JAUNAREN AFARIKO EGUEN SANTUA
Arratsaldeko Meza
A B C urteetan
I. Irakurgaia
Pazko-afariaz aginduak.
Urteera liburutik
Ur 12, 1-8. 11-14
Egun hareetan, honan berba egin eutsen
Jaunak Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hilabete hau izango dozue hilabete nagusia,
urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari:
"Hil honen hamarrean, bakotxak abere
xehe bat hartuko dau, familia eta etxe bakotxeko bana. Abere osoa jateko
familia nahiko ez bada, aldameneko bizilagunekin alkartuko da, bakotxak jan
leikenaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akatsik
bakoa izango da, arra, urtekoa, bildotsa nahiz aumea. Hilaren hamalaura arte
gordeko dozue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldar alkarteko guztiek
hilko dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta
ateburua odoleztatuko dozuez. Gau horretan, sutan errea jango dozue haragia,
legaminbako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik.
Honan jango dozue: garria loturik,
oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue,
Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotzea. Gau horretan Egipto osoan
zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-ume guztiak, bai
gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei.
Ala Ni Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zuek zagozen etxeetan. Odola
ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez
zaitue hondatuko.
Egun hau gogoangarri izango dozue eta jai
nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohoretan. Jai honen ospakizuna betiko lege
izango dozue belaunez belaun"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 116 [115], 12-13. 15 eta 16bc. 17-18 (R/. ik. 1 Ko 10, 16)
R/. Esker onezko kalizak
Kristoren Odolean alkartzen gaitu.
V/. Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin
deustan on guztia?
Salbazino-edontzia
dot jasoko
eta
Jaunaren izenari dei egingo. R/.
V/. Mingarri jako Jaunari
bere
fededunen heriotza.
Zure
zerbitzari ezereza naz, Jauna,
askatu
dozuz nire kateak. R/.
V/. Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta
Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko
deutsadaz Jaunari agintzariak,
herri
guztiaren aurrean. R/.
II. Irakurgaia
Ogi
honetatik jaten
eta
kaliza honetatik edaten dozuen bakotxean,
Jaunaren
heriotza iragartzen dozue.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 11, 23-26
Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure
aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu
eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau neure Gorputza
da, zuentzat emona. Egizue hau neure oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz,
esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire Odolaz sinatua; egizue hau, edaten
dozuen bakotxean, neure oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik
edaten dozuen bakotxean, Jaunaren heriotza iragartzen dozue, bera etorri arte.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Jn 13, 34
V/. Agindu
barria emoten deutsuet, dino Jaunak:
maitatu
dagizuela alkar,
Nik
maite izan zaituedan lez.
Ebanjelioa
Azkenean bete-betean maitatu ebazan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 13, 1-15
Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, mundu hau
itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakola jakinik, munduan ziran beretarrak
maite izanik, azkeneraino maitatu zituan. Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak
sartuta eukotsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa.
Jesus, Aitak dana bere esku jarri eutsola, Jainkoagandik etorria zala eta
Jainkoagana joiala jakinik, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta,
eskuzapia hartuta, garrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei
oinak garbitzen hasi jaken, eta garrian eukan eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan
eutson: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutson: «Ni egiten
nabilena zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».
Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu niri sekula
oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz
zerikusirik izango».
Simon Pedrok esan eutson: «Jauna, orduan
oinak ez eze, baita eskuak eta burua be». Jesusek erantzun eutson: «Garbitua
hartu dauanak ez dauka oinak garbitu beharra besterik, ze, garbi-garbi dago;
eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan be, baekian nork salduko eban;
horregaitik esan eban: «Ez zagoze danok garbi».
Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa
jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «ulertzen ete dozue egin
deutsuedana? Zuek Maisua eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu be,
halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu
badeutsuedaz, zeuok be alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon
deutsuet, zeuok be Nik zuekin legetxe jokatu dagizuen».
Jaunak esana
Iruzkina
Eta Jesusek ez eban laga azken unerako ezer. Bizitza guztian zehar joian azaltzen bere izakerea, Aitagazko loturea, Jainkoaren erreinua, txiro, baztertu eta pekatarienganako begiramena... Baina ha ta guztiz ere, labur egin jakon bizitza; azkenean hainbeste gauza eukazan oraindino esateko, egiteko, azaltzeko... eta astirik ez eutson emoten. Eta aparteko ezaugarri baten agertzen deusku dana. Holantxe azaltzen deusku Joanek: «Jesus... jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen».
Une honetaraxe heldu behar eban Jesusek bere lagunekaz. Eurei emoten deutse lehenengo ta behin, hur-hurretik, barruan eroiana: eurenganako, txiroenganako, munduarenganako maitasuna. Zelan erakutsi, baina? Ba al dago apaltasun handiagorik? Morroi hebertarrei ez egokiena, atzerritar morroientzat lagaten zana (oinak garbitzea) eskuratzen dau Jesusek. Ez da edozein morroi; Jainkoaren morroia azken postuan jarten da; eta ez inork aginduta, edo gidoiak eskatzen daualako, maitasunak eraginda baino; maitasunak nora garoazan erakustearren baino; Jainkoaren maitasunaren barri emotearren baino.
Sarreratxo bat egiten deusku ebanjelariak: «Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan». Argi izten deusku, ba, orain datorren egintza maitasun-egintza dala. Baina, maitasun-egintza baino gehiago dala ere adierazko deusku: ohitureak ez dau onartzen mahaitik jagitea...; eta soingainekoa kendu eta gero jantzi egiten dau Jesusek: bizitzaren ezaugarri da soingainekoa; bera da Jaun eta jabe; inork ez deutso kentzen; bere kabuz emoten dau. Hainbesteraino maite dauz bereak, eta maite dau mundua. Eta jauntasunak daroa morroi izaerea hartzera eta morroi-lana egitera .
Eta haxe gura dau bere ikasleentzat: erakutsia emon deutsuet, zeuek ere bardin egin daizuen; horrelaxe erakutsiko dabe eurek ere maite dabela alkar Jesusek eurak maite ebazan lez. Batzuk ez dabe nahi izango (Judas) badabelako hori baino gehiago maite daben ezer; beste batzui gogor egingo jake, ez dabe lehenengotan ulertuko (Pedro); baina Jesusena izateko hortik igaro beharra badago, onartuko dau...
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak dana dau geuretzat, bere seme-alabontzat, eta geu ere dana alkarrentzat izan gaitezela gura dau, bere Semeagan erakusten deuskunez. Jaso deioguzan eskariak:
—Eleizearen alde: hasieratik ospatzen dan Jaunaren Afari hau gaurko gizakien eskura jarri daian, gaurkotasuna emon deion eta senidetasun ezaugarri eta iturri izan dakion, egin daigun otoitz.
—Gure jaiak ospatzean, behartsuei dei egiten eta eurekaz gure mahaia alkarbanantzen jakin daigun, gure arteko senidetasuna eta alkar maitasuna handituz joan daiten, egin daigun otoitz.
—Ezaugarriak euren esanguran erabili daiguzan, eta, euren frutua emon ahal izan daien, gure bizitza eurekaz bat etorten ahalegindu gaitezan, egin daigun otoitz.
—Lanik barik dagozanen alde, euren duintasuna galtzeko zorian dagozanen alde, diru-sarrera barik dagozan familien alde, eta zelan-halango sufrimentuan dagozanen alde: alkartasun mahaira hurreratzen garanontzat deigarri eta laguntzarako bultzada izan daiguzan, egin daigun otoitz.
