonak, abadeburuakana joan eta esan eutsen: «Zenbat agintzen deustazue, Jesus zuei eskura emoteagaitik?» Hareek zidarrezko hogeta hamar txanpon agindu eutsoezan. Harrezkero, Jesus hareei eskura emoteko aukeraren bila ebilen Judas.
    Legaminik bako Ogien Jaiko lehenengo egunean, ikasleek Jesusengana hurreratu eta itaundu eutsoen: «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?» Jesusek erantzun eutsen: «Zoaze urira, urliagana, eta esaiozue: “Maisuak dino hurrean dala beraren ordua, eta zuen etxean ospatu nahi dauala Pazkoa ikasleakaz”». Jesusek agindu bezala egin eben ikasleek, eta pazko-afaria prestatu eben.
    Iluntzean, mahaian egoan Jesus hamabi ikasleakaz eta, afaltzen ziharduala, esan eban: «Bene-benetan dinotsuet: Zuetariko batek saldu egingo nau». Ikasleak, oso goibeldurik, itaunka hasi jakozan banaka: «Nik ete, Jauna?»
    Harek erantzun: «Neugaz plater beretik jaten diharduan batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek haren gainean dinoen moduan; baina zoritxarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe eukean jaio izan ez balitz».
   Orduan, Judasek, salduko ebanak, itaundu eutson: «Neu ete naz, Maisu?» Jesusek erantzun eutson: «Zeuk esan dozu».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Mateoren ebanjelio honetatik hurreratzean Jesusen azken uneetara, aparteko gauza deigarri batzuk ikusi geikez eta hausnartu. Danek iruntzi ete dabe, ba, Jesusen azken uneak dirana? Zelan bizi ete zituan Jesusek azken uneok, Aitari hutsik ez egitea, bere ondokoenak holan ikusita: bat, bera nondik saldu bilatzen; diruaren gose-egarriz, laguna eta Maisua dauana saltzeko gertu. Beste ikasleen ardurea bada, behintzat Pazko-Afaria gertatzea. Baina egiten ete dabe bat Jesusegaz bere antsian, bere larrialdian?

Minduta agertzen da Jesus bere lagunen arteko batek saldu beharraz; ezin dau iruntzi; ezin dau barruan euki esan barik... Eta ikasleen harriduran hareek egiten deutsoen galderei zelan erantzun? «Zu ez, zu ere ez, ezta zu ere... zeu baino?» Iruntzi, isildu, eta errespetu guztizko "zeuk dinozu" bat nahikoa izango da.

Hemen agertzen dala esan geike hirugarrenez Jesusen madarikapen bat: aurretik umeren bat gaizpidera eroaten dauanaren aurka egin eban (horrelangoak hobe leuke errotarri bat zamatik lotuko baleutsoe eta itsasora jaurtiko balebe); eta beste behin, ikondoa madarikatzen dau, frutu bila bertara hurreratu eta aurkitu ez eutsolako...

Jesusek, ba, oinak ondo sustraituta daukaz bizitzan, sakon-sakonetik bizi dau, eta Aitari zintzotasun osoaz jarraitzeak ez deutso atsekaberik eta antsirik aurrezten: edozein gizakik sufritzen dauan dana sufritu behar izango dau. Eta haxe ere sakontasunez, ez azaletik. Holango egoera bat madarikatzera heltzeraino.

Ha ta guztiz ere, minaren minez bada ere, ez deutso uko egingo bere ikasleak, eta mundu osoa eurengan, maitatzeari; eurekaitik emongo dau bizia: «Hartu egizue, jan: hau nire gorputza da».

 

 

Herri otoitza (Eskariak)

    † Jainko Aitaganako Jesus Jaunaren zintzotasun paregabea gogoan dogula aurkeztu deioguzan gure eskariak, gure makaltasunetik, gogo onetik eta laguntzaren beharrizanetik:

    —Eleiz amaren alde: bere artzain guztiengan ebanjelioaganako zintzotasuna bultzatu daian eta gaurko gizakiarentzako zintzotasunaren eredu izan daitezan, egin daigun otoitz.

    —Norabide barik, galduta dabizan gizaki guztien alde: Jainkoaren berbea nork iragarri izan daien, eta Jainkoari entzuten ikasiz, hari zintzotasunez erantzutea bilatu daien, egin daigun otoitz.

