(.PPTX)
B urtean
Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.
I. Irakurgaia
Jaunak bere
hasarrea eta errukia agertzen ditu
herria
erbesteratuz eta askatuz.
Kronikak bigarren liburutik
2 Kro 36, 14-16. 19-23
Egun hareetan, abadeburu guztiek eta herriak
gaiztakeria gaiztakeriaren gain egin eben, atzerritarren ohitura higuingarriei
jarraituz, eta kutsatu egin eben Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratu eban
tenplua. Jaunak, hareen asaben Jainkoak, oharpenak bialdu eutsezan eten barik
bere mezularien bidez, errukia eutsen-eta bere herriari eta bere egoitzari.
Baina hareek Jainkoaren mezulariei burla egin, Jainkoaren hitzak gitxietsi eta
haren profetak irriz hartu ebezan. Azkenik, Jaunak bere herriaren aurkako hasarreak
gainezka egin eban eta ez zan salbabiderik izan.
Orduan, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre,
Jerusalemgo harresiak bota eta jauregiei su emon eutsien, eta uriko gauza eder
guztiak guztiz hondatu ebezan. Ezpatari ihes egin eutsoen guztiak Babiloniara eroan
ebezan katigu, eta han erregearen eta haren ondorengoen esklabo izan ziran,
harik eta pertsiarren erregealdia heldu zan arte. Holan bete eban Jaunak
Jeremias profetaren ahoz esandakoa: «Hirurogeita hamar urtez atseden hartuko
dau lurralde honek, hondamenaldiko egun guztietan, Jaunari ukatu eutsoezan
atseden-urteak bete arte».
Pertsiako errege Ziroren lehen-urtean,
Jaunak Jeremiasen ahoz esana bete zan. Jaunak Pertsiako errege Ziroren
espiritua biztu eta Zirok agindu hau zabaldu eban, hitzez eta idatziz, erreinu
osoan: «Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon
deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua
eraikitzeko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan
begie euren Jainkoa lagun eta igon dagiela hara"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 137 [136], 1-2. 3. 4-5. 6 (R/. 6a)
R/. Nire mihina ahosabaian josi bekit,
zutaz gogoratu ez banendi.
V/. Babiloniako ibaiertzean jesarriak gengozan
negarrez,
Sionen
oroipenez.
Ur
ondoko sahatsetan
itzita
genduzan zitarak dindilizka. R/.
V/. Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske
genduzan,
gure
zapaltzaileak kanta alaien eske:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.
V/. Zelan kantatu Jaunaren kantarik
atzerriko
lurraldean?
Jerusalem,
zutaz ahaztu banendi,
gelditu
bekit eskua elbarri. R/.
V/. Josi bekit mihina ahosabaian,
zutaz
gogoratzen ez banaz,
niretzat
pozbiderik bikainena
Jerusalem
ez bada. R/.
II. Irakurgaia
Geure
pekatuakaitik hilda gengozanok
borondate
hutsez salbatuta gagoz.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 2, 4-10
Senideok: Errukian aberatsa dan Jainkoak
halako maitasun neurribakoaz maite izan gaitu-eta, geure pekatuakaitik hilda
gengozala, bizia emon euskun Kristogaz batera –borondate hutsez zagoze
salbatuta–, eta Kristo Jesusegaz batera berbiztu ginduzan eta zeruetan
jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu nahi izan
deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan bere onginahia.
Izan be, borondate hutsez salbatuta zagoze
fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik, Jainkoaren dohaia da; ez dator
egiteetatik, inor harrotu ez dadin.
Izan be, Jainkoak eginak gara; harek sortu
gaitu Kristo Jesusengan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez
aurretik erabagi eban lez.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 3, 16
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere
Seme bakarra emon eutson;
harengan
sinisten dauanak betiko bizia dau.
Ebanjelioa
Jainkoak
bere Semea bialdu eban,
haren
bitartez mundua salbatzera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 3, 14-21
Aldi haretan, Jesusek esan eutson
Nikodemori: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan
behar dau jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinisten daben guztiek betiko
bizitza izan dagien».
Izan be, hain maite izan eban Jainkoak
mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez
dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian.
Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura
bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino. Harengan
sinisten dauana ez dago kondenatuta; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuta
dago daborduko, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako. Hauxe
da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea
gurago izan dabela argia baino, euren egiteak gaiztoak ziralako. Izan be,
txarra egiten dauanak gorroto deutso argiari, eta ez dator argitara, beraren
egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren erara dabilena, barriz, argitara
dator, beraren egiteak Jainkoak nahi bezala eginak dirala agertu dadin».
Jaunak esana.
Iruzkina
Egiptoko morrontzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.
Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.
Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean...? Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».
Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.

