Garizumako I. astelehena
I. Irakurgaia
Epaitu zuzenbidez zeure herritarra.
Lebitarrena liburutik
Lb 19, 1-2. 11-18
Jaunak honan berba egin eutson Moisesi:
«Esan israeldarren alkarte osoari: "Izan zaiteze santu, Ni, Jauna zuen
Jainkoa, santua naz-eta.
Ez egin lapurretarik. Ez esan guzurrik. Ez
egin iruzurrik zeure herritarrari. Ez egin guzurrezko zinik nire izenean: zeure
Jainkoaren izena profanatzea izango litzateke. Neu naz Jauna.
Ez zapaldu lagun hurkoa, ez narrutu. Ez itzi
biharamonerako langileari eguneko lansaria emotea. Ez madarikatu gorra, ez
jarri oztoporik bidean itsuari; begirune izango deutsazu zeure Jainkoari. Neu
naz Jauna.
Ez egin zuzenbakokeriarik epaiketan, ez
behekoaren alde jartzeagaitik, ezta handikiari mesede egiteagaitik be: epaitu
zuzenbidez zeure herritarra. Ez ibili herritarren izena lohitzen. Ez egin
salaketa faltsurik lagun hurkoa kondenatzeko. Neu naz Jauna.
Ez izan bihotzean gorrotorik zeure
senidearentzat; baina zuzendu zeure herritarra, haren pekatuen erantzukizunik
izan ez dagizun. Ez egin bengantzarik, ez izan erresuminik zeure
herritarrarentzat. Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez. Neu naz
Jauna"».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 19 [18], 8. 9. 10. 15 (R/. ik. Jn 6, 63c)
R/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira.
V/. Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.
V/. Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren
agindua distiratsu, begien argigarri. R/.
V/. Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren
erabagiak benetako, dan-danak bidezko. R/.
V/. Hartu egizuz atseginez nire hitz eta gogoetak,
Jauna,
ene hatx eta askatzaile. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
2 Ko 6, 2b
V/. Begira, oraintxe da sasoi egokia,
oraintxe
salbazino-eguna.
Ebanjelioa
Nire seniderik txikien honeetako
bati egin zeuntsoena
neuri egin zeunsten.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 25, 31-46
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak beragaz– aintzaz beterik etortzean, bere
errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko
dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak
ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta
ahuntzak ezkerraldean.
Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei:
“Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat
prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri,
eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta
jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri
zinien”.
Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna,
noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta
edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta
jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
Eta erregeak erantzungo deutse:
“Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena
neuri egin zeunsten”.
Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde
nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan
betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez
zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez
ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera
etorri”.
Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz
ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota
espetxean, eta guk lagundu ez?”
Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet:
txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
Eta honeek betiko zigorretara joango dira;
zintzoak, barriz, betiko bizitzara».
Jaunak esana.
Iruzkina
Gizonaren Semea hartzen dau izen-goititzat Jesusek eta eginkizun lez herrialde guztiak batzea, eta euren gain epaia emotea dagokio. Eta, zein izango da gizakiaren aztertu beharreko jokabidea, epaitu beharrekoa? Ez da izango legearen aurreango zintzotasuna, edo eskeintzariak hutsik barik egin izana edo Jainkoaganako oneraspena... ondokoenganako ardurea izango da aintzat hartua: «gose nintzan, eta jaten emon zeusten...»
Izadi ederrean aurkitu daiteke Jainkoa, eta aintzaldu; baina zelan otseindu? Behartsuaren egoerea kontutan izanda baino ez. Geu garala —esan geike— behartsuagana heltzeko Jainkoak daukan erea eta bidea. Geurea da eginkizun hori. Eta horixe hartuko da kontutan epai egunean: «...espetxean egon nintzan eta ikustera etorri zintxatazan».
Egia esan, danok ez gara gauza gaisoagaz egoteko, edo baztertuagana hurreratzeko. Baina orduan bai izan behar izango geukela kontuan Caritasen lana. Aintzat hartu geike harek egiten dauana, geure lan lez hartu geike. Eta bere bitartez heldu geintekez behartsuengana, baztertuengana.
Izan daigun gogoan: Gizonaren Semearen epaia txiro eta behartsu eta baztertuaren aldekoa izango da. Ea aurkitzen nauan neu ere alderdi horretan.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak bere seme-alaba santu gura gaitu, errukitsuak eta senideen onari begiratzen dakienak. Jo daigun erreguka bere bihotz errukitsura:
—Mundu honetan gosez hilten dagozanen alde, espetxean edo etxe barik edo gaisoak jota dagozanen alde: ondo bizi garanon bihotzetan urratu handi bat izan daitezan, eta gure buruak eurei laguntzera behartuak ikus daiguzan, egin daigun otoitz.
