Erramu domeka_A-B-C

ASTE SANTUA

JAUNAREN NEKALDIKO

ERRAMU DOMEKA

 A urtean

Erramu-bedeinkazinoa eta prozesinoa

Ebanjelioa

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 21, 1-11

    Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi ondoko Betfage herritxura heldurik, ikasle bi bialdu zituan Jesusek, esanaz: «Zoaze aurreko herritxu horretara; behingoan asteme bat aurkituko dozue lotuta, eta astakumea berarekin; askatu eta ekarri Neuri. Eta inork ezer esaten badeutsue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina behingoan bihurtuko ditu”».

    Hori gertatu zan Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin:

 «Esan Sion uriari:
“Hara, bajatortzu zeure erregea,
apal eta asteme baten gainean,
asto baten kumearen gainean”».

    Joan ziran, bada, ikasleak eta Jesusek agindu modura egin eben; ekarri zituen astoa eta astakumea, eta euren jantziak bizkarrean ezarri eutsiezan, eta Jesus gainean jesarri zan. Jente askok euren jantziak zabaldu ebezan bidean; beste batzuk, barriz, zuhaitzei adarrak ebagi eta bidean zabaltzen zituen. Aurretik eta ostetik joian jenteak hauxe inoan oihuka:

 «Hosanna Daviden semeari!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Hosanna Goi-goikoari!»

    Jesus Jerusalemen sartu zanean, uri osoak, harrituta, itauntzen eban: «Nor dogu berau?» Jenteak erantzuten eban: «Hau Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa».

Jaunak esana.

Mezea

A B C urteetan

Domeka honetan Mezeak hiru irakurgai ditu, eta biziro gomendatzen da hirurak irakurtzea, arrazoi pastoralek besterik eskatzen ez badabe behintzat.

     Halan be, Jaunaren Nekaldiaren irakurgaiak dauan garrantziari begiratuz, eskubidea dau abadeak, fededunen batzar bakotxaren izaera kontuan izanik, irakurgai bakarra aldarrikatzeko Ebanjelio aurretik, edota Nekaldiaren kontakizuna bakarrik –eta, halan behar izan ezkero, era laburrean gainera– irakurtzeko. Baina hori, herriarekin ospatzen diran Mezetan bakarrik egin daiteke.

A urtean

I. Irakurgaia

Ez deutset aurpegia aldendu irainei,
eta badakit ez nazana lotsagarri geldituko.

Isaias Profetaren liburutik

Is 50, 4-7

Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-hitza emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei,
matrailak, bizarretik tiraka ebilkidazanei.
Ez neutsen aurpegia aldendu irainei eta txistuei.

Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harria lez,
badakit-eta ez nazana lotsagarri geldituko.

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 22 [21], 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24 (R/. ik. 2a)

R/.   Ene Jainko, ene Jainko,
        zergaitik itzi nozu eskutik?

V/.   Ikusten nabenek burla egiten deuste,
ezpanak okertuz, buruari eraginez:
«Jaunagana jo dau, libratu dagiala!
Salbatu dagiala, hainbeste maite badau». R/.

 V/. Txakur-taldeak nau inguratzen,
gaizkile-multzoak erdian hartzen.
Esku-oinak zulatu deustez,
hazur guztiak zenbatu daikedaz. R/.

V/.   Nire jantziak banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egiten.
Baina Zu, Jauna, ez egon urrun!
Ene indar, zatoz laster niri laguntzera. R/.

V/.   Iragarriko deutset zure izena neure senideei,
goratuko zaitut batzarraren erdian.
Goratu egizue Jauna, begirune deutsazuenok;
ospatu egizue, Jakoben ondorengo guztiok,
izan haren bildur, Israelen seme-alabok. R/.

II. Irakurgaia

Apaldu egin eban bere burua;
horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 2, 6-11

    Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutson gogor eutsi Jainkozko bere mailari;
bestela baino, egokion aintza itzi
eta esklabo-izaera hartu eban, gizakien antzeko eginez.
Eta gizaki huts modura agertuz, apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino, kurutzean hiltzeraino.

Horregaitik, danen gainetik goratu eban Jainkoak
eta izen guztietan bikainena emon eutson,
Jesusen izenaren omenez danen belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien Jesu Kristo dala Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurreko txatala

Ik. Flp 2, 8-9

V/.   Kristo gugaitik menpeko egin zan heriotzaraino,
        kurutzeko heriotzaraino.
        Horregaitik Jainkoak goratu egin eban
        eta izen guztien gaineko izena emon eutson.

Ebanjelioa

Jaunaren Nekaldiaren kondaira argimutilik eta intsentsurik gabe aldarrikatuko da, eta liburuari agurrik eta kurutzerik egin barik. Diakonoak aldarrikatuko dau edo, diakonorik ez bada, abadeak berak. Kristau soilek ere aldarrikatu daikee, baina Kristoren hitzak, ahal dala, abadeari itziz.
     Irakurleek, diakono diranean, bestela ez, bedeinkapena eskatuko deutsoe abadeari Nekaldia aldarrikatzen hasi aurretik, Ebanjeliorako ohi danez.
     Laburdurak, alkarrizketa-moduan irakurri nahi danerako jarri dira:
= Jesus; K = Kronikaria; S = Sinagoga eta gainerako berba-lagunak.

     Nekaldia era laburrean ik. honen ondoren.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Mateoren liburutik

Mt 26, 14–27, 66

Zenbat agintzen deustazue, Jesus zuei eskura emoteagaitik?

    Aldi haretan, Hamabietako batek, Judas Iskariote eritxonak, abadeburuakana joan eta esan eutsen:

    S «Zenbat agintzen deustazue, Jesus zuei eskura emoteagaitik?»

    K Hareek zidarrezko hogeta hamar txanpon agindu eutsoezan. Harrezkero, Jesus hareei eskura emoteko aukeraren bila ebilen Judas.

Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?

    Legaminik bako Ogien Jaiko lehenengo egunean, ikasleek Jesusengana hurreratu eta itaundu eutsoen:

    S «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?»

    K Jesusek erantzun eutsen:

    «Zoaze urira, urliagana, eta esaiozue: Maisuak dino hurrean dala beraren ordua, eta zuen etxean ospatu nahi dauala Pazkoa ikasleakaz”».

    K Jesusek agindu bezala egin eben ikasleek, eta pazko-afaria prestatu eben. 

Zuetako batek saldu egingo nau.

    Iluntzean, mahaian egoan Jesus hamabi ikasleakaz eta, afaltzen ziharduala, esan eban:

    «Bene-benetan dinotsuet: Zuetariko batek saldu egingo nau».

    K Ikasleak, oso goibeldurik, itaunka hasi jakozan banaka:

    S «Nik ete, Jauna?»

    K Harek erantzun:

    «Neugaz plater beretik jaten diharduan batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek haren gainean dinoen moduan; baina zoritxarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe eukean jaio izan ez balitz».

    K Orduan, Judasek, salduko ebanak, itaundu eutson:

    S «Neu ete naz, Maisu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk esan dozu».

Hau neure Gorputza da. Hau neure Odola da.

    K Afaltzen egozala, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez:

    «Hartu egizue, jan: hau neure Gorputza da».

    K Gero, edalontzi bat hartu eta esker oneko otoitza eginez, emon eutsen, esanez:

    «Edan guztiok honetatik: hau neure Odola da-eta, itunaren Odola, pekatuak parkatzeko askoren alde isuriko dana. Hara zer dinotsuedan: hemendik aurrera ez dot gehiago ardao honetatik edango, neure Aitaren erreinuan zuekaz ardao barria edango dodan egunera arte».

    K Gorazarreak abestu ostean, Oliamendirantz urten eben.

Joko dot artzaina,
eta artaldeko ardiak banatu egingo dira.

    Jesusek esan eutsen:

    «Gaur gauean zuen guztion sinismenak huts egingo dau Neu nazala-eta, ze honan dago idatzita Liburu Santuan: Joko dot artzaina, eta artaldeko ardiak banatu egingo dira. Baina Ni, biztu ostean, aurretik joango naiatzue Galileara». 

    K Orduan, Pedrok esan eutson:

    S «Beste guztien sinismenak huts egiten badau be, nireak ezelan be ez».

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Benetan dinotsut: Gaur gauean bertan, oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu».

    K Pedrok esan eutson:

    S «Zugaz hil behar badot be, ez zaitut ezelan eta ezertara be ukatuko».

    K Eta gauza bera inoen ikasle guztiek.

Tristura eta larria sentitzen hasi zan.

    Jesus ikasleakaz Getsemani eritxon landa batera heldu zan, eta esan eutsen:

    «Zagoze hemen, Ni hara otoitz egitera noan bitartean».

    K Pedro eta Zebedeoren seme biak eroan zituan beragaz. Tristura eta larria sentitzen hasi zan, eta esan eutsen:

    «Hiltzeko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zagoze erne Neugaz batera».

    K Eta aurreragotxuago joanda, ahuspez jausi zan eta otoitz egin eban, esanez:

    «Ene Aita, ahal bada, urrundu egizu Nigandik edari mingots hau. Baina ez bedi egin Nik nahi bezala, Zeuk gura dozun moduan baino».

    K Joan zan ikasleakana eta lo aurkitu zituan. Pedrori esan eutson:

    «Baina, baina, ordubete be ezin izan zarie Nigaz itzarrik egon? Zagoze zuhur eta egin otoitz, tentaldian jausi ez zaitezen: gogoz adoretsu izan arren, gizakia makala da-eta».

    K Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin eban, esanez:

    «Ene Aita, edari mingots hau nahitaez edan behar badot, egin bedi zure nahia».

    K Eta barriro bihurtuta, lo aurkitu zituan, begiak astun zituen-eta. Hareek lagata, barriro be aldendu eta hirugarren biderrez otoitz egin eban, lehengo hitz berberak esanez. Gero, ikasleakana joan eta esan eutsen:

    «Egin lo eta hartu atseden. Hara, heldu da ordua Gizonaren Semea pekatarien esku itzia izateko. Jagi, goazen, hurrean da salduko nauana».

