Garizumako IV. astea
Aukerako Meza
Irakurgai honeek aste honetako edozein egunetan erabili daitekez, batez ere B eta C urteetan, hau da, jaiotzaz itsu zanaren ebanjelioa Garizumako IV. domekan irakurri ez danean.
I. Irakurgaia
Jagiko naz;
ilunpean egonik
be, Jauna dot argi.
Mikeasen Profezia liburutik
Mi 7, 7-9
Nik Jaunagan
ditut begiak,
Jainko
nire Salbatzaileagan konfiantza;
entzungo
deust, bai, Jainkoak.
Ez
dadila poztu arerioa nire zoritxarraz:
jausi
banaz be, jagiko naz;
ilunpean
egonik be, Jauna dot argi.
Jaunaren
hasarrea jasango dot,
haren
aurka egin dot-eta pekatu,
nire
auzia erabagi
eta
nire alde urten dagian arte;
bere
argira eroango nau
eta
ikusiko dot haren salbazinoa.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 1. 7-8b. 8c-9c. 13-14 (R/. 1a)
R/. Jauna dot argi eta salbamen.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork
ni bildurtu?
Jauna
biziaren babes,
nork
ni ikaratu? R/.
V/. Entzun, Jauna, nire dei-hotsa,
erruki
zakidaz eta erantzun.
Bihotzak
esaten deust:
«Bilatu egizu haren aurpegia». R/.
V/. Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez
ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez
baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zeu
zaitut-eta laguntza. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen
lurrean.
Itxaron
Jaunagan!
Eutsi
gogor, izan bihotz!
Itxaron
Jaunagan! R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 8, 12
V/. Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
Niri
jarraitzen deustanak izango dau bizirako argia.
Ebanjelioa
Joan zan itsua,
garbitu
eta ikusten
ebala bihurtu zan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 9, 1-41
Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala,
jaiotzatik itsua zan gizon bat ikusi eban. Eta ikasleek itaundu eutsoen:
«Maisu, nork egin eban pekatu, hau itsu jaiotzeko, honek ala beronen gurasoek?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez honek, ez
beronen gurasoek, ez eben pekaturik egin, ezpada ze, Jainkoaren egintzak
honengan agertu daitezan jaio zan itsu. Egun-argia dan bitartean egin behar
dodaz bialdu nauanaren egintzak; badator gaua, eta orduan inork ezin leike
lanik egin. Munduan nagoan bitartean, munduaren argia naz».
Hau esanik, txua bota eban lurrera, txuaz
lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi eutsozan itsuari; gero, esan eutson: «Zoaz
eta garbitu zaitez Siloeko uraskan». (Siloek «Bialdua» esan gura dau). Joan
zan, bada, itsua, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan.
Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek
esaten eben: «Ez da, ba, hauxe jesarrita-eta eskean egoten zana?» Batzuek
inoen: «Bai, bera da». Beste batzuek: «Ez, ez da bera, haren antzeko bat baino».
Berak, barriz, inoan: «Bai, haxe naz». Orduan itaundu eutsoen: «Zelan edegi
jatzuz, bada, begiak?» Eta harek erantzun: «Jesus dalakoak lohia egin dau,
begiak igurtzi deustaz eta agindu deust: “Zoaz Siloera eta garbitu”; joan,
garbitu eta ikusten hasi naz». Itaundu eutsoen: «Non da gizon hori?» Harek
erantzun: «Ez dakit».
Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak
edegi eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuakana eroan eben itsu izandakoa, eta
fariseuek barriro itaundu eutsoen zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun
eutsen: «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nintzan eta ikusi egiten dot».
Fariseuetako batzuek inoen: «Gizon hori ez
dator Jainkoagandik, ze, ez dau zapatuko atseden eguna errespetatzen». Beste
batzuek, barriz, inoen: «Zelan egin leike pekatari batek holako mirarizko
seinalerik?» Eta ez etozen bat euren eretxietan. Barriro itaundu eutsoen
itsuari: «Eta zuk zer dinozu begiak edegi deutsuzanaz?» Harek erantzun:
«Profeta dala».
Halan be, judeguek ez eben sinistu gura
gizon ha itsua izan eta ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu eta
itaundu eutsien: «Hau da zuen semea, itsu jaio zala dinozuena? Zelan ikusten
dau, bada, orain?» Gurasoek erantzun eutsien: «Guk badakigu geure semea dana
eta itsu jaio zana; baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork zabaldu
deutsozan, hori ez dakigu. Itaundu berari, ze, badauka adina bere buruaren
barri emoteko-eta». Judeguen bildurrez berba egiten eben gurasoek holan, ze,
ordurako agintariek erabagita euken Jesus Mesias zala autortzen ebana sinagogatik
botatzea. Horregaitik esan eben gurasoek: «Badauka adina, itaundu berari».
Judeguek bigarren biderrez deitu eutsoen
itsu izanari eta esan eutsoen: «Autortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu
gizon hori pekataria dana». Harek erantzun eutsen: «Pekatari dan ala ez, nik ez
dakit. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzala eta orain ikusi egiten
dodala».
Hareek barriro: «Zer egin deutsu? Zelan
zabaldu deutsuz begiak?» Harek erantzun eutsen: «Esan deutsuet lehen be, eta ez
deustazue jaramonik egin. Zergaitik entzun gura dozue barriro? Zuek be haren
ikasle izan nahi dozue ala?»
Hareek irainez bete eben eta esan eutsoen:
«Zeu izango zara haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu
Jainkoak Moisesi berba egin eutsona, baina hori nongoa dan be ez dakigu».
Harek orduan: «Hori bai harrigarria! Zuek
nongoa dan be jakin ez, eta harek niri begiak edegi. Jakina da Jainkoak ez
deutsela pekatariei entzuten, ezpada ze, jainkozale danari eta beraren nahia
egiten dauanari entzuten deutsola. Egundo ez da entzun itsu jaiotako bati inork
begiak zabaldu deutsozanik. Gizon horrek, Jainkoagandik ez baletor, ezingo
leuke ezer egin». Hareek erantzun eutsoen: «Goitik beheraino pekatari jaio
zinan, eta zu guri irakatsi nahian?» Eta kanpora bota eben.
Jakin eban Jesusek bota egin ebela eta,
aurkitu ebanean, itaundu eutson: «Sinisten dozu Gizonaren Semeagan?» Harek
erantzun: «Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu dagidan». Jesusek esan eutson:
«Ikusi dozu; zeugaz berbetan diharduan berbera da». Harek orduan: «Sinisten dot,
Jauna». Eta aurrean ahuspeztu jakon.
Ondoren Jesusek esan eban: «Epai baterako
etorri naz Ni mundu honetara; ikusten ez dabenek ikusi dagien, eta ikusten
dabenak itsu bihurtu daitezan». Jesusegaz egozan fariseu batzuek, hori
entzunda, esan eutsoen: «Geu be itsu ete gara, bada?» Jesusek erantzun eutsen:
«Itsu bazinie, ez zeunkie eukiko pekaturik. Baina ikusten dozuela dinozuenez,
zeuon pekatuan irauten dozue».