—Eleizearen alde: daukazan aberastasunak beharrezko erakundeen esku izten hasi daiten, pobreen artean ikusia izan daiten eta pobreek euren etxe lez ikusi daien, egin daigun otoitz.
—Kristau guztion alde: pobreziagaz eta munduko gabeziagaz benetan konprometitu gaitezan bizitza neurritsuaz eta kontsumoaren murrizketeaz, bihotz errukitsua agertu ahal izan daigun, egin daigun otoitz.
—Nazioetako buruzagien alde: pobreen aldeko hitzarmenak bertan behera egotetik berreskuratu daiezan eta pobrezia ezabatzen ahalegindu daitezan, gizarte solidarioago baten, egin daigun otoitz.
—Ugaritasunean bizi izan arren, Jainkoari eguneroko ogia eskatzen deutsogunok daukaguna banantzen jakin daigun, eskuzabalak izaten, eta horrela daukaguna Jainkoari eskertzen, egin daigun otoitz.
† Aberatson eta pobreen Aita/Ama zaitugun Jainko: atara gaizuz gure ikuspegi motxetatik, eta, behartsuari begira jarriz, mundu alkartuagoa eraiki daigula ondasunen alkarbanantzeaz. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako I. martitzena
I. Irakurgaia
Nire hitzak Neuk nahi dodana egingo dau.
Isaias Profetaren liburutik
Is 55, 10-11
Hauxe dino Jaunak:
«Euria eta edurra zerutik jaisten dira
eta
ez dira barriro hara bihurtzen
lurra
ase, beratu eta emonkor egin barik,
ereiteko
hazia eta jateko ogia emon dagizan;
halan
egingo dau nire ahotik urtendako hitzak be:
ez
da Nigana hutsik bihurtuko,
egingo
dau, ostera, Nik nahi dodana
eta
beteko Nik ezarritako helburua».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 34 [33], 4-5. 6-7. 16-17. 18-19 (R/. ik. 18b)
R/. Bildur guztietatik libratu ninduan Jaunak.
V/. Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu
dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana
jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez
jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak
dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta
estualdi guztietatik eban salbatu. R/.
V/. Zintzoengana ditu Jaunak begiak,
adi
hareen oihura belarriak.
Gaizkileen
aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik
ezabatzeko hareen gogorapena. R/.
V/. Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak
entzun,
larrialdi
guztietatik libratzen ditu.
Hurrean
jake Jauna bihotz-hausiei,
salbatzen
ditu barru-jausiak. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Mt 4, 4b
V/. Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren
ahotik urteten dauan hitz guztitik baino.
Ebanjelioa
Zuek honan egingo dozue otoitz.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 6, 7-15
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, ze uste dabe euren
berba-jarioari esker entzungo deutsela Jainkoak. Ez izan hareen antzeko, ze
badaki zuen Aitak zer behar dozuen, zuek eske hasi baino lehenago. Beraz, zuek
honan egingo dozue otoitz:
“Gure
Aita, zeruetan zarana,
Santu
izan bedi zure izena;
Etor
bedi zure erreinua;
Egin
bedi zure nahia
Zeruan
bezala lurrean ere.
Emoiguzu
gaur egun honetako ogia;
Parkatu
gure zorrak,
Geuk
ere geure zordunei
Parkatzen
deutsegun ezkero;
Ez
eiguzu itzi tentazinoan jausten
Eta
atara gagizuz gatxetik”.
Izan be, zuek besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez, zeuoi be parkatuko deutsue zeruko zuen Aitak; baina besteei parkatzen ez badeutsezue, zeuoi be ez deutsuez parkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».
Jaunak esana.
Iruzkina
«Badaki-eta zuen Aitak zer behar dozuen» —dinosku Jesusek. Baina ha ta guztiz ere «zuek honan egingo dozue otoitz» —esaten deusku. Otoitza ez da, ba, Jainkoari guk zer behar dogun gogoratuazoteko, beragaz hartu-emonetan jarteko baino.
Eta hona Jesusek zelango begiramena deuskun: Jainkoari «Aita» deitu deiogula dinosku; berak deitzen deutson lez; bere kide egiten gaitu; bere mailan jarten gaitu. Maila horretatixik ulertu geike «Aita gurea»k bere barruan daroan aberastasun guztia.
Hasierako hiru eskarietan "gora" begira jarten gaitu; Jainkoa zelango «Aita» dogun gogoratuazoten deusku (zeruetan dana, santua eta bere erreinuan nahi gaituana).
Hurrengo lau eskarietan garatzen da gure izan beharra, Aitaren seme-alaba lez: eguneroko ogia eskatzeak ondasunak ez metatzera garoaz, geroa Jainkoaren esku iztera, harengan uste on osoa izatera, inoiz ez gaitula-ta behartsu itziko... Horra besteenganako alkartasunerako deia, behartsuenganako begiramen-eskea: eurekin gara, batez ere, senide.
