Garizumako II. Domekea-A

 

A urtean

(Fray Marcos)


I. Irakurgaia

Jainkoaren herriaren aita Abrahami deia.

Hasiera liburutik

Has 12, 1-4a

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Abrami:
«Itzi zeure lurraldea, zeure senideak eta zeure aitaren etxea
eta zoaz Nik erakutsiko deutsudan lurraldera.
Herri handi egingo zaitut eta bedeinkatuko,
izen handia emongo deutsut
eta dedeinkazino-iturri izango zara.
Bedeinkatuko ditut zu bedeinkatzen zaituenak
eta madarikatuko zu madarikatzen zaituenak.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guztiak».

    Halan, joan egin zan Abram, Jaunak agindu eutson lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 33 [32], 4-5. 18-19. 20 eta 22 (R/. 22)

R/.   Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
        Zugan dogu-eta geure uste ona.

V/.   Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/. 

 

II. Irakurgaia

Jainkoak dei egiten deusku
eta argitzen gaitu.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 1, 8b-10

    Anaia maitea: Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batera Barri Onaren alde. Harek salbatu ginduzan eta dei egin euskun biziera santura, ez gure egiteakaitik, bere erabagiagaitik baino, eta gizaldi guztiak baino lehen Kristo Jesusengan emon euskun graziagaitik.
    Grazia hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan azaldu danean; honek heriotza ezereztu dau eta bizia eta hilezkortasuna argitu Barri Onaren bidez.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

V/.   Hodei distiratsutik Aitaren ahotsa entzun zan:
        Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue.

 

Ebanjelioa

Aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 17, 1-9

    Aldi haretan, hartu ebazan Jesusek beragaz Pedro, Santiago eta honen anaia Joan eta mendi altu batera eroan zituan aparte. Eta antzaldatu egin zan euren aurrean: aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. Horretan, Moises eta Elias agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
    Orduan, Pedrok esan eutson Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo dodaz: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
    Berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu zituan, eta ahots batek esan eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea, hauxe dot atsegin. Entzuiozue». Hori entzutean, ahuspez lurrera jausi ziran ikasleak, bildurraren bildurrez.
    Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Jagi zaiteze; ez bildurrik izan». Begiak jasorik, Jesus baino ez eben ikusi, beste inor be ez.
    Menditik behera jaisterakoan, Jesusek agindu eutsen: «Ez esan inori ikusi dozuen hau, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».

Jaunak esana.

 

(HOMILIA