 Heldu eta atxilotu egin eben.

    K Oraindino berbetan ebilela, han agertu zan Judas, Hamabietariko bat; jentetza handia etorren beragaz, abadeburuek eta herriko zaharrek bialduta, ezpatak eta makilak eskuetan ebezala. Saltzaileak seinale hau emona eutsen:

    S «Nik mosua emongo deutsadana, haxe da; atxilotu egizue».

    K Behingoan Jesusengana hurreratu eta esan eutson:

    S «Agur, Maisu!»

    K Eta mosua emon eutson. Jesusek esan eutson:

    «Adiskide, egizu egitekoa».

    K Orduan, besteek, Jesusengana hurreraturik, oratu eta atxilotu egin eben. Jesusegaz egozanetariko batek, eskua luzatuz, ezpata atara eban, abade nagusiaren morroia jo eta belarria ebagi eutson. Jesusek esan eutson:

    «Bihurtu ezpata bere lekura; ezpata darabilana ezpataz hilko da. Zer uste dozu? Ezin deutsadala neure Aitari dei egin laguntza eske? Hamabi aingeru-talde eta gehiago ipiniko leukez behingoan nire esku. Baina zelan beteko litzatekez orduan Liburu Santuak, ze honan gertatu behar dauala dinoe».

    K Une haretan, Jesusek jente-taldeari esan eutson:

    «Lapur baten bila legetxe etorri zarie, ezpata eta makilakaz, Ni harrapatzera. Egunero jesartzen nintzan tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hau guztiau profetek idatzitakoa bete dadin gertatu da».

    K Orduan, ikasle guztiek Jesus itzi eta ihes egin eben.

Ikusiko dozue Gizonaren Semea
Jainko ahalguztidunaren eskuman jesarrita.

    Jesus atxilotu ebenek Kaifas abade nagusiaren etxera eroan eben, ze hantxe egozan batuta lege-maisuak eta herriko zaharrak. Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, abade nagusiaren jauregiraino joan zan eta, barrura sartuta, morroiakaz jesarri zan, ha guztia zertan amaitzen zan ikusteko.
    Abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontra guzurrezko testigantza bila ebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez eben aurkitzen, guzurrezko testigu asko agertu arren. Azkenean, bi azaldu ziran, esanez:

    S «Honek esan eban: “Jainkoaren santutegia desegin neike eta hiru egunean barriro eregi”».

    K Zutundu zan orduan abade nagusia eta esan eutson.

    S «Ez ete deutsezu ezer erantzun behar zure kontrako salaketa horreei?»

    K Baina Jesus isilik egoan. Abade nagusiak esan eutson:

    S «Jainko biziagaitik eskatzen deutsut: Esaiguzu ea Zu zaran Mesias, Jainkoaren Semea».

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk esan dozu. Eta gehiago dinotsuet: Oraintxetik Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuman jesarrita eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko dozue».

    K Orduan, abade nagusiak bere soinekoak urratu zituan, esanez:

    S «Biraoa esan dau. Ba ete dogu lekukoen beharrizanik? Zeuek entzun dozue biraoa. Zer deritxozue?»

    K Hareek erantzun:

    S «Heriotza merezidu dau».

    K Orduan, aurpegira txua bota eta ukabilka erabili eben; beste batzuk matrailekoak emoten eutsoezan, esanez:

    S «Igarri egik, Mesias: zeinek jo hau?»

Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu.

    K Pedro kanpoan egoan jesarrita, patioan; neskame batek hurreratu eta esan eutson:

    S «Zu be Jesus Galilearragaz ibiltzen zinan».

    K Pedrok guztien aurrean ukatu eban:

    S «Ez dakit zertaz zabiltzan».

    K Atarira urten eban, eta beste neskame batek ikusi eta esan eutsen ingurukoei:

    S «Hau Jesus Nazaretarragaz ibiltzen zan».

    K Pedrok barriro ukatu eban, zin eginez:

    S «Ez dot ezagutzen gizon hori!»

    K Handik laster, han egozanek Pedrogana inguratu eta esan eutsoen:

    S «Bai, zeu be horreetarikoa zara; berbetan dozu ezagun».

    K Orduan Pedro biraoka eta madarikazinoka hasi zan:

    S «Ez dot ezagutzen gizon hori!»

    K Eta orduantxe oilarrak jo eban. Jesusek esana gogoratu jakon Pedrori: «Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu», eta, kanpora urtenik, garratz emon eutson negarrari. 

Pilato gobernariaren eskuetara emon eben Jesus.

    Eguna argitu ebanean, abadeburu eta herriko zahar guztiek batu eta Jesusen kontrako erabagia hartu eben, heriotzara kondenatzeko. Gero, lotuta eroan eben eta Pilato gobernariaren eskuetara emon.

Ez da legezkoa diru hau tenpluko dirutegira botatzea,
ze odoletan lohitua da.

    Judas saltzaileak, Jesus kondenatu egin ebela ikustean, damu izan eban eta zidarrezko hogeta hamar txanponak abadeburu eta herriko zaharrei bihurtu eutsezan, esanez:

    S «Oker egin dot errubakoa heriotzara emonez».

    K Baina hareek erantzun eutsoen:

    S «Eta guri zer? Hor konpon!»

    K Orduan, dirua tenpluan jaurtita, alde egin eta bere burua urkatu eban. Abadeburuek dirua jaso eta esan eben:

    S «Ez da legezkoa diru hau tenpluko dirutegira botatzea, ze odoletan lohitua da».

    K Eta alkarren artean erabagi ostean, «Buztingilearen soloa» erosi eben diru haregaz, kanpotarren kanposantu izan zedin. Horregaitik, gaur egun be «Odol-solo» deitzen jako leku hari. Holan bete zan Jeremias profetak esana: «Eta hartu zituen zidarrezko hogeta hamar txanponak; hori izan zan israeldarrek ezarri eutsoen salneurria. Eta buztingilearen soloa erosteko erabili zituen, Jaunak agindu eustan moduan».

Juduen erregea zara Zu?

    Pontzio Pilato Gobernariaren aurrera aurkeztu eben Jesus. Gobernariak itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Abadeburuak eta herriko zaharrak salatu eta salatu ziharduen Jesusen aurka, baina harek ez eban berbarik erantzuten. Pilatok esan eutson:

    S «Ez ete dozu entzuten zenbat gauza ataratzen daben zure aurka?»

    K Jesusek salakuntza bakar bati be ez eutsonez erantzunik emoten, zeharo harrituta egoan Gobernaria. Pazko-jai guztietan preso bat askatzeko ohitura eban Gobernariak, herriak nahi ebana. Bazan orduan preso ospetsu bat, Barrabas eritxona. Herria batu zanean, Pilatok itaundu eutsen:

    S «Nor gura dozue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias dalakoa?»

    K Ze ondo ekian ikusi ezinez emona eutsoela Jesus. Auzitegian jarrita egoala, emazteak mezu hau bialdu eutson:

    S «Ez egin ezer errubako honi; asko sufridu dot bart amesetan hori dala-eta».

    K Baina abadeburuek eta herriko zaharrek berotu egin eben jentea, Barrabasen askapena eta Jesusen heriotza eskatu egian. Gobernariak barriro itaundu eutsen:

    S «Biotako zein askatzea gura dozue?»

    K Hareek erantzun:

    S «Barrabas».

    K Pilatok esan eutsen:

    S «Eta zer egin behar dot Jesusegaz, Mesias dalakoagaz?»

    K Dan-danek erantzun eben:

    S «Josi kurutzean!»

    K Eta harek:

    S «Zer oker egin dau, bada?»

    K Hareek, gero eta deadar handiagoz:

    S «Josi kurutzean!»

    K Pilatok, dana alperrik zala eta gainera iskanbila sortzera joiala ikusita, ura hartu eta eskuak garbitu zituan jentearen aurrean, esanez:

    S «Ez naz gizon honen heriotzaren erantzule. Zeuok ikusi!»

    K Herri osoak erantzun eban:

    S «Geu eta geure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!»

    K Orduan, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortu eragin ostean, hareei eskura emon eutsen, kurutzean josi egien.

Agur, juduen erregea!

    Gobernariaren gudariek jauregira eroan eben Jesus eta gudari-talde osoa batu eben haren inguruan. Soinekoak erantzi eta purpurazko kapa jantzi eutsoen. Arantzaz egindako koroa ipini eutsoen buruan eta kainabera eskuan. Eta, aurrean belaunikaturik, burlazar erabilen, esanez:

    S «Agur, judeguen erregea!»

    K Txua botatzen eutsoen eta, kainabera kendurik, buruan jotzen eben. Burla ugari egin ostean, kapa kendu eta bere soinekoak jantzi eutsoezan. Gero, kurutzean jostera eroan eben.

 Jesusegaz batera lapur bi josi zituezan kurutzean.

    Urtetean, Zireneko gizon bat aurkitu eben, Simon eritxona, eta Jesusen kurutzea eroatera behartu eben. Golgota izeneko lekura heldu ziranean —Golgotak «Buru-hazur» esan gura dau—, behaztunez nahastutako ardaoa emon eutsoen edatera; Jesusek dastatu eban, baina ez eban edan gura izan. Kurutzean josi ebenean, gudariek Jesusen jantziak banatu egin zituen, zotz eginez, eta hantxe gelditu ziran jarrita bera jagoten. Buruaren gainaldean kondenazinoaren arrazoia ipini eben idatzita: HAU JESUS DA, JUDEGUEN ERREGEA. Jesusegaz batera lapur bi josi zituezan kurutzean, bata eskuman eta bestea ezkerrean.

Jainkoaren Seme benetan bahaz!
Jatsi hadi kurutzetik!