    —Arazoz beterik, edo larriak hondaturik, euren bizitzeari urtenbiderik ikusten ez deutsoenen alde: izan daien Jainkoaren errukiaren barri, eta euren bizitza berresteko aukerea izan daien eta barriztatu daien, egin daigun otoitz.

    —Diru-gosez edo etekin egarriz, maiteena ere saltzezko gauza diranen alde: inguru errukitsua izan daien, euren saldukeriaz damutu daitezan eta bizitza zintzoan iraun ahal izan daien, egin daigun otoitz.

    —Jesus Jaunari hainbestetan eta hainbeste eratara huts egiten deutsagula jakin dakigunok, bere berbara sarri hurreratu gaitezan, entzun deiogun eta, haren errukiaz jabeturik, bizitza zintzo bat bideratu ahal izan daigun, egin daigun otoitz.

    † Guretzat berba salbagarria daukazun Jainko Aita/Ama bihozbera: emoiguzu zintzotasun espiritua zeure pozean eta ingurukoen argigarri bizi izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.     

    —Amen.

 

Eguen Santua

Krisma Meza

A B C urteetan

 

I. Irakurgaia

Jaunak igurtzi nau,
behartsuei barri ona emotera bialdu nau,
hareen dolu-jantzia jaietako usain gozo bihurtu dadin.

Isaias Profetaren liburutik

Is 61, 1-3a. 6a. 8b-9

    Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago,
Jaunak igurtzi nau-eta.
Harek bialdu nau behartsuei barri ona emotera,
bihotz-urratuak osatzera,
katiguei amnistia iragartzera
eta giltzapetuei askatasuna;
Jaunaren onginahi-urtea
eta mendeku-eguna jakinazotera.

Siongo atsekabetuak kontsolatzera
bialdu nau Jaunak:
koroa emongo deutset errautsaren ordez,
jaietako usain gozoa dolu-jantziaren ordez,
gorespen-kantuak etsipenaren ordez.

Zuei «Jaunaren abade» deituko deutsuee,
«Gure Jainkoaren zerbitzari» esango.
Euren lansaria emongo deutset leial
eta betiko ituna egingo hareekin.
Ospetsu izango dira hareen ondorengoak
nazino eta herrien artean;
ikusiko dabezan guztiek autortuko dabe
Jaunak bedeinkaturiko herria dirala.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 89 [88], 21-22. 25 eta 27 (R/. ik. 2a)

R/.   Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

V/.   David neure zerbitzaria aurkitu dot
Nire eskuak sendo deutso eutsiko,
nire besoak indartsu dau egingo. R/.

V/.   Beragaz izango ditu nire leialtasuna eta maitasuna,
garaile urtengo dau nire izenean.
Harek dei egingo deust: «Zu nire aita,
nire Jainkoa, nire harri salbatzailea». R/.

 

II. Irakurgaia

Jainko bere Aitarentzat
errege eta abade dan herri egin gaitu.

Apokalipsia liburutik

Ap 1, 5-8

    Grazia zuei eta bakea Jesu Kristoren partetik, testigu leiala, hilen arteko lehenengo biztua eta munduko erregeen buruzagia danaren partetik. Maite gaituanari eta bere odolaz geure pekatuetatik askatu gaituanari, Jainko bere Aitarentzat errege eta abade dan herri egin gaituanari, aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Hara, hodei artean dator!
Danek ikusiko dabe,
baita zulatu ebenek be,
eta lurreko leinu guztiek
hileta-negarra egingo dabe hagaitik.
Bai. Amen.

    Hau dino Jainko Jaunak: «Neu naz Alfa eta Omega, badan, bazan eta etortzekoa dan ha, Ahalguztiduna».

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Is 61, 1 (ik. Lk 4, 18an aipatua)

V/. Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
        behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau.

 

Ebanjelioa

Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
ze, berak gantzutu nau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 4, 16-21

    Aldi haretan, Jesus Nazaretera, bera hazitako herrira, joan zan, eta zapatuan, sinagogan sartu, ohi ebanez, eta zutunik jarri zan irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua emon eutsoen eta, edegitzean, pasarte hauxe aurkitu eban:

 «Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
ze, berak gantzutu nau,
behartsuei Barri Ona emoteko.
Giltzapekoei askatasuna
eta itsuei ikusmena iragartzera bialdu nau,
zapalduei askatasuna emotera,
Jaunaren grazia-urtea iragartzera».

    Liburua batu ostean, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan.
    Jesus holan hasi jaken: «Gaur bete da orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau».

Jaunak esana.