Baina gure hutsak autortzen jakin daigula ere, eta alkarri parkatzen, eta bestearenak ere parkatzen gogoratzen deusku..., hau azpimarratuz, gainera. Hain gatx egiten ete jaku norbere errua autortzea, edo bestearena parkatzea? Izango da horrelangorik, Jesusek azpimarratu egiten badau.
Ba, giro hau autortu dauanak (Jainkoaren hurtasuna, haren erruki eta maitasuna, alkarren arteko senidetasuna, erreinuaren oparotasuna...) ez dau ezelan ere handik aldentzerik nahi izango. Baina hortxe dagoz zirikatzaileak; hortxe dago norbere handigurea eta norbere mugak autortu nahi ez izatea eta hareen gainetik jarten jardutea... Ba, ez gaizala tentaldi horretan jausten itzi. Atara gaizala gatx guztietatik.
Jainkoari usterik handienaz hitz egin deiogun «Aita!» gozo-gozo deituz.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak hitz egitea emon deusku alkarren barri izateko eta bera goretsi eta alkar goresteko. Emon deiogun zeregina gure hitz egiteari:
—Jainkoaren hitza ez da beragana hutsik bihurtuko. Eleizeak Jainkoaren hitza zabalduz, haren izena lurralde guztietan aintzaldu daian eta seme-alaba guztiak bedeinkatu daizan, egin daigun otoitz.
—Ahaltsu eta eukitsuek, batez ere euren otoitzetan, mundu honetako behartsuak izan daiezan gogoan, eta honeexengan goretsi daien Jainkoa, egin daigun otoitz.
—Pobreek eta baztertuek, aurrean erabiliek eta esplotatuek, euren otoitzak entzunak ikus daiezan, eta ahal dabenen laguntzea eskuratu daien, egin daigun otoitz.
—Jainkoa gorestea eta aintzaltzea bilatzen dabenek behartsuak izan daiezan gogoan, eta hareik duintasunera jasotea bilatu daien, egin daigun otoitz.
—Uste onezko otoitza egiten dogunok eta mahai beretik jaten, alkarren begirunea izan daigun, eta alkarren arduraz egin deiogun dei Jainkoari, egin daigun otoitz.
† Guztion Aita/Ama zaitugun Jainkoa: eskerrak emoten deutsuguz zuganako uste ona emoten deuskuzulako; zuganako begirunea izan deiogula senideari ere. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako I. eguaztena
I. Irakurgaia
Ninivetarrak euren bide okerretik bihurtu.
Jonasen Profezia liburutik
Jon 3, 1-10
Jaunak Jonasi berba egin eta esan eutson:
«Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan
mezua».
Ninivera joan zan Jonas, Jaunak agindu
eutson lez. Ninive uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eukan alderik
alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau
iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninive hondatua izango da».
Sinistu eutsoen Ninivetarrek Jainkoari eta barau-deia
zabaldu eben eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran. Heldu
jakon barria Niniveko erregeari be eta, tronutik jagirik, errege-jantziak
erantzi eta dolu-jantziz estaldu zan, eta errautsetan jesarri. Gero, erregearen
eta haren ministroen agindu hau zabaldu eben Niniven: «Jente eta abere, behi
eta ardi, ez begi batek be ezer dastatu, ez beitez larratu, ez begie edan.
Jenteak eta abereak estaldu beitez dolu-jantziz; dei egin begioe gartsu
Jainkoari eta bihurtu beitez danak euren bide okerretik eta indarkeriazko euren
egintzetatik. Beharbada, atzera egingo dau Jainkoak be eta damutuko da,
harenbaten harantz-honantzko da haren hasarre-sumina, eta ez gara galduko».
Ikusi eban Jainkoak Ninivetarrek egin ebena
eta euren bide okerretik bihurtu zirala, eta damutu zan hareei egindako
amenazuaz, eta ez eban bete.
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 51 [50], 3-4. 12-13. 18-19 (R/. 19b)
R/. Zuk ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz hausia eta umildua.
V/. Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
kendu
nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu
nagizu zeharo neure errutik,
garbitu
neure pekatutik. R/.
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu
arnasa sendoa nire barruan.
Ez
nagizu bota zeure aurretik,
ez
kendu niri zeure arnasa santua. R/.
V/. Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia
eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz
hausiriko espiritua da
Jainkoak
nahi dauan sakrifizioa;
Zuk
ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz
hausia eta umildua. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jl 2, 12-13
V/. Hauxe dino Jaunak:
Bihurtu
zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
bihozbera
eta errukitsua naz-eta.