    Handik igarotzen ziranek iraindu egiten eben Jesus, buruari eraginez eta esanez:

    S «Santutegia desegin eta hiru egunean barriro eregiko ei heuan horrek, salbatu egik heure burua, Jainkoaren Seme benetan bahaz! Jatsi hadi kurutzetik!»

    K Era berean, abadeburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek be burla egiten eutsoen, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin salbatu. Israelgo erregea ei dok; jatsi daitela orain kurutzetik, eta sinistuko joagu beragan. Jainkoagan jarria jok uste ona; libratu dagiala orain, maite badau; etxoan, ba, esaten Jainkoaren Semea zala?»

    K Beragaz kurutzean josirik egozan gaizkile biek be irain egiten eutsoen.

Eli, Eli, lema sabaktani.

    Eguerditik hirurak arte, ilundu egin eban lurbira osoa. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan eban:

    «Eli, Eli, lema sabaktani»,

    K hau da:

    «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»

    K Hau entzutean, bertan ziran batzuk esan eben:

    S «Eliasi deika jabilk».

    K Behingoan, hareetariko batek, lasterka joan, ozpinetan bustitako belakia hartu eta, kainabera bati ertzean lotuz, edaten emon eutson. Besteek, ostera, inoen:

    S «Egon, ea jatorkon Elias salbatzera».

    K Baina Jesusek, barriro deadar handia eginez, azken arnasa emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

    Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan, goitik beheraino; lurrikara izan zan eta hatxak arrakalatu egin ziran; hilobiak zabaldu eta hilik egoan santu asko biztu egin zan. Honeek, euren hilobietatik urten eta, Jesus biztu ondoren, uri santuan sartu ziran eta jente askori agertu jakozan. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta beragaz Jesus jagoten egozan besteek, bildurrak jota, esan eben:

    S «Benetan, Jainkoaren Semea zan hau».

    K Baziran han emakume asko be, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziran, beraren zerbitzari; hareen artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.

Josek hatxean zulaturiko hilobi barri baten
jarri eban Jesusen gorpua.

    Iluntzean, Jose eritxon Arimateako gizon aberats bat etorri zan, Jesusen ikaslea. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. Pilatok emoteko agindu eban. Josek, gorpua harturik, izara garbi baten batu eban eta hatxean zulaturiko hilobi barri baten jarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi eta joan egin zan. Maria Magdalena eta beste Maria hilobi aurrean jesarrita egozan.

Badituzue zeuen guardiak.
Zoaze, eta jagon dakizuen modura.

    Biharamona zapatua zan. Abadeburuak eta fariseuak Pilatogana alkarregaz joan, eta esan eutsoen:

    S «Jauna, gogoan dogu guzur-saltzaile horrek, oraindino bizi zala, esan ebala: «Hiru egunen buruan biztu egingo naz». Agindu egizu, bada, hirugarren egunera arte hilobia jagoteko; ez daitela gertatu, beraren ikasleak gorpua eroan eta gero «Biztu da hilen artetik» herriari esanez etortzea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke».

    K Pilatok erantzun eutsen:

    S «Badituzue zeuen guardiak. Zoaze, eta jagon dakizuen modura».

    K Joan ziran, bada, eta hilobia segurtatu eben, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.

Jaunak esana.

           Nekaldia era laburrean.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Mateoren liburutik

Mt 27, 11-54

Judeguen erregea zara Zu?

    Aldi haretan, Pontzio Pilato Gobernariaren aurrera aurkeztu eben Jesus. Gobernariak itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Abadeburuak eta herriko zaharrak salatu eta salatu ziharduen Jesusen aurka, baina harek ez eban berbarik erantzuten. Pilatok esan eutson:

    S «Ez ete dozu entzuten zenbat gauza ataratzen daben zure aurka?»

    K Jesusek salakuntza bakar bati be ez eutsonez erantzunik emoten, zeharo harrituta egoan Gobernaria. Pazko-jai guztietan preso bat askatzeko ohitura eban Gobernariak, herriak nahi ebana. Bazan orduan preso ospetsu bat, Barrabas eritxona. Herria batu zanean, Pilatok itaundu eutsen:

    S «Nor gura dozue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias dalakoa?»

    K Ze ondo ekian ikusi ezinez emona eutsoela Jesus. Auzitegian jarrita egoala, emazteak mezu hau bialdu eutson:

    S «Ez egin ezer errubako honi; asko sufridu dot bart amesetan hori dala-eta».

    K Baina abadeburuek eta herriko zaharrek berotu egin eben jentea, Barrabasen askapena eta Jesusen heriotza eskatu egian. Gobernariak barriro itaundu eutsen:

    S «Biotako zein askatzea gura dozue?»

    K Hareek erantzun:

    S «Barrabas».

    K Pilatok esan eutsen:

    S «Eta zer egin behar dot Jesusegaz, Mesias dalakoagaz?»

    K Dan-danek erantzun eben:

    S «Josi kurutzean!»

    K Eta harek:

    S «Zer oker egin dau, bada?»

    K Hareek, gero eta deadar handiagoz:

    S «Josi kurutzean!»

    K Pilatok, dana alperrik zala eta gainera iskanbila sortzera joiala ikusita, ura hartu eta eskuak garbitu zituan jentearen aurrean, esanez:

    S «Ez naz gizon honen heriotzaren erantzule. Zeuok ikusi!»

    K Herri osoak erantzun eban:

    S «Geu eta geure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!»

    K Orduan, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortu eragin ostean, hareei eskura emon eutsen, kurutzean josi egien.

Agur, judeguen erregea!

    Gobernariaren gudariek jauregira eroan eben Jesus eta gudari-talde osoa batu eben haren inguruan. Soinekoak erantzi eta purpurazko kapa jantzi eutsoen. Arantzaz egindako koroa ipini eutsoen buruan eta kainabera eskuan. Eta, aurrean belaunikaturik, burlazar erabilen, esanez:

    S «Agur, judeguen erregea!»

    K Txua botatzen eutsoen eta, kainabera kendurik, buruan jotzen eben. Burla ugari egin ostean, kapa kendu eta bere soinekoak jantzi eutsoezan. Gero, kurutzean jostera eroan eben.

Jesusegaz batera lapur bi josi zituezan kurutzean.

    Urtetean, Zireneko gizon bat aurkitu eben, Simon eritxona, eta Jesusen kurutzea eroatera behartu eben. Golgota izeneko lekura heldu ziranean —Golgotak «Buru-hazur» esan gura dau—, behaztunez nahastutako ardaoa emon eutsoen edatera; Jesusek dastatu eban, baina ez eban edan gura izan. Kurutzean josi ebenean, gudariek Jesusen jantziak banatu egin zituen, zotz eginez, eta hantxe gelditu ziran jarrita bera jagoten.

    Buruaren gainaldean kondenazinoaren arrazoia ipini eben idatzita: HAU JESUS DA, JUDEGUEN ERREGEA. Jesusegaz batera lapur bi josi zituezan kurutzean, bata eskuman eta bestea ezkerrean.

 Jainkoaren Seme benetan bahaz;
jatsi hadi kurutzetik!

    Handik igarotzen ziranek iraindu egiten eben Jesus, buruari eraginez eta esanez:

    S «Santutegia desegin eta hiru egunean barriro eregiko ei heuan horrek, salbatu egik heure burua, Jainkoaren Seme benetan bahaz! Jatsi hadi kurutzetik!»

    K Era berean, abadeburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek be burla egiten eutsoen, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin salbatu. Israelgo erregea ei dok; jatsi daitela orain kurutzetik, eta sinistuko joagu beragan. Jainkoagan jarria jok uste ona; libratu dagiala orain, maite badau; etxoan, ba, esaten Jainkoaren Semea zala?»

    K Beragaz kurutzean josirik egozan gaizkile biek be irain egiten eutsoen.

Eli, Eli, lema sabaktani.

    Eguerditik hirurak arte, ilundu egin eban lurbira osoa. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan eban:

    «Eli, Eli, lema sabaktani»,

    K hau da:

    «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»

    K Hau entzutean, bertan ziran batzuk esan eben:

    S «Eliasi deika jabilk».

    K Behingoan, hareetariko batek, lasterka joan, ozpinetan bustitako belakia hartu eta, kainabera bati ertzean lotuz, edaten emon eutson. Besteek, ostera, inoen:

    S «Egon, ea jatorkon Elias salbatzera».

    K Baina Jesusek, barriro deadar handia eginez, azken arnasa emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

    Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan, goitik beheraino; lurrikara izan zan eta hatxak arrakalatu egin ziran; hilobiak zabaldu eta hilik egoan santu asko biztu egin zan. Honeek, euren hilobietatik urten eta, Jesus biztu ondoren, uri santuan sartu ziran eta jente askori agertu jakozan. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta beragaz Jesus jagoten egozan besteek, bildurrak jota, esan eben:

    S «Benetan, Jainkoaren Semea zan hau».

Jaunak esana.

ASTE SANTUA

JAUNAREN NEKALDIKO

ERRAMU DOMEKA

 B urtean

Erramu-bedeinkazinoa eta prozesinoa

Ebanjelioa

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 11, 1-10

    Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi ondoko Betfage eta Betania herritxuetara helduta, ikasleetariko bi bialdu zituan Jesusek, esanez: «Zoaze aurreko herritxu horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko dozue lotuta, gainean oraindik inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri. Eta nonork zer darabilzue esaten badeutsue, erantzun: “Jaunak behar dau; baina behingoan bihurtuko dau bertora”».
    Joan ziran, bada, eta han aurkitu eben astakumea ate ondoan lotuta, kanpotik kalean, eta askatzen hasi ziran. Bertan egozanetariko batzuk esan eutsien: «Zer darabilzue astakumea askatzen?» Jesusek esana adierazorik, hareek astakumea eroaten itzi eutsien.
    Jesusi eroan eutsoen, eta euren jantziak astakumeari bizkarrean ipini eutsoezan, eta Jesus gainean jarri zan. Askok euren soinekoak zabaldu zituen bidean; beste batzuk, barriz, landetan ebagitako abarrak. Aurretik eta ondotik joiazenek, hauxe inoen oihuka:

 «Hosanna!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua datorren erreinua, gure aita Daviden erreinua!
Hosanna Goi-goikoari!»