—Jesus Jaunaren keinuak ulertu ahal izan daiguzan, geure artean nagusien katekesia, biblia taldeak, erretiroak eta otoiztaldeak sustatu daiguzan, eta guzti horregaz bat datorren bizitza eroan ahal izan daigun, egin daigun otoitz.
† Maitasunean besarkatzen gaituzun Jainko maitale errukitsua, zeure maitasunaren ezaugarri egin gaizuz, gure artean alkar maitatzen lagunduz. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
JAUNAREN NEKALDIKO
BARIKU SANTUA
I. Irakurgaia
Gure pekatuakaitik zulatu eben.
Isaias Profetaren liburutik
Is 52, 13–53, 12
Hara,
nire zerbitzariak arrakasta lortuko dau;
goratua,
gorengo mailara jasoa izango da.
Asko
eta asko ikaratu ziran haretaz,
hain
eban-eta giza itxura be galdua
eta
gizakia zanik be ez zirudian-eta;
era
berean, herri asko harrituko dira,
erregeak
haren aurrean mutu geldituko,
inoiz
kontatu ez jakena ikusiko dabe-eta,
inoiz
entzun ez ebena adituko.
Nork
sinistu dau gure mezua?
Nori
agertu jako Jaunaren ahalmena?
Zuztarrak
lur lehorrean dauan kimua lez
hazi
zan Jaunaren zerbitzaria haren aurrean;
ez
eban duintasunik, ez edertasunik,
ez
gure begientzat itxura erakargarririk;
mespretxatua
eta jenteak baztertua,
oinaze-gizona,
sufritzen ikasia;
ez
ikusiarena egiten jakona lez,
mespretxatu
egin genduan eta aintzakotzat hartu ez.
Baina
gure gatxak bere gain hartu ebazan harek
eta
gure oinazeak eroan.
Guk,
barriz, zigortutzat geunkan,
Jainkoak
zauritu eta atsekabetutzat.
Gure
pekatuakaitik zulatu eben,
gure
erruakaitik oinperatu.
Haren
gainera jausi zan guretzat salbagarri dan zigorra:
haren
zauriek osatu gaitue.
Ardiak
lez genbilzan galdurik, bakotxa bere bidetik,
eta
Jaunak haren gainera bota eban gu guztion errua.
Txarto
erabili eben,
baina
ha apaldu egin zan, ahorik zabaldu barik.
Hiltzera
daroen bildotsak lez,
ule-moztaileen
aurrean isilik dagoan ardiak lez,
ez
eban ahorik zabaldu.
Gogor
eta zuzenbakokeriaz eroan eben;
baina
haren zoriak, nori ardura?
Bizidunen
lurretik atara eben,
nire
herriaren pekatuagaitik jota.
Gaiztoen
artean lur emon eutsoen,
gaizkileekin
batera hilobiratu,
nahiz
eta harek bidebakokeriarik ez egin
eta
haren ahoan maltzurkeriarik ez izan.
Jaunak
oinazez josi nahi izan eban.
Pekatuen
ordainetan bizia emon ebala,
izango
ditu ondorengoak eta bizitza luzea,
eta haren
bitartez Jaunaren nahia burutuko da.
Hainbat
neke jasan ondoren,
argia
ikusiko dau eta asea izango da.
Ikasi
dauanaren bidez,
nire
zerbitzari zuzenak asko egingo ditu zuzen,
hareen
gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.
Horregaitik,
jentetza ugaria emongo deutsat ordainetan,
gizataldeak
izango ditu garaipen-sari,
bere
burua heriotzara emon ebalako
eta
pekatarien kidetzat hartu ebelako.
Danen
pekatuak bere gain hartu ebazan
eta
pekatarien alde erregutu eban.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 31 [30], 2 eta 6. 12-13. 15-16. 17 eta 25 (R/. Lk 23, 46)
R/. Aita, zeure eskuetan izten dot neure espiritua!
V/. Zeugan babesten naz, Jauna,
ez
nadila behin be lotsagarri gelditu;
atara
nagizu onik, zuzena zara-eta.
Zeure
eskuetan izten dot neure bizia;
askatu
nagizu, Jauna, Jainko leiala. R/.
V/. Barregarri bihurtu naz arerioentzat,
Gehiago
oraindino auzokoentzat;
izua
sortzen deutset ezagunei;
ni
kalean ikusi eta alde egiten deuste.
Ahaztu
nabe guztiz, hildakoa lez,
Baztertu
nabe, alperreko tresna lez. R/.
V/. Baina nik, Jauna, Zeugan dot konfiantza;
hau
dinot: «Zu nire Jainko».
Zure
eskuan dot neure zoria,
libratu
nagizu arerio eta pertsegitzaileen eskutik. R/.
V/. Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salbatu
nagizu zeure maitasunaz.
Eutsi
gogor, izan bihotz,
Jaunagan
itxaroten dozuen guztiok! R/.
II. Irakurgaia
Esaneko
izaten ikasi eban,
eta
betiko salbazinoaren iturri bilakatu zan
obeditzen
deutsoen guztientzat.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 4, 14-16; 5, 7-9
Senideok: Gure abade nagusi handia, Jesus,
Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun
sinismenari; izan be, gure abade nagusia ez da gure ahuleriaz errukitu ezin
leiteken norbait, bera be, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta,
pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren
graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan dagigun.
Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz
eta negarrez egin eutson otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari,
eta, Kristok begirune izan eutsolako, entzun egin eutson Jainkoak.
Eta Semea izanik be, oinazearen oinazez
ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbazinoaren iturri
egin zan obeditzen deutsoen guztientzat.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Flp 2, 8-9
V/. Kristo gugaitik menpeko egin zan
heriotzaraino,
kurutzeko
heriotzaraino.
Horregaitik
Jainkoak goratu egin eban
eta
izen guztien gaineko izena emon eutson.
Ebanjelioa
Jaunaren Nekaldiaren kondaira argimutilik eta intsentsurik gabe aldarrikatuko da, eta liburuari agurrik eta kurutzerik egin barik. Diakonoak aldarrikatuko dau edo, diakonorik ez bada, abadeak berak. Kristau soilek ere aldarrikatu daikie, baina Kristoren hitzak, ahal dala, abadeari itziz.
Irakurleek, diakono diranean, bestela ez, bedeinkapena eskatuko deutsoe abadeari Nekaldia aldarrikatzen hasi aurretik, Ebanjeliorako ohi danez.
Laburdurak, alkarrizketa-moduan irakurri nahi danerako jarri dira: ✠ = Jesus; K = Kronikaria; S = Sinagoga eta gainerako berba-lagunak.
Kronikariak:
✠ Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Joanen liburutik
Jn 18, 1–19, 42
Getsemanin,
Jesus preso hartu
eta
loturik eroan.
Jesus eta ikasleak Zedron erreka igaro eta
beste aldean egoan ortu batera sartu ziran. Judasek be, Jesus salduko ebanak,
ezagutzen eban ha lekua, ze, sarritan batu izan zan Jesus han bere ikasleakaz.
Judas, beraz, tenpluko gudari-taldea eta
abadeburuak eta fariseuen guardiak harturik, bertara joan zan. Zuzi, argiontzi
eta armez horniduta joiazan. Jesusek, ondo ekianez gertatuko jakon guztia,
bidera urten eta esan eutsen:
S «Noren bila zatoze?»
K Hareek erantzun:
S «Jesus Nazaretarraren bila».
K Harek orduan:
✠ «Neu naz».
K Han zan guardiakaz batera Judas saltzailea be. Jesusek «Neu naz» esan eutsenean, atzeraka hasi eta lurrera jausi ziran. Barriro itaundu eutsen:
✠ «Noren bila zatoze?»
K Hareek erantzun:
S «Jesus Nazaretarraren bila».