Jaunak esana.
Garizumako IV. astelehena
I. Irakurgaia
Ez da han
gehiago entzungo
negar-hotsik,
ez garrasirik.
Isaias Profetaren liburutik
Is 65, 17-21
Hauxe dino Jaunak:
«Hara, zeru barriak eta lur barria egingo
ditut;
lehengoen
gogorapenik ez da geldituko,
eta
ez dira barriro gogora etorriko.
Bestetara,
amaibako poza eta alaitasuna izango dabe
Nik
egingo dodanagaitik,
poz-uri
egingo dot-eta Jerusalem,
alaitasun-herri
bertako jentea.
Pozaren
pozez izango naz Jerusalemengaitik,
alai
neure herriagaitik.
Ez
da han gehiago entzungo negar-hotsik, ez garrasirik.
Ez
da han izango jaio eta laster hilko danik,
ezta
bere adin betera helduko ez danik be,
ehun
urtetan hiltzea gazterik hiltzea izango da-eta,
eta
ehun urtera heltzen ez dana madarikatutzat emongo.
Etxeak
egin eta hareetan biziko dira,
mahastiak
landatu eta hareen frutua jango dabe».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 30 [29], 2 eta 4. 5-6. 11-12a eta 13b (R/. 2a)
R/. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.
V/. Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei
nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna,
Herio-lezatik atara nozu,
zulora
jaistear nengoala bizibarritu. R/.
V/. Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu
egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une
baterako da haren hasarrea,
bizi
guztirako haren onginahia.
Arratsean
negarra da gurean,
poz-oihua
goizean. R/.
V/. Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan
zakidaz laguntzaile, Jauna».
Negarra
dantza bihurtu deustazu.
Jauna,
ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Am 5, 14
V/. Bilatu egizue ona eta ez txarra,
bizi
zaitezen,
eta
zuekin izango da Jauna.
Ebanjelioa
Zoaz etxera, onik dozu semea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 4, 43-54
Aldi haretan, Jesus Samariatik urten eta
Galileara joan zan. Jesusek berak autortu izan eban, profeta ez dabela bere
herrian aintzat hartzen. Halan be, Galileara heldu zanean, galilearrek harrera
ona egin eutsoen. Izan be, Jerusalemen izanak ziran eurak be eta ikusi izan
ebezan Jesusek Pazko-jaietan egin zituan guztiak.
Jesus Galileako Kanara joan zan barriro, ura
ardao bihurtu eban herrira. Bazan han errege-funtzionario bat, semea
Kafarnaumen gaixorik eukana. Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara etorri
zala jakitean, beragana joan eta bere semea osatzera jaisteko eskatu eutson,
hil aginean egoala-eta. Jesusek erantzun eutson: «Ezaugarriak eta egintza
harrigarriak ikusten ez badozuez, ez dozue sinisten». Baina
errege-funtzionarioak barriro: «Zatoz, Jauna, nire umea hil baino lehen».
Jesusek esan eutson: «Zoaz etxera, semea ondo daukazu-eta». Gizonak sinistu
egin eban Jesusek esana eta joan egin zan.
Etxerantz joiala, morroiek urten eutsoen
bidera, semea ondo egoala esanez. Orduan itaundu eutsen zer ordutan hasi zan
onera etortzen. Eta hareek erantzun: «Atzo eguerdiko ordu batetan itzi eutson
sukarrak». Konturatu zan aita ordu harexetan esan eutsola Jesusek: «Ondo
daukazu semea». Eta sinistu egin eben Jesusengan berak eta etxeko guztiek.
Judeatik Galileara bihurtu zanean egin eban
Jesusek bigarren ezaugarri hau.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Detaile asko aurkitzen doguz ebanjelio-txataltxo honetan Jeusen jarraitzaile izan gura dogunok kontuan hartu geikezanak, gure sinismenaren sustatzaile izan daitekezalako. Hurreratu gakiezan apurtxo bat baino ez bada ere.
Zein da leku sinistuna eta zein herrialde sinisgabea? Hortxe dagoz Jerusalem (bertan dago Tenplua) eta Galilea: han juduak eta erbestekoak nahaste bizi dira, jentil-usaina dario; judegu zintzoek pagano edo jentil lurraldetzat dauke…
Eta han, Galilean, jentil-herrian, jentila (paganoa) eta funtzionarioa gainera (judeguen esplotatzailea) Jesusen aurrean jarten da erreguka, bere morroia osatu eiala apaltasunez eskatuz.
Irakatsia emon gura dau Jesusek: sinismena dago jokoan. Eta sinismenera ez gaituela ezaugarri harrigarriek eroango azpimarratzen dau. Zein ete da sinismenerako bidea? —galdetu geikeo.
Eta ondorio lez ataraten danetik esan geike, harrigarrien bila barik Jesusen bila ibilteak, eta haren hitza onartzeak eta harengan ustea izateak garoazala sinismenera. Hau da: geure buruaren salbatzaile izatera (zeure sinismenak salbatu zaitu).
Jesusek, ba, biztu eta bizkortu leikigu sinismena. Haren berbea entzutea dagokigu; harengan uste ona jartea dagokigu; ha gure bizitzarern erdian jartea dagokigu, sinismenetik sortzen dan indarra euki gura badogu. Gure begi-belarriak eta bihotza Jesusengan jartea da bihozbarritzea.
Herri otoitza (Eskariak)
† Jesus Jaunaganako uste ona harrigarriak lortzeko gauza da. Beragan gure uste ona jarriz jo daigun eskale Jainkoagana:
—Eleizearen alde: bizkortuazo daian bere sinismena, jar daian bere uste ona ez mundukerietan Jaunagan baino, eta askatu daiten aberaskerien eta handikeria guztien lokarrietatik, egin daigun otoitz.
—Mundu honetako handikien alde: euren beharrizan edo ameskerietatik harago ere begiratu daien, sufritzen dagozanen oihuak entzun daiezan, eta euren alde egin daien, egin daigun otoitz.
—Gure familietan otoitzak leku izan daian eta Jesus Jaunaganako uste onean hezi daitezan bai gurasoak eta baita seme-alabak ere, egin daigun otoitz.
—Aparteko ezaugarrien bila ibiltetik askatu gaitezan, eta Jainkoaren aztarnak eguneroko bizitzan bilatu daiguzan, pobreen, baztertuen, aurrean erabilitako emakumeen eta ume bortxatu eta esplotatuengan, egin daigun otoitz.