Jaunak esana.

          Edo:     

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 12, 12-16

    Aldi haretan, jaietarako etorri zan jentetza handiak, Jesus Jerusalemera etorrela jakitean, palma-adarrak hartu eta bidera urten eutson eta oihuka hasi zan:

 «Hosanna!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua Israelgo erregea!»
  
Astotxu bat aurkiturik, gainean jarri zan Jesus, Liburu Santuak dinoan lez:

 «Ez bildurrik izan, Sion uria!
Hara, badatorkizu zeure erregea,
astakume baten gainean jarria».

    Ikasleak ez ziran orduan profezia honetaz jaubetu; baina gero, Jesus goratua izan zanean, konturatu ziran Liburu Santuak dinoan haxe berbera egin eutsoela Jesusi.

Jaunak esana.

MEZEA

I. Irakurgaia

Ez deutset aurpegia aldendu irainei,
eta badakit ez nazana lotsagarri geldituko.

Isaias Profetaren liburutik

Is 50, 4-7

Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-hitza emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei,
matrailak, bizarretik tiraka ebilkidazanei.
Ez neutsen aurpegia aldendu irainei eta txistuei.

Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harria lez,
badakit-eta ez nazana lotsagarri geldituko.

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 22 [21], 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24 (R/. ik. 2a)

R/.   Ene Jainko, ene Jainko,
        zergaitik itzi nozu eskutik?

V/.   Ikusten nabenek burla egiten deuste,
ezpanak okertuz, buruari eraginez:
«Jaunagana jo dau, libratu dagiala!
Salbatu dagiala, hainbeste maite badau». R/.

 V/. Txakur-taldeak nau inguratzen,
gaizkile-multzoak erdian hartzen.
Esku-oinak zulatu deustez,
hazur guztiak zenbatu leikedaz. R/.

V/.   Nire jantziak banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egiten.
Baina Zu, Jauna, ez egon urrun!
Ene indar, zatoz laster niri laguntzera. R/.

V/.   Iragarriko deutset zure izena neure senideei,
goratuko zaitut batzarraren erdian.
Goratu egizue Jauna, begirune deutsazuenok;
ospatu egizue, Jakoben ondorengo guztiok,
izan haren bildur, Israelen seme-alabok. R/.

II. Irakurgaia

Apaldu egin eban bere burua;
horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 2, 6-11

    Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutson gogor eutsi Jainkozko bere mailari;
bestela baino, egokion aintza itzi
eta esklabo-izaera hartu eban, gizakien antzeko eginez.
Eta gizaki huts modura agertuz, apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino, kurutzean hiltzeraino.

Horregaitik, danen gainetik goratu eban Jainkoak
eta izen guztietan bikainena emon eutson,
Jesusen izenaren omenez danen belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien Jesu Kristo dala Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurreko txatala

Ik. Flp 2, 8-9

V/.   Kristo gugaitik menpeko egin zan heriotzaraino,
        kurutzeko heriotzaraino.
        Horregaitik Jainkoak goratu egin eban
        eta izen guztien gaineko izena emon eutson.

Ebanjelioa

          Nekaldia era laburrean ik. honen ondoren.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Markosen liburuti

Mk 14, 1–15, 47

Jesus azpikeriaz zelan atxilotuko ebiltzan, hiltzeko.

    Handik egun bira, Pazkoa eta Legaminabako Ogien Jaia ospatzen ziran. Abadeburuak eta lege-maisuak Jesus azpikeriaz zelan atxilotuko ebiltzan, hiltzeko. Baina hauxe inoen:

    S «Ez gero jaiegunean, herrian nahasterik izan ez dadin».

Aldez aurretik igurtzi dau nire gorputza hilobirako

    K     Jesus Betanian zan, Simon lepradunaren etxean. Mahaian egoala, emakume bat etorri zan, harri zurizko ontzian nardozko ukendu usain gozodun eta karua ekarrela. Ontzia apurtu eta Jesusi burura isuri eutson. Batzuk, hasarre, hauxe inotsien alkarri:

    S «Zergaitik holan alperrik galdu lurrin hori? Hirurehun denarioz goitik saldu eitekean eta dirua behartsuei emon». 

    K Eta marmarrean ebiltzan emakumearen aurka. Baina Jesusek esan eutsen:

    «Itziozue bakean; zergaitik gogaitu eragiten deutsazue? Egintza ona egin dau Nigaz. Izan be, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta gura dozuenean on egin zeinkiee; baina Ni ez nozue betiko izango. Honek ahal ebana egin dau: aldez aurretik gantzutu dau nire gorputza hilobirako. Benetan dinotsuet: mundu guztian zehar, Barri Ona iragarriko dan leku guztietan aitatuko da honek egin dauana, beraren gomutagarri».

Judas Iskarioteri dirua agindu eutsoen.

    K Judas Iskariote, Hamabietako bat, abadeburuakana joan zan, Jesus hareei eskura emoteko asmoz. Hori entzutean, poztu egin ziran eta dirua agindu eutsoen. Eta Jesus hareei eskura emoteko aukera bila hasi zan Judas.

Non da ikasleekin Pazko Bildotsa jateko tokia?

    Legaminabako Ogien Jaiko lehen-eguna zan, Pazko Bildotsa hiltzen eben eguna. Ikasleek itaundu eutsoen Jesusi:

    S «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?»

    K Harek ikasleetariko bi bialdu zituan, esanez:

    «Zoaze urira, eta ur-errada daroan gizon bat aurkituko dozue; jarraitu egiozue, eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: Maisuak itauntzen dau non daukan ikasleekin Pazko Bildotsa jateko lekua. Harek gela handi bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atonduta. Prestatu hantxe behar doguzanak».

    K Joan ziran ikasleak eta, urira heltzean, Jesusek esaneko moduan aurkitu eben dana, eta pazko-afaria prestatu eben.

Zuetariko batek saldu egingo nau,
Nigaz jaten diharduan batek.

    Ilunabarrean, joan zan Jesus Hamabiakaz eta, mahaian afaltzen ziharduela, esan eutsen:

    «Benetan dinotsuet: Zuetariko batek saldu egingo nau, Nigaz jaten diharduan batek».

    K Hareek goibeltzen hasi ziran eta bata bestearen ondorik itaunka:

    S «Neu ete naz?»

    K Jesusek erantzun:

    «Hamabietariko batek, Nigaz plater beretik jaten dabilenak. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek haretaz dinoenez; baina zoritxarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe eukean jaio izan ez balitz».

Hau neure Gorputza da.
Hau neure Odola da, itunaren Odola.

    K Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez:

    «Hartu egizue: hau neure Gorputza da».

    K Gero, edalontzi bat hartu eta esker onezko otoitza esanez, emon eutsen, eta guztiek edan eben bertatik. Eta esan eutsen:

    «Hau neure Odola da, itunaren Odola, askoren alde isuriko dana. Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardao honetatik edango, Jainkoaren erreinuan ardao barria edango dodan egunera arte».

Oilarrak bi bider jo baino lehen,
zuk hiru aldiz ukatuko nozu.

    K Gorazarreak abestu ostean, Oliamendirantz urten eben. Jesusek esan eutsen:

    «Guztion sinismenak huts egingo dau, ze, holantxe dago idatzita Liburu Santuan: Joko dot artzaina eta ardiak banatu egingo dira. Baina Ni, biztu ondoren, aurretik joango naiatzue Galileara».

    K Orduan, Pedrok esan eutson:

    S «Beste guztien sinismenak huts egiten badau be, nireak ez».

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Benetan dinotsut: Gaur gauean berton, oilarrak bi bider jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nozu».

    K Baina Pedrok gero eta indartsuago:

    S «Zugaz hil behar badot be, ez zaitut ezelan eta ezertara be ukatuko».

    K Eta gauza berbera esaten eben guztiek.

Ikara eta larria sentitzen hasi zan.

    Getsemani eritxon landa batera heldu ziran, eta Jesusek esan eutsen ikasleei:

    «Zagoze hemen, Nik otoitz egin bitartean». 

    K Pedro, Santiago eta Joan eroan zituan beragaz. Ikara eta larria sentitzen hasi zan, eta esan eutsen:

    «Hiltzeko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zagoze itzarrik».

    K Eta aurreratxuago joanik, lurrean jausita, otoizka ebilkion Jainkoari, urrundu eiola ha ordua, ahal bazan. Holan inoan:

    «Abba! Aita!, Zuk guztia ahal dozu; urrundu egizu Nigandik edari mingots hau. Baina ez bedi egin Nik gura dodana, Zeuk gura dozuna baino».

    K Ikasleakana joan eta lo aurkitu zituan. Pedrori esan eutson:

    «Simon, lo? Ordubete be ezin izan zara itzarrik egon? Zagoze zuhur eta egin otoitz, tentaldian jausi ez zaitezen: ze, gogoz gartsu izan arren, ahula da gizakia».

    K Barriro aldendu eta otoitz egin eban, arteko hitz berberak esanez. Eta barriro bihurturik, lo aurkitu zituan, begiak astun ebezan-eta; hareek ez ekien zer erantzun. Hirugarren aldiz joan jaken eta esan eutsen:

    «Egin lo eta hartu atseden! Nahikoa da! Heldu da ordua: hara Gizonaren Semea pekatarien esku itzia. Jagi, goazen, hurrean da salduko nauana».

Atxilotu eta eroan arduraz.