K Eta Jesusek:
✠ «Esan deutsuet Neu nazala. Nire bila bazatoze, itzi honeei joaten».
K Holan bete zan Jesusek berak esandakoa: «Emon deustazuzanetatik ez dot bat be galdu». Orduan, Simon Pedrok, aldean eroian ezpata atara, abade nagusiaren morroia jo eta eskumako belarria ebagi eutson. Morroiak Malko eban izena. Jesusek esan eutson Pedrori:
✠ «Bihurtu ezpata zorrora. Ez ete dot, ba, edan behar Aitak emon deustan kaliza?»
Jesus Anasen etxera eroan eben lehenengo.
K Orduan, gudari-taldeak bere buruzagiagaz eta judegu-agintarien guardiek Jesus preso hartu eta, lotuta, Anasen etxera eroan eben lehenengo; urte haretako abade nagusi Kaifasen aitaginarreba zan Anas hau (Kaifas zan judeguei aholku hau emon eutsena: «Hobe da gizon bat herriagaitik hiltzea»).
Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen atzetik joan ziran. Beste ikaslea abade nagusiaren ezaguna zan eta, Jesusegaz batera, abade nagusiaren jauregiko patiora sartu zan; Pedro, barriz, kanpoan gelditu zan, ate ondoan. Urten eban orduan abade nagusiaren ezaguna zan ikasleak eta, atezainari berba egin ostean, Pedro barrura sartuazo eban. Atezain egoan neskameak esan eutson Pedrori:
S «Zeu be ez ete zara gizon horren ikasleetarikoa?»
K Pedrok erantzun:
S «Ez, ez naz!»
K Morroiak eta guardiak sua biztu eta berotzen ziharduen, hotz egoalako. Pedro be hareekin egoan, berotzen. Abade nagusiak bere ikasleez eta irakatsiaz itaundu eutson Jesusi. Jesusek erantzun eutson:
✠ «Agiri-agirian berba egin izan deutsat Nik mundu guztiari; sinagogan eta tenpluan irakatsi izan dot beti, judegu guztiak batzen diran lekuan, eta ezer be ez dot ezkutuan esan. Zergaitik itauntzen deustazu Niri? Itaundu nire entzuleei eta emongo deutsue esan dodanaren barri».
K Hori esan ebaneko, han egoan guardia batek matrailekoa emon eutson, esanez:
S «Holan erantzuten deutsazu abade nagusiari?»
K Jesusek erantzun eutson:
✠ «Txarto berba egin badot, esan zertan; baina ondo egin badot, zergaitik jo nozu?»
K Orduan, Anasek Kaifas abade nagusiagana bialdu eban Jesus lotuta.
«Zeu be ez ete zara horren
ikasleetarikoa?
Ez, ez naz!
Bitartean, han egoan Simon Pedro berotzen, eta esan eutsoen:
S «Zeu be ez ete zara horren ikasleetarikoa?»
K Pedrok ukatu egin eban, esanez:
S «Ez, ez naz!»
K Abade nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria ebagi eutsonaren senideak, esan eutson:
S «Ez ete zaitut, ba, neuk ikusi horregaz ortuan?»
K Ukatu egin eban Pedrok barriro be, eta bat-batean oilarrak jo eban.
Nire erregetza ez da mundu honetakoa.
Kaifasen etxetik Gobernariaren jauregira eroan eben Jesus. Goizaldea zan. Judeguak ez ziran jauregian sartu, euren buruak ez lohitzeko, ze, osterantzean ezin izango eben pazko-afarian parterik hartu. Pilatok kanpora urten eta itaundu eutsen:
S «Zer salakuntza dakarzue gizon honen aurka?»
K Hareek erantzun eutsoen:
S «Gaizkilea ez balitz, ez geunskizun ekarriko».
K Pilatok esan eutsen:
S «Eroan zeuok eta epaitu zeuon legearen arabera».
K Judeguek orduan:
S «Guk ez dogu legezko inor heriotzara kondenatzea».
K Holan beteko zan Jesusek esandakoa, zein heriotzaz hilko zan adierazo ebanean. Pilato jauregira sartu zan barriro eta, Jesusi deiturik, itaundu eutson:
S «Judeguen erregea zara zu?»
K Jesusek erantzun:
✠ «Zuk zeurez itauntzen deustazu hori ala besteek esan deutsue hori Nitaz?»
K Pilatok esan eutson:
S «Judegua ete naz, ba, ni? Zeure herritarrek eta abadeburuek ekarri zaitue nigana. Zer egin dozu?»
K Jesusek erantzun:
✠ «Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jenteak burruka egingo leuke, Ni judeguen eskuetan ez jausteko. Nire erregetza, ostera, ez da hemengoa».
K Orduan, Pilatok esan eutson:
S «Beraz, errege zara Zu?»
K Jesusek erantzun eutson:
✠ «Bai, errege naz, zeuk dinozunez. Honetarako jaio eta etorri naz mundura: egiaren testigantza egiteko. Egiarena danak entzuten dau nire ahotsa».
K Pilatok galdetu eutson:
S «Zer da egia?»
K Hori esanda, barriz be judeguakana urten eta esan eutsen:
S «Nik ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi. Baina badozue ohitura bat Pazko-jaietan nik preso bat askatzekoa: gura dozue judeguen erregea askatzea?»
K Hareek, barriz, deadarka:
S «Hori ez! Askatu Barrabas!»
K Barrabas hau lapurra zan.
Agur, judeguen errege!
Pilatok, orduan, Jesus zigorkadaz astintzeko agindu eban. Gudariek, arantzazko koroia eginik, buruan ezarri eutsoen eta purpurazko soinekoa bota eutsoen gainera. Eta, inguraturik, esaten eutsoen:
S «Agur, judeguen errege!»
K Eta matrailekoka erabilien. Urten eban barriro be Pilatok eta esan eutsen judeguei:
S «Hara, kanpora dakartsuet, jakin dagizuen ez deutsadala errurik aurkitzen».
K Urten eban, bada, kanpora Jesusek, arantzazko koroia eta purpurazko soinekoa eroiazala. Pilatok esan eutsen:
S «Hona hemen gizona!»
K Abadeburuak eta guardiak, ha ikustean, deadarka hasi ziran:
S « «Kurutzera hori! Josi kurutzean!»
K Pilatok esan eutsen:
S «Eroan zeuok eta josi kurutzean; nik ez deutsat errurik aurkitzen».
K Judeguek erantzun eutsoen:
S «Guk badogu legea, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezidu dau, Jainkoaren Seme egin daualako bere burua».
K Hori entzutean, gehiago bildurtu zan Pilato eta, barriro jauregira sartuta, itaundu eutson Jesusi:
S «Nongoa zara Zu?»
K Jesusek, ostera, ez eutson erantzun be egin. Orduan, Pilatok esan eutson:
S «Ez ete deustazu erantzun behar? Ez dakizu aginpidea dodana Zu askatzeko nahiz kurutzean josteko?»
K Jesusek erantzun eutson:
✠ «Ez zeunke nire gainean ezelako aginpiderik izango, Jainkoak emon ez baleutsu. Horregaitik, traizinoz zure eskuetan ipini nauanak pekatu handiagoa dauka».
Kendu hori, kendu! Josi kurutzean!
K Harrezkero, Jesus askatu guran ebilen Pilato. Baina judeguak deadarka hasi jakozan:
S «Hori askatzen badozu, ez zara enperadorearen adiskide. Bere burua errege egiten dauana enperadorearen aurka dabil».