Ebanjelioa
Gizaldi honi ez jako ezaugarririk
emongo,
Jonas profetarena besterik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 29-32
Aldi haretan, jente asko batzen joakola,
Jesus honan hasi jaken: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske dabil, baina ez
jako ezaugarririk emongo Jonas profetarena besterik. Izan be, Ninivetarrentzat
Jonas ezaugarri izan zan lez, halantxe izango da Gizonaren Semea gizaldi
honentzat.
Auziegunean hegoaldeko erreginak gizaldi
honetako jentearen aurka jagi eta kondenatu egingo dau ze, lurraren azken
mugetatik etorri zan ha Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta hona hemen
Salomon baino gehiago dana.
Auzi-egunean Ninivetarrek be gizaldi honen
aurka jagi eta kondenatu egingo dabe ze, hareek bihotz-barritu egin ziran
Jonasen predikazinoagaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dana».
Jaunak esana.
Iruzkina
Onura lez ete daukagu sinismena? Ba ete dakigu eskertzen sinismena? Ala eskakizun larregi jarten deuskuz, eta uste dogu hobe litzatekela ez sinistea? Inoiz jarri ete gara, gero, pentsatzen, "nirea, sinismena ala siniskeria da"? Hausnartzekoa litzateke zergaitik eskatzen deutsoen Jesusi goitiko ezaugarriren bat. Danik handiena emon arren ere, sinistuko ete leukee? Ezetz dirudi. Eta horrexegaitik jarten deutsez Jesusek adibide batzuk. Baina harei bardin deutse: ez dagoz bihozbarritzeko.
Baina bai egiten dauala Jesusek autormen adierazgarri eder bat: «hona hemen Salomon baino gehiago dana... hona hemen Jonas baino gehiago dana». Nor dogu, ba, Jesus? Zer dino bere buruaz?
Bila dabilanak aurkitu egiten dauala esan geike, eta bilaketa horrek eskatzen deutsona emoteko ere prest dago. Bila ez dabilanari gauzarik ederrena aurkezten bajako ere ez deutso zirkinik ere eragiten. Horregaitik ezin deutse harei Jesusek alperreko ezaugarririk emon.
Baina bila bagabiz, luzarora barik aurkituko dogu, aurrean jarriko jaku-ta; Jainkoak ez dau itxaronazoten. Baina horixe: bila urten behar; geure gogoa erakutsi behar. Eta gogoa dagoanean, prest dago aldakuntzarik egiteko ere. Bestela, zein gatx egiten dan bihozbarritzea! Eta hori barik, ez dago Jesus bere izantasunean hartzerik, ezagutzerik, maitatzerik, autortzerik... ezaugarriak eta bi eskatu arren ere.
Herri otoitza (Eskariak)
† Gure buruan sartu ezinbesteko errukia da Jainkoarena. Eskertu deiogun, eta apaltasunez hurreratu gakiozan:
—Eleizearen alde: Jainkoaren errukiaren antzekoa izan daiten berea, eta erruki horretan ez daiala lekurik aurkitu gaitzespenak, eta bai, ostera, zuzenbideratzeko deiak eta horretarako laguntza emoteak, egin daigun otoitz.
—Euren usteetan ttinko jarraitzen dabenek arrazoi guztiak zalantzan jarteko argia hartu daien, eta Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan jarri daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure artean agertzen diran ekonomi edo politika edo aberri salbatzaileek besteen iritzi eta gogoen gainetik igaro ez daitezan, eta batez ere apalenen eta behartsuenen oihuak gogoan hartu daiezan, egin daigun otoitz.
—Ezaugarriak eta ziurtasunak eskatzen doguzanok Jainkoari entzuten ikasi daigun eta harengan uste on osoa jarten, egin daigun otoitz.
—Otoitzerako alkartzen garanok gure ingurua ikertzen eta irakurten jakin daigun, eta han behartsuen eta baztertuen ona bilatu, egin daigun otoitz.
† Jainko errukiorra: emoiguzu hain beharrezko dogun ausardia, gure ziurtasunak laga eta fedearen eta errukiaren bideetan zehar abiatzeko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako I. eguena
I. Irakurgaia
Ez dot Zu beste laguntzailerik, Jauna.
Ester liburutik
Est 4, 17n. p-r. aa-bb. gg-hh
Egun hareetan, Ester erreginak, arrisku
gorrian egoala, Jaunagana jo eban. Eta bere zerbitzariekin batera ahuspezturik,
otoitz egin eutson goizetik gauera Jaunari, Israelen Jainkoari, esanez:
«Bedeinkatua Zu, Jauna, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa!
Lagundu egidazu, bakarrik nagoalako eta ez dot Zu beste laguntzailerik. Nire
bizia arriskuan dago.