    K Berbetan ziharduala, han azaldu zan Judas, Hamabietariko bat; jente-taldea etorren beragaz, abadeburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek bialduta, ezpatak eta makilak eskuetan. Saltzaileak hauxe seinalea emona eutsen:

    S «Nik mosua emongo deutsadana, haxe da; atxilotu eta eroan arduraz».

    K Heldu baizen laster, Jesusengana hurreratu eta esan eutson:

    S «Maisu!»

    K Eta mosua emon eutson. Besteek heldu eta atxilotu egin eben. Han egoan batek ezpata atara, abade nagusiaren morroia jo eta belarria ebagi eutson. Jesusek esan eutsen:

    «Lapur baten bila lez etorri zarie, ezpata eta makilakaz, Ni harrapatzera. Egunero zeuen artean nintzan tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen preso hartu. Baina halan izan behar dau, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».

    K Ikasleek Jesus itzi eta hanka egin eben. Gazte bat ondorik joiakon, soinean izara bat besterik ez ebala, eta eskua bota eutsoen; baina harek, izara itzi eta alde egin eban biluzik.

 «Zu zara Mesias,
Jainko bedeinkatuaren Semea?

    Abade nagusiaren etxera eroan eben Jesus, eta han batu ziran abadeburuak, herriko zaharrak eta lege-maisuak. Jesusen atzetik joan zan Pedro, urrunetik jarraituz, abade nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiakaz batera jesarrita, sutondoan berotzen egoan.
    Abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila ebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez eben aurkitzen. Asko ziran haren aurka guzurrezko testigantza egiten ebenak; baina lekukotasunak ez etozan bat. Batzuk jagi eta guzurrezko testigantza hau egin eben Jesusen kontra:

    S «Geuk entzun deutsagu esaten: “Neuk desegingo dot giza eskuz egindako santutegi hau eta hiru egunean beste bat eregiko dot, giza eskuz egin bakoa”».

    K Baina honetan be ez etozan bat hareen testigantzak. Orduan, abade nagusiak, batzarraren erdian zutunik, itaundu eutson Jesusi:

    S «Ez ete dozu ezer erantzun behar? Zer dira zure kontrako salaketa horreek?»

    K Baina Jesus isilik egoan eta ez eban ezer erantzuten. Abade nagusiak barriro itaundu eutson:

    S «Zu zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?»

    K Jesusek erantzun:

    «Bai, Neu naz, eta Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskoian jesarrita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko dozue».

    K Abade nagusiak bere soinekoak urratu zituan, esanez:

    S «Ba ete dogu lekukoen beharrizanik? Zeuek entzun dozue biraoa. Zer deritxozue?»

    K Guztiek heriotza merezidu ebala erabagi eben. Batzuk txistua botatzen hasi jakozan eta, aurpegia estalduz, ukabilka erabili eben, esanez:

    S «Igarri egik, profeta!»

    K Guardiek be matrailekoka erabilien.

Ez dot ezagutzen zuek dinozuen gizon hori!

    Pedro beheko patioan egoala, abade nagusiaren neskame bat etorri zan. Pedro berotzen ikusirik, begira-begira jarri eta esan eutson.

    S «Zeu be Nazareteko Jesusekin ibiltzen zinan».

    K Baina harek ukatu egin eban:

    S «Ez dakit zer dinozun be, ez deutsut ulertzen!» 

    K Kanpora, atarira, urten eban, eta oilarrak jo eban. Ikusi eban neskameak eta han egozanei be esan eutsen:

    S «Hau horreetarikoa da».

    K Pedrok barriro ukatu eban. Handik laster, han egozanek be halan inoen:

    S «Bai, zeu be horreetarikoa zara, galilearra zara-eta».

    K Pedro biraoka eta madarikazinoka hasi zan:

    S «Ez dot ezagutzen zuek dinozuen gizon hori!»

    K Eta behingoan oilarrak bigarren biderrez jo eban. Jesusek esana gogoratu jakon Pedrori: «Oilarrak bi bider jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nozu», eta negarrari emon eutson.

Gura dozue judeguen erregea askatzea?

    Eguna argitu baizen laster, abade buruak, herriko zaharrak eta lege-maisuak batu egin ziran, Batzar Nagusi osoa, eta, erabagia hartu ostean, Jesus loturik hartu eta Pilatori eskura emon eutsoen. Pilatok itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Abadeburuak salatu eta salatu ebiltzan haren aurka. Pilatok itaundu eutson barriro:

    S «Ez ete dozu ezer erantzun behar? Begira zenbat salakuntza egiten daben zure aurka».

    K Baina Jesusek ez eutson gehiago erantzun, eta harrituta egoan Pilato. Pazko-jai guztietan preso bat askatzen eban Pilatok, herriak eskatzen ebana. Bazan kartzelan Barrabas izeneko bat, matxinadan giza hilketa egindakoa beste matxinatuekin batera. Igon eban jenteak Pilatoren jauregira eta ohitura ebana emoteko eskatzen hasi ziran. Pilatok erantzun eutsen:

    S «Gura dozue judeguen erregea askatzea?»

    K Ze baekian abadeburuek ikusi ezinez emon eutsoela Jesus. Baina abadeburuek jentea berotu egin eben, Barrabas askatzeko eskatu egian. Pilatok barriro itaundu eutsen:

    S «Eta zer egin behar dot judeguen errege esaten deutsazuen horregaz?»

    K Hareek, orduan, deadarka:

    S «Josi kurutzean!»

    K Eta Pilatok:

    S «Zer oker egin dau, bada?»

    K Hareek, gero eta oihu handiagoz:

    S «Josi kurutzean!»

    K Pilatok, orduan, jenteari atsegin emoteagaitik, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortuazo ostean, hareei eskura emon eutsen, kurutzean josi egien.

Arantzaz egindako koroa ipini eutsoen buruan.

    Gudariek Gobernariaren jauregi barrura eroan eben Jesus eta gudaritalde osoa batu eben. Purpurazko soinekoa ipini eutsoen aldean eta arantzaz egindako koroa buruan. Eta agurka hasi jakozan:

    S «Agur, judeguen erregea!»

    K Kainaberaz buruan jotzen eben eta txistua botatzen eutsoen eta, belaunikaturik, aurrean ahuspez jartzen jakozan. Haren lepotik nahiko barre egin ostean, purpurazko jantzia kendu eta bere soinekoak jantzi eutsoezan. Gero, atara eta kurutzean josteko eroan eben.

Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus.

    Solotik etxerakoan handik joian bat, Simon Zirenekoa, Alexandro eta Ruforen aita, kurutzea eroatera behartu eben. Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus (Golgota hitzak «Buru-hazur» esan gura dau).

Gaizkileen artekotzat jo eben.

    Mirraz nahastatuko ardaoa eskeini eutsoen, baina ez eban hartu. Kurutzean josi eben, eta gudariek haren jantziak banatu egin zituen, zer norentzat zotz eginez. Bederatziak ziran kurutzean josi ebenean. Holan inoan kondenazinoaren arrazoia adierazten eban idazkunak: JUDEGUEN ERREGEA. Jesusegaz batera lapur bi josi zituen kurutzean, bata eskuman eta bestea ezkerrean. Holan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Gaizkileen artekotzat jo eben».

Besteak salbatu jozak,
eta bere burua ezin salbatu.

    Handik igarotzen zirenek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eraginez eta esanez:

    S «Hara, santutegia desegin eta hiru egunean barriro eregiko ei ebana! Salbatu egik heure burua! Jatsi hadi kurutzetik!» 

    K Era berean, abadeburuek be, lege-maisuakaz batera, burla egiten eutsoen, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin salbatu. Mesias eta Israelgo erregea ei dok; jatsi daitela orain kurutzetik, ikusi eta sinistu dagigun».

    K Harekin kurutzean josita egozanek ere irain egiten eutsoen.

Jesusek, deadar handia eginez,
azken arnasa emon eban.

    Eguerdian, ilundu egin eban lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan eban:

    «Eloi, Eloi, lema sabaktani»,

    K hau da:

    «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»

    K Hau entzutean, han egozan batzuek esan eben:

    S «Eliasi deika jabilk».

    K Orduan batek, lasterka joan, belakia ozpinetan busti eta, kainabera bati ertzean ipiniz, edatera emon eutson, esanez:

    S «Egon, ea datorkion Elias, kurutzetik jaistera».

    K Baina Jesusek, deadar handia eginez, azken arnasa emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

    Orduan, santutegiko oihala erdi-erditik urratu zan, goitik beheraino. Aurrean egoan erromatar ehuntariak, zelan hil zan ikustean, esan eban:

    S «Benetan, Jainkoaren Semea zan gizon hau».

    K Baziran han andra batzuk be, urrutitik begira; hareen artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome; honeek Jesusen ondorik eta haren zerbitzuan ibiliak ziran, Galilean egoala. Baziran beste emakume asko be, Jesusegaz Jerusalemera igon ebenak.

Josek, harri bat irauliz,
hilobiko sarrera itxi egin eban.

    Iluntzean –zapatu-bezpera zan egun ha, Pazko-jairako prestaketa-eguna–, Arimateako Jose Pilatogana joaten ausartu zan, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseilukide ospetsua zan, eta Jainkoaren erreinua noiz helduko zain egoan. Harritu egin zan Pilato Jesus ordurako hilda egoteaz eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hila ete zan itaundu eutson. Ehuntariaren argibideak jaso ostean, gorpua eroateko baimena emon eutson Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus kurutzetik jatsirik, izaran batu eban eta harkaitzean zulatutako hilobian ipini. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi egin eban. Maria Magdalena eta Maria, Joseren ama, begira egozan non jartzen eben.

Jaunak esana.

           Nekaldia era laburrean.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Markosen liburutik

Mk 15, 1-39

Gura dozue judeguen erregea askatzea?