K Pilatok, berba horreek entzutean, kanpora eroan eban Jesus eta auzitegian jesarri zan, «Harlosatua» eritxon lekuan –hebreeraz «Gabbata»–. Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eguerdi ingurua. Pilatok esan eutsen judeguei:
S «Hona hemen zuen erregea!»
K Orduan, hareek deadarka:
S «Kendu hori, kendu! Josi kurutzean!»
K Eta Pilatok:
S «Kurutzean josi behar ete dot zuen erregea?»
K Abadeburuek erantzun eutsoen:
S «Ez daukagu enperadorea baino beste erregerik».
K Orduan, Pilatok hareen esku itzi eban, kurutzean josi egien.
Kurutzean josi eben, eta haregaz batera beste bi.
Hartu eben, beraz, Jesus, eta honek kurutzea sorbaldan eroiala, «Buru-hazur» –hebreeraz «Golgota»– eritxon lekurantz urten eban. Han josi eben kurutzean, eta beragaz batera beste bi, alde banatan, eta erdian Jesus. Pilatok kartel bat idatzi eta kurutze-buruan ipini eban; hauxe egoan idatzita: JESUS NAZARETARRA, JUDEGUEN ERREGEA.
Judegu askok irakurri eban kartela, ze, uritik hur egoan Jesus kurutzean josi eben lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz idatzita egoan. Judeguen abade-buruek esan eutsoen Pilatori:
S «Ez idatzi “Judeguen erregea”, ezpada ze, berak esan ebala: “Judeguen erregea naz”».
K Pilatok erantzun eban:
S «Idatzia, bego idatzita!»
Nire jantziak euren artean banatu zituen.
K Gudariek, Jesus kurutzean josi ostean, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituen, bakotxarentzat bat; gero, tunika hartu eben, baina josturarik bakoa, goitik behera ehundua zanez, esan eutsoen alkarri:
S «Ez dagigun urratu; zotz egin dagigun, ea zeinentzat dan».
K Holan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Nire jantziak euren artean banatu zituen, eta nire tunika zotzetara egin». Hatan be, horixe egin eben gudariek.
Horra hor zure semea! Horra hor zure ama!
Jesusen kurutzearen ondoan egozan haren ama, bere amaren ahizta, Maria Kleofasena eta Maria Magdalena. Jesusek, bere ama eta, beronen ondoan, maite eban ikaslea ikusirik, esan eutson amari:
✠ «Emakume, horra hor zure semea!»
K Gero, ikasleari esan eutson:
✠ «Horra hor zure ama!»
K Eta harrezkero ikasleak bere etxean hartu eban.
Bete da dana!
Ondoren, Jesusek, dana betea zala jakinik, Liburu Santuak esana guztiz bete zedin, esan eban:
✠ «Egarri naz!»
K Bazan han ozpinez betetako pitxar bat. Orduan, belakia ozpinetan busti eta, kainaberari ertzean erantsiz, ahora hurreratu eutsoen. Ozpina hartu ebanean, Jesusek esan eban:
✠ «Bete da dana!»
K Eta, burua makurtuz, azken arnasa emon eban.
Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.
Odolak eta urak urten eben.
Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta judeguek ez eben gura zapatuan gorpuak kurutzean gelditzerik, ze, zapatu ha oso jaiegun handia zan. Horregaitik, kurutzeratuei berna-hazurrak apurtu eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori. Joan ziran, bada, gudariak eta berna-hazurrak hausi eutsiezan Jesusegaz kurutzean jositako biei; baina, Jesusengana heldu ziranean, ordurako hilda egoala ikusirik, ez eutsoen berna-hazurrik hausi, ezpada ze, gudari batek lantzaz saihetsa zulatu eutson, eta bat-batean odolak eta urak urten eben. Ikusi ebanak berak autortzen dau eta egiazkoa da haren autormena. Harek badaki egia dinoana, zuok be sinistu dagizuen. Liburu Santuak dinoana bete zedin gertatu zan hau: «Ez deutsoe hazurrik hausiko». Eta beste pasarte baten hauxe dino: «Zulatu ebenari begiratuko deutsoe».
Jesusen gorpua oihal-zerrendaz lotu eben,
tartean usaingarriak ipiniz.
Gero, Arimateako Josek Jesusen gorpua eroateko baimena eskatu eutson Pilatori. Jesusen ikaslea zan Jose, baina isilpean, judeguen bildurrez. Pilatok baimena emon eutson. Harek, orduan, joan eta Jesusen gorpua eroan egin eban.
Etorri zan Nikodemo be –harako behin baten gauez Jesus ikustera joan zan ha– hogeita hamarren bat kiloko mirra eta aloezko nahastura ekarrela. Hartu eben, bada, Jesusen gorpua eta oihal-zerrendaz lotu eben, tartean usaingarriak ipiniz, judeguek hobiratzeko daben ohituraren arabera. Jesus kurutzeratu eben lekutik hurrean, ortu bat egoan, eta ortuan ordura arte inor ipini bako hilobi barria. Hilobia hurrean egoanez, hantxe ipini eben Jesus, judeguen Pazko-eguna hastera joian-eta.
Jaunak esana.
PAZKOALDIA
JAUNAREN BIZTUERAKO PAZKO DOMEKA
Pazko Gaubela Santua
A B C urteetan
Pazko Gaubelarako bederatzi irakurgai datoz: zazpi Itun Zaharrekoak eta bi Itun Barrikoak. Lekuan lekuko egoerari begiratuz eta arrazoi bereziakaitik, irakurgai gitxiago irakurri leiteke. Edozelan be, irakurri beitez gitxienez hiru irakurgai Itun Zaharretik, edo egoera larriagoetan bi behintzat, Itun Barriko lehenengo irakurgaiaren eta Ebanjelioaren aurretik. Ez bedi behin be irakurri barik itzi Urteerako irakurgaia, Itsaso Gorria igarotzeari buruzkoa (hirugarren irakurgaia).
I. Irakurgaia
I. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.
Egindako
guztia ikusi eban Jainkoak,
eta
oso ona zan.
Hasiera liburutik
Has 1, 1–2, 2
Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin ebazan.
Lurra nahaste-borraste hutsa zan: leza handiaren gainean ilunpea. Eta
Jainkoaren arnasa uren gainean ebilen.
Eta Jainkoak esan eban: «Izan bedi argia».
Eta izan zan argia. Ikusi eban Jainkoak argia ona zala eta bereiztu egin eban
ilunpetik. Argiari «eguna» ezarri eutson izena, eta ilunpeari «gaua». Eta
arrats eta goiz: lehenengo eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Izan bedi sabaia uren
artean, goiko eta beheko urak bereiztu dagizan». Eta halan izan zan. Jainkoak
sabaia egin eban eta sabai azpiko urak sabai gaineko uretatik bereiztu ebazan.
Sabaiari «zerua» ezarri eutson izena. Eta arrats eta goiz: bigarren eguna
burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Batu beitez zeru azpiko
urak leku bakar baten eta agertu bedi lehorra». Eta halan izan zan. Lehorrari
«lurra» ezarri eutson izena, eta ur-multzoari «itsasoa». Eta ona zala ikusi
eban Jainkoak.
Jainkoak esan eban: «Emon begi lurrak
landaretza: hazidun landareak eta zuhaitzak, bakotxak dagokion frutua, hazi eta
guzti, ekarriko dabenak». Eta halan izan zan. Lurrak emon eban landaretza:
hazidun landareak, bakotxa dagokion haziagaz, eta frutua ekarriko daben
zuhaitzak, bakotxa dagokion haziagaz. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta
arrats eta goiz: hirugarren eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Izan beitez argizagiak
zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak
adierazoteko; distiratu begie zeru-sabaian, lurrari argi egiteko». Eta halan
izan zan. Argizagi handi bi egin ebazan Jainkoak: handiena egunaren nagusi
jartzeko, eta txikiena gauaren nagusi, eta izarrak be egin ebazan. Eta Jainkoak
zeru-sabaian ipini ebazan, lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren nagusi
jartzeko eta argia eta ilunpea bereizteko. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak.