† Dana barritu eta gu poztasunez bete gura gaituzun Jainkoa: sendotu gaizuz sinismenean, barritasun hori ikus daigun, eta poztasun horretan bizi izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako IV. martitzena
I. Irakurgaia
Ura ikusi neban
tenplutik urteten;
eta ur hori
heldu jaken guztiak salbatu egin ziran.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 47, 1-9. 12
Egun hareetan, Jaunaren tenpluko sarrerara
eroan ninduan gizonak. Ura ikusi neban tenpluko ate azpitik urteten eta
sortaldera joaten, tenplua sortaldera begira egoan-eta. Ura tenpluaren
eskumaldetik jaisten zan, altarearen hegoaldera. Gero, iparraldeko atetik urtenazo
eustan, eta kanpotik joan-etorria eginazo eustan, sortaldera begira egoan
sarreraraino. Eskumaldetik joian ura isurian.
Gizonak sortalderantz urten eban eta eskuan
eukan kordelaz bostehun metro neurtu eban, eta uretik eroan ninduan;
orkatilaraino heltzen jatan. Beste bostehun metro neurtu, eta uretik eroan
ninduan; belauneraino heltzen jatan. Beste bostehun metro neurtu, eta uretik
eroan ninduan; garriraino heltzen jatan. Beste bostehun metro neurtu eban;
igaro ezinezko ibaia zan, hain ziran-eta handiak urak; ibai ha ezin neban
igerian baino zeharkatu. Gizonak esan eustan: «Gizaseme, ikusi dozu?» Eta,
bihurtzean, ibaiaren bazterretik eroan ninduan.
Bihurtzean, ibaiaren alde bietan zuhaitz
asko egoala ohartu nintzan. Gizonak esan eustan: «Ur hau sortaldera doa, Araba
haranera jaisten da eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak
ondu egingo ditu. Ibaia helduko dan edonon, mota guztietako piztiak biziko dira
eta arrain asko izango da; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko
dau doan toki guztietan.
Ibaiaren ertz bietan, mota guztietako
fruta-arbolak haziko dira; ez jake orririk jausiko, eta eten barik emongo dabe
frutua, hilero emonaldi bat, santutegitik sortzen dan urak ureztatzen ditu-eta.
Frutuak janari izango dira, eta orriak osagai».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 46 [45], 2-3. 5-6. 8-9 (R/. 8)
R/. Jaun ahalguztiduna geugaz dogu,
Jakoben Jainkoa gure gotorleku.
V/. Jainkoa dogu babesleku eta indar,
edozein
larrialditan laguntza azkar.
Horregaitik
ez gara bildur,
nahiz
eta lurrak dardara egin
edota
mendiak itsas hondora amildu. R/.
V/. Ibai baten adarrek alaitzen dabe Jainkoaren
uria,
Goi-goikoaren
bizileku guztiz santua.
Jainkoa
dau erdian, ez dabil kili-kolo,
goiz-goizetik
laguntzen deutso Jainkoak. R/.
V/. Jaun ahalguztiduna geugaz dogu,
Jakoben
Jainkoa gure gotorleku!
Zatoze
eta ikusi Jaunaren egintzak,
lurrean
eragin dituan aldaketak. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Sal 51 [50], 12a. 14a
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
poztu
nagizu barriro zeure salbazinoaz.
Ebanjelioa
Une berean osaturik gelditu zan gizona.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 5, 1-3a. 5-16
Aldi haretan, judeguen jai bat ospatzen zan,
eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Bada Jerusalemen, Ardien Atea deitutakoaren
ondoan, hebreeraz Betzata deritxon uraska bat, bost aterpe dituana. Aterpeetan
gaixo asko egoten zan, lurrean etxunda: itsu, herren eta elbarri.
Bazan bertan hogeita hamazortzi urtez
gaixorik egoan gizon bat. Jesusek, han etxunda ikusi eta egoera haretan
aspalditik egoala jakinik, esan eutson: «Gura ete dozu osatu?» Gaixoak erantzun
eutson: «Jauna, ez daukat inor ura mogitzean uraskara sartuko nauanik; ni heldu
orduko, besteren batek aurrea hartzen deust». Jesusek esan eutson: «Jagi, hartu
esku-ohea eta ibili». Une berean osatuta gertatu zan gizona, esku-ohea hartu
eta ibiltzen hasi zan.
Zapatua zan ha eguna, atseden-eguna.
Horregaitik, judeguek esan eutsoen osatuari: «Zapatua da, eta ez jatzu bidezko
esku-ohea eroatea». Harek erantzun eutsen: «Osatu nauanak berak esan deust:
“Hartu esku-ohea eta ibili”». Orduan, itaundu eutsoen: «Nor da esku-ohea hartu
eta ibiltzeko esan deutsuna?» Osatuak, ostera, ez ekian nor zan, ze, Jesus
ezkutatu egin zan inguruko jentearen artean.
Gero, Jesusek tenpluan aurkitu eban eta esan
eutson: «Begira, osatuta zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik gertatu
ez dakizun». Joan zan gizon ha, eta judeguei jakinazo eutsen Jesus zala osatu
ebana. Horregaitik, hatan be, erasotzen eutsoen judeguek Jesusi: zapatuz halako
gauzak egiten zitualako.
Jaunak esana.
Iruzkina
Hemendik aurrera Jesus Jerusalengo Jauretxe inguruetan ikusiko dogu, eta Jauretxeko nagusiekaz eztabaidan, burrukan eta "lagunak egiten"; eta baita "ezaugarriak" egiten ere (osakuntzak, gehienbat).
Bururatu leikigun galdera bat hauxe litzateke: zergaitik egiten ete dauz Jesusek osakuntzok (Joanentzat "ezaugarriak") zapatuz? Jauretxeko agintarientzat osakuntzak egitea lan egitea da, eta zapatuz debekatuta dago lanik egitea. Jesusek Legea bere betera daroala esaten dau, baina, hareen ustez, ez dau aintzat hartzen zapatua, osakuntzak-eta egiten dauzelako... Zertan geratzen gara?
Beste alde batetik, Joanek bere ebanjelioan zera dinosku, Jesusen ahotan jarriz berba hau, «nire Aitak ez dau atsedenik hartzen». Hau erakustearren egiten ete dauz, ba, Jesusek "ezaugarriok"?
Gaurkoan, «hogeita hamazortzi urtez gaixorik egoan gizon bat» osatzen dau. Lehenengo galdetu egiten deutso, eta, bere erantzunetik, osatu nahi dauala hartzen dau. Eta, osatuaz bat, arazoetan sartzen da elbarria zana, zapatuz zilegi ez dana egiten dauala gogoratzen deutsoe-ta agintariek: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea eroatea». Baina Jesusen (osatu dauanaren) agindua dau ohatilea eroatea... Nori egin jaramon?
Beste gauza bat ere hartu geike gure hausnarketarako. Guztiz doakoa izan da osakuntza; elbarriak ez daki nork osatu dauan, eta ezin deutse juduei datu hori emon; baina Jesusek jauretxean aurkituko dau osatua eta gogotan hartzeko berbak dinotsoz: «Begiratu, osaturik zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun».
Badago, horraitino, Jesusentzat, gorputzeko gaisotasuna baino gauza txarragorik. Baina ez dakit Jainkoari hainbeste bider gorputzeko osasuna eskatzen deutsogunok hau gogotan izaten dogun, meza askotako otoitzetan "gorputz eta arimako osasuna" eskatzen dan arren.