Txikitatik entzun izan dot gurasoen etxean,
Zuk, Jauna, guztiz askatu dozuzala atsegin jatzuzan guztiak. Orain, beraz,
lagundu egidazu, bakarrik nagoalako eta ez dot Zu beste laguntzailerik, Jauna,
ene Jainkoa. Zatorkidaz lagun, umezurtz nago-eta; ezarri egizuz nire ahoan
berba egokiak lehoiaren aurrean egongo nazanean. Egin nagizu atsegingarri haren
aurrean; aldatu egizu haren bihotza, gure arerioa gorrotatu dagian, hau eta
honen aldekoak desegin dagizan. Gu, barriz, askatu gagizuz geure arerioen
eskuetatik; gure negarra bihurtu egizu poz, eta gure minak osasun».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 138 [137], 1-2a. 2b-3. 7c-8 (R/. 3a)
R/. Dei egin neutsunean, erantzun zeunstan, Jauna.
V/. Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna,
bihotz-bihotzez,
nire
hitzak entzun dozuzalako;
kantuz
goratzen zaitut aingeruen aurrean,
eta
zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.
V/. Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure
maitasun eta leialtasunagaitik,
parebakoak
egin dozuz-eta
zeure
izena eta promesa.
Dei
egin neutsunean, erantzun zeunstan,
kemena
bizkortu bihotzean. R/.
V/. Eskua luzatu eta salbatzen nozu,
dana
egingo dau Jaunak nire alde.
Jauna,
zure maitasuna betikoa,
ez
itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Sal 51 [50], 12a. 14a
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
poztu
nagizu barriro zeure salbazinoaz.
Ebanjelioa
Eskatzen dauanak hartu egiten dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 7, 7-12
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta
zabalduko deutsue; ze, eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak
aurkitzen, eta atea jotzen dauanari zabaldu egiten jako.
Zuetariko nonork, semeak ogia eskatuta, harria
emongo ete deutso? Edota arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso? Halandaze,
zuek, txarrak izanda be, zeuen seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat
gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoenei!
Honan bada, besteek zeuei egitea gura
zeunkien guztia egin zeuok be besteei; horixe da Moisesen legeak eta profetek
dinoena».
Jaunak esana.
Iruzkina
Zein da otoitz eskalearen indarra? Zer da eskatu behar doguna? Edozer eskatu ete geike? Zer nahi dau Jainkoak eskatu deiogun? Eskatu ahala guztia emongo deusku? Zenbat galdera egin geikezan, badakigulako eskatzen deutsogun edozer emongo ez deuskuna, ez eta edozer eskatu geikeana... Eta batek baino gehiagok esango leuke hau entzunda: baina ez dino ba berak «eskatu eta emongo deutsue Jainkoak?» Bai, baina...
Arteragokoan irakasten euskun Jesusek, «Aita gurea»n zer eskatu. Eta orain zeruko gure Aitak ez deuskula gauza onik ukatuko dinosku. Zer ete da "gauza ona"? Lehenengo ta behin, Jainkoaren hurtasuna. Gu ez gara "hemen" bizi, geureak eta bi egiten, eta Jainkoa "han", gugandik urrun eta gutaz gomutatu ere egin barik. Jainkoa, guraso arretatsu antzera, geure gain-gain daukagu, gure onaz arduratuta, gu zorion-bidean ikusi nahian. Eta Jainkoagana ez dogu geuk ezin dogunean jo behar, guk ezin doguna berak egin deigun. Bestetara baino: Jainkoaren altzoan gagozala eta berak zaintzen eta ahaltzen gaitula bizi izan behar dogu.
Eta zer behar dogun badakianak, Jainkoak, ez deusku ukatuko behar dogun hori, gauza ona: bere izena aintzaltzea eta goraltzea, bere erreinuko autorle, lekuko eta langile izatea; haren nahia gure eguneroko bizitzan gauzatzea... Horretarako behar dogun beharrezkoena (jakia, jantzia, e.a.) ez deusku ukatuko. Ez dogu itxaron behar izango bere parkamena: guk eskatu aurretik eskura daukagu-ta; ez jaku bere errukia alboratzen; hantxe daukagu zain, noiz bihurtuko beragana.
Baina, esan daiteke, beste horrenbeste eskatzen deuskula Jainkoak. Hau da, berak guganako daukan jokabidea izan daigula geuk ere besteenganako. Eta, ete daukagu kontutan beste hau? Jainkoa neure begira jarri nahi dot. Baina, jarten ete naz neu ere besteen alde, euren preminei begira, erantzuteko prest? Badakigu seme-alabei gauza onik emoten: baina edozein behartsuri ere bai? Ez ete da hauxe Jainkoari eskatzeak, eta harengandik itxaroteak, eskatzen deuskuna?