Eta arrats eta goiz: laugarren eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Egin begie urek bor-bor
bizidunez, eta egin begie hegaz hegaztiek lurraren gainean, airean». Eta
Jainkoak arraintzarrak egin ebazan eta uretan bor-bor dabiltzan mota guztietako
bizidunak eta mota guztietako hegaztiak. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta
bedeinkatu egin ebazan, esanez: «Sortu egizuez umeak, ugaritu eta bete itsasoko
urak; ugaritu beitez hegaztiak be lurraren gainean». Eta arrats eta goiz:
bosgarren eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Sortu begiz lurrak mota
guztietako bizidunak: abereak, narrastiak eta piztiak». Eta halan izan zan.
Jainkoak mota guztietako piztiak, abereak eta narrastiak egin ebazan. Eta
Jainkoak ona zala ikusi eban.
Eta Jainkoak esan eban: «Egin dagigun
gizakia geure irudiko, geure antzeko; menperatu dagizala itsasoko arrainak,
zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta lurreko narrastiak».
Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban
gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume kreatu
ebazan. Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez
umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan haren nagusi; menperatu egizuez itsasoko
arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan piztia guztiak».
Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten
deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua
dakarren zuhaitz guztiak; janari izango dozuez horreek. Abereei, zeruko
hegaztiei eta lurrean dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedarra emoten deutset
janari». Eta halan izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso
ona zan. Eta arrats eta goiz: seigarren eguna burutu zan.
Honan, burutuak gelditu ziran zeru-lurrak
eta honeetan dagoan guztia. Zazpigarren egunerako burutu eban Jainkoak egindako
lana, eta zazpigarren egunean, egindako lan guztiaren ondoren, atseden hartu
eban.
Jaunak esana
I. irakurgaia era laburrean.
Egindako guztia ikusi eban
Jainkoak,
eta
oso ona zan.
Hasiera liburutik
Has 1, 1. 26-31a
Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin ebazan.
Eta
Jainkoak esan eban: «Egin dagigun gizakia geure irudiko, geure antzeko;
menperatu dagizala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta
lurreko narrastiak». Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban gizakia,
Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume egin ebazan.
Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan
eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan haren nagusi;
menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan
piztia guztiak». Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten deutsuedaz lurraren
azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarren zuhaitz
guztiak; janari izango dozuez horreek. Abereei, zeruko hegaztiei eta lurrean
dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedarra emoten deutset janari». Eta halan
izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 104 [103], 1-2a. 5-6. 10 eta 12. 13-14b. 24 eta 35c /R/. ik. 30)
R/. Zeure arnasa bialdu gugana,
eta lur-azala barritu, Jauna.
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna,
ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz
eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz
inguratuta, soinekoz lez. R/.
V/. Sendo ezarri zenduan lurra
eta
ez da sekula kili-kolo egongo.
zeanoz
estaldu zenduan soinekoz lez,
eta
urek azpian hartu ebezan mendiak. R/.
V/. Ibaiak sortuazoten dozuz iturrietatik,
eta
mendi artean doaz isurian.
Ur-bazterretan
bizi dira zeruko hegaztiak,
orri
artean kantari. R/.
V/. Zeure goi-geletatik dozuz mendiak ureztatzen,
zeure
garautegietako emoitzez lurra asetzen.
Abereentzat
erneazoten dozu bedarra,
lanerako
animalientzat janaria. R/.
V/. Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
Danak
jakituriaz egin dozuz,
zure
sorkariz betea dago lurra.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna! R/.
Edo:
Sal 33 [32], 4-5. 6-7. 12-13. 20 eta 22
R/. Jaunaren graziaz betea dago lurra.
V/. Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria
harek egin dauan guztia.
Justizia
eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren
maitasunaz dago lurra betea. R/.
V/. Jaunak bere hitzaz egin dau ortzia,
bere
aho-arnasaz astro guztiak.
Itsas
urak hesi barruan batzen ditu,
ozeanoak
gordailuetan sartzen. R/.
V/. Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek
bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak
zerutik begiratzen dau,
ikusten
ditu gizaki guztiak. R/.
V/. Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera
dogu laguntzaile eta babesle.
Betor
gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zeugan
dogu-eta jarri itxaropena. R/.
II. Irakurgaia
Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.
Sinismenean aita dogun Abrahamen oparia.
Hasiera liburutik
Has 22, 1-18
Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu nahi
izan eban eta dei egin eutson: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu».
Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra,
eta zoaz Moriako lurraldera, eta eskeini egidazu erre-opari, Nik erakutsiko
deutsudan mendi gainean».
Jagi zan Abraham goizean goiz, txalmatu eban
astoa eta, erre-oparitako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zan,
morroi biekin eta bere seme Isaakegaz. Hirugarren egunean, begiak jasorik,
lekua ikusi eban urrunean, eta esan eutsen morroiei: «Gelditu hemen astoagaz.
Mutikoa eta biok haraino goaz, Jainkoa gurtzera. Ondoren, hona bihurtuko gara».
Hartu eban Abrahamek erre-oparitako egurra
eta Isaak bere semeari leporatu eutson; berak sua eta aiztoa eroiazan. Biak
batera joiazala, Isaakek esan eutson bere aita Abrahami: «Aita!» «Zer dozu,
seme?», erantzun eutson harek. Eta semeak: «Sua eta egurra badoguz; baina non
da oparitako bildotsa?» Abrahamek erantzun eutson: «Jainkoak eratuko deusku
oparitako bildotsa, seme». Eta biak batera joiazan.
Jainkoak esandako lekura heldu ziranean,
Abrahamek altarea eraiki eban eta egurra prestatu; gero, bere seme Isaak lotu
eta altaran egur-pilo gainean ipini eban. Eskua luzatuz, aiztoa hartu eban
Abrahamek semea hiltzeko. Baina Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik:
«Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan:
«Ez luzatu eskua semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirunea
deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra bera be ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi
eban adarretatik sastraka artean kateatuta; hartu eta erre-oparitzat eskeini
eban semearen ordez. Abrahamek leku hari «Jaunak dau hornitzen» ezarri eutson
izena, eta gaur egun be halan dino jenteak: «Mendian Jaunak dau hornitzen».
Barriro be dei egin eutson Jaunaren
aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hauxe dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan
jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut
eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko harea baizen ugari
egingo ditut, eta arerioen uriez jaubetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko
herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».
Jaunak esana
II. irakurgaia era laburrean.
Sinismenean aita dogun Abrahamen oparia.
Hasiera liburutik
Has 22, 1-2. 9a. 10-13. 15-18
Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu nahi
izan eban eta dei egin eutson: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu».
Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra,
eta zoaz Moriako lurraldera, eta eskeini egidazu erre-opari, Nik erakutsiko
deutsudan mendi gainean». Eta biak batera joiazan.
Jainkoak esandako lekura heldu ziranean,
eskua luzatuz, aiztoa hartu eban Abrahamek bere semea hiltzeko. Baina
Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik: «Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek
erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan: «Ez luzatu eskua zeure semearen
gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirunea deutsazula, ez
deutsazu-eta zeure seme bakarra bera be ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi
eban adarretatik sastraka artean kateatuta; hartu eta erre-oparitzat eskeini
eban semearen ordez.