    Eguna argitu baizen laster, abade buruak, herriko zaharrak eta lege-maisuak batu egin ziran, Batzar Nagusi osoa, eta, erabagia hartu ostean, Jesus loturik hartu eta Pilatori eskura emon eutsoen. Pilatok itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Abadeburuak salatu eta salatu ebiltzan haren aurka. Pilatok itaundu eutson barriro:

    S «Ez ete dozu ezer erantzun behar? Begira zenbat salakuntza egiten daben zure aurka».

    K Baina Jesusek ez eutson gehiago erantzun, eta harrituta egoan Pilato. Pazko-jai guztietan preso bat askatzen eban Pilatok, herriak eskatzen ebana. Bazan kartzelan Barrabas izeneko bat, matxinadan giza hilketa egindakoa beste matxinatuekin batera. Igon eban jenteak Pilatoren jauregira eta ohitura ebana emoteko eskatzen hasi ziran. Pilatok erantzun eutsen:

    S «Gura dozue judeguen erregea askatzea?» 

    K Ze baekian abadeburuek ikusi ezinez emon eutsoela Jesus. Baina abadeburuek jentea berotu egin eben, Barrabas askatzeko eskatu egian. Pilatok barriro itaundu eutsen:

    S «Eta zer egin behar dot judeguen errege esaten deutsazuen horregaz?»

    K Hareek, orduan, deadarka:

    S «Josi kurutzean!»

    K Eta Pilatok:  

    S «Zer oker egin dau, bada?»

    K Hareek, gero eta oihu handiagoz:

    S «Josi kurutzean!»

    K Pilatok, orduan, jenteari atsegin emoteagaitik, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortuazo ostean, hareei eskura emon eutsen, kurutzean josi egien.

Arantzaz egindako koroa ipini eutsoen buruan.

    Gudariek Gobernariaren jauregi barrura eroan eben Jesus eta gudaritalde osoa batu eben. Purpurazko soinekoa ipini eutsoen aldean eta arantzaz egindako koroa buruan. Eta agurka hasi jakozan:

    S «Agur, judeguen erregea!»

    K Kainaberaz buruan jotzen eben eta txistua botatzen eutsoen eta, belaunikaturik, aurrean ahuspez jartzen jakozan. Haren lepotik nahiko barre egin ostean, purpurazko jantzia kendu eta bere soinekoak jantzi eutsoezan. Gero, atara eta kurutzean josteko eroan eben.

Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus.

    Solotik etxerakoan handik joian bat, Simon Zirenekoa, Alexandro eta Ruforen aita, kurutzea eroatera behartu eben. Golgota izeneko lekura eroan eben Jesus (Golgota hitzak «Buru-hazur» esan gura dau).

Gaizkileen artekotzat jo eben.

    Mirraz nahastautako ardaoa eskeini eutsoen, baina ez eban hartu. Kurutzean josi eben, eta gudariek haren jantziak banatu egin zituen, zer norentzat zotz eginez. Bederatziak ziran kurutzean josi ebenean. Holan inoan kondenazinoaren arrazoia adierazten eban idazkunak: JUDEGUEN ERREGEA. Jesusegaz batera lapur bi josi zituen kurutzean, bata eskuman eta bestea ezkerrean. Holan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Gaizkileen artekotzat jo eben».

Besteak salbatu jozak,
eta bere burua ezin salbatu.

    Handik igarotzen zirenek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eraginez eta esanez:

    S «Hara, santutegia desegin eta hiru egunean barriro eregiko ei ebana! Salbatu egik heure burua! Jatsi hadi kurutzetik!»

    K Era berean, abadeburuek be, lege-maisuakaz batera, burla egiten eutsoen, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin salbatu. Mesias eta Israelgo erregea ei dok; jatsi daitela orain kurutzetik, ikusi eta sinistu dagigun».

    K Harekin kurutzean josiak egozanek ere irain egiten eutsoen.

Jesusek, deadar handia eginez,
azken arnasa emon eban.

    Eguerdian, ilundu egin eban lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan eban:

    «Eloi, Eloi, lema sabaktani»,

    K hau da:

    «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»

    K Hau entzutean, han egozan batzuek esan eben:

    S «Eliasi deika jabilk».

    K Orduan batek, lasterka joan, belakia ozpinetan busti eta, kainabera bati ertzean ipiniz, edatera emon eutson, esanez:

    S «Egon, ea datorkion Elias, kurutzetik jaistera».

    K Baina Jesusek, deadar handia eginez, azken arnasa emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

    Orduan, santutegiko oihala erdi-erditik urratu zan, goitik beheraino. Aurrean egoan erromatar ehuntariak, zelan hil zan ikustean, esan eban:

    S «Benetan, Jainkoaren Semea zan gizon hau».

Jaunak esana.

ASTE SANTUA

JAUNAREN NEKALDIKO

ERRAMU DOMEKA (.PDF)

Erramu-bedeinkazinoa eta prozesinoa

 (Fray MARCOS)

C-urtean (.PDF)

Ebanjelioa      

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 19, 28-40

    Aldi haretan, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu eban danen aurretik. Oliamendi ondoko Betfage eta Betania herritxuetara hurreratu zanean, ikasleetariko bi bialdu zituan, esanez: «Zoaze aurreko herritxu horretara; sartzean, astokume bat aurkituko dozue loturik, gainean inoiz inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri. Eta inork zergaitik askatzen dozuen itaunduko baleutsue, erantzun: “Jaunak behar dau”».
    Joan ziran, bada, bialdutakoak, eta Jesusek esan bezala aurkitu eben. Astokumea askatzen ebiltzala, jabeek esan eutsien: «Zer zabiltze astokumea askatzen?» Eta hareek erantzun: «Jaunak behar dau».
    Jesusi ekarri eutsoen eta, euren jantziak astokumeari bizkarrean ipinirik, gainean jesarriazo eben. Aurrera egin ahala, jenteak euren jantziak zabaltzen eutsozan bidean. Oliamenditik beherantza hartzera joiala, ikasle-talde handia, pozez beterik, Jainkoa indartsu goratzen hasi zan, ikusi ebezan mirari guztiakaitik:

 «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea!
Bakea zerutik eta aintza Jainkoari!»

    Jente arteko fariseu batzuk esan eutsoen Jesusi: «Maisu, egiezu errieta ikasleei!» Harek erantzun eutsen: «Hara zer dinotsuedan: honeek isilduko balira, harriek egingo leukie deadar».

Jaunak esana.

Mezea

Domeka honetan Mezeak hiru irakurgai ditu, eta biziro gomendatzen da hirurak irakurtzea, arrazoi pastoralek besterik eskatzen ez badabe behintzat.
          Halan be, Jaunaren Nekaldiaren irakurgaiak dauan garrantziari begiratuz, eskubidea dau abadeak, fededunen batzar bakotxaren izaera kontuan izanik, irakurgai bakarra aldarrikatzeko Ebanjelio aurretik, edota Nekaldiaren kontakizuna bakarrik –eta, halan behar izan ezkero, era laburrean gainera– irakurtzeko. Baina hori, herriarekin ospatzen diran Mezetan bakarrik egin daiteke.

I. Irakurgaia 

Ez deutset aurpegia aldendu irainei,
eta badakit ez nazana lotsagarri geldituko.

Isaias Profetaren liburutik    

Is 50, 4-7

Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-hitza emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei,
matrailak, bizarretik tiraka ebilkidazanei.
Ez neutsen aurpegia aldendu irainei eta txistuei.

Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harria lez,
badakit-eta ez nazana lotsagarri geldituko.

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 22 [21], 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24 (R/. ik. 2a)

R/.   Ene Jainko, ene Jainko,
        zergaitik itzi nozu eskutik?

V/.   Ikusten nabenek burla egiten deuste,
ezpanak okertuz, buruari eraginez:
«Jaunagana jo dau, libratu dagiala!
Salbatu dagiala, hainbeste maite badau». R/.

 V/. Txakur-taldeak nau inguratzen,
gaizkile-multzoak erdian hartzen.
Esku-oinak zulatu deustez,
hazur guztiak zenbatu leikedaz. R/.

V/.   Nire jantziak banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egiten.
Baina Zu, Jauna, ez egon urrun!
Ene indar, zatoz laster niri laguntzera. R/.

V/.   Iragarriko deutset zure izena neure senideei,
goratuko zaitut batzarraren erdian.
Goratu egizue Jauna, begirune deutsazuenok;
ospatu egizue, Jakoben ondorengo guztiok,
izan haren bildur, Israelen seme-alabok. R/.

II. Irakurgaia

Apaldu egin eban bere burua;
horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 2, 6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutson gogor eutsi Jainkozko bere mailari;
bestela baino, egokion aintza itzi
eta esklabo-izaera hartu eban, gizakien antzeko eginez.
Eta gizaki huts modura agertuz, apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino, kurutzean hiltzeraino.

Horregaitik, danen gainetik goratu eban Jainkoak
eta izen guztietan bikainena emon eutson,
Jesusen izenaren omenez danen belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien Jesu Kristo dala Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

C urtean

Ebanjelio aurreko txatala      

Ik. Flp 2, 8-9

V/. Kristo gugaitik menpeko egin zan heriotzaraino,
        kurutzeko heriotzaraino.
        Horregaitik Jainkoak goratu egin eban
        eta izen guztien gaineko izena emon eutson.

Ebanjelioa

          Nekaldia era laburrean ik. honen ondoren.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Lukasen liburutik    

Lk 22, 14–23, 56

Baneukan gogoa,
sufridu aurretik pazko-afari hau zuekaz egiteko.

 Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:

   ✠ «Baneukan gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekaz egiteko. Hara zer dinotsuedan: ez dot gehiago Pazkoa ospatuko, berau Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».

    K Eta edalontzi bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:

    «Hartu egizue eta banatu zeuon artean. Hara zer dinotsuedan: ez dot gaurtik gehiago ardao honetatik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».

Egizue hau neure oroigarri».