Herri otoitza (Eskariak)
† Otoitza dogu Garizumako ezaugarrietako bat, eta konfiantzaz jarriko gara Jainkoaren aurrean:
—Eleizearen alde: gizaki guztiei irakatsi deieen Jainkoari uste onez otoitz egiten eta haren esanetara jarten, errukiaren eta parkamenaren eroale eta autorle izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Otoitza Jainkoa euren esanetara jarteko darabilenen alde: Jainkoaren errukiaz eta maitasunaz aurkitu daitezan eta honeen mezulari bihurtu, egin daigun otoitz.
—Behartsuen alde: aurkitu daien otoitzean kontsolamendua eta etor dakien handik beharrezko daben laguntza, eta esker onez erantzun daien, egin daigun otoitz.
—Etxe kristauetan leku izan daian otoitzak eta erabili daitezan otoitzerako Jainkoaren Berbea eta Salmoak, eskari-otoitz hutsean gelditu ez daitezan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiaren mahai inguruan alkartzen garanok eskari otoitzetik harago ere jo ahal izan daigun, eta gorespen eta esker oneko otoitzak ere erabili daiguzan, egin daigun otoitz.
† Jainko maitalea: emoiguzu isiltasuna aintzat hartzeko grazia, isiltasun horretan aintzaldu zaiguzan eta aurkeztu deizuguzan gure ingurukoen preminak. Jesukristo.
—Amen.
Garizumako I. barikua
I. Irakurgaia
Gaiztoaren heriotza nahi ete dot
Nik,
eta ez jokabidez aldatu eta
bizitzea?
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 18, 21-28
Honan
berba egiten dau Jainko Jaunak: «Gaiztoa, egindako pekatu guztietatik aldentzen
bada, nire agindu guztiak gordetzen baditu eta zuzenbidez eta justiziaz
jokatzen, biziko da, bai, eta ez da hilko. Ez dira gogoan hartuko harek egin
dituan gaiztakeriak; bere egintza zuzenakaitik biziko da.
Hau dinot nik, Jainko Jaunak: Gaiztoaren
heriotza nahi ete dot, bada, Nik, eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
Zintzoa, barriz, bere zuzentasunetik aldendu
eta txarkeria egiten badau, gaiztoak egiten dituan gauza higuingarriak eginez,
bizi egingo ete da? Ez dira gogoan hartuko haren egintza zuzenak; egin dauan
desleialkeria eta pekatuagaitik, hil egingo da.
Zuek dinozue: "Ez da bidezkoa Jaunaren
jokabidea". Entzun, bada, israeldarrok: Nire jokabidea bidezkoa ez dala?
Ez ete da zeuena bidezkoa ez dana?
Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu,
txarkeria egin eta hiltzen bada, egin dauan txarkeriagaitik hiltzen da. Eta
gaiztoak, egin dauan gaiztakeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz
jokatzen badau, bizirik iraungo dau. Egindako txarkeriez ohartu eta euretatik
aldentzen bada, biziko da, bai, eta ez da hilko».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b. 6c-8 (R/. 3)
R/. Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
nor dagoke zutunik, Jauna?
V/. Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun,
Jauna, nire deadarra!
Begoz
erne zure belarriak
nire
erregu-oihura. R/.
V/. Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork
iraun zutunik, ene Jauna?
Baina
Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako
begirunean bizi gaitezan. R/.
V/. Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren
hitza dot itxaroten;
nire
barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina
egunsentiaren gogo biziz baino gehiago. R/.
V/. Gauzainak egunsentia lez,
itxaron
begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena
da-eta maitasuna,
harena
askapen betea.
Harek
askatuko dau Israel
bere
erru guztietatik. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ez 18, 31
V/. Kendu zeuengandik
egindako
gaiztakeria guztiak, dino Jaunak,
eta
barritu egizuez zeuen gogo-bihotzak.
Ebanjelioa
Zoaz lehenengo senideagaz bakeak egitera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 20-26
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto betetzen ez badozue,
ez zarie sartuko zeruetako erreinuan.
Entzunda daukazue antxinakoei agindua: “Ez
hil inor”, eta norbait hiltzen dauana errudun izango da auzitegian. Nik,
ostera, hauxe dinotsuet: Bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da
auzitegian; senideari “zoroa” esaten deutsana errudun izango da batzar
nagusian, eta “sinistebako” esaten deutsana infernuko surtarako errudun izango
da.
Halandaze, zeure oparia altarean
eskaintzean, gogoratzen bajatzu zure senideak badauala zer edo zer zure aurka,
itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz lehenengo senideagaz bakeak
egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
Konpondu zaitez lehenbailehen zeure
arerioagaz, berarekin auzitegira zoazen bitartean, arerioak epailearen esku jarri
ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez zagiezan.
Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo, harik eta azken txanpona ordaindu
arte».
Jaunak esana.
