Garizumako V. Domekea-B


 (Fray Marcos)

          Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez.

I. Irakurgaia

Itun barria egingo dot
eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 31, 31-34

    Hauxe dino Jaunak: «Hara, badator Israel herriagaz eta Juda herriagaz itun barria egingo dodan sasoia. Ez da izango, Egiptotik ataratzeko eskutik hartu nituanean hareen asabekin egin nebana lakoa, hareek hausi egin eben-eta nire ituna, Ni hareen nagusia izan arren, dino Jaunak.
    Hona hemen etorkizunean Israelegaz egingo dodan ituna, dino Jaunak: Barruan ezarriko deutset neure legea eta bihotzean idatziko. Ni hareen Jainko izango naz, eta hareek nire herri izango dira.
    Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango, "Ezagutu Jauna" esanez, danek, txiki nahiz handi, ezagutuko nabe-eta, dino Jaunak; parkatu egingo deutset-eta gaiztakeria, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 12-13. 14-15 (R/. 12a)


R/.   Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
Kendu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

 

II. Irakurgaia

Obeditzen ikasi eban,
eta betiko salbazinoaren iturri egin zan.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 5, 7-9

    Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutson otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta, Kristok begirune izan eutsolako, entzun egin eutson Jainkoak. Eta Semea izanik be, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbazinoaren iturri egin zan obeditzen deutsoen guztientzat.

Jaunak esana.

 

Ebanjelio aurreko txatala

Jn 12, 26

V/.   Nire zerbitzari izan nahi dauanak
        jarraitu beist, dino Jaunak,
        eta Ni nagoan tokian,
        han izango da nire zerbitzaria be.

 

Ebanjelioa

Gari-garaua hiltzen bada, frutu asko emoten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 12, 20-33

    Aldi haretan, jaietan Jainkoari kultu emotera igon ebenen artean, baziran greziar batzuk be. Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi nahi geunke».
    Andresi esatera joan zan Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan eutsoen. Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Bene-benetan dinotsuet: Galgaraua, lurrean jausi eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gauza gitxitzat hartzen dauanak betiko bizitzarako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan lekuan, han izango da nire zerbitzaria be. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.
    Larri dot orain neure barrua, baina zer esan? Ordu honetatik ataratzeko eskatuko ete deutsat Aitari? Baina honexetarako etorria naz, hatan be, ordu honetarako! Aita, agertu egizu zeure izenaren aintza!»
    Orduan, ahots bat entzun zan zerutik: «Agertu dot, eta barriz be agertuko dot».
    Han egoan jenteak, ahotsa entzunda, trumoia izan zala inoan; beste batzuek, barriz, aingeru batek egin eutsola berba.
    Jesusek esan eutsen: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dabe kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nabenean, Neugana erakarriko dodaz danak».

    Berba honeen bidez, zelako heriotzaz hilko zan adierazo eban.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...

Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera emonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».

Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoalako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.

Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dira hain bildur, edo dabez hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.