Egunotan, ba, liturgiak Jesusen eztabaidak emongo deuskuz; euretan murgilduz hobeto ezagutu ahal izango dogu Jesus, eta hobeto ezagutuz, gehiago maitatu ere...
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak gure ona, osasuna eta zoriona gura dauz eta arduraz zaintzen dauz behartsuak. Horren autorle izan gura dogunok joten dogu erreguka beragana:
—Min emoten deusku eta desbideratu egiten gaitu Jainko iturrietan barik mundukerietan edaten dauan Eleizeak. Bere jakintza eta argibide iturria Jainkoaren hitzean baino ez daian bilatu, eta behartsuenganako errukia erakutsi daian, egin daigun otoitz.
—Handikien alde: behartsuen oihuei entzungor egin ez deieen, eta hareen aldeko alkartasuna sustatu daien, egin daigun otoitz.
—Jainkozaleen alde: Jainko legeak aintzat hartzeak behartsuari begiak eta bihotza ixtera eroan ez daizan, hareenganako errukira baino, egin daigun otoitz.
—Gure arteko zahar, baztertu, gaixo, erbesteratu eta era guztietako behartsuen alde: gizarte alkartuago bat eraikitzeko deigarri eta bultzakada izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiarako alkartzen garanon alde: Jainkoaren nahia, arauak betetean barik senideenganako errukian eta laguntzan aurkitu daiguzan, egin daigun otoitz.
† Bateoko uretan garbitu eta bizibarritu gaituzun Jainkoa: zure Semearengan txertatu gaituzunok haren errukian bizi izanazo gaizuz gure ondokoen onerako. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako IV. eguaztena
I. Irakurgaia
Herriaren itun
izateko izentatu zaitut,
lurraldea
berreraiki dagizun.
Isaias Profetaren liburutik
Is 49, 8-15
Hauxe
dino Jaunak:
«Borondate-sasoian erantzun deutsut,
salbazino-egunean lagundu.
Babestu
zaitut eta herriaren itun izateko izentatu,
herrialdea
berreraiki dagizun,
lurralde
hondatua ondaretzat banatu dagizun;
preso
dagozanei esateko: "Urten kanpora",
eta
ilunpean dagozanei: "Etorri argira".
Bideetan
be larratuko dira,
muino
gorri guztietan janarituko.
Ez
dira gose, ez egarri izango;
sargoriak
eta eguzkiak ez ditu joko,
erruki
dituanak ditu-eta gidatuko
eta
iturburuetara eroango.
Bide
bihurtuko ditut mendiak eta galtzadak zelaituko.
Hara
non datozan urrunetik;
ipar
eta mendebal aldetik datoz, Egipto aldetik be bai.
Egin
poz-oihu, zeruok! Alaitu zaitez, lurra!
Egin
poz-irrintzi, mendiok!
Jaunak
bere herria kontsolatu dau
eta
bere pobreentzat errukia izan dau.
Sionek
esaten eban:
"Baztertua
nauka Jaunak, ahaztuta nire Jaubeak".
Ahaztu
ete daiteke ama bere umetxuaz
edota
ukatu ete leikio bere sabeleko umeari errukia?
Ba,
ama umeaz ahaztuko balitz be,
Ni
ez naz zutaz ahaztuko!»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 8-9. 13c-14. 17-18 (R/. 8a)
R/. Errukiorra eta bihozbera da Jauna.
V/. Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa
eta errukiz betea.
Ona
da Jauna guztientzat,
errukiz
betea bere sorkari guztientzat. R/.
V/. Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala
bere egintza guztietan.
Jaunak
eusten deutse jaustear dagozanei,
eta
jasotzen ditu lur joak. R/.
V/. Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala
egintza guztietan.
Hurrean
dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan
dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Jn 11, 25a. 26
V/. Neu naz biztuera eta bizia, dino Jaunak;
Nigan
sinisten dauana ez da betiko hilko.
Ebanjelioa
Aitak hilak
biztu eta bizia emoten deutsen lez,
Semeak be bizia
emoten deutse nahi dituanei.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 5, 17-30
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen judeguei:
«Nire Aitak lanean dihardu beti, eta Neuk be beharrean dihardut.
Esandako
honexegaitik, judeguek oraindino be gehiago bilatzen eben Jesus hiltzea; ze,
zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala inoan,
bere burua Jainkoaren pareko eginez.
Jesusek esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet:
Semeak ezin leike ezer be egin berak beratara, Aita egiten ikusten dauana
besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak be. Izan be, Aitak maite
dau Semea eta berak egiten dituan guztiak erakusten deutsoz, eta honeek baino
egintza handiagoak be erakutsiko deutsoz, harritu egingo zaitueen egintzak.
Aitak, hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak be bizia emoten deutse
nahi dauanei.
Aitak ez dau inor epaitzen, ezpada ze,
epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau, guztiek, Aita ohoratzen daben
bezala, Semea be goratu dagien; Semea ohoratzen ez dauanak, ha bialdu dauan
Aita be ez dau ohoratzen. Bene-benetan dinotsuet: Nire berbea entzun eta bialdu
nauanagan sinisten dauanak, betiko bizitza dauka; ez da kondenatua izango, ze,
heriotzatik bizitzara igaroa da daborduko.
Bene-benetan dinotsuet: Badator ordua,
hobeto esan, helduta dago, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo
dabena, eta entzuten dabenak biziko dira. Aitak bizitza beragan daukan bezala,
Semeari be bizitza beragan izatea emon deutso. Gainera, epaitzeko ahalmena emon
deutso, Gizonaren Semea dalako. Ez
harritu dinotsuedanaz; ze,
badator ordua, hildako guztiek
beraren ahotsa entzungo dabena, eta hilobietatik urtengo dabena: ona egin ebenak
betiko bizitzarako biztuko dira; txarra egin ebenak, ostera, kondenatuak
izateko.
Nik ezin neike neuk neutara ezer egin;
Aitari entzuneko eran epaitzen dot, eta nire epaia zuzena da, ze, ez dot
helburu neure nahia egitea, bialdu ninduanarena baino».
Jaunak esana.
Iruzkina
Sartu gaitezan Joanek bere ebanjelioan garatuko dauzan gai nagusietan: nor da Jesus?, zer da benetako bizia?, zeintzuk dira Jainkoaren egintzak?, ilunpetan ala argitan bizi izan nahi dozu?, zein da Legearen balioa?, zer da zapatuko atsedena? Eta zein da Jesusen ordua?, e.a. Eta badirudi hementxe aurkitzen dauzela Jesusek bere arerioak: judutarrak itsu-mustuan dagozalako egon Legearen aurrean, haren maminean eta esanguran sartzeko ahalmenik barik. Askatu daikez Jesusek lotura horretatik; baina nahiago dabe lotura horretan bizi izatea. Eta, hara!
