Garz05-C


GARIZUMAKO V. DOMEKA

C urtean

          Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

 (Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Dana barri egitera noa,
eta edaten emongo deutsat neure herriari.

Isaias Profetaren liburutik

Is 43, 16-21

Hauxe dino Jaunak:
Jaunak bidea zabaldu eban itsasoan,
bidezidorra ur oldartsuetan;
gurdi eta zaldi, gudaroste ahaltsua atara eban gudura;
hara, jausi dira arerioak, barriro ez jagitzeko,
amatatu dira, amaitu, kandela-metxa lez.

 «Ez gogoratu lehenaldian jazotakoez, ez gogoratu antxinakoez.
Begira, dana barri egitera noa:
hasi da sortzen, ez deutsazue igartzen?
Bidea edegiko dot basamortuan, ibaiak landa lehorrean.

Basapiztiek, txakal eta ostrukek goratuko nabe,
ura emongo dot-eta basamortuan,
ibaiak sortuazoko landa lehorrean,
neure herriari, neure aukeratuari, edaten emoteko.
Eta neuretzat eratu dodan herriak
nire gorapena iragarriko dau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 126 [125], 1-2b. 2c-3. 4-5. 6 (R/. 3)

R/.   Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak:
        hau da poza daukaguna!

V/.   Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.

V/.   Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.

V/.   Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez batzen dabe. R/.

V/.   Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-azaoak ekarriz. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristogaitik dana galdu neban,
eta haren antzeko bihurtu nahi dot heriotzan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 3, 8-14

    Senideok: Nire ustez, ez dau ezerk ezer balio Kristo Jesus nire Jauna ezagutzearen neurribako ondasunaren aldean. Kristogaitik dana galdu neban eta dana zaborraren pareko jotzen dot, ha irabaztearren eta haregaz bat eginda bizitzearren. Ez naz neurez salbatzen, hau da, legea betetzeagaitik, Kristogan sinisteagaitik baino, Jainkoak sinismenaren bidez salbatzen naualako. Kristo ezagutu nahi dot, haren biztueraren indarra neugan sumatu eta haren nekeetan partaide izan gura dot, haren antzeko bihurtu heriotzan, holan hildakoen biztueran be parte izango dodan itxaropenez.
    Ez dot esan nahi hori lortu dodanik edota helmugara heldu nazanik; baina lehian jarraitzen dot ea eskuratzen dodan, Kristo Jesusek ni neu eskuratu ninduan lez. Senideok, ez dot uste oraindino eskuratu dodanik; baina, atzean gelditu danaz ahazturik, aurrera jotzen dot eta helbururantz lehiatzen naz, saria lortzeko; horretara deitzen deust-eta Jainkoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala     

Ik. Jl 2, 12-13

V/.   Hauxe dino Jaunak:
        Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
        bihozbera eta errukitsua naz-eta.

 

Ebanjelioa      

Zuen artean pekatu barik dagoanak
bota deiola lehenengo harria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 8, 1-11

    Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Biharamon-egunsentian, ostera, tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken.
    Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, hau emakumeau adulterioan ziharduala harrapatu dabe. Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu euskun legean. Zuk zer dinozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko.
    Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaundu eta itaundu ebilkozanez, zutundu eta esan eutsen: «Zuen artean pekaturik barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala.
    Jesusek, zutunduta, esan eutson: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez zaitu inork kondenatu?» Harek erantzun: «Inork be ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk be, ez zaitut kondenatzen. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik».

Jaunak esana.