Garizumako III. Domekea-B

 

B urtean

(Fray Marcos

           Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

I. Irakurgaia

          I. Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Legea Moisesen bidez emon zan.

Urteera liburutik

Ur 20, 1-17

    Egun hareetan, Jaunak hitz honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
    Ez egin idolorik, ez irudirik, goiko zeruan, beheko lurrean edota lurpeko uretan diranetatik. Ez ahuspeztu horreen aurrean, ez emon gurtzarik be. Ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra naz-eta: gorroto deusten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dot, hirugarren eta laugarren gizaldiraino; baina milagarren gizaldiraino agertzen deutset errukia Ni maite nabenei eta nire aginduak gordetzen dabezanei.
    Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko haren izena alperrik erabiltzen dauanik.
    Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo dozu lan eta zeure eginkizun guztiak burutuko. Baina zazpigarren eguna atseden-eguna dozu, Jaunari, zeure Jainkoari, eskeinia. Egun horretan ez dozu bape lanik egingo, ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabeak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereak, ezta zure herrian bizi dan etorkinak be. Izan be Jaunak sei egunean egin ebazan zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia, eta zazpigarrenean atseden hartu eban. Horregaitik, bedeinkatu egin eban Jaunak zapatua eta egun sakratutzat ezarri.
    Aintzat hartu aita-amak luzaro bizi zaitezan Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
    Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxu be».

Jaunak esana. 

 

           I. Irakurgaia era laburrean.

Legea Moisesen bidez emon zan.

Urteera liburutik

Ur 20, 1-3. 7-8. 12-17

    Egun hareetan, Jaunak hitz honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
    Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko haren izena alperrik erabiltzen dauanik.
    Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Hartu aintzat aita-amak luzaro bizi zaitezan Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
    Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxu be».

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11 (R/. ik. Jn 6, 68c)

R/.   Zeuk daukazuz, Jauna, betiko bizia daben hitzak.

V/.   Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.

V/.   Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.

V/.   Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.

V/.   Urrea, urre garbitua baino desiragarriago,
eztia, ezti barria baino gozoago. R/.

 

II. Irakurgaia

Guk, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu,
gizakientzat onartuezina,
baina deituentzat Jainkoaren jakituria.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 22-25

    Senideok: Judeguak ezaugarri eske dabiltz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, judeguentzat onartuezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judegu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakituria da. Izan be Jainkoaren zorakeria ei dana gizakiak baino jakitunago dalako, eta Jainkoaren ahuleria gizakiak baino indartsuago.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Ik. Jn 3, 16

V/.   Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
        bere Seme bakarra emon eutson;
        harengan sinisten dauanak betiko bizia dau.

 

Ebanjelioa

Desegin egizue tenplu hau,
eta hiru egunean jasoko dot.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 2, 13-25

    Aldi haretan, hurrean zan judeguen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukatzaileak bertan jesarrita. Jesusek, sokaz zartailua eginik, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak be, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzita dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
    Orduan judeguek itaundu eutsoen: «Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Desegin egizue hau tenpluau, eta hiru egunean jasoko dot». Judeguek erantzun eutsoen: «Berrogeita sei urte behar izan ziran tenplu hau eregitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
    Hilen artetik berbiztu zanean gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinistu egin eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.
    Pazko-jaian Jerusalemen egon zan bitartean, askok sinistu eban Jesusengan, egiten zituan mirarizko seinaleak ikusita. Jesus bera, ostera, ez zan haietaz fidatzen, ze, danak ezagutzen zituan; ez eukan harek gizakiaren barri inork emon beharrik, ze, ondo ezagutzen eban gizakiaren barruan dagoana.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

     Garizumako 3. domeka honek hiru katekesi nagusietako lehenengoa emoten deusku: Jesus Jauretxea "garbitzen" ikusten dogu Joanen ebanjelioan, eta hau dala-ta judeguen begitartean jarten da, batez ere eliz-agintarien begitartean. Orduko "eliztarrak" jota itziko ditu, nora-ezean, eta bat baino gehiago pozetan eliz-agintariei aurre egiten deutselako.

     Katekesi honek gure BATEOA dakarsku gogora: hantxe garbitu ginan, eta bizibarritu; hantxe bihurtu ginan Jainkoaren jauretxe. Gogoratu daigun gure duintasuna; izan daigun gogoan beste guztien duintasuna ere, Jainkoaren seme-alaba lez; bilatu daigun Jainkoa otseintzea garbitasunean, geure burua eskeiniz, Jesusen antzera, eta ez diruz erosi daitekezan eskentzariak, geu lehengotan geratuz, bihurtu barik.

     Oraindik aurrera, leku baten barik, pertsona batengan (Jesusengan) goretsi eta gurtu ahal izango dogu Jainkoa; eta, hau dala-ta, beste gizaki guztiengan. Zelango begiramenez begiratu behar izango deutsegun, ba; ezin izango doguz geure nahierara erabili, edozelan, edo menpean hartu, edo euren lepotik barre egin, e.a. Balio handikoa da pertsonea, edozein pertsona, Jainkoaren seme-alaba da-eta.

     Kontutan hartzekoa da Jesusen berba hau: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunean jasoko dot», Jesusek beregana erakarri nahi gaitulako: Jainkoa leku baten gurtzetik beragan aurkitzera eroan nahi gaitulako. Eta Jesus horrengan behartsu guztiak aurkituko doguz: eurengan gurtu geike eta otseindu Jainkoa.

     Begira, beste alde, zelango begiramenez hurreratzen jaken Jesus uso-saltzaileei; usoak txiroek egiten ebezan eskeintzarietarako ziran. Esan geike, honeekaz, txiroekaz, Jesusek begiramen handia dauala; uso-saltzaileei berba egiten deutse, eta gogoratuazo zertarako dan Jauretxea, Jaunaren etxea: ez norbere "negozio"rako, Jainkoagazko hartu-emonetarako baino. Eta hartu-emonok Jesusen bitartez baino ezin geikez gauzatu...

     Orduko juduek ez eben ulertu, ez eben onartu..., minduta, Jesus paretik kentzea bilatuko dabe.

     Guk ere "beste" bitarteko batzuk bilatuko ete doguz Jainkoagazko hartu-emonetarako? Ala Jesusi jaramon egin eta "senideagan" otseinduko dogu Jainkoa eta gurtu, honengana begiramenez hurreratuz, eta hau menperatzea eta norbere gogora erabiltea bilatu barik, ha maitatzea bilatuz?