Jainkoak sorkuntzea sei egunean burutu eban, eta zazpigarrenean "atseden hartu eban" lan horretatik; baina ez dago lo, edo ahaztuta, edo geldi... Jainkoaren lanak jarraitu egiten dau: bizitza emoten eta epaitzen. Joanek Jesusen esku jarriko ditu egintza biok, eta eten barik lan egitea, horrela Legearen gainetik jarriz eta Aitaren pareko. Zelan iruntzi leikee "judeguek" holangorik? Hori biraotzat hartuko dabe, eta heriotzarako errudun egingo.
Jesus ezin daiteke ulertu, ba, sinismenetik ez bada; harengan sinisteko beragana hurreratu behar da, entzun egin behar jako, eta haren egintzak norberaren egintza bihurtu behar dira. Orduan Jainkoaren "antza" hartzen da; haren seme-alaba itxurea hartzen da; eta, egintzetan, haren agintzak agertzen dira: eten barik on egiten da.
Bere "sinismena" eratuta daukanak ezin izango dauz entzun, eta gitxiago ulertu, Jesusen berbok. Beste siniskera guztiak ilunpetakoak izango dira-ta, heriotzarakoak izango dira-ta, hizki hutsetik harutzago ez doan Legea izango dira-ta... Non gelditzen da Jainkoari ohore emotea, haren esana betetea, haren seme-alaba lez bizi izatea? Jesusek bere burua eskeintzen deusku, bere jarraitzaile izan gaitezan; eta berak, Aitaren egintzak egiten dauzan lez, egingo dauz bere jarraitzaileak ere, eta bizi izango da Legearen loturetatik aske, eta argitan. Bizia izango dau Jesusengan!
Herri otoitza (Eskariak)
† Jainkoak bere ama-bihotza erakutsi deusku, eta Semeak Aitagan ikusten dauana egiten dauala entzun dogu. Konfiantzaz aurkeztu deioguzan gure eskariak:
—Eleizearen alde: inor epaitu behar dauanean, Jainkoari baino ez deiola begiratu, bere epaia salbamen-epaia izan daiten, egin daigun otoitz.
—Bere amatasuna erakutsi deion gaurko munduari, eta haren aldeko lanean eten barik jardun daian hangoentzat argi eta eredu izateko, egin daigun otoitz.
—Ulertzen ez dauana, onartu-ezineko lez epaitu eta gaitzetsi ez daian, legeak eskuan hartuz, amatasunezko errukiaz onbideratzera dei egin deieen baino, egin daigun otoitz.
—Seme-alaben zenbatekotasunaz baino zelangotasunaz arduratuago egon daiten, eta guztiei Jainkoak erakusten dauan samurtasunez begiratu deieen, egin daigun otoitz.
—Aldenduta dagozan guztiei Jainkoaren gozotasunera egin deieen dei, eta guztiek izan daien Eukaristiaren mahaira hurreratzeko aukerea, egin daigun otoitz.
† Zeure bihotzaren onena erakutsi deuskuzun Jainko xamurra: ikasi daigula zure Semeagan arauak, legeak eta epaiketak baino garrantzi handiagokoa dala errukia. Jainko eta errege bizi zara-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Garizumako IV. eguena
I. Irakurgaia
Egizu atzera,
Jauna,
zeure herriari
egin deutsazun mehatxutik.
Urteera liburutik
Ur 32, 7-14
Egun hareetan, Jaunak esan eutson Moisesi:
«Jaitsi zaitez menditik, pekatu egin dau-eta Egiptotik atara zenduan zure
herriak. Laster asko okertu dira agindu neutsen bidetik. Zekor-irudia egin
dabe, eta haren aurrean ahuspeztu eta opariak eskeini deutsoez, esanez:
"Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atara zinduzana"».
Jaunak esan eutson gainera: «Ikusten dot
herri hau burugogor dala; itzi egizu, bada; nire hasarrea horreen aurka sutu,
eta hondatu egingo ditut, eta zugandik herri handi bat sortuazoko dot».
Moisesek, ostera, honan otoitz egin eutson
Jaunari, bere Jainkoari: «Jauna, zelan jarriko zara, bada, hasarre-sutan, hain
ahalmen handiz eta esku indartsuz Egiptotik atara zenduan zeure herri honen
aurka? Hara zer esango leukien egiptoarrek: "Asmo txarrez atara ebazan
Jainkoak, mendietan hilazoteko asmoz, lur azaletik ezabatzeko". Urrundu
egizu zeure hasarre-sumina eta egizu atzera zeure herriari egin deutsazun
mehatxutik.
Gogoratu egizuz zeure zerbitzariak, Abraham,
Isaak eta Israel, eta zeure buruagaitik hareei egin zeuntsen zin hau:
"Zuen ondorengoak zeruko izarrak baizen ugari egingo ditut, eta agindu
deutsuedan lurralde hau guztia betiko ondaretzat emongo deutset"».
Halan, Jaunak atzera egin eban bere herriari
egindako mehatxutik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 106 [105], 19-20. 21-22. 23 (R/. 4a)
R/. Gogoratu gutaz, Jauna,
zeure herriaganako onginahiagaitik.
V/. Zekorra egin eben Horeb mendian,
metal
urtuzko irudiaren aurrean ahuspeztu ziran.
Euren
ospetzat euken Jainkoaren ordez,
bedarra
jaten dauan zekorraren irudia jarri eben. R/.
V/. Ahaztu egin ziran Jainkoaz, euren
salbatzaileaz,
Egipton
gauza ikusgarriak egin ebazanaz,
am-en
lurraldean egintza harrigarriak
eta
Itsaso Gorrian ikaragarriak egin ebazanaz. R/.
V/. Prest egoan Jainkoa hareek hondatzeko,
Moises
bere aukeratuagaitik izan ez balitz;
tartean
sartu eta Jainkoaren aurrean jarri zan,
haren
hasarre hondatzailea baretzeko. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 3, 16
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere
Seme bakarra emon eutson;
harengan
sinisten dauanak betiko bizia dau.
Ebanjelioa
Bada norbait
salatuko zaituena:
Moises bera,
zeuen itxaropen dozuena.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 5, 31-47
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen
judegu-agintariei: «Nik neure buruaren alde egingo baneu autormen, nire
autormenak ez leuke balioko. Beste batek dau nire alde autormen egiten, eta
ondotxu dakit harek nire alde egiten dauan autormenak balio dauana.
Zuek mandatariak bialdu zeuntsoezan Joan
Bateatzaileari, eta harek autormen egin eutson egiari. Ez dinot hau inongo
gizakiren autormen-beharrik dodalako, zuek salbatu zaitezen baino. Joan
Bateatzailea argi-zuzi biztua eta distiratsua zan, zuek, ostera, alditxu batez,
poza hartu gura izan dozue haren argian.
Baina Nik badaukat Joanen autormena baino
hoberik: Nik betetzeko Aitak emon deustazan egintzak; neure egintzek egiten
dabe autormen nire alde eta Aitak bialdu nauala probatzen. Bialdu nauan Aitak
berak be egiten dau autormen nire alde. Baina zuek ez dozue inoiz haren ahotsik
entzun, ez haren aurpegirik ikusi, eta haren berbeak be ez dauka zuen barruan lekurik,
harek bialduagan ez sinisteak erakusten dauan lez.
