A urtean
I. Irakurgaia
Neure espiritua
ezarriko dot zuengan,
eta
bizibarrituko zarie.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 37, 12-14
Hauxe dino Jainko Jaunak: «Neuk edegiko
ditut zuen hilobiak, urtenazoko deutsuet zeuen hilobietatik, ene herri, eta
Israelgo lurraldera eroango.
Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik
urtenazoko deutsuedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna.
Neure espiritua ezarriko dot zuengan, eta bizibarrituko zarie. Zeuen lurraldean
ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten
dodala». Halan dino Jainko Jaunak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b. 6c-8 (R/. ik. 7 bc)
R/. Jaunagan dago errukia,
harengan askatasun ugaria.
V/. Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun,
Jauna, nire ahotsa!
Begoz
erne zure belarriak
nire
erregu-oihura. R/.
V/. Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork
iraun zutunik, ene Jauna?
Baina
Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako
begirunean bizi gaitezan. R/.
V/. Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren
hitza dot itxaroten;
nire
barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina
egunsentiaren gogo biziz baino gehiago. R/.
V/. Gauzainak egunsentia lez,
itxaron
begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena
da-eta maitasuna,
harena
askapen betea.
Harek
askatuko dau Israel
bere
erru guztietatik. R/.
II. Irakurgaia
Jesus hilen
artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua
zuengan bizi
da.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 8, 8-11
Senideok: Grina txarren menpean bizi diranak
ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zarie grina txarren menpean bizi,
Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da-eta.
Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori
ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilik
egon arren, espirituak badau bizia Jainkoaren salbazino-indarrari esker. Jesus
hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen
artetik biztu ebanak berak biziazoko dau zuen gorputz hilkorra be, zuengan bizi
dan Espirituaren bitartez.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Jn 11, 25a. 26
V/. Neu naz biztuera eta bizia, dino Jaunak;
Nigan sinisten dauana ez da betiko
hilko.
Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.
Ebanjelioa
Neu naz biztuera eta bizia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 11, 1-45
Aldi haretan, Lazaro izeneko gizon bat
gaixorik egoan. Betaniakoa zan, Maria eta beronen ahizta Martaren herrikoa.
(Maria hau –makalik egoan Lazaroren arreba– Jesus usaingarriz igurtzi eta oinak
bere uleakaz sikatu eutsozana zan).
Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu
eutsoen Jesusi: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago». Jesusek, hori
entzutean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzarako, Jainkoaren aintza
azaltzeko baino, gaixotasun honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu
dadin».
Jesusek maite zituan Marta, beronen ahizta
eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda be, egoan lekuan gelditu zan Jesus
beste egun bian. Ostean, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriz be Judeara».
Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu
judeguek harrika egin gura izan eutsuen, eta hara joan behar dozula barriro?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez
dau estropezu egiten, ze, eguzkiak argitzen deutso bidea; gauez dabilenak,
ostera, estropezu egiten dau, ez dauka argirik-eta». Eta jarraitu eban: «Lazaro
gure adiskidea loak hartu dau; baina banoa itzartzera».
Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago,
osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek loak
hartze hutsaz ziharduala uste eben).
Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro
hil egin da eta pozten naz ni han ez izateaz, ze, zuen onerako izango da, holan
sinistu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikotxa eritxonak, esan
eutsen ikaskideei: «Goazen geu be, beragaz hil gaitezan».
Jesus heldu zanean, Lazarok baeroiazan
jadanik lau egun hilobian. Betania hur dago Jerusalemdik, hiru kilometro
ingurura. Eta judegu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak
emotera.
Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko,
bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson
Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko. Halan be, badakit
eskatuko deutsazun guztia emongo deutsula Jainkoak».
Jesusek erantzun eutson: «Biztuko da zure
nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dana azken egunean, hildakoen biztueran».
Jesusek esan eutson orduan: «Neu naz
biztuera eta bizia; Nigan sinisten dauana, hilda be, biziko da, eta bizi dana,
Nigan sinisten badau, ez da betiko hilko. Sinisten dozu hori?» Martak erantzun
eutson: «Bai, Jauna, sinisten dot Zu Mesias zarala, Jainkoaren Semea, mundura
etortzekoa zana».
Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan
zan Marta, eta esan eutson belarrira: «Maisua hemen da eta dei egiten deutsu».
Hori entzutean, behingoan jagi eta Jesusengana joan zan. Jesus oraindino
herrian sartu barik egoan, Martak aurkitu eban leku berean. Etxean Mariari
doluminak emoten egozan judeguek, harek bat-batean jagi eta urten ebala
ikustean, jarraitu egin eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan.
Mariak, Jesus egoan lekura heltzean, ikusi
ebanerako, oinetara ahuspez jausi eta esan eutson: «Jauna, hemen izan bazina,
gure nebea ez zan hilko».
Maria eta Mariagaz etorritako judeguak
negarrez ikusirik, barruak dar-dar egin eutson Jesusi eta, guztiz bihozminduta,
itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi».
Jesusek negarrari emon eutson.
Han egozan judeguek esan eben: «Begira
zelako maitasuna eutson!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak
zabaldu eutsozan honek, ez ete eikean hau hiltzea galarazo?»
Jesus, ostera be bihozminduta, hilobira
hurreratu zan. Hatx-zuloa zan, harri-losaz estaldua. Jesusek esan eban: «Kendu
harri-losa!»
Hildakoaren arreba Martak esan eutson:
«Jauna, hatsa botako dau, lau egun badaroaz-eta». Jesusek erantzun eutson: «Ez
deutsut esan, ba, sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak
zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik
badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zeuk
bialdu nozula sinistu dagien».
Hau esanda, oihu egin eban indartsu:
«Lazaro, erdu kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak
oihal-zerrendaz lotuta eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan
eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
Maria ikustera joandako judegu askok,
Jesusek Lazarorekin egina ikustean, beragan sinistu eban.
Jaunak esana.
Ebanjelioa era laburrean.
Neu naz biztuera eta bizia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 11, 3-7. 17. 20-27. 33b-45
Aldi haretan, Lazaroren arreba biek albiste
hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago». Jesusek,
hori entzutean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzarako, Jainkoaren
aintza azaltzeko baino, gaixotasun honen bidez Jainkoaren Semearen aintza
azaldu dadin».
Jesusek maite zituan Marta, beronen ahizta
eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda be, egoan lekuan gelditu zan Jesus
beste egun bian. Ostean, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriz be Judeara».
Jesus heldu zanean, Lazarok baeroiazan
jadanik lau egun hilobian. Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko, bidera urten
eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson Jesusi: «Jauna,
hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilko. Halan be, badakit eskatuko
deutsazun guztia emongo deutsula Jainkoak».