Barriro be dei egin eutson Jaunaren
aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hauxe dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan
jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut
eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko harea baizen ugari
egingo ditut, eta arerioen uriez jaubetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko
herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 16 [15], 5 eta 8. 9-10. 11 (R/. ik. 1)
R/. Zaindu nagizu, Jainko,
babes bila nator-eta Zugana.
V/. Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure
edontzia,
zure
esku dago nire zoria.
Begi
aurrean dot Jauna eten barik;
ha
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean
nasai gorputza.
Ez
dozu-eta nire bizia Heriotz-lezara jaurtiko,
ezta
be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.
V/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez
beteko nozu zeure aurrean,
zorionez
betiko zeure ondoan. R/.
III. Irakurgaia
Itsasoan
zabaldutako lehor-bidetik igaro ziran israeldarrak,
oinik
busti barik.
Urteera liburutik
Ur 14, 15–15, 1a
Aldi haretan, Jaunak esan eutson Moisesi:
«Zergaitik diharduzu niri oihuka? Esan israeldarrei aurrera egiteko. Eta zuk
jaso makila eta luzatu eskua itsas gainera: erdi bitu egingo da itsasoa eta
israeldarrak erditik igaroko dira, oinik busti barik. Nik setatsu bihurtuko
ditut egiptoarrak, atzetik jarraitu deizueen, eta neure aintza agertuko dot
faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdien eta zaldizkoen
lepotik. Orduan jakingo dabe egiptoarrek Neu nazala Jauna, neure aintza
agertuko dodanean faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdien
eta zaldizkoen lepotik».
Israeldarren aurretik joian Jainkoaren
aingerua atzealdera pasatu zan; laino-adarra be lekuz aldatu eta atzealdean
kokatu zan, israeldarren eta egiptoarren tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu
zan, eta ezin izan ziran gau osoan alkarrengana hurreratu.
Luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera
eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo eban gau guztian. Haizeak
itsasoa lehortu eban, eta urak erdibitu egin ziran. Itsasoan zabaldutako
lehor-bidetik igaro ziran israeldarrak, oinik busti barik, urak ezker-eskuma
ebezala harresi lez. Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldizko guztiak,
israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziran.
Goizaldean, Jaunak su- eta laino-adarretik
egiptoarren gudarosteari begiratu eutson eta nahastea sortu eban harengan.
Gurdien gurpilak trabatu ebazan, nekez mugitzen zirala itziz. Orduan,
egiptoarrek esan eben: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jaunak dihardu-eta
hareen alde eta gure aurka».
Baina Jaunak esan eutson Moisesi: «Luzatu
eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, hareen gurdien eta zaldizkoen
gainera, bihurtu daitezan». Luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera; eguna
argitzean urak ohiko lekura bihurtu ziran, eta egiptoarrek, ihes egiteko
ahaleginean, uragaz aurrez aurre topo egin eben; Jaunak itsas hondora amildu
ebazan egiptoarrak. Euren lekura bihurtzean, urek estaldu egin ebezan
israeldarren atzetik itsasoan sartu ziran gurdiak, zaldizkoak eta faraoiaren
gudaroste osoa; ez eban bat bakarrak be bizirik urten. Israeldarrak, barriz,
oinik busti barik igaro ziran itsas erditik, urak ezker-eskuma ebezala harresi
lez.
Egun haretan Jaunak salbatu egin eban Israel
egiptoarren eskuetatik, eta hilik ikusi ebazan Israelek egiptoarrak
itsasbazterrean. Eta Jaunak egiptoarren kontra erabili eban ahalmen handia
ikusirik, herriak begirune izan eutson Jaunari, eta Jaunagan eta honen
zerbitzari Moisesengan jarri eban uste ona.
Orduan, Moisesek eta israeldarrek kantu hau
abestu eutsoen Jaunari:
Erantzun salmoa
Ur 15, 1b-2. 3-4. 5-6. 17-18 (R/. 1b)
R/. Jaunari deutsat kantatzen,
garaipen handia lortu daualako.
V/. Jaunari deutsat kantatzen,
garaipen
handia lortu daualako,
zaldi
eta zaldun itsasora amildu ditualako.
Jauna
dot indar eta kemen, bera neure salbazino.
Bera
dot neure Jainkoa: gorespen hari,
neure
aitaren Jainkoa: goratua izan bedi. R/.
V/. Gudari da Jauna,
Jauna
dau harek izena.
Itsasoan
hondoratu ditu
Faraoiaren
gurdiak eta gudariak,
Itsaso
Gorrian amildu
haren
buruzagirik aukerakoenak. R/.
V/. Ur handiek estaldu ebezan,
harria
lez hondora joan ziran.
Zure
eskuma, Jauna, biziro indartsua,
zure
eskumak, Jauna, desegiten dau arerioa. R/.
V/. Sartuazo dozu zeure herria
eta
zeure mendian landatu, zeure ondarean,
zeure
egoitza egin dozun tokian, Jauna,
zeure
eskuz, Jauna, eraiki dozun santutegian.
Jauna
errege da betidanik betidaino. R/.
IV. Irakurgaia
Betiko
maitasunaz errukitu jatzu Jauna,
zeure
askatzailea.
Isaias Profetaren liburutik
Is 54, 5-14
Zure
egileak bere emaztetzat hartuko zaitu:
haren
izena Jaun ahalguztiduna;
Israelen
Jainko santua da zure askatzailea,
lur
osoaren Jainko deritxo.
Emakume
baztertu eta atsekabetuari lez
dei
egiten deutsu Jaunak barriro,
gaztetako
emazte zapuztuari lez –dino zure Jainkoak–.
Apur
batez baztertu zindudazan;
baina
maitasun handiz batuko zaitut barriro.
Hasarrealdi
baten, unetxu batez gorde neutsun aurpegia;
baina
betiko maitasunaz errukitu naiatzu,
dino
Jaunak, zure askatzaileak.
Noeren
egunetan lez izango da Niretzat:
zin
egin neban orduan
holdeak
ez ebala aurrerantzean lurrik estalduko,
eta
halantxe egiten dot zin orain ez naiatzula barriro hasarratuko,
ez
deutsudala aurrerantzean amenazurik egingo.
Mendiak
euren lekutik aldendu eta muinoak kili-kolo egonda be,
nire
maitasuna ez da zugandik aldenduko,
nire
bake-ituna ez da kili-kolo egongo,
honan
dino maite zaituan Jaunak.
Zorigaiztokoa
zu, Jerusalem, ekatxak astindua,
inork
kontsolatu bakoa!
Malakitazko
oinarri gainean eraikiko zaitut,
zafirozko
zimendu gainean ezarriko;
torreak
errubiz eta ateak esmeraldaz egingo deutsudaz,
harribitxiz
harresi guztiak.
Zure
seme-alabak Jaunaren ikasle izango dira
eta
bake osoan biziko.
Justizian
oinarrituko zara sendo.
Zapalkuntzatik
urrun egongo zara
eta
ez zara ezeren bildur izango,
ikarea
ez jatzu inoiz hurreratuko.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 30 [29], 2 eta 4. 5-6. 11-12a eta 13b (R/. ik. 2a)
R/. Goratuko zaitut, Jauna,
onik atara nozulako.
V/. Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei
nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna,
Herio-lezatik atara nozu,
zulora
jaisteko nengoala bizibarritu. R/.
V/. Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu
egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une
baterako da haren hasarrea,
bizi
guztirako haren onginahia.
Arratsean
negarra da gurean,
poz-oihua
goizean. R/.
V/. Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan
zakidaz laguntzaile, Jauna.