Aztertzen dozuez Liburu Santuak, betiko
bizitza hareetan aurkituko dozuelakoan, eta horreexek dabe, hatan be, nire alde
autormen egiten; halan be, ez dozue Nigana etorri gura, betiko bizitza izateko.
Ez dot gizakiakandik aintzarik onartzen;
baina ondo ezagutzen zaituet eta badakit Jainkoa maite ez dozuena. Ni neure
Aitaren izenean etorria naz, baina zuek ez nozue onartu; norbait bere izenean
etorriko balitz, ha bai, onartuko zeunkie. Zelan sinistu zeinkie zuek,
alkarrengandik onartzen badozue aintza, eta Jainko bakarragandik datorren
aintzak ez badeutsue ardurarik?
Ez uste izan Aitaren aurrean Nik salatuko
zaituedanik; bada salatuko zaituen nonor: Moises bera, zeuen itxaropen dozuena.
Izan be, Moisesi sinistuko bazeuntsoe, Neuri be sinistuko zeunskide, ze, Neutaz
idatzi eban harek; baina harek idatzia sinisten ez badozue, zelan sinistuko
dozue nik esana?»
Jaunak esana.
Iruzkina
Ederra, Joanen ebanjelioak Jesusez emoten dauan autormena! Esan daiteke Jesusen buruan, edo bihotzean sartzen dala, eta haren arduren, frustrazinoen eta amesen barri emoten deuskula. Zelango tira-biran bizi dan Jesus: Aitaganako zintzotasunak bere herritarrak maitatzera, eta hareen alde bizia bera ere emotera daroa; eta bere herritarrek ez dabela ulertzen, ez dabela onartzen, baztertu egiten dabela, eta hil egingo dabela ikusten dau. Bizi izan behar da egoera horretan, gero, e?
Alde batetik Aitagazko Jesusen lotura estu-estua azaltzen deusku: Jesusek ez dauka beste egintzarik Aitarenak baino. Jainkoak zer egiten dauan jakin nahi badogu, begiratu deiogun Jesusi, ikus daigun Jesusek zer egiten dauan... eta ez eben sinisten; ez dogu sinistuko... Guk beste era bateko Jainkoa irudikatzen dogu. Zelango Jainkoa da guri Lege bat emon eta berak beteten ez dauana?
Jesusek ez dau inoren autormenik behar, bere egintzek egiten dabelako autormen hori. Bere ustez!, judeguek ezin dabe-ta ulertu Jesusen egintzak, zapatu-legea haustea-eta, Beeltzeburen egintzak baino beste ezer diranik. Jesusen autormena judeguen salbamenerako da. Baina zer uste dau Jesusek bere buruaz, judeguen salbatzaile agertzeko? Eta, zelan ipini daike bere burua Joan Bateatzailearen gainetik? Nor da berau?
Sartu egin behar da Jesusen buruan, bihotzean, judeguengandik hartzen dauan mina norberak sumatzeko. Jainko-zale dira judeguak; eta Jainkoak bialdua ezin dabe onartu; baztertu egingo dabe, eta hil. Alperrekoak izango dira Jesusen azalpen guztiak, testigantza eta autormen guztiak; eurek Legea dauke, Moisesen seme-alaba dira, profeten argipean bizi dira: euren bidez gurtzen dabe Jainkoa, eta lortzen dabe salbamena.
Eta Jesusek bihozgogorrak dirala azaldu nahi izango deutse: ez dabela Jainkoa ezagutzen, ez deutsoela Moisesi jaramonik egiten, hil egiten dabezela profetak, Joan Bateatzailearen argitasuna ere unetxo baterako baino ez jakela izan, bera ere paretik kenduko dabela... Guzti hau aurpegiratzen badeutse juduei, zer beste itxaron daike hareengandik, bazterkuntzea eta heriotzea baino?
Eta guk? Geure neurriko Jainkoa eta mezulariak gura doguz, ala Jesusi entzun gura deutsagu eta Jainkoaren esanetara jarri eta gure eguneroko bizitzan harenganako zintzotasuna bilatu? Jesusek aukera sendo bat egitera eroango gaitu...
Herri otoitza (Eskariak)
† Ez dago zalantzarik: joten dogu otoitzera eta aurkezten deutsoguz eskariak Jainkoari. Baina, ba ete dakigu entzuten?, ba ete dakigu eskatzen?
—Eleizearen alde: lehengo aldietako dana hobea dalakoan gaurko aldiei entzungor egin ez deieen, hareetan ere Jainkoaren aztarnak bilatu baino, egin daigun otoitz.
—Uste ona Jainkoagan jarrita daukenen alde: azaleratu eta erakutsi daien euren autormena lotsa eta bildur barik, euren ingurukoen eredu eta argibide izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure Gizarteak gaurko eta bertoko profetak eta autorleak behar dauz bere lo-zorrotik esnatzeko. Jesusen jarraitzaileok bildur barik bete daigun geure-geurea dogun eginkizun hori, egin daigun otoitz.
—Gure arteko familien alde: Jainkoaren entzule arretatsu izan daitezan eta harengandik hartutako eginkizuna beteteko, otoitz sutsu lekuak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Jaunagana hurreratzeko aukerea dogunok entzungor eta geuretik urten ezinekoak izan ez gaitezan, haren entzule arretatsu eta autorle sutsu baino, egin daigun otoitz.
† Etenbako lanean diharduzun Jainko arduratsua: ez gaizuz laga geure ohikerien menpean, eta biztu gugan gaurko autorle eta profeta izateko gogoa. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako IV. barikua
I. Irakurgaia
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu.
Jakituria liburutik
Jkd 2, 1a. 12-22
Hauxe inoen gaiztoek, oker arrazoituz:
«Jarri deioguzan sareak zintzoari,
gogaikarri
izaten jaku-eta;
gure
jokabideari aurka egiten deutso:
legea
haustea aurpegiratzen deusku
eta
hartutako heziketaren aurkako hutsegiteak salatzen.
Jainkoa
ezagutzen dauala dino
eta
Jaunaren seme deitzen deutso bere buruari.
Bere
izaeraz gure pentsaera salatzen dau;
zintzoa
ikuste hutsa be jasanezina jaku.
Besteena
ez lakoa da haren biziera,
eta
oso bestelakoa haren jokabidea.
Faltsutzat
hartzen gaitu
eta
kutsagarria balitz lez urruntzen da gure jokabidetik;
azkenean
zintzoak zoriontsu izango dirala dino,
eta
Jainkoa bere aita dauala-eta harro dabil.
Ikusi
dagigun esaten dauana egia dan ala ez,
aztertu
dagigun zelako amaiera dauan ikusteko.
Benetan
Jainkoaren seme bada,
etorriko
jako ha zintzoari laguntzera
eta
libratuko dau arerioen eskuetatik.