    K Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez:

    «Hau neure Gorputza da, zuentzat emongo dana. Egizue hau neure oroigarri».

    K Afal ondoan gauza berbera egin eban edalontziarekin, esanez:

    «Edalontzi hau itun barria da, zuentzat isuriko dan neure Odolaz ezarria.

Gizonaren Semea salduko dauanaren errukarria!

    Baina begira, Neugaz mahaian dago salduko nauanaren eskua. Gizonaren Semea badoa, erabagita dagoan bezala; baina, salduko dauanaren errukarria!»

    K Ikasleak euren artean itaunka hasi ziran, nor izan ete eitekean hori egingo ebana.

Ni zerbitzari lez nago zuen artean.

    Eztabaida sortu zan ikasleen artean, nor ete zan handiena euren artean. Jesusek esan eutsen:

    «Herrietako erregeek menpean hartzen ditue euren herriak, eta agintedunek Ongile deitzea gura izaten dabe. Zuek ez jokatu holan; zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Izan be, nor ete da handiago, mahaian jarrita dagoana ala zerbitzen diharduana? Ez ete da mahaian dagoana? Ba, Ni zerbitzari lez nago zuen artean.

    Zuek Neugaz iraun dozue nire probaldietan. Eta Nik erreinua emoten deutsuet, Aitak Neuri emon eustan lez; neure mahaian jango eta edango dozue nire erreinuan, eta tronuetan jesarriko zarie, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko».

Zuk, Nigana bihurtzean, sendotu egizuz zeure senideak.

    K Eta esan eban gainera:

    «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaitue, garia galbahean bezala zuek astintzeko; baina Nik otoitz egin dot zure alde, zure fedea amatatu ez dadin. Eta zuk, Nigana bihurtzean, sendotu egizuz zeure senideak».

    K Pedrok esan eutson:

    S «Jauna, prest nago Zugaz baita kartzelara eta heriotzara be joateko».

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Hara zer dinotsudan, Pedro: gaur oilarrak ez dau joko, zuk hiru aldiz ukatu arte Ni ezagutzen nozula.

Neugan bete beharrekoa da idatzita dagoana.

    K Ostean, guztiei esan eutsen:

    «Falta izan zenduen ezer, boltsarik eta zakutorik eta oinetakorik barik bialdu zinduedazanean?»

    K Hareek erantzun:

    S «Ezer ere ez».

    K Jesusek barriro:

    «Orain, ostera, boltsa daukanak hartu dagiala eta gauza bera zakutoa daukanak; eta ezpatarik ez daukanak saldu dagiala soingainekoa eta erosi ezpata. Ze, benetan dinotsuet, Neugan bete beharrekoa dala Liburu Santuan idatzita dagoan hau: “Gaizkileen kidekotzat jo eben”. Izan be, nireak laster egingo dau».

    K Hareek esan eutsoen:

    S «Jauna, badaukaguz hemen ezpata bi».

    K Harek erantzun:

    «Nahikoa da!»

Larriaren larriak eraginik,
oraindino gartsuago egiten eban otoitz.

    K Urten eban Jesusek eta, ohitura eban lez, Oliamendira joan zan; ikasleek be jarraitu eutsoen. Hara heltzean, Jesusek esan eutsen:

    «Egizue otoitz tentaldian ez jausteko».

    K Eta hareengandik harrikada bat bide aldenduta, belauniko holantxe egin eban otoitz:

    «Aita, gura badozu, urrundu egizu Nigandik edari mingots hau; baina ez bedi egin nire nahia, zeurea baino».

    K Honetan, aingeru bat agertu jakon zerutik, adorea emonez. Eta, larriaren larriak eraginik, oraindino gartsuago egiten eban otoitz. Izerdia tantaka erion lurrera, odola baizen lodi. Otoitzetik zutundurik, ikasleakana joan zan; atsekabearen atsekabez, lotan aurkitu zituan, eta esan eutsen:

    «Zelan zagoze lo? Jagi eta egin otoitz, tentaldian ez jausteko».

Judas, mosu bategaz saltzen dozu Gizonaren Semea?

    K Oraindino berbetan ziharduala, gizataldea agertu zan; Hamabietariko bat, Judas eritxona, etorren euren buru, eta Jesusengana hurreratu zan mosua emotera. Jesusek esan eutson:

    «Judas, mosu bategaz saltzen dozu Gizonaren Semea?»

    K Gertatzera joiana ikusita, Jesusen inguruan egozanek esan eutsoen:

    S «Jauna, erasoko deutsegu ezpataz ala?»

    K Eta hareetariko batek abade nagusiaren morroia jo eta eskumako belarria ebagi eutson. Baina Jesusek esan eban:

    «Itzi! Nahikoa da!»

    K Eta, belarria ikutuz, osatu egin eban. Orduan, beraren aurka etorriak ziran abadeburuei, tenpluko guardiaburuei eta herriko zaharrei esan eutsen:

    «Lapur baten bila bezala etorri zarie, ezpata eta makilekin. Egunero zeuekin nintzan tenpluan, eta ez zeunsten eskurik ezarri; baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».

Kanpora urtenda, Pedrok negarrari emon eutson saminez beterik.

    K Jesus preso hartu eta abade nagusiaren etxera eroan eben. Pedrok urrutitik jarraitu eutson. Batzuk patio erdian sua biztu eta inguruan jesarrita egozan; Pedro be euren artean jesarri zan. Neskame batek, Pedro sutondoan jesarrita ikustean, begira-begira jarri eta esan eutson:

    S «Hauxe be Jesusekin ibiltzen zan».

    K Baina harek ukatu egin eban:

    S «Emakume, nik ez dot ezagutzen hori!»

    K Handik lasterrera, beste batek ikusi eta esan eutson:

    S «Zeu be horreetarikoa zara».

    K Eta Pedrok:

    S Ez, gizona! Ni neu ez!»

    K Handik ordubetera edo, beste batek gogor inoan:

    S «Bai, hauxe be Jesusekin ibiltzen zan, galilearra da-eta».

    K Pedrok erantzun eban:

    S «Ez dakit zer dinozun be, gizona!»

    K Eta une berean, oraindino berbetan ziharduala, oilarrak jo eban. Bihurtu zan Jauna eta Pedrori begiratu eutson. Gogoratu jakon Pedrori Jaunak esanekoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu», eta, kanpora urtenda, negarrari emon eutson saminez beterik.

Igarri egik, profeta: nork jo hau?

    Jesus preso eukienek burlaka eta joka erabilien. Begiak estaldurik, itauntzen eutsoen:

    S «Igarri egik, profeta: nork jo hau?»

    K Eta beste berba iraingarri asko esaten eutsoezan.

Batzar Nagusira eroan eben.

    Eguna argitu ebanean, batu ziran herriko Zaharren Kontseilua, abadeburuak eta lege-maisuak eta Jesus Batzar Nagusira eroan eben. Hauxe esan eutsoen:

    S «Mesias bazara, esaiguzu».

    K Jesusek erantzun:

    «Esaten badeutsuet, ez deustazue sinistuko eta, itauntzen badeutsuet, ez deustazue erantzungo. Baina hemendik aurrera, Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuman jesarrita egongo da».

    K Orduan, guztiek esan eben:

    S «Beraz, Jainkoaren Semea zara Zu?»

    K Harek erantzun eutsen:

    «Zeuek dinozue, Neu naz».

    K Hareek orduan:

    S «Ba ete dogu testigantza beharrizanik? Geuk entzun deutsagu beraren ahotik».

    K Jagi ziran danak eta Pilatogana eroan eben Jesus.

Nik neuk ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi.

    Han Jesus salatzen hasi ziran, esanez:

    S «Gure herria nahasten aurkitu dogu hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazoten dau eta bera Mesias, erregea, dala esaten».

    K Pilatok itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Pilatok abadeburu eta jente-taldeari esan eutsen:

    S «Nik neuk ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi».

    K Baina hareek, behin eta barriro:

    S «Judea guztian zehar herria goikoz behera jartzen dabil bere irakatsiakaz, Galileatik hasi eta honaino».

    K Hori entzutean, ha gizona ea galilearra zan itaundu eban Pilatok. Eta, Herodesen menpekoa zala jakin ebanean, harengana bialdu eban, egun hareetan Jerusalemen zan-eta.

Herodesek, bere soldaduakaz batera,
Jesus destainez eta burlaz erabili eban.

    Poz-pozik jarri zan Herodes Jesus ikustean, ze, aspalditik eban ha ikusteko gogoa, haretaz entzunak ebazanakaitik; mirariren bat egiten ikusteko itxaropena be baeukan. Herodesek itaun asko egin eutsozan, baina Jesusek ez eutson ezertxu be erantzun. Bitartean, han ziharduen abadeburuak eta lege-maisuak salatu eta salatu. Herodesek, bere soldaduakaz batera, Jesus destainez eta burlaz erabili ostean, soineko distiratsua jantzi eta Pilatogana bialdu eban barriro. Egun haretan lagun egin ziran Pilato eta Herodes, artean arerio ziran-eta.

Pilatok hareen esku itzi eban Jesus.

     Pilatok abadeburuak, agintariak eta herria barriro batu eta esan eutsen:

    S «Gizon hau herriaren nahastatzaile lez ekarri deustazue; baina itaunak egin deutsadaz zeuen aurrean eta ez deutsat aurkitu zuek botatzen deutsazuen errurik bat bera be; ezta Herodesek be, ze, geugana bialdu dau ostera. Honek ez dau heriotza merezidu dauanik ezer egin. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot».

    K Baina guztiek aho batez deadarka esan eutsoen:

    S «Kendu hori eta askatu eiguzu Barrabas».

    K Urian izandako matxinada eta giza hilketa bategaitik espetxean sartuta eukien Barrabas hori. Jesus askatu nahian, Pilatok barriro egin eutsen berba. Baina hareek deadarka jarraitu eben:

    S «Kurutzera hori! Josi kurutzean!»