Iruzkina
Noraino joan nahi ete dau Jesusek? Ba, azkeneraino. Eta ulertzekoa da: bihotzaz hitz egiten dauanak dana emoten dauan lez, eskatu ere dana eskatzen dau. Badirudi Lege-maisuek eta Farisearrek ahotiko hitza baino ez darabilena; berba hutsean gelditzen dira; Legeak eskatzen deutsena beteten ahaleginduko dira: Legea berba hutsa da.
Jesusek bereei asko gehiago eskatuko deutse; egintza guztietan bihotza jartea eskatuko deutse; Legearen "gitxiengo"tik maitasunaren "gehiengora" igarotea eskatuko deutse. Larregi ete da? Konparaketan hasi ezkero... Besteek baino ahal dala zeozer gitxiago emon nahi danean... behar bada bai. Baina bihotza jarten danean, maitasunetik emoten danean, dana emotea ere gitxi izaten da. Aldea makala jarrera batetik bestera! Hau Jesusek argi dauka, eta hauxe sartu nahi deutse barruan bere ikasleei.
Holantxe, bihotzaz, maitasunez, jokatzea eskatuko dau Jesusek, eta beragan ikasiko dabe ikasleek holan jokatzen. Eta jokabide bera izango dabe alkarregazko hartu-emonetan eta baita kultoan, edo Jainkoagazko hartu-emonetan ere. "Nahikoa da asmo onagaz"-eta holangorik ez dau esango sekula; maitasuna ez dalako asmo onagaz konformatzen, dana emon barik.
Hau da: lege gauzetan, Legearen letrea baino harago joan behar da; Legearen asmoetaraino heldu behar da, eta hau ere apur bat harago eroan ahal bada, eroan egin behar da. Eta kulto gauzetan, bardin: ez gara konformatu behar eskeintza egiteaz; senideagazko bakea eta adiskidetzea ere bilatu behar dogu, Jainkoaren seme-alaba garalako, gure artean senide.
Larregi ete da Jesusek eskatzen dauana? Jesusek ez deutso hau edonori eskatzen, bere ikasle edo jarraitzaileei baino. Eta honeek Jesusi jarraitzean ikasiko dabe maitasunez begiratzen, eta bihotzez emoten.
Herri otoitza (Eskariak)
† Zintzotasun gurtza nahi dau gugandik Jainkoak, eta gu gutxiengoetan ibilten gara. Biztu dakigula eskuzabaltasuna:
—Eleizearen alde: gutxiengo arauak-eta alde batera laga daizan, eta maitasunaren legeetan jardun daian, ahula, gaisoa eta ezin dabena gogotan hartuz, egin daigun otoitz.
—Gure eskeintzak ez daitezela lege hutsezkoak izan eta azaletik egindakoak, gure zintzotasunaren eta hurkoaganako maitasunaren ezaugarri baino, egin daigun otoitz.
—Eskeintzak egiterakoan gure senideen egoereari begiratu deiogun eta gure arteko bakeak egitea eta behartsua kontuan hartzea bilatu daiguzan, egin daigun otoitz.
—Otoitzean bere burua baino izaten ez dauana gogoan esnatu daiten Jainkoaren nahira eta hasi daiten senideen ardurea hartzen, egin daigun otoitz.
† Jainko errukitsua, pekataria salbatzea nahi dozuna, eta ez haren gaitzespena, emoiguzu geuri ere behar-beharrezko dogun bihotz errukitsua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako I. zapatua
I. Irakurgaia
Jaunari zeure Jainkoari sagaraturiko herri izango zara.
Deuteronomioa liburutik
Dt 26, 16-19
Moisesek honan berba egin eutson herriari:
«Lege eta erabagi honeek betetzeko agintzen deutsu gaur Jaunak, zeure Jainkoak;
gorde eta bete egizuz bihotz-bihotzez eta gogo osoz.
Onartu egin dozu gaur Jaunak agindu
deutsuna, hau da, bera izango dozula zeure Jainkoa, bere bideetan ibiliko
zarala, bere lege, agindu eta erabagiak beteko dozuzala eta bere ahotsa
entzungo.
Eta Jaunak be onartu egin dau gaur zuk
agindua, hau da, bere herri izango zarala, bere jaubetza apartekoa, berak
agindu eutsun lez, eta bere agindu guztiak beteko dozuzala. Eta harek berak
egindako herri guztiei baino aintza, ospe eta ohore handiagoa emongo deutsula,
eta Jaunari zeure Jainkoari sagaratutako herri izango zarala, berak agindu
eutsun lez».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa
Sal 119 [118], 1-2. 4-5. 7-8 (R/. 1b)
R/. Zorionekoak Jaunaren lege-bidean dabiltzanak.
V/. Zorionekoak jokabide akats bakoa dabenak,
Jaunaren
lege-bidean dabiltzanak.
Zorionekoak,
haren aginduak betez,
haren
bila bihotz-bihotzez dabiltzanak. R/.
V/. Jauna, legeak ezarri dozuz,
arretaz
gorde dagiguzan.