Irainak
eta oinazeak jasanazoko deutsaguz,
haren
nasaitasuna ezagutu eta
eroapena probatzeko.
Heriotza
lotsagarrira kondenatuko dogu,
bere
esanetan, Jainkoak alde urtengo deutso-eta».
Holan
arrazoitzen dabe gaiztoek,
baina
oker dabiltz, euren gaiztakeriak itsutu ditu-eta;
ez
dabez ezagutzen Jainkoaren asmo ezkutuak;
ez
dabe jainkozaletasunari dagokion saririk itxaroten,
ezta
aintzat hartzen be bizitza akats bakoari dagokion ohorea.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 17-18. 19-20. 21 eta 23 (R/. 19a)
R/. Hurrean dabe Jauna bihotz-hausiek.
V/. Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik
ezabatzeko hareen gogorapena.
Deadar
egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi
guztietatik libratzen ditu. R/.
V/. Hurrean dabe Jauna bihotz-hausiek,
salbatzen
ditu barru-jausiak.
Zoritxar
asko izaten dau zintzoak,
baina
guztietatik libratzen dau Jaunak. R/.
V/. Hazur guztiak zaintzen deutsoz,
bat
bakarra be ez deutsoe hausiko.
Jaunak
askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
harengan
babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Mt 4, 4b
V/. Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren
ahotik urteten dauan hitz guztitik baino.
Ebanjelioa
Atxilotu egin
nahi izan eben,
baina ez zan ondino
heldu haren ordua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 7, 1-2. 10. 25-30
Aldi haretan, Jesus Galilean ebilen; ez eban
Judean ibili nahi, ze, judeguek hil egin nahi eben.
Hurrean
zan Txabola-jaia, judeguen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan
ondoren, bera be joan egin zan; ez, ostera, agirian, erdi ezkutuan baino.
Orduan, Jerusalemen bizi ziran batzuk
itauntzen hasi ziran: «Ez ete da hau hil gura dabena? Ba, agirian dihardu
berbetan, eta ez deutsoe ezer esaten. Benetan onartu ete dabe buruzagiek berau
dala Mesias? Mesias etorriko danean, ez dau inork jakingo nongoa dan; hau,
ostera, badakigu nongoa dan».
Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ebilela,
esan eban oihu eginez: «Ni ezagutzen nozue, eta badakizue nongoa nazan; baina
ni ez naz neurez etorri, ezpada ze, fidagarria danak bialdu nau, eta zuek ez
dozue ha ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dot, harengandik nator-eta, eta berak
bialdua naz».
Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina
ez eutson inork eskurik ezarri, ze, ez zan oraindino haren ordua.
Jaunak esana.
Iruzkina
Ebanjelariak perikopa honetan jarten deuskunak ze helburu ete dauka, zer lortu nahi ete dau irakurlearengan? Galilean ez daukala arazorik eta Judean bai? Abade nagusi eta idazlariek-eta gorroto eutsoela eta hil gura ebela? Mesiasi buruzko iluntasunak, ezjakinak? Jesusek bere nortasuna agertu gura dauala? Judeguen sinisgabekeria? Jesus jaun eta jabe dala bere biziaz?
Esan geike galdera guztion inguruan dabilela ebanjelio zatitxo (perikopa) hau, eta Jesusenganako judeguen gorrotoan urrats bat gehiago emotera garoazela. Eta ebanjelariak argi itziko dauana zerau da: Jesusi inork ez deutso bizia kenduko, inor ez da Jesusi hori egiteko gauza; Jesusek berak emoten dau bere bizia, Jainkoaren nahia betez; eta hori inork ezin izango dau oztopatu: hain da sendoa berak egin dauan aukeraketea!
Jesusen zeozer ezagutzen dogu: nondikoa dan, noren semea, nortzuk diran bere senideak... Baina oso-osorik ezagutzen dogula esan gura dau horrek? Zein da Jainkoagaz daukan loturea? Zergaitik deitu leikeo "aita" eta egin leio berba konfiantza osoaz? Zergaitik dino, edo zer esan gura dau, harengandik datorrela dinonean?
Sinismenerako aukera bat emoten jaku, ba, hemen. Sinismen barik Jesusen kanpotikoa baino ezin ezagutu daiteke; eta ezin emon leie erantzunik Jesusen berboi. Harengan Jainkoak berba egiten deuskula sinisten dogunok, ba, Jesus ezagutzeko ahaleginak egin behar izango doguz, eta orduan autortu ahal izango dogu "geure alde" emon dauala bizia.
Jauntasuna agertzen dau Jesusek. Bere helburua Jainkoari zintzoa izatea dalako da jaun; harexek jarten dau judeguengandik salbo, eta "orduaren" jaun. Ederra, ba, Jainkoaren esanetara bizi izatea: lurraldea baino, senideak baino, erlijio eratua baino, eta beste gauza guztiak baino garrantzitsuagoa; harexek emoten dau beste gauza guztien gainetik egoteko Jauntasuna. Inork suntsitu ezin izango dauan Jauntasuna.
Herri otoitza (Eskariak)
† Zintzoa Jaunak zaintzen dauala esaten dogu, baina zenbat sufritu behar izaten dauan… Gogoan izan daigun gure otoitzean:
—Eleizearen alde: handikien eskutik ibilteari uko egin deion, eta mundu honek baztertzen, esplotatzen eta gitxiesten dauzanen ondoan egoten eta hareen alde urteten jakin daian, egin daigun otoitz.
—Pobreen aldeko aukera sendo bat egin daien Eleiz-zerbitzari guztiek, eta hareen negarrari eta oihuei erantzun ozena emon deieen, egin daigun otoitz.
—Emakumearen aldeko jarrerea hartu daian, eta bide emon deien haren abadetzeari, eta baita zelibatoaren borondatekotasunari ere, egin daigun otoitz.
—Eleizan maila askotan agertzen dan zikinkeria garbitzeari apaltasunez eta errukiz ekin deiogun, ebanjelioari zintzoago jarraitu ahal izateko, egin daigun otoitz.
—Eukaristiarako alkartzen garanok ez gaiezan zintzoen aurkako epaikuntzek-eta kokildu, eta, Jainkoagan uste on osoa jarriz, gero eta zintzoagoak izatea bilatu daigun, egin daigun otoitz.
† Zintzoen zaintzailea eta pobreen Aita: emoiguzu bihotz apala eta txikien ondoan egoten jakitea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Garizumako IV. zapatua
I. Irakurgaia
Hiltzera daroen bildots otzana lakoa nintzan ni.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 11, 18-20
«Jaunak jakinazo eustan, eta holan konturatu
nintzan; harek azaldu eustan arerioen azpilana nire kontra.
Hiltzera daroen bildots otzana lakoa nintzan
ni, eta ez neban nire kalterako erabilezan asmoen barri: "Bota dagigun
zuhaitza bere mardulean; kendu dagigun bizidunen lurretik, ez dadila haren
gogorapenik be gelditu".
