Garizumako I. Domekea_A

 

GARIZUMAKO I. DOMEKA

A urtean

(Abestiak .ppsx)

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Lehen gurasoen sortzea eta hareen pekatua.

Hasiera liburutik

Has 2, 7-9; 3, 1-7

    Jainko Jaunak gizona moldatu eban lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutson sudur-zuloetara, eta gizona bizidun bihurtu zan.
    Gero, Jainko Jaunak baratze bat landatu eban Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban berak moldatutako gizona. Jainko Jaunak mota guztietako zuhaitzak sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta txarraren ezagutza emoten eban zuhaitza landatu ebazan.
    Sugea zan Jainko Jaunak egindako piztietan maltzurrena. Sugeak esan eutson emakumeari: «Galarazo egin ei deutsue Jainkoak baratzeko arbola guztietako frutuetatik jatea».
    Emakumeak erantzun eutson: «Baratzeko zuhaitzen frutuetatik jan daikegu; baratze erdian dagoan zuhaitzaz bakarrik esan deusku Jainkoak: "Horretatik ez jan, ezta ikutu be hori, hil nahi ez badozue"».
    Sugeak esan eutson emakumeari: «Ez zarie hilko, ez! Ondo daki Jainkoak, horretatik jan orduko, begiak edegiko jatzuezala eta bera lakoak izango zariela, onaren eta txarraren ezagutzaren jaube».
    Emakumeak, zuhaitza jateko gozo eta begientzat eder eta ezaguera lortzeko ona zala ikusirik, haren frutuetako bat hartu eta jan egin eban; gero, senarrari emon eutson eta harek be jan egin eban. Orduan begiak edegi jakezan eta narru gorri egozala ohartu ziran. Iko-orri batzuk josi eta estalki bana egin eben.

Jaunak esana.

Erantzun Salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 5-6ab. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 3a)

R/.   Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
kendu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi aurrean dot eten barik neure pekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure begietan oker dana egin dot. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena. R/.

 

II. Irakurgaia

          II. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

          Pekatua ugaritu bazan,
askoz ugariago zabaldu zan onginahia.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 12-19

    Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuaren bidez heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. Egia da legea baino lehen bazala pekatua munduan; baina pekatua ez jako inori ezartzen, legerik ez badago. Halan be, Adamengandik Moisesenganaino nagusi izan zan heriotza gizakien gain, baita Adamen hutsegitearen antzeko pekaturik egin ez ebenen gain be. Adam etortzekoa zanaren irudi da.
    Baina Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazotzen. Izan be, gizon bakar baten pekatuaz danak hil badira be, askoz ugariago zabaldu da danentzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, hau da, Jesu Kristori esker. Eta ondorioei dagokienez be, Jainkoaren dohaiagaz ez da gizon bakarraren pekatuagaz lez jazotzen. Izan be, pekatuak, bakarra izan arren, danen gatxespena izan dau ondorio; dohaiak, barriz, pekatuak asko izan arren, danen parkamena.
    Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira betiko bizian nagusi izango bakar bategaitik, Jesu Kristogaitik, salbazinoaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
    Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gatxespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekarri deutse. Eta baten obedientzia ezagaitik guztiak pekatari egin ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen egingo dira.

Jaunak esana.

 

           II. irakurgaia era laburrean

Pekatua ugaritu bazan,
askoz ugariago zabaldu zan onginahia.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 12. 17-19

    Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuaren bidez heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu.
    Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira bakar bategaitik, Jesu Kristogaitik, nagusi izango betiko bizian salbazinoaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
    Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gatxespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekartzen deutsez. Eta baten obedientzia ezagaitik guztiak pekatari egin ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen egingo dira.

Jaunak esana.

 

 

Ebanjelio aurreko txatala

Mt 4, 4b

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino.

 

Ebanjelioa

Jesusek barau egin berrogei egunez,
eta tentaldiak jasan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 4, 1-11

    Aldi haretan, Espirituak basamortura eroan eban Jesus, deabruak tentatu egian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ostean, azkenean gosetu egin zan.
    Hurreratu jakon tentatzailea eta esan eutson: «Jainkoaren Semea bazara, esaizu harri honeek ogi bihurtu daitezala».
    Jesusek erantzun eutson: «Liburu Santuan idatzia dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, Jainkoaren ahotik urtetan dauan berba guztitik baino”».
    Orduan, deabruak uri santura, Jerusalemera, eroan eban eta tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan eutson: «Jainkoaren Semea bazara, bota egizu zeure burua goitik behera, idatzita dago-eta: “Bere aingeruei agindu deutse zu jagoteko”, eta “eskuetan eroango zaitue, harriakaz estropezu egin ez dagizun”».
    Jesusek erantzun eutson: «Beste hau be idatzita dago: “Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa”».
    Orduan, deabruak mendi handi batera eroan eban eta, munduko erreinu guztiak eta hareen edertasuna erakutsiz, esan eutson: «Hori guztiori emongo deutsut, ahuspez gurtzen banozu».
    Orduan Jesusek esan eutson: «Alde hemendik, Satanas! Idatzita dago-eta: “Jauna zeure Jainkoa gurtuko dozu eta bera bakarrik zerbiduko”».
    Orduan, deabruak itzi egin eban, eta aingeruak hurreratu jakozan zerbitzera.

Jaunak esana.

 

HOMILIA