Izan
beitez sendo nire bideak,
zure
arauak betetzeko. R/.
V/. Bihotz zintzoz goratuko zaitut,
zure
erabagi zuzenak ikastean.
Zure
arauak nahi ditut bete,
ez
nagizu guztiz eskutik itzi. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
2 Ko 6, 2b
V/. Begira, oraintxe da sasoi egokia,
oraintxe
salbazino-eguna.
Ebanjelioa
Izan zaiteze guztiz onak,
zeruetako zuen Aita guztiz ona dan
lez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 43-48
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Entzun dozue antxinakoei agindua: “Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta
gorrotatu zeure arerioa”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen
arerioak eta egin otoitz eraso egiten deutsueenen alde, zeruetan dagoan zeuen
Aitaren seme-alaba izan zaitezen ze, harek gaiztoentzat eta zintzoentzat
ataratzen dau eguzkia eta zuzenentzat eta okerrentzat egiten euria.
Izan be, maite zaituenak bakarrik maite
badituzue, zer sari zor jatzue? Zergalariek be ez ete dabe beste horrenbeste
egiten? Eta zeuon senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten dozue
berezirik? Jentilek be ez ete dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze,
beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez».
Jaunak esana.
Iruzkina
Jesusen eskakizun honen aurrean («izan zaiteze on-onak, zeruetan dagoan zuen Aita/Ama on-ona dan lez») ez ete gara hasten atxakiak jarten? Zelan izan geintekez gu hain on-onak, gure ingurukoek barre besterik ez leuskigue-ta egingo? Mundu honetan on-ona danari burutik-behera egiten deutsoe…; zer-edo-zer izan gura badozu, ezin itxi zeikeo inori barrerik egin deizun eta, gitxiago, burutik-behera egin deizun… Hori eskakizun hori ez da izango danentzat!
Horixe da! Ez da danentzat, edo edonorentzat, Jesusen jarraitzaile izan gura dauanarentzako baino. Hortxe daukagu guk, kristinau zaharrok, untzerik handienetarikoa. Oraindino zera uste dogu-ta: ebanjelioko eskakizunak danentzakoak dirala, zeruan sartzeko baldintza lez.
Baina Jesus ez dabil zeruan sartu gura dabenen bila, eta harei baldintzak edo eskakizunak jarten. Jesus bere eginkizunean lagunduko deutsoenen bila dabil, jarraitzaileen bila; berak lez, Aita/Ama Jainkoari zintzo izatea gura dabenen bila; haren erreinuaren iragarle eta gauzatzaile liratekenen bila.
Hau al da zuk gura dozuna: Jesusen jarraitzaile izatea? Holan bada, Jesusek eginkizun bat, bide bat eta bere laguntza eskuratzen deutsuz, bere jarraitzaileen laguntzaz batera, bera beti izango dozula zeugaz ziurtatzen deutsun berbea emoten deutsu. Eta Jainkoak euria onentzat eta txarrentzat egiten dauala ere bai.
Arazoa ez litzateke, ba, zeruan sarrerea izatea, bizitza hau zelan garatu jakitea baino. Eta garatu daiteke norbere onurak bilatzen, ondasunak metatzen eta hurkoa esplotatzen, edo lasaitasunean bizi izaten…, edo Jainkoaren antzeko izaten: ontasunean arerioak maitatzeraino heltzeko lan egiten. Hau Jesusi jarraitu gura deutsoenentzat da. Zeuretzat ere izan daiteke.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoaren Alkargo-herriko partaideak gara; Alkargo horretatik sortutako konpromisoak indartzeko jo daigun otoitzera:
—Eleizearen alde: Jainkoagazko Alkargoa Jesukristorengan sinatu dauan ezkero, harenganako sinismena bizkortu daian, eta mundu guztian pobre eta baztertuentzako babes izan daiten, egin daigun otoitz.
—Berea zaintzearren, inorena bertan behera laga edo gutxiesten dauanaren alde: gogotan hartu daizan hurkoa eta haren preminak, Jainkoa danen Aita/Ama dala autortuz, egin daigun otoitz.
—Herrietako agintarien alde: egiten dabezan alkargoak eta herrialde garatu bakoen aldeko hitzarmenak bete daiezan, eta bete eragin daiezan, egin daigun otoitz.
—Herrialde pobretuen alde: kanpo zorra deritzona parkatu dakien eta garapen bideetan jarri daitezan eta euren duintasunean onartuak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiarako alkartzen garanok Jainkoagazko Alkargoa aintzat hartu daigun, eta gure maitasuna arerioak maitatzeraino heldu daiten, egin daigun otoitz.
† Jainko Jauna: Alkargo hausi ezinekoan alkartzen gaituzu zure errukian; emoiguzu maitasun-legeetan ibilteko grazia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.