Baina
Zuk, Jaun ahalguztidun horrek, zuzen epaitzen dozu
eta
gizakiaren buru-bihotzak aztertzen dozuz.
Zeure
esku itzi dot neure auzia:
ikusiko
ahal dot zure bengantza arerioen lepo!»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 7, 2-3. 9b-10. 11-12 (R/. 2a)
R/. Zugan babesten naz,
Jauna, ene Jainkoa.
V/. Zugan babesten naz, Jauna, ene Jainkoa;
salbatu
ni erasotzaileengandik, libratu nagizu;
bestela,
lehoiak lez harrapatu eta txikituko nabe,
eta
ezin izango nau inork libratu. R/.
V/. Autortu, Jauna, zuzena nazala eta errubakoa.
Amaitu
bedi gaiztoen gaiztakeria,
eta
eutsi egiozu zintzoari,
bihotz-barruak
aztertzen dozuzan
Jainko
zuzen horrek. R/.
V/. Jainkoa dot babeski,
bihotz-zuzenak
salbatzen dituan ha.
Epaile
zuzena da Jainkoa;
zigor-epaia
emoten dau egunero. R/.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Lk 8, 15
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza
bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan
gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak.
Ebanjelioa
Galileatik etorri ete daiteke Mesias?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 7, 40-53
Aldi haretan, jente arteko batzuek, Jesusen
hitzak entzutean, zera inoen: «Hauxe da egiaz etortzekoa dan profeta». Beste
batzuek esaten eben: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, barriz: «Galileatik
etorri ete leiteke Mesias? Ez ete dino Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa
izango dala eta haren herritik, Betleemdik, etorriko dala?» Eretxi
kontrajarriak egozan, bada, jentearen artean Jesusen gainean. Batzuek preso
hartu gura eben; baina ez eutson inork eskurik gainean ezarri.
Guardiak abadeburu eta fariseoakana bihurtu
ziran, eta honeek itaundu eutsien: «Zergaitik ez dozue ekarri?» Guardiek
erantzun eutsien: «Ez dau sekula inork gizon horrek lez berba egin». Fariseuek
erantzun eutsien: «Zer? Zeuok be engainatu zaitue ala? Sinistu ete dau harengan
agintari edo fariseuetarikoren batek be? Baina legea ezagutzen ez dauan jente
hori madarikatuta dago».
Orduan, Nikodemok, fariseu hareetariko
batek, behinola Jesusengana joan zanak, esan eutsen: «Bidezkoa ete da gure
legearen arabera inor kondenatzea, berari entzun eta zer egin dauan jakin
barik?» Besteek erantzun eutsoen: «Galilearra zara zeu be ala? Aztertu Liburu
Santuak eta ikusiko dozu Galilean ez dala inoiz profetarik sortu». Ondoren,
bakotxa bere etxera joan zan.
Jaunak esana.
Iruzkina
Gaurko perikopa honetan eztabaidagarri dan Jesus aurkitzen dogu, zatiketalari, sakabanatzaile, esango geuke: agintariak ez datoz bat, herriko jende xehea ez dator bat bere ondokoagaz ez agintariekaz; eta eztabaida ondoren —holantxe amaitzen da zati hau—, agintari bakotxa «nor bere etxera joan zan».
Badirudi Jesus ezin daitekela sartu gizakien burutapenetan. Esanda eukan: «ardao barria zahagi barrietan...». Eta hareek (eta geu ere bai?) lehenengo irudimen zaharretan, ohitura trinko bihurtu derenetan, bizi dira: Galileatik ez da sortu profetarik; Mesiasek Belendik etorri behar dau... Eta honengan sinisteko, horrezaz gain, nagusien baieztapena behar da: «Sinistu ete dau Haregan agintari edo fariseuetako batek ere?»
Batzuk haren berbetea, haren azalpenak, haren berbakerea dabe gogotan («Ez dau sekula inork gizon horrek lez berba egin» —dinoe goardiek—); beste batzuk jatorriaz dihardue eztabaidan («Hauxe da egiaz etortekoa dan Profetea». Beste batzuk esaten eben: «Hauxe da Mesias». Beste batzuk, barriz: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? Ez al dino Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dala eta haren herritik, Belemetik, etorriko dala?»); eta, bitartean, Jesus ziria sartzen, jendea euren usteetatik atara nahian, hareen gogoetan Jainkoa beste era batera ezagutu behar dala (Aita eta errukior eta maitale lez) sartu guran... Baina itxiegiak dagoz: hareen buruetan ez dago ezer sartzerik.
Norberetzen ez dan erlijioak burugogorkeriara eroan daike, gero! Jesus ulertzeko, eta onartzeko, oztopo bihurtzen da, gero! Ezaugarri lez jarten deusku ebanjelariak Nikodemo, Jesusengana "gauez" joan zana, Jesusi entzun egin behar jakola dinoana (entzun aurretik gaitzetsi barik); baina haren aburuak ez dau aurrerapiderik...
Jesusek, ba, aukeraketa baten aurrean jarten ditu bere herritarrak, nagusiak eta beragana hurreratzen dan edonor, eta aukeraketa baten aurrean jarten gaitu geu ere: geure burutapen eta irudimen trinkoan jarraituko dogu, geure ohituretan, asmamenetan eta pentsakera-jokaeretan? Baztertu egingo dogu Jesus horri entzun barik? Eztabaidan jarraituko dogu?
Hobe litzateke besterik: Jainkoak Jesusengan emoten deuskun aukerea ez galtzea, eta bere inguruan danok bat egitea, alkartzea...
Herri otoitza (Eskariak)
† Alkartuta egon gura dogu, batasuna amesten dogu, eta, sarritan, iritzi batzuk bitarteko, bananduta agertzen gara. Jo daigun alkartasunezko otoitzera:
—Eleizearen alde: erabagiak hartzerakoan, gaurko gizarteari entzun deion, eta alkarregazko ebatziak hartu daitezan, eta ez goitik beherakoak ezarri, egin daigun otoitz.
—Gure arteko familien alde: Jainko zaletasuna bizi izan daien, eta hori alkartasuna eta alkar maitasuna indartzeko izan daiten, egin daigun otoitz.
—Eleizearen barrikuntza aldiotan muturrera joten daben taldeen alde: ebanjelioaganako zintzotasuna bilatuz, alkarri entzuten eta alkar errespetatzen ahalegindu daitezan, egin daigun otoitz.
—Batzuen beste batzuen aurkako burrukeak mintzen eta zauritzen dauzenen alde: gorrotora jo ez daien, eta guztien arteko alkarrizketarako oihu izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure Eleiz alkarteetan alperrak eta itziak izan ez gaitezan, erabagietan esku hartzekoak baino, alkarri entzunez eta alkar errespetatuz, egin daigun otoitz.
† Zure seme-alaba guztien ona gura dozun Jainko maitalea: emoiguzu entzuten eta aditzen jakiteko grazia, eta beti apalaren alde egoteko jarrerea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.