    K Pilatok hirugarren aldiz esan eutsen:

    S «Zer oker egin dau, bada, honek? Nik ez dot hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldia emon eta askatu egingo dot».

    K Baina hareek deadar eta deadar ziharduen kurutzeratu egiala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziran deadarrak.

    Orduan, Pilatok hareen eskabidearen aurrean makurtzea erabagi eban, eta hareek eskatzen ebena, matxinada eta hilketagaitik espetxean egoana, askatzea eta Jesus euren esku itzi eban.

 Jerusalemgo emakumeok,
ez egin negarrik Nigaitik.

    Jesus kurutzean jostera eroiela, solotik etorren bat, Simon Zirenekoa, hartu eben eta kurutzea leporatu eutsoen, Jesusen atzetik eroan egian.

    Herriko jente-talde handia joian Jesusen ondorik, baita emakume asko be, bular joka eta beragaitik aieneka. Bihurtu zan Jesus hareengana eta esan eutsen.

    «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik Nigaitik; egizue negar zeuokaitik eta zeuon seme-alabakaitik. Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: “Zorionekoak agorrak, umerik sortu ez daben sabelak eta hazi ez daben bularrak!” Orduan, holan hasiko dira mendiei esaten: “Jausi zaiteze geure gainera”, eta tontorrei: “Ezkutatu gagizuez”. Izan be, egur hezeari hau egiten badeutsoe, zer ez ete deutsoe egingo igarrari?»

    K Jesusegaz batera, gaizkile bi be eroan zituen hiltzera.

Aita, parkatu eiezu, ez dakie zertan diharduen-eta.

     «Buru-hazur» eritxon lekura heldu ziranean, bertan josi eben kurutzean Jesus, baita gaizkile biak be, bata Jesusen eskumaldean eta bestea ezkerrean. Jesusek holantxe inoan:

    «Aita, parkatu eiezu, ez dakie zertan diharduen-eta».

    K Soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituen, zotz eginez.

Hau judeguen erregea da.

    Herria begira egoan. Agintariak, barriz, keinuka ebilkozan, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak; salbatu dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, bada».

    K Soldaduek be burla egiten eutsoen; hurreraturik, ozpina eskeintzen eutsoen, esanez:

    S «Judeguen erregea bahaz, salbatu egik heure burua!»

    K Gainean idazkun hau eukan: «HAU JUDEGUEN ERREGEA DA».

Gaur Neugaz izango zara paradisuan.

    Kurutzetik dindilizka egozan gaizkileetariko bat Jesusi irainka ebilkon:

    S «Hi ez haz, ba, Mesias? Salbatu egik heure burua eta salbatu gagizak geu be!»

    K Baina besteak agiraka egin eutson, esanez:

    S «Zigorra jasoten hagoala be ez deutsak bildurrik Jainkoari ala? Gurea legezkoa dok, ze, geure eginakaitik merezia joaguk; baina honek ez jok ezelako okerrik egin».

    K Gero, esan eban:

    S «Jesus, gogoratu zaitez nitaz, zeure erreinura heltzean».

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Benetan dinotsut: gaur Neugaz izango zara paradisuan».

Aita, zeure eskuetan izten dot neure espiritua!

    K Eguerdi aldea zan, eta ilundu egin eban lurbira osoan hirurak arte. Eguzkia ezkutatu egin zan eta santutegiko oihala erdi-erditik urratu zan. Jesusek deadar handiz esan eban:

    «Aita, zeure eskuetan izten dot neure espiritua!»

    K Eta hori esanda, azken arnasa emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

    Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu eban, esanez:

    S «Benetan be zintzoa zan gizon hau!»

    K Ikuskizunera joandako jente guztia, gertatua ikusirik, bular joka bihurtu zan urira. Bertan egozan Jesusen ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu eutsoen emakumeak be, urrutitik dan-dana ikusten.

 Hatxean zulatutako hilobian
ezarri eban Josek Jesusen gorpua.

    Orduan, kontseiluko kide bat etorri zan, Jose eritxona, gizon on eta zintzoa; honek ez zituan ontzat emon Batzar Nagusiaren erabagia eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zan izatez, eta Jainkoaren erregetza noiz etorriko begira egoan. Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. Jesus kurutzetik jatsirik, izara baten batu eban eta hatxean zulatutako eta oraindik beste inor lurperatu bako hilobian ezarri.

    Jairako prestaketak egiteko eguna zan eta zapatua hastera joian. Galileatik Jesusegaz etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanda, ikusi eben hilobia eta begiratu Jesusen gorpua zelan ipintzen eben. Gero, bihurtu eta usain gozoko ukenduak eta mirra prestatu ebezan.

Jaunak esana.

          Nekaldia era laburrean.

          Kronikariak:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Lukasen liburutik    

Lk 23, 1-49

    Aldi haretan, jagi ziran herriko Zaharren Kontseilua, abadeburuak eta lege-maisuak eta Pilatogana eroan eben Jesus.

Nik neuk ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi.

    Han Jesus salatzen hasi ziran, esanez:

    S «Gure herria nahasten aurkitu dogu hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazoten dau eta bera Mesias, erregea, dala esaten».

    K Pilatok itaundu eutson:

    S «Judeguen erregea zara Zu?»

    K Jesusek erantzun eutson:

    «Zeuk dinozu».

    K Pilatok abadeburu eta jente-taldeari esan eutsen:

    S «Nik neuk ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi».

    K Baina hareek, behin eta barriro:

    S «Judea guztian zehar herria goikoz behera jartzen dabil bere irakatsiakaz, Galileatik hasi eta honaino».

    K Hori entzutean, ha gizona ea galilearra zan itaundu eban Pilatok. Eta, Herodesen menpekoa zala jakin ebanean, harengana bialdu eban, egun hareetan Jerusalemen zan-eta.

Herodesek, bere soldaduakaz batera,
Jesus destainez eta burlaz erabili eban.

    Poz-pozik jarri zan Herodes Jesus ikustean, ze, aspalditik eban ha ikusteko gogoa, haretaz entzunak ebazanakaitik; mirariren bat egiten ikusteko itxaropena be baeukan. Herodesek itaun asko egin eutsozan, baina Jesusek ez eutson ezertxu be erantzun. Bitartean, han ziharduen abadeburuak eta lege-maisuak salatu eta salatu. Herodesek, bere soldaduakaz batera, Jesus destainez eta burlaz erabili ostean, soineko distiratsua jantzi eta Pilatogana bialdu eban barriro. Egun haretan lagun egin ziran Pilato eta Herodes, artean arerio ziran-eta.

Pilatok hareen esku itzi eban Jesus.

    Pilatok abadeburuak, agintariak eta herria barriro batu eta esan eutsen:

    S «Gizon hau herriaren nahastatzaile lez ekarri deustazue; baina itaunak egin deutsadaz zeuen aurrean eta ez deutsat aurkitu zuek botatzen deutsazuen errurik bat bera be; ezta Herodesek be, ze, geugana bialdu dau ostera. Honek ez dau heriotza merezidu dauanik ezer egin. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot».

    K Baina guztiek aho batez deadarka esan eutsoen:

    S «Kendu hori eta askatu eiguzu Barrabas».

    K Urian izandako matxinada eta giza hilketa bategaitik espetxean sartuta eukien Barrabas hori. Jesus askatu nahian, Pilatok barriro egin eutsen berba. Baina hareek deadarka jarraitu eben:

    S «Kurutzera hori! Josi kurutzean!»

    K Pilatok hirugarren aldiz esan eutsen:

    S «Zer oker egin dau, bada, honek? Nik ez dot hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldia emon eta askatu egingo dot».

    K Baina hareek deadar eta deadar ziharduen kurutzeratu egiala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziran deadarrak. 

    Orduan, Pilatok hareen eskabidearen aurrean makurtzea erabagi eban, eta hareek eskatzen ebena, matxinada eta hilketagaitik espetxean egoana, askatzea eta Jesus euren esku itzi eban.

Jerusalemgo emakumeok,
ez egin negarrik Nigaitik.

    Jesus kurutzean jostera eroiela, solotik etorren bat, Simon Zirenekoa, hartu eben eta kurutzea leporatu eutsoen, Jesusen atzetik eroan egian.

    Herriko jente-talde handia joian Jesusen ondorik, baita emakume asko be, bular joka eta beragaitik aieneka. Bihurtu zan Jesus hareengana eta esan eutsen.

    «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik Nigaitik; egizue negar zeuokaitik eta zeuon seme-alabakaitik. Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: Zorionekoak agorrak, umerik sortu ez daben sabelak eta hazi ez daben bularrak!” Orduan, holan hasiko dira mendiei esaten: “Jausi zaiteze geure gainera”, eta tontorrei: “Ezkutatu gagizuez”. Izan be, egur hezeari hau egiten badeutsoe, zer ez ete deutsoe egingo igarrari?»

    K Jesusegaz batera, gaizkile bi be eroan zituen hiltzera.

Aita, parkatu eiezu, ez dakie zertan diharduen-eta.

     «Buru-hazur» eritxon lekura heldu ziranean, bertan josi eben kurutzean Jesus, baita gaizkile biak be, bata Jesusen eskumaldean eta bestea ezkerrean. Jesusek holantxe inoan:

    «Aita, parkatu eiezu, ez dakie zertan diharduen-eta».

    K Soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituen, zotz eginez.

Hau judeguen erregea da.

    Herria begira egoan. Agintariak, barriz, keinuka ebilkozan, esanez:

    S «Besteak salbatu jozak; salbatu dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, bada».

    K Soldaduek be burla egiten eutsoen; hurreraturik, ozpina eskeintzen eutsoen, esanez:

    S «Judeguen erregea bahaz, salbatu egik heure burua!»

    K Gainean idazkun hau eukan: HAU JUDEGUEN ERREGEA DA.