Negarra
dantza bihurtu deustazu,
Jauna,
ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.
V. Irakurgaia
Etorri
nigana, eta biziko zarie;
betiko
ituna egingo dot zuekin.
Isaias Profetaren liburutik
Is 55, 1-11
Honan
berba egiten dau Jaunak:
«Egarri zarien guztiok, zatoze ur bila,
etorri,
dirurik ez dozuenok be;
erosi
garia eta jan ordaindu barik, erosi ardaoa eta esnea doan.
Zergaitik
eralgi dirua, goserik itziko zaitueen janaritan,
eta lansaria,
asetuko ez zaitueen gauzatan?
Entzun
Niri arretaz, eta ondo jango dozue,
janari
gozo mamintsuz mantenduko zarie.
Etorri
Nigana eta egon adi,
entzuidazue
eta biziko zarie.
Betiko
ituna egingo dot zuekin,
Davidi
eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz.
Herrientzako
testigu jarri neban David,
nazinoen
buruzagi eta agintari.
Ezagutzen
ez zenduan herriari egingo deutsazu dei,
eta
ezagutzen ez zinduzan herria arineketan etorriko da zugana,
Jaunagaitik,
zure Jainkoagaitik,
ospez
jantzi zaituan Israelgo Santuagaitik.
Bilatu
egizue Jauna, aurkitu leiteken bitartean;
dei
egiozue, hurrean dagoan bitartean.
Itzi
begi gaiztoak bere bidea,
gaizkileak
bere asmo txarrak;
bihurtu
bedi Jaunagana, errukiz hartuko dau-eta,
gure
Jainkoagana, guztiz parkabera da-eta.
Nire
asmoak ez dira zuenak lakoak,
ezta
zuen jokabidea be nirea lakoa –dino Jaunak–.
Zelan
zerua lurraren gainetik garai,
halan
nire jokabidea zuen jokabidearen gainetik,
nire
asmoak zuen asmoen gainetik.
Euria
eta edurra zerutik jaisten dira
eta
ez dira barriro hara bihurtzen,
lurra
ase, ernaldu eta erneazo barik,
ereiteko
hazia eta jateko ogia emon dagizan;
halan
egingo dau nire ahotik urtendako hitzak be:
ez
da Nigana hutsik bihurtuko,
egingo
dau, ostera, Nik nahi dodana
eta
beteko Nik ezarritako helburua».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. 3)
R/. Atarako dozue ura pozik
salbamenaren iturrietatik.
V/. Bai, Jainkoa dot salbatzaile!
Badot
uste on eta ez naz bildur,
Jauna
dot-eta indar eta kemen,
bera
neure salbazino. R/.
V/. Atarako dozue ura pozik
salbazinoaren
iturrietatik.
«Eskerrak Jaunari, egin dei haren izenari,
iragarri
haren egintzak herriei,
iragarri
zein bikaina dan haren izena. R/.
V/. Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,
jakin
begie honen barri mundu osoan.
Egin
poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro
dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.
VI. Irakurgaia
Zabiltz Jaunaren argiaren distiran.
Baruk Profetaren liburutik
Ba 3, 9-15. 32–4, 4
Entzun,
Israel, bizira daroen aginduak,
entzun,
zuhurtasuna ikasteko.
Zer
dala-eta, Israel, zer dala-eta zagoz arerioen lurraldean,
lurralde
arrotzean zahartzen?
Zer
dala-eta hildakoekin kutsaturik,
Herio-lezan
dagozanen parekotzat emona?
Itzi
egin dozu jakituriaren iturria!
Jainkoaren
bideari jarraitu izan bazeuntso,
bakean
biziko zinateken betiko.
Ikasi
non dagoan zuhurtasuna, non indarra eta zentzun ona,
eta
jakingo dozu era berean
non
dagoan bizitza luzea eta benetako bizia,
non,
gidatuko zaituan argia eta bakea.
Nork
aurkitu dau jakituriaren bizilekua?
Nor
heldu da haren altxorretaraino?
Dana
dakian Jainkoak ezagutzen dau jakituria,
bere
adimenaz aztertzen dau.
Harek
eratu dau lurra betiko eta lau oineko abereez bete;
argiari
joateko agindu, eta joan egiten da,
deitu,
eta harek esana egiten ikaraz.
Izarrek
be distira egiten dabe
euren
zaintza-postuetan, pozez beterik;
deitzen
deutse, eta «Hemen gaituzu» erantzuten deutsoe,
eta
pozik distiratzen euren Egilearentzat.
Horixe
da gure Jainkoa, ez da beste inor ha lakorik.
Berak
aurkitu ditu jakintzaren bide guztiak,
eta
bere zerbitzari Jakobi erakutsi deutsoz,
hain
maite dauan Israel herriari.
Gero,
munduan agertu zan jakituria
eta
gizakien artean bizi izan zan.
Jainkoaren
aginduen liburua da jakituria,
betiko
irauten dauan legea;
ha
gordetzen dabenak bizira doaz,
bazterrera
izten dabenak heriotzara.
Onartu
barriro jakituria, Jakoben herri,
zabiltz
haren argiaren distiran.
Ez
itzi besteri zeure aintza,
ezta
jente arrotzari be zeure duintasuna.
Zorionekoak
gu, Israel, Jainkoari atsegin zer jakon dakigunok.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11(R/. ik. Jn 6, 68c)
R/. Zeuk daukazuz, Jauna, betiko biziaren hitzak.
V/. Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen
dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur
egiten dau. R/.
V/. Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren
agindua distiratsu, begien argigarri. R/.
V/. Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren
erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.
V/. Urrea, urre araztua baino desiragarriago,
eztia,
ezti barria baino gozoago. R/.
VII. Irakurgaia
Ur
garbiz txipriztinduko zaituet
eta
bihotz barria emongo deutsuet.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 36, 16-17a. 18-28
Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme!
Israel herriak, bere lurraldean bizi zanean, kutsatu egin eban lurraldea bere
jokabide eta egintza txarrez. Orduan, hareen gainera isuri neban neure sumina,
lurraldean odola isuri eta idolatriaz kutsatu ebelako. Atzerriko nazinoetan eta
lurraldeetan sakabanatu nituan. Euren jokabide eta egintza txarren arabera
epaitu nituan. Eta nazino hareetara heldu ziranean be, nire izen santua zikindu
eben, jentea hau esatera bultzatuz: "Jaunaren herria dira, eta haren
lurraldetik urten egin behar izan dabe". Orduan, nire izen santua garbitu
nahi izan neban, zikindu egin eban-eta Israel herriak, egon zan nazinoetan.
Esaiozu, beraz, Israel herriari: Hau dino
Jaunak: "Ez dot hau zuekaitik, israeldarrokaitik, egiten, zuek egon zarien
nazinoetan baltzitu dozuen nire izen santuagaitik baino. Santu agertuko dot
neure izen handia, nazinoetan kutsatuta dagoana, hareen artean zuek kutsatu
dozuen nire izena. Eta zuen bidez hareen aurrean santu agertuko nazanean,
orduan jakingo dabe nazino hareek Neu nazala Jauna –dino Jainko Jaunak–.
Nazinoen artetik hartuko zaituet, lurralde guztietatik
batuko eta zeuen lurraldera ekarriko. Ur garbiz txipriztinduko zaituet, eta
garbi geldituko zarie; zeuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko
zaituet.
Bihotz barria emongo deutsuet eta barruan
espiritu barria ezarriko. Harrizko bihotza kenduko deutsuet eta haragizkoa
emongo. Neure espiritua ipiniko dot zuengan, eta gai egingo zaituet nire legeen
arabera ibiltzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko. Zuen asabei emon neutsen
lurraldean biziko zarie; nire herri izango zarie zuek, eta Ni zuen
Jainko"».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 42 [41], 3 eta 5bc; 43 [42], 3-4 (R/. Sal 42 [41], 2)
R/. Basahuntza iturrien gogo biziz lez,
halan daukat, Jainko, gogoa desio biziz
Zugana.
V/. Jainkoaren egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz
helduko ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera?
Gogoan
dot, zelan joaten nintzan tenplura, Jainkoaren etxera,
poz-oihuz
eta goraka, jai-giroan, jentetzagaz batera. R/.
V/. Bialdu zeure argia eta egia, gidatu nagiela,
eta
eroan zure mendi santura, zure bizilekura.
Eta
helduko naz Jainkoaren altarara,
neure
poz betea dodan Jainkoagana.
Zitaraz
goratuko zaitut, Jainkoa, ene Jainkoa. R/.
Edo: Bateoa ospatzekoa bada:
Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6
R/. Atarako dozue ura pozik
salbamenaren iturrietatik.
Edo:
Sal 51 [50], 12-13. 14-15. 18-19
R/. Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu
arnasa sendoa nire barruan.
Ez
nagizu bota zeure aurretik,
ez
kendu niri zeure arnasa santua. R/.
V/. Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu
nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko
deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta
Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.
V/. Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia
eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz
hausiriko espiritua da
Jainkoak
nahi dauan sakrifizioa;
Zuk
ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz
hausia eta umildua. R/.
Epistola
Kristo,
hilen artetik biztu zan ezkero,
ez
da barriro hilko.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 6, 3-11
Senideok: Bateoaz Kristo Jesusegaz bat egin
dogunok, haren heriotzagaz egin dogu bat. Bateoaren bitartez haregaz heriotzan
hobiratuak izan gara, Aitaren aintzaz Kristo hilen artetik biztu zan lez, geuk
be bizi barria bizi dagigun.
Izan be, harena lako heriotzan hari
itsatsiak izan bagara, halantxe izango gara harena lako biztueran be. Badakigu
lehengo gure izaera Kristogaz kurutzeratua izan dala, pekatuzko gure izaera
hori ezereztua gelditu zedin eta aurrerantzean pekatuaren esklabo izan ez
geintezan. Izan be, norbait hiltzen danean, pekatutik aske gelditzen da.
Beraz, Kristogaz hil bagara, sinisten dogu,
bizi be haregaz biziko garala. Badakigu Kristo, hilen artetik biztu zan ezkero,
ez dala barriro hilko; heriotzak ez dau gehiago aginterik harengan; haren hiltzea
pekatuarentzat behin betiko hiltzea izan zalako, eta haren bizitzea
Jainkoarentzat bizitzea da. Bardin zuek be; hartu kontuan pekatuarentzat hilik
zagozela eta Jainkoarentzat bizirik, Kristo Jesusengan.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 118 [117], 1-2. 15c-16a eta 17. 22-23
R/. Aleluia, aleluia, aleluia.
V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren
maitasuna betikoa da-eta.
Esan
begie israeldarrek:
haren
maitasuna betikoa. R/.
V/. «Jaunaren eskumak indarrez jokatu dau,
Jaunaren
eskuma guztiz garaia da».
Ez
naz hilko, ez, bizi baino,
Jaunaren
egintzak kontatzeko. R/.
V/. Etxegileek baztertutako harria
giltzarri
bihurtu da.
Jaunak
egin dau hori,
gure
begien harrigarri. R/.
A urtean
Ebanjelioa
Biztu da eta zuen aurretik joango da Galileara.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 28, 1-10
Zapatua igaro eta astearen lehen-eguna
argitzean, Maria Magdalena eta beste Maria hilobia ikustera joan ziran.
Bat-batean, lurrikara handia izan zan; Jaunaren aingeru bat zerutik jatsi zan
eta, hurreraturik, harria irauli eban eta gainean jesarri. Tximista zirudian
eta edurra baizen zuria eban soinekoa. Jagoleak bildurrez dar-dar eta hilda lez
gelditu ziran.
Aingeruak emakumeei berba egin eutsen: «Zuek
ez bildur izan. Badakit, Jesus kurutzean josiaren bila zabiltzena. Ez dago
hemen; biztu egin da, berak esan bezala. Zatoze eta ikusi ezarrita egon zan
lekua. Zoaze bizkor haren ikasleei esatera: “Biztu da hilen artetik eta zuen
aurretik joango da Galileara. Han ikusiko dozue”. Hauxe da esan behar neutsuena».
Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz
baina poz-pozik, lasterka joan ziran ikasleei barri emotera.
Horretan, Jesusek urten eutsen bidera eta
agur egin eutsen. Emakumeek, hurreraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu
egin eben. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Ez bildur izan! Zoaze eta esan nire
senideei Galileara joateko. Han ikusiko nabe».
Jaunak esana
B urtean
Ebanjelioa
Biztu da Nazareteko Jesus kurutzeratua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 16, 1-7
Zapatua igaro zanean, Maria Magdalenak eta
Santiagoren ama Mariak eta Salomek usain gozoko ukenduak erosi zituen Jesusen
gorpua baltsamatzeko. Eta astearen lehen-egunean, goizean goiz, eguzkiak urten
orduko, hilobira joan ziran.
Hauxe inotsien alkarri: «Nork irauliko
deusku hilobi-sarrerako harria?» Begiratu eta harria iraulita ikusi eben, oso
handia zan arren.
Hilobian sarturik, gazte bat ikusi eben
eskumaldean jesarrita, soineko zuriz jantzia, eta ikaratu-ikaratu egin ziran.
Harek esan eutsen: «Ez bildurtu! Nazareteko
Jesus kurutzean josiaren bila ete zabiltze. Biztu egin da; ez dago hemen.
Begira hemen ipini eben lekua. Zoaze orain haren ikasleei, eta, batez be,
Pedrori, esatera: “Zuen aurretik joango da Galileara. Han ikusiko dozue, berak
esaneko moduan”».
Jaunak esana
C urtean
Ebanjelioa
Zer zabiltze hilen artean, bizi danaren bila?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 24, 1-12
Astearen lehen-egunean, goizean goiz,
hilobira joan ziran emakumeak, prestaturik ebezan usain gozoko ukenduak
eroanez. Hilobi-sarrerako harria iraulita aurkitu eben. Sartu ziran, baina ez
eben Jesus Jaunaren gorpua aurkitu.
Zer pentsatu ez ekiela egozan; horretan,
gizaseme bi agertu jakezan jantzi distiratsuz. Emakumeak ikaraz eta buru-makur
egozala, gizaseme hareek esan eutsien: «Zer darabilzue hilen artean, bizi
danaren bila? Ez dago hemen; biztu egin da. Gogoratu egizue Galilean egoala
esan eutsuena: Gizonaren Semea pekatarien esku itzi behar ebela eta kurutzean
josi, baina hirugarren egunean biztu egin behar ebala». Hareek, Jesusen berbok
ekarri ebezan gogora.
Eta, hilobitik bihurturik, gertaturiko
guztien barri emon eutsien Hamaikei eta gainerako ikasleei. Maria Magdalena,
Joana eta Santiagoren ama Maria ziran emakumeok; eta honeekaz ziran beste
emakumeek be gauza berbera esaten eutsien apostoluei. Baina honeek
zorakeriatzat hartu zituen.
Halanda guzti, Pedro jagi eta hilobira joan
zan arineketan; makurturik, oihal-zerrendak besterik ez eban ikusi, eta etxera
bihurtu zan gertatuaz harrituta